Lide Hernando: “Sormen prozesua kaotikoa da”
![](https://ttap.eus/wp-content/uploads/2022/09/Ttap-Web-Beste-DeskargatuEnuntziatua-1024x246.jpg)
Lide Hernando kantari den Liher taldea abiadura azkarrean bizi da. 2020a euren kantuak bezain indartsu abiarazi zuten, diskoa grabatuz eta taula-gainean aurkeztuz. Europako biraren erdian, etxera itzuli behar izan zuten, koronabirusagatik.
Eskerrik asko, Lide, TTAPen gonbita onartzeagatik. Eta zorionak! Disko itzela egin duzue.
Eskerrik asko! Ezohiko egoera batean bizi gara, gizarte osoari eragiten diona. Isolamendu kolektiboa egitera eraman gaituzte, eta testuinguru horretan ari gara elkarrizketa egiten.
Nola bizi duzu aste hauetako egoera berria?
Nire lana etxetik egiten, eta lasaitasuna mantentzen. Ez da erraza, denon bizitza txarrerako aldatzen ari da, ez dakit norentzat ez den txarrerako izan. Lasai egotea da gakoa.
Europan zeundeten alerta iragartzen hasi zirenean. Estatu mailatik eta Italiatik zetozen albisteak badatorrela-badatorrela gogoraraziz, bolumenean gora doan iratzargailua bezala… Europako biraren erdian, Euskal Herrira etorri behar izan zenuten.
Esan duzun alarma horren soinua gero eta bortitzagoa zen, horrela bizi izan genuen guk. Atera ginen ezer ez zegoen egunetan, eta astebetean dena aldatu zen. Biran geundela, lehenbizi, gure managerrari etorri zitzaizkion albiste txarrak. Hainbat kontzertu bertan behera geratu zirela Madrilen, eta gu gure artean: “Aiba, guri ez al zaigu gauza bera gertatuko?”. Europan egin ahal izan duguna polita izan da.
Zer-nolako giroa sumatzen zen Europan, martxoaren hasierako egun haietan?
Egon garen tokietan, Alemania hegoaldean eta Suitzako iparraldean, ez genuen alarma egoerarik sentitu. Orduko hartan, bromarako kontua zen, gu hemendik hara joan ginenean bezalaxe.
Otsailean, Inauterietako mozorroetakoa izan zen.
Hori da. Luganon, Suitza eta Alemania arteko mugan, hasieratik ikusi genuen ezingo genuela bertan jo. Eta, azkenerako, ez Luganon eta ezta Berlinen ere.
Musikari lotuta, zer-nolako harrera izan duzue Europan?
Ona, kontuan izanda atzerrian letrak ez zituztela ulertzen, ondo. Kanpoan espero duzun aretoa ez da oso handia. Jendeari gustatu zaio, atzerrira joan izan garenean jendeari gustatzen zaio rock musika, nahiz eta inguru haietan ere rocka gainbehera doala ikusi. Gurea bezalako musika entzuten dutenean pozik hartzen dute gehienek. Saiatu naiz letren esanahia azaltzen ere.
“Mundu honek erraz ustel zaitzake, dauzkagun input guztiekin”
Sektoreko askorentzat gertatzen ari dena oso gogorra da, normalean lanbide honetan prekarietatea nahiko zabalduta dagoelako. Musika uztartu egiten da beste lanbideekin, eta gertatu denak eragin handia eduki dezake…
Azaleratu egin da sistema honetan zer den garrantzitsua eta zer ez. Osasuna eta zaintza garrantzitsua da, baina entretenimendua errotik mozten hasi dira. Eta turismoa mozten hasi dira beste erremediorik ez zeukatenean. Entretenimendua edo kultura eta turismoa; bati lehenago moztu dizkiote hegalak.
Maila pertsonalean nola daramazun galdetu dizut, zeren eta sormenerako zirraragarria izan daiteke. Pertsona bakoitzaren aldartearen arabera, betiere. Inspiraziorako balioko dizu zuri?
Emozionalki, oraindik goizegi da niretzat egoera honi buelta ematea. Eta baita gauza berriak prestatzen hasteko ere. Diskoa aurkeztu berri dugu, eta ezin izan dugu Euskal Herrian aurkeztu. Aurkeztu ezinik geratu gara; guretzat kolpe gogorra izan da. Orain, atseden hartzea nahiago dut. Aldi berean, isolatuta egon behar horretan, egoera bertsuan askotan sortu izan ditut abestiak. Gaixo nagoenean, edo denbora gehiago izan dudanean.
Mikel Ibargurenen poesia liburu bat datorkit burura. Tarteka noa apalategira, ale bat edo beste eta irakurtzera. “Hemen gauak lau ertz ditu”, aipatzen da bertan. Eskatuko banizu egoera hau film edo disko batekin, abesti batekin, lotzea… burura al datorkizu baten bat?
Atera naizen gutxitan, The Handmaid’s Tale etorri zait burura. Ezohiko egoera baterako aproposa da. Telesaila da, eta liburua ere irakurri berri dut. Elikagaien arrazionamendua, eta polizia bazter guztietan egongo dela zer ari zaren galdetuz. Dena kontrolpean egongo balitz bezala. Black Mirror telesailarekin gogoratu da bat baino gehiago. Nonbait irakurri dut “kapitulu hau ez zait batere gustatzen” esaldia.
Zuen disko berrian sartuko gara, Gorri ilun kantuarekin hasten dena. Diskoa jarri baino lehen, zure ondoan dagoenari Igo bolumena! esateko gogoa ematen du. Sekulako kolpea da belarrientzat. Kantu hori, nire ustez, aproposa da diskoa irekitzeko. Zein kanturekin eztabaidatu zenuten, sorkuntza prozesuan?
Bai; gainera, beste kantuak lehendik sortuta zeuden. Eta Gorri ilun diskoa irekitzeko espresuki sortu genuen. Taldekideok buruan genuen aurreko beste diskoetan gitarrak irekitzen zuela diskoa. Oraingoan, diskoa ahotsak irekitzea nahi genuen.
Ideia horrekin joan ginen, eta arratsalde batean sortu genuen.
Kanta bikainak sortu dira minutu gutxiko tartean. Black Mirror telesaila aipatu duzu, eta kontrol sozialari buruzko esaldi marabillosoak topatu ditut zuen hitzetan: Munduak ez zaitzala usteldu horren arin, adibidez. Ertzetik kantatzen diozue munduari…
Diskoaren hasierako esaldia da, eta nerabezaroa adierazten ari da. Gorri ilun kantuan ez da aipatzen, baina ama alabari hizketan imajinatzen dut. Eta esaten dio munduak ez zaitzala usteldu horren arin. Zeren eta mundu honek oso erraz ustel baitzaitzake. Dauzkagun input guztiekin.
“Diskoa kaleratu eta ezin izan dugu Euskal Herrian aurkeztu”
Berria.eus gunean diskoa erosteko aukera dago. Hari nagusiaren deskribapena bertan aurki daiteke: Nola erreakzionatuko zenuke bortxatua izango bazina?. Eta galdera horretatik abiatuta, disko osoa landu duzue. Lan kontzeptuala da Hemen herensugeak daude diskoa. Asko kosta zitzaizun ideia hori garatzea? Elkarrizketarekin hasi baino lehen esan didazu denbora asko eman zenutela diskoa prestatzen. Zenbat denbora? Jakin badaiteke…
2018aren amaieran hasi ginen jada ideian pentsatzen. 2018ko martxoan atera genuen Tenploak erre, eta jada hurrengo lanean ari ginen pentsatzen. 2019ko hasieran jada lokalean abesti berriak entseatzen ari ginen. Noski, diskoa eginda eta elkarrizketak eskaintzen hasten zarenean kontakizun ordenatua eman behar duzu…
Oso polita geratzen da, bestalde.
Bai, hori da, baina ez da guztiz egia. Sormen prozesua super kaotikoa da, are gehiago lau pertsona tartean daudenean. Neu, adibidez, kontzeptualagoa naiz, eta letretan eta esanahian zentratzen naiz gehiago. 2019ko erdialderako abesti batzuk dezente entseatuta genituen. Batzuk letra gabe, eta beste batzuei letra aldatu behar izan genien.
Ideia edo kontzeptu nagusira egokitzeko, ezta?
Hori da. Sormen prozesua kaotikoa izan da, baina, aldi berean, oso erronka polita. Historia bat izanik, puzzle osoa egokitu behar baituzu.
Irakurriko dizut pasarte bat, duela gutxi igandeetako dominikal batetik berreskuratu nuena: Brasilen Menino Chorão izeneko favelan gizonezkoek emakumezkoak kolpatu, bortxatu eta erail egiten zituzten. Egunero. Emakumeek antolatzea erabaki eta kolpeak itzultzea erabaki zuten arte. Bortizkeriarik gabeko eremua da orain. Euren adibide unibertsitateen aztertzen da. Bestalde, biolentzia ez dago inoiz justifikatuta, zenbat bider entzun izan dugu hori.
Guk, hasteko, ez dugu justifikaziorik egin edo ez inongo moralejarik agertu nahi. Errealitatean izan daitekeen gertakizuna azaltzen dugu: guk kontatu dugu bortxatutako emakume batek nola erreakzionatu dezakeen. Ez da erreakzio tipikoa, ohikoa, baina gertatu izan da. Biolentzia justifikatuta dagoen ala ez? Eztabaida luzea da. Zeozergatik ari dira unibertsitatean aztertzen.
Aurreko elkarrizketa batean galdetu zidaten ea diskoaren amaieran agertzen den atxiloketarekin zein mezu zabaldu nahi genuen. Guk egin duguna izan da benetan larria iruditzen zaigun arazo bati heldu eta haren inguruan fikziozko historia bat kontatu. Jendeak eztabaida dezan, eta gai honen inguruan gehiago hitz egin dadin.
Youtuben diskoa entzun eta ikusi egin daiteke. Komikia, irudi animatuak, hitzak eta musika… diskoa entzun ez ezik, begia iltzaturik geratzen zaigu Youtuben. Zuena lan transmedia da. Diskoa garatu ahala emozionatzen joan zineten?
Bai. Abestiak eginda genituenean, ilustrazioekin indartsu gera zitekeela pentsatu genuen. Garai bertsuan, Instagramen, Santamaria ilustratzailea topatu genuen. Almerian bizi da eta galtzekorik ez genuela sinetsita, proposamena luzatu genion. Baiezkoa eman zigun. Egin zizkigun ilustrazioak eta orduan “honek ezin du disko normala izan” ondorioztatu genuen. Gerora etorri ziren bideoklipa, hitzaurreko moduko film labur hori… Bidean emozionatuz joan ginen, bai.
Disko honek zuzenean kantuz kantu diskoaren ordena berean jotzea eskatzen du.
Bai, asmoa hori da. Istorioari oso iltzatuta gaude. Eta aurkezpen kontzertuetarako ordena horretan entseatzen ari gara. Beharbada, eragozpen modukoa izan daiteke istorioa ezagutzen ez duen batentzat. Baina asmoa diskoaren ordena berean jotzea da, bai.
Martxa gogoko duzue; ironikoki ari naiz. Kontzertu asko jarraian ematen dituzue, eta, esaten didazunagatik, eztarria ondo zaindu beharko duzu. Bereziki, diskoari amaiera ematen dion Hemen herensugeak daude kantua iristen denean. Bizirauteko da erotasuna eduki daitekeen lagunik onena pasarte hori abesteko indarra eta eztarria behar da.
Geroz eta gehiago zaintzen hasi naiz. Esan behar dut lehen ez nuela eztarria batere zaintzen. Ez nator musika ikastetik, eta mina edo kaltea nabarituz zoazen heinean ikasten zoaz. Europako birara, esaterako, kargamentua eraman nuen: jengibrea, limoia, eztia, ura irakiten jartzeko tresneria… Balio izan dit, aurreko beste bira batzuetan askoz okerrago bukatu nuelako.
Zer gertatu zen 2020an? Etorkizunean zuen buruari galdera egiterakoan koronabirusa gogoan izango duzue. Baina baita abiadura azkarrean bizi izandako garaiak ere. 2020ko urtarrilean diskoa grabatu, otsailean masterizatu eta aurkeztu, eta martxoan zuzenekoekin hasi. Oso abiadura azkarrean bizi zarete.
Oso azkar, bai. Agian, koronabirusak on egingo digu. Aurtengoa oso intentsoa izango da, ikasteko asko izango dugun urtea izango da. Ereiteko urtea izango da. Normalean, diskoa ateratzen duzun lehendabiziko urtea ereiten pasatzen duzu. Agian, 2021a uzta jasotzeko urtea izango da, edo, agian, lan honek ez du jendearengan espero dugun eragin hori izango.
Katalunian egin zenuten grabazioa. Konta iezaguzue esperientzia. Zer dela eta hara joateko erabakia?
Iñigo Etxarri gitarra jolearen proposamena izan zen. Tenpluak erre diskoa amaitu genuenetik, begiz jota zuen Santi Garcia ekoizlea. Bazekien itxarote-zerrenda luzea zuela. Idatzi egin zion, eta hark txanda urte eta erdira eman zion. Ia abestirik gabe hitzordua eskatu.
Txanda hartu zenuten, kontsulta berezietara joateko egiten den bezala.
Halaxe da. 2020ko urtarrilerako disko osoa sortu behar genuen, hasieratik bukaeraraino.
Girona eta Bartzelona aldean hiru aste eman ditugu. Esperientzia berria izan da guretzat, ez genuelako sekula kanpoan grabatu. Beldur hori bagenuen, baina oso eroso egon gara.
Taberna edo sozializatzeko guneetara joanez gero, bestelako musika estiloak entzuten dira. Rock musika, oso gutxi. Zuen gitarrak oso zorroztuta daude. Zer litzateke Liher gitarrarik gabe?
Ez litzateke Liher izango. Rockaren eremuan eroso gaude, nahiz eta badakigun korrontearen kontra goazela. Euskal Herrian oraindik badago zaletasun handia; oso rockzaleak gara, orokorrean. Nik uste dut badagoela rocka eginez musikan aurrera egiteko aukera. Jendeak uste du erromantikoak garela, baina rocka eginez ere berritu daiteke.
Twiterren jarri zenuten mezua, igarle lanetarako ere baliagarria izan daitekeena: Tunelaren bestaldean ikusiko dugu elkar. Eta gauden egoeran, tunela uste genuena baino luzeagoa izango dela dirudi. Zuek zuzenean ikusteko maiatzera, ekainera begira jarri beharko dugu.