Leire Milikua: “Emakumezko nekazariak norbaiten ama, emaztea, arreba edo alaba dira oraindik”
Haren zuhaitz genealogiko osoa baserriari lotuta dago. Kalean hazi eta hezitako lehen belaunaldikoa, goi mailako ikasketak egin eta atzerrian zela landa eremuarekin konexioa berrezarri zuen. Bueltako begirada hori dabilkio geroztik, hiritik landa eremura. Durangoko Historia Museoan egin dugu hitzordua Abadiñon sortu eta Durangon bizi den arkitektoarekin. Landa eremuan eta genero kontuetan jakinduria handia metatzen ari da, gaztea izanik ere.
Lur gainean, itzal azpian zure sinadura daraman saiakera dut esku artean. Lisiperen bilduman ageri da, Susak argitaratuta. Garai batean, aspaldian, inguratzen gintuen guztia nekazaritza edo landa eremua zen. Gerora, desarrollismoak baserri eremuak hartu eta inguratu egin zituen. Geu, haur ginela, txandaka joaten ginen 300 metrora zegoen baserrira esne bila. Amak, gero, esne hori egosi egiten zuen. Auzoko esnea edaten genuen. Hori ere historiara pasa da. Orain, esnea merkataritza-gune handietan erosten da, eta oso gutxik belar-dendetan eta kooperatibetan. Detaile hori zure liburura ekarrita, ikusten ez denarekiko distantzia bat sortzen da. Eta distantziatik ezezagutza. Saiakeraren abiapuntua hortxe dago.
Hortik ere bai. Ederra da ekarri duzun adibidea. Gakoa globalizazio honetako deslokalizazioan dago. Duela ez askora arte, herrigune-hiriguneetan kontsumitzen zen hori inguruko lurretik iristen zen. Bazegoen ezagutza bat zelan eta nork sortzen zituen elikagai horien inguruan. Lotura bat bazegoen, baina tokiko elikadura sistema hori mundu mailako bilakatu dugunean, mundu osoan ditugu baratzeak eta hondakindegiak eta hortxe jauzi handia gertatu da. Distantzia handia sortu da, eta liburuan aipatu besterik ez dut egiten, baina bada emakumezko arkitekto bat zeinak gai hauek argitasun handiz azaltzen dituen. Caroline Steel deitzen da. Hark dio distantzia fisikoak distantzia mentala ekarri duela. Eta neronek gehituko nioke distantzia emozionala. Loturak galtzean gauza asko apurtzen dira. Gaurko egoera ulertzeko hiru gako ematen ditu: deslokalizazioa, elikagaien ikusezintasuna eta elikadura sistemaren gaineko kontrol politikorik eza. Gaur egun merkatu askeak kontrolatzen du lehen estatuek edo tokiko administrazioek zuten funtzio hori. Hodi guztia batera hartuta iritsi gara honaino.
Distantzia bat badago landa eremuarekin. Gure azaleraren %88 landa eremukoa da eta gainerako %12an bizi gara biztanleriaren gehien-gehiengoa. Landa eremura asteburuetan goaz. Kontenplaziorako gune aproposa da landagunea. Liburua irakurtzean ispilu-efektu modukoa sortzen da irakurleontzat. Izan ere, landa eremura goazenean ikusten dugun horren ezagutzarik badugu? Zer ari gara benetan ikusten?
Liburuan diot begiratzen dugula, baina ez dugula ikusten eta, are gutxiago, ulertzen. Hain zuzen, gehienak herrigune-hiriguneetan bizi gara. Eta horrek gure begirada ezartzen du. Kontenplazioaz hitz egitea interesgarria da, ulertarazi digutelako landagunea dela herrigunearen zerbitzurako zerbait. Kontsumitzen dugun produktu bat litzateke. Erakargarri suertatzen zaigun hori ez da debaldekoa, eta hori ulertzea garrantzia handikoa da. Paisaia horren atzean esku batzuk daude, pertsona batzuk. Jarduera bat dago hor.
Ezezagutza horretatik, landagunea subjekturik ez duen objektua da. Hor dago, gu gabiltza, gu gara subjektu eta eragile. Aurreko batean, lan-saio batean, bertan bizi zirenek aipatzen zuten herritik-hiritik datozenentzat landa eremua erakargarria dela. Baina badira ñabardurak. Dena ez zaigu erakargarri iruditzen. Sasitza, adibidez, ez zaigu erakargarri iruditzen. Lan horiek ez daude ez eskertuta ez ordainduta ere. Baina, gainera, traktorea ikusiz gero edo animaliak bazkatzen dauden eremuan langa aurkituz gero, hori ez da gogokotzat hartzen. Horretara iristea itzela iruditzen zait.
Bada, saiakera osoan, baserriari lotutako konstante bat: eguneroko lan nekeza. Eta hor emakumeen papera aztertu duzu. Aurretik beste ikerlan batzuk egin dituzu, eta esku artean duguna saiakera da. Bertan emakumeen lana eta zaintza-lana aztertu dituzu.
Lanen banaketa ez dago orokortuta, eta hori eremu guztietara zabaldu daiteke. Nekazaritza jarduera oso egoera delikatuan dago; bertatik bizimodua ateratzea ez da erraza. Emakume hauek, gainera, zaintza eta bestelako lan-karga batzuk dituzte. Landatar izateak baditu beste ezaugarri batzuk, eta zaintzari lotuta baditu gabezia batzuk.
Euren egoera zailtzen dutena.
Bai. Amama batekin, lantzean behin, hizketaldiak izaten ditut eta hark aipatzen zuen bere sasoian ortuarekin, loreekin eta behi batzuekin lantokian atera zitekeen antzeko soldata ateratzen zutela. Egun, gastuak gorantz doaz eta prezioak lehen sektorean aspaldian izoztuta daude. Eta horrek euren jarduera zailtzen du. Amama hori mandatuak egitera joan zen eta esnearen prezioa igo egin zela ikusi zuenean “bazen garaia!” adierazi zidan. Ikusten duzunez, ikuspegiaren arabera, esnearen prezioaren igoerarekiko iritzia bestelakoa izan daiteke.
Kontua da prezioa igotzen denean ikusi behar dela irabazi hori nora doan. Hori ikusi beharko litzateke.
Guztiz!
“Sistemak desanimatu egiten ditu, gaitu, emakumeak lan jarduera batzuetan egotera”
Gramsciren teoria ezagunetik tiraka, subalternitatea hizpide duzu liburuan. Landa eremukoa dena, nekazaria eta emakumea. Hiru aldiz subalterno direla diozu saiakeran. Aipamenak zuzenean garamatza Maria Merce Marçal katalanaren Dibisa poesiara (Menturari hiru dohain zor dizkiot: emazte sortu izana, Klase sozial apalekoa eta herrialde zapaldukoa. Eta hiru bider errebelde izateko urdin uherra). Paralelismo handia dago bi egoeren artean. Nondik abiatu daiteke errebelde izateko modua XXI. Mendean nekazaritza eremuan?
Gurutzatzen dira hainbat elementu galdera horretan. Errebeldiaren kontu horri erromantizismoa jaitsiko nioke. Ardura soziala baita landa eremuko emakumearen biziraute profesionala, baita haien ongizatea eta parte hartzea. Nire ustez, errebelde izatea nekazaritzaren aldeko hautua egitea da. Eta bertan irautea. Hori errebeldia itzela da. Baina uste dut eurek errebelde izateko besteok ikusi, ezagutu, ulertu eta babestu egin behar ditugula. Masa kritiko bat sortu behar da, gure ardura da, beraien aldarrikapenei indarra emateko, mugitu behar diren gauzak mugitu arte. Errebelde izateak horra narama. Errebelde badira, baina bakarrik ezin dira.
Baliabiderik gabe eta sustapen lanik egin gabe ere ezerezean gera daitezke egitasmo onenak ere. Eta horretan administrazioak berme handiak eskaini ditzake…
Zeresan handia du administrazioak, bai. Legeak eta programak diseinatzen eta aurrera eramaten direnean, jarraipena eman behar zaio. Betetzen dira? Esperotako emaitzak sortzen ari dira? Baliabide batzuk esleitu behar dizkiozu; bestela, alferrik ari gara. Paperak dena sostengatzen du. Paperarekin mundua konpondu dezakegu, gaur bertan. Uste dut administrazioak ardura hori baduela, baina lehen aipatu dudan masa kritiko horrek ere indar egin behar du. Bestela, gauzak bere horretan geratzen dira.
Zure esperientziaren arabera, nekazaritza eremura itzultzeko ekimenik antzematen al duzu? Baikor izate aldera.
Badago, baina ez da erraza. Ez dirudi, baina ni baikorra naiz. Bada pultsio bat, gauzak gertatzen ari dira, baina zein preziotan? Eta, zehazki, pertsona mailan, zein prezio ordainduta? Egungo egitura eta administrazioen aldetik dauden laguntzei dagokienez, goitik beherako aldaketa gertatu beharko litzateke. Berrikusi eta egokitu egin behar dira laguntza-lerro horiek, sortzen ari diren ekimen berriei tokia egiteko.
Bada tranpa modukoa. Badaude bide batzuk, baina bide horiek toki jakin batera eramaten zaituzte, eta toki horretara joan nahi ez baduzu ez duzu bidelagunik. Pultsio bat badago, baina egungo errealitatea da askok egoskorkeriagatik jarraitzen dutela nekazaritza eremuan lanean. Nekazari izateak zergatik izan behar du zerbait epikoa? Zergatik ez du izan behar aukera bat, beste askoren artean bat? Laguntza, baliabide eta bestelako egituren aldetik berrikuspen eta moldaketa bat gertatuko balitz, gauza asko loratuko lirateke.
Ordezkatuak eta ikusgarriak aurretik egin zenuen ikerlaneko emakume nekazarien hainbat aipamen txertatu dituzu liburu honetan. Las primeras machotas adiera hori hartu zuten erabaki organoetako lehen emakume haiek. Gogoko tokian, aldapa besterik ez!
Elkarteak sortu zirenean, ordezkaritza gizonen kontua izan da. Sektorea mundu maskulinizatu modura irudikatu izan da eta ikuspegi horrekin bat datoz elkarrizketatu ditudan emakume asko. Lehen erabakigune haietan gizonezkoak zeuden, erabat. Arrakalatxoak sortzen hasi zirenean, panorama ez zen batere samurra. Eta hemendik nire miresmena adierazi nahi diet emakume haiei, ekinean jarraitu zutelako. Bidea zabaldu zuten. Beste testigantza deigarri bat ere geratu zitzaidan gogoan iltzatuta. “Zer, ez duzu ezer lisatu?”, bota zioten beste emakume bati. Liburuan hori guztia biolentzia sinbolikoarekin lotzen dut. Desautorizazioa edo desprestigioa, adibidez. Sistemak desanimatzen ditu, gaitu, emakumeak lan jarduera edo espazio batzuetan egotera. Eta, bestalde, besteetan egotera animatzen gaitu. Sozializazio prozesu patriarkalaren eraginez, txiki-txikitatik barneratu dugu mekanismo horren emaitza. Adibidez, naturaltzat ez hartzea emakume horiek erabakiguneetan egotea.
“Landa eremuan erakargarria zaigun paisaia hori ez da debaldekoa”
Oraindik orain, gizonari aitortzen zaio edozein landa eremutako negozioetan ordezkaritza. Zuzenean baserrira iritsi eta gizonagatik galdera egiten dutenena, adibidez.
Orokortzea arriskutsua bada ere, emakumezko nekazariak norbaiten ama, emaztea, arreba edo alaba dira oraindik. Abeltzain baten kasua aipatzen dut liburuan. Belaunaldi aldaketa gertatu zenean, emakume hark hartu zuen erreleboa eta tratulariak baserrian agertzen zirenean “non dago aita? Non dago senarra?” galdetzen zioten. Emakumea saiatzen zen egoera azaltzen, baina, zioenez, euren solaskideek ez zuten ulertzen edota ez zuten ulertu nahi. 2022an oraindik antzekoak gertatzen ari dira, zoritxarrez.
Erre-erreta bukatutako emakumeen kasuak aipatzen dira liburuaren amaiera aldera. Emakume haien guztien balioa aldarrikatu nahi duzu, finean, saiakeran. Eta horretarako metafora bikaina aipatu duzu: “Oso ederra da kintsugia, baina ez da denerako aplikagarria”. Azaldu dezagun kintsugia zer den, lehenik. Eta, jarraian, horrek gaiarekin duen zerikusia.
Jatorri japoniarra duen teknika bat da. Objektuen hausturak eta konponketak agerian utzi behar dira. Prozesu hori hor utzi behar da, konpondutako objektua edertzen duela iritzita. Haren eraldaketaren eta historiaren markatxoak direlako. Marka horiek zilar eta urre kolorez nabarmentzen dira. Metafora erabiltzen dut adierazteko hainbat gauza hautsiz gero oso zaila dela leheneratzea. Emakume nekazarien parte hartzea aipatzen hasita, haietako batzuek oso erreta amaitu dute. Ez dute ezertxo ere jakin nahi orain. Haietako askok, gainera, gauzak aldatzea posible zela uste zuten emakumezkoak ziren. Sinetsita zeuden, baina hain handia izan da frustrazioa eta mina, atzera egitea izan da haien burua zaintzeko bide bakarra. Hortxe dator berriro nire interpelazioa. Ezin ditugu emakume horiek pospoloak balira bezala erre, oso-oso beharrezkoak eta baliotsuak direlako.
Bukatzeko, liburuaren aitzinsolasean hainbat emakume aipatzen dituzu. Nortzuk dira?
Nire genealogia da, eta nire amamengandik hasi eta beraien amamenganaino familiako emakume guztiak izendatu ditut. Guztiak izan zirelako nekazari emakumeak, hautuz edo patuz. Zeren eta badakit haietako batzuek beste plan batzuk izan zituztela, baina hori egin behar izan zuten. Hortik nator ni. Gurasoak baserrian jaiotakoak dira eta ahizpa eta biak kalean jaiotakoak gara. Baserrian ibilitakoak gara, eta, hango hainbat kode ditudalako, begirada bat izan dezaket.
Txikitan baserrian egoten nintzen, liburu batekin. Oso esanguratsua da. Ni ez ninduen hangoak interpelatzen, eta niri ere ez zitzaidan interesatzen. Ikastea, lanpostu bat eskuratzea, bestelako bizimodu bat egitea zen gurea. Baina gero, bizitzan aurrera goaz. Goi mailako ikasketak egin nituen, atzerrira joan eta atzerriko kultura eta inguruarekiko interesak hemengoarekin konektatu ninduen. Pausoz pauso nire formakuntza eta nire profesioa garatuz joan naiz, landa eremuko emakumeak ardatz duten espazio batera. Urrutiko gerturatze bat egin dut, bueltako begirada batekin.