Lili: Maitasunez jositako pieza bakarrak
Eneritz Rueda dago Lili proiektuaren atzean, eta duela urtebete abiarazi zuen, ia ustekabean: haurdun zegoela, josteko makina bat, tutoretza-bideo batzuk eta ikasteko gogo handia izan zituen abiapuntu. Hala, abentura modura hasi zena, pixkanaka, benetako pasio bihurtu du. Izena ere berezia da, Ruedaren semearen eta txakurraren izenen elkarketatik sortutakoa baita.
Hasieran, Instagram bidez jasotzen zituen eskariak; baina, azken asteetan, beste pauso bat eman eta webgunea zabaldu du, eskaerak zuzenean bertatik egin ahal izateko.
Eskuz, mimoz eta dedikazioz egindakoak
Hainbat tamainatako nezeserrak, diru-zorroak, giltzatakoak, poltsak, mototsekoak, liburu- eta ordenagailu-zorroak eta gehiago. Pieza bakoitza bakarra da, maitasunez josia.



