Leti Canales: “Egunero esnatzen naiz Tokio 2020rekin buruan”
Negua gertu egon arren, Bizkaiko ur hotzetan gogor entrenatzen dihardu Leti Canales surflariak. Entrenamenduaren ondoren, tarte bat hartu du surflariak Aiert Arieta-Araunabeña kazetariaren galderei erantzuteko, Ttap aldizkariarentzat.
Leti Canales, ongi etorri eta eskerrik asko tarte hau eskaintzeagatik; badakit gaur min hartu duzula entrenatzen ari zinela. Zer moduz zaude?
Ondo. Azkenean, entrenamendu guztietan hartzen duzu kolperen bat. Atzo ere arroken kontra joan nintzen. Astea nahiko desastre hasi da, baina, bueno, lanaren parte da.
Izan ere, denboraldia amaituta dago, momentu honetan ez daukazu txapelketarik jokoan, baina entrenamenduekin topera zabiltza. Elkarrizketa lotzeko ere esan zenidan: “Elkarrizketa bai, baina ea zer planning daukadan datorren asterako”.
Bai. Nahiz eta surf munduak ez dirudien horren profesionala, gure helburua Olinpiar Jokoetara joatea da eta gogor lan egiten ari gara. Uretako ordu minimo batzuk ditugu eta gero, urez kanpokoak. Bien artean oreka egon behar du eta egunero sei-zazpi ordu ematen ditut entrenatzen. Zaila izaten da jendearekin geratzea edo elkarrizketak egitea.
Neguan uretan sartzeak edukiko ditu bere abantailak, jende gutxiago dabilelako, baina bere alde txarrak ere bai…
Bai, hemengo negua oso gogorra da. Oraindik udazkenean gaude eta egun eguzkitsuak daude, beroak, pasa den astean hego haizea ibili zen… baina bai, oso gogorra da. Alde ona da hotza eduki arren entrenatzeko olatu gehiago har ditzakezula, jende gutxiago sartzen delako uretan. Olatu handiagoak eta indartsuagoak daude eta aukera gehiago dituzu, Sopelan, adibidez, gauzak hobeto lantzeko. Hemengo kostaldea oso txikia da eta urte mordoa da surfa modan jarri zela. Uda, adibidez, denboraldi txarrena da niretzat, hainbeste jenderekin ez daukadalako ondo entrenatzeko aukerarik.
Eta Aizarnazabalen martxan jarri duten olatu artifizialen igerilekua bezalakoek balio dizuete entrenatzeko?
Bai, noski.
Joaten zarete hara?
Nik ez dut aukerarik izan. Gustatuko litzaidake astean behin, behintzat, hara entrenatzera joatea, baina hori ere kontaktuen araberakoa da.
Horren harira, aurten albiste gogor bat iritsi zen Texastik. Han ere badago olatu artifizialen igerileku bat, eta 29 urteko surflari bat hil egin zen bertan, olatuak hartzen ibili eta hurrengo egunean buruko minez esnatu ondoren.
Bai, denok ikusi genuen. Zorte txarra da. Pentsatu behar duzu dena kontrolpean dagoela. Ez dakit han hartu zuen, baina horrek atzera botatzen nau.
Uretan zegoen ameba bat izan omen zen. Bere organismoan sartu eta…
Ez gaude horrelakoetara ohituta, itsasoan ez baita horrelakorik gertatzen. Gauza berriak dira guretzat. Ikerketa egiten ari dira, eta ea zer ateratzen den, baina kontrol handiagoa eduki beharko dute.
Goazen kontu alaiagoekin. 2018a Leti Canalesentzat, urte ona? 2017a lesionaturik eman zenuen ia osorik. Aurten hasieratik lehiatu zara eta emaitzak onak izan dira.
Urte arraroa izan da. Goian egon nintzen hasieran; gero, oso behean; berriro gora… Denbora asko egon naiz lesionaturik, eta ikasteko urtea izan da hau. Zer nahi dudan eta zer ez jakiteko, norekin lan egin nahi dudan eta norekin ez, norekin bidaiatu nahi dudan eta norekin ez. Emaitza onak izan ditut, baina udako bira, Kalifornia eta Europa, desastre hutsa izan da, eta hori datorren urtean ezin da gertatu. Horretarako ari gara dagoeneko mentalki eta fisikoki prestatzen.
Erakusketa areto batean gaudenez, zuri buruzko erakusketa moduko bat egitea pentsatu dut, zu hobeto ezagutzeko. Nik titulua eta deskribapena emango dizkizut eta zuk jarri irudia, bai? Lehenengoa: “Nire lehen bainua”.
Argazki horretan nire bikia eta biok agertuko ginateke aitarekin Sopelan. Aitaren tabloiaren gainean bata eta bere besoetan bestea.
Zenbat urterekin izan zen?
Ba, ez dakit. 5 urte? Kasko-ilea neraman.
Eta noiz deskubritu zenuen surfa zela zure pasioa?
10 urterekin. Hasieran, gustukoago nuen belar hockeya, taldeko kirola delako. Babestuta sentitzen zara. Baina handitzean konturatu nintzen surfa politagoa dela. Naturarekin kontaktua, bidaiak egiten hasi nintzen, lagun berriak egiten… eta, gainera, itsasoa ezin da kontrolatu. Uretan sartzea erronka bat zen niretzat. Lehen txapelketan bigarren egin nuen mutilen aurka. Pixkanaka, hobetuz joan nintzen, txapelketak irabazten, eta 18 urterekin aitari esan nion profesionala izan nahi nuela.
“Nire ametsa atleta izatea da, surflaria beti izango bainaiz”
Ondo hartu zuen?
Ez. Nesketan zailagoa da, diru kontuengatik, laguntzengatik. Esfortzua berbera izan arren, ez dauka errekonozimendu bera, eta aitak bere zalantzak zituen. Gainera, ahizpa bikia unibertsitatera joan zen eta ni ez. Hala ere, beti babestu nau.
Bigarren argazkiak horrekin dauka zerikusia. Izena: “Leti eta Loio”. Zer da zuretzat Loiola?
Ez dakit nola esan. Beste ahizpa bat daukat, baina ez daukagu konexio bera. Loiola nire bikia da! Beti egin dugu dena elkarrekin. Elkarri lagundu, baita elkar pikatu ere…
Pena handia hartu zenuen beste bide bat hartu zuenean?
Bai. Bera Europako laugarrena zen surfa utzi zuenean. Nik jarraitzera bultzatzen nuen, baina beti esan izan dit nigatik aritzen zela txapelketetan, ez zeukala motibaziorik. Hockeyaren garaitik izan dut aldamenean eta halako batean kide gabe geratzea shock-a izan zen niretzat. Hala ere, beti jarraitzen ditu nire txapelketak, Madrilen bizi den arren, eta kontaktuan gaude. Taldean jarraitzen dugu.
Hirugarren argazkia: “Zure olatua”. Zein da?
Mundaka. Euskal Zirkuituko finalean. Oso handi zegoen, bi metro edo hiru. Izarotik ikusi nuen seriea etortzen. Arraun egiten hasi, olatua hartu eta hodi handi-handi baten sartu nintzen. Nire inoizko notarik hoberena izan da, hamar bat. Flipatuta nengoen. Txanda bukatu eta gogoan daukat ama etorri zela eta esan zidala: “Amama hil da”.
Zure bizitzako olatu onena hartu eta jarraian?
Bai. Nire bizitzako olatu onena egin eta horrelako notizia. Gogorra izan zen. Ez naiz oso mistikoa, baina momentu hartan pentsatu nuen amamak eman zidala olatu hura.
Atentzioa ematen dit Ameriketako Estatu Batuetan, Mexikon, Costa Rican, Australian… egon ondoren, zure olatu maiteena etxe albokoa dela. Sentsazioa daukazu surfak gauza asko eman arren, etxean eta etxekoekin egoteko denbora kentzen dizula?
Ez. Gustuko dut etxean egotea, oso ondo bizi gara hemen, baina hartu dudan bidea beste bat da. Aurten, bi hilabete baino ez ditut eman etxean, eta herrimina beti dago hor. Hegazkinean Euskal Herrira iristean eta baserriak ikusten hasten zarenean, lautadak, beste inon ez dagoen kolore berdea… ni etxean sentitzen naiz. Baina hau beti izango dut eta surfa ez da betiko.
Mundakako momentu magikoa kontatu diguzu. Momentu tristeena? El Salvadorkoa, agian?
Bai. Olatu bikainak daude eta bueltatu beharra daukat. Barruan sartuta daukat arantza. Baina han apurtu nuen belauna. Gainera, uretatik ateratzeko arazoak izan nituen, ospitalean arazoak… zoramen hutsa izan zen.
Handik aurrera garai txar bat hasi zen zuretzat psikologikoki?
Bai, noski. Dekadentzia hasi zen. Ez zait horretaz hitz egitea askorik gustatzen, asko ikasi nuen arren. Hor goian nengoen, eta oso zaila da bueltatzea. Dinamika onean nengoen, emaitzak lortzen… Hurrengo urterako helburu handiagoak nituen. Bi urte txar izan ziren, baina, tira, ahaztuta dago.
Zuk egunero egiten duzu lan, hobea izateko. Surfak zertan dauka hobetu beharra kirol gisa hobea izateko?
Surflariak txipa aldatu behar du. Kirol olinpiar bilakatu da eta exijentzia handitu egin da. Surfean ez dago kirolari handiak sortzeko proiekturik. Ez dizute bidea egiteko laguntzarik ematen. Nik ez dut teknikari profesionalik izan. Zirkuitu profesionala eduki arren, ez gara profesionalak. Txapelketen ostean, gainera, jaiak daude, droga kontuak… Dopin kontrolak daude, baina ez dira zorrotzak.
Oso mezu kritikoa da hori…
Kontrolak egiten hasten badira, positibo piloa aterako dira, oso jende garrantzitsua geratuko da kanpoan, eta hori ez zaie interesatzen. Beste kiroletan profesionalak dira eta nik inbidia daukat. Atletak dira, eta hori da nire ametsa, beti izango bainaiz surflaria, baina atleta? Hori falta zaio surfari.
Gabezia horiekin guztiekin, babesleak ezinbestekoak dira surflari bezala hobetzeko eta munduan birak egiteko. Zuk baduzu?
Ez. Emaitza onak lortu arren, urrezko domina munduko txapelketan, adibidez, ez daukat bat bera ere.
Zeren araberakoa da, orduan, babesleak lortzea?
Ez zaizkie atletak interesatzen. Sare sozialei garrantzi handiagoa ematen diete, adibidez, eta, nik jarraitzaile asko izan arren, ez daukat eurek nahi duten presentziarik. Badakit babesle gabe zailagoa dela, baina horrek ez dizkit hegoak mozten. Mugitu egin beharko dut, eta garrantzitsua litzateke hedabideek ere emakumeen kirolari arreta handiagoa jartzea gure gabeziak gainditzeko.
Elkarrizketa eta erakusketa amaitzeko, azken koadroa: “Tokio 2020”. Zer da zuretzat?
Ametsa. Egunero esnatzen naiz horrekin buruan. Aurten, Japonian egon gara, mundialean, ikusi dugu nolakoa den, eta amets polit bat da. Horretarako gabiltza lanean egunero. Surfean lan asko egin arren, txandetan duzun zortearen arabera bidea errazagoa edo zailagoa izan daiteke, baina nik uste dut lortu daitekeela. Bai, lortu daiteke.