Lipar taldearen ‘Ameslarion ertzak’ lana

Orain gutxi sortutako talde berria da Lipar, duela bi aste kaleratu baitzuten lehen lana, Hor Nonbait. Lan luzeak zazpi abesti ditu guztira.

Nolakoa da diskoa? Zer nolako diskoa da?

Hor Nonbait zazpi abestiz osatutako rock diskoa da. Urte eta erdi inguruko lanaren emaitza da, Aramaixoko entsegu lokalean hasi eta Aretxabaletako kuartelean grabatutakoa. Abesti bakoitzak bere ukitu eta nortasun propioak dauzka, eta horrek disko nahiko aberatsa egiten du.

Nolakoa izan da sorkuntza prozesua?

Abestien letra gehienen oinarria taldea sortu aurretik idatzita zegoen, eta beste batzuk abestiak sortzen joan ahala egin ziren. Ondoren, astean behin elkartzen ginen, eta bakoitzak bere ideiak eramaten zituen: melodiak, akorde-progresioak, riffak… Hortik abiatuta, guztion artean joan gara abestiak lantzen eta forma ematen. Grabaketa Aretxabaletako kuartelean egin genuen, Asel Errastirekin. Denok batera grabatu genuen, eta Asel arduratu da ekoizpenaz, grabazioaz eta nahasketaz.

Zein izan da diskoaren inspirazio nagusia?

Ez dugu inspirazio musikal zehatzik izan. Abestiak egiten joan ahala, unean bertan genuenarekin eta taldean sortzen zenarekin egin dugu aurrera. Azken finean, talde bat sortzeko genuen ilusioa izan da inspirazio handiena: musika sortzea, eta, etorkizunean, jendearen aurrean zuzenean jotzea, abestien bidez transmititu nahi duguna publikoarekin partekatu ahal izateko.

Zer nabarmenduko zenukete diskotik?

Disko nahiko aberatsa dela esango genuke. Abesti bakoitzak bere ukitu berezia dauka, eta, horregatik, ez dugu nahi diskoa abesti bakar baten inguruan ulertzea. Fuera de Mi Rantxo abestia, adibidez, bereziki gustatzen zaigu zuzenean jotzea, desberdina eta dibertigarria delako. Hor Nonbait izenburua abesti baten zati batetik dator, eta, guretzat, indarra eta ausardia transmititzen dituen esamoldea da.

Zer espero duzue lan honetatik?

Gure helburu nagusia da egindako musikaz gozatzea eta gure abestiak jendearekin partekatzea. Abesti bakoitza ilusio handiz egin dugu, eta, jendeak ere disfrutatzen badu, are hobeago. Ez dugu helburu zehatzik jarri nahi; guretzat, musika egitea eta horrekin gozatzea da garrantzitsuena.

Zeintzuk dira etorkizunera begirako zuen planak? Urtarriletik aurrera kontzertuak ematen hastea da gure asmoa. Zuzenekoetan, diskoan egin duguna erakutsi eta jendearekin partekatu nahi dugu. Ondoren, taldearekin jarraitzea, esperientziaz gozatzea eta abesti berriak sortzen hastea izango da hurrengo pausoa.