Leire Bilbao: “Izena eman nahi nion amatasunak dakarrenari”

Etxeko urak poesia liburua argitaratu du, Susa argitaletxearen eskutik. Nahiago du amatasunetik idatzita dagoela esatea, amaren gorputza lurralde bilakatuta. Lurralde horretatik mintzo da poeta. Lehen pertsonan idatzita dago, munduan ama asko dagoela jakinik ere.

Leire Bilbao, eskerrik asko gonbidapena onartzeagatik

Zuei, hona ni gonbidatzearren solas egiteko tartetxo bat edukitzeko.

Etxeko urak poesia liburua. Solasaldi bat egiteko asmotan gabiltza, non eta Plateruenan. Durangon bertan.

Bai. Bereziki polita da hemen egitea solasaldia. Garai hauetan itxi beharra izan zelako Plateruena. Ea egoera aldatzen den eta berriz zabaltzeko aukera dagoen.

Doakie omenaldi bat, ba, hau aurrera atera eta sustatu zuten horiei guztiei, ezta?

Hori da, urte hauetan guztietan hemen kultura mugitzen aritu diren guztiei.

Gure katedraletako bat da, baina, era berean, liburuak ere badira bertan geratzeko habia modukoak. Zure poesia liburua oso iradokitzailea egin zait. Poesia badelako, azkenean, hitz joko bat, hitzekin jolastea. Eta, beharbada, bizitzan zehar topa ditzakegun egoerak eta bizipen gogorrak eta gordinak elegantziaz eta dotoreziaz lantzeko aukera ematen duelako. Liburu honetan hori guztia aurkitu dut. Neurri batean, hori delako poesia, ezta?

Eskerrik asko, lehenik eta behin. Poesian eta, batez ere, literaturan badago oso zail dominatzen den arte bat, ahalik eta gutxienarekin ahalik eta gehien esatea. Saiatu gara ahalik eta hitz gutxienekin mundu bat eraikitzen. Azkenean, poesia bada hitzekin jolastea, eta horrekin irudiak sortzea.

“Ama izan arte ez nintzelako orobat nire amaren alaba izan”, amatasuna beste mundu batean sartzea bezala da, beste dimentsio bat. Ardatz nagusietakoa amatasuna eta amatasunak norberari eragiten diona dela esan daiteke.

Esan genezake haragian eginiko murgilaldia dela, introspekzio ariketa bat eta, igual, akaso, inboluzio bat ere bai. Akaso, norberaren barruan sartzea, denok garelako ama baten seme-alabak. Azken batean, haragi baten haragi zati. Ur horietan saiatu gara igeri egiten eta hortik etorri dira Etxeko urak. Nahiago dut amatasunetik idatzia dagoela esatea, amaren gorputza lurralde bihurtu delako. Lurralde horretatik mintzo delako.

Zein adiera jarriko zenioke liburuari? Pettiren azkeneko diskoa kultur artefaktu bat bezala definitu dute. Kamikaze samarra iruditu zait liburua; nola deskribatuko zenuke zuk?

Ba, ez dakit zer erantzun. Kamikazeak suntsitzera joaten dira… Nik uste dut kasu honetan kontrakoa dela, sorkuntzaz ari da liburua: amatasunaz, sorkuntzaz eta biziaz. Pozak eta eta minak agertzen dira. Haragi bizi bat badago, beste haragi bat ematen duena. Sorkuntza da gehiago.

Bakartasunez eta bakantasunez idatzia?

Beno, egia da lehenengo pertsona aukeratzean ematen duela ama bat ari dela hizketan, baina ama asko daude munduan. Milioika eta milioika, eta, gainera ama horien seme-alabak gara denok. Beraz, badago katebegi bat amak eta seme-alabak lotzen dituena, badago haragiaren transmisio bat. Baina hor falta izan da hitzaren legatua. Kontatzea zer dakarren ama izateak edo amatasun batek. Eta hori zen nahi nuena kontatu. Zeren eta izendatzen ez dena ez da existitzen. Izenak dakar izana. Beraz, izena eman nahi nion berez amatasunak dakarren istorio horri…. eta askotan: “Aiba, nik hau jakin izan banu! Zergatik ez didate kontatu hau horrela dela?”. Horrek niri era poetiko batean, edo poesia erabilita, kontatzeko gogoa piztu zidan.

Gabriel Arestik esaten zuen: “Nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde”. Zurea justu kontrara doala esango nuke. Kasu honetan, lehen pertsona horrek eskaintzen diola irakurleari ikuspegi osagarri edo aberasgarria.

Baina herritik ere jasoa da, ezta? Beste amen esperientziatik jasoa da. Idazten dugunean, handik eta hemendik joaten gara ideiak hartzen. Zilborrestea moztu behar dela taupada egiteari uzten dionean aipatzen da liburuan, eta hori mediku bati entzun nion. Ez dakit aldizkari batean irakurri nuen eta horri buelta eman eta poema bat idatzi nuen. Handik eta hemendik hartutako ideiak dira. Amatasuna bizitzeko modu asko daude; beraz, ama askoren esperientziak ere bildu daitezke liburu honetan, eta iritziak ere bai. Lehen pertsona horretatik pertsonaia bat eraiki dut, baina uste dut ama bat baino gehiago identifikatu daitezkeela.

Amaren gorputza lurralde bihurtu da liburuan

Eta klasikoekin jarraituz, Zulotik nator zulora noa, zuloan daukat gogoa erabat lotzen da Bentatik nator kantu ezagunarekin.

Laboa. Gainera, poema hori bertso bat da: Bentatik nator, bentara noa, zulotik nator zulora noa, zuloan daukat gogoa bertso bat da. Baina, gainera, tranpa bat egin nuen, ezkutatu egin nuen eta kaligrama baten forma eman nion. Ez dut ipiniko bertso bat, beste barik, hitz joko horiekin zuloak izan ditzakeen adiera guztiekin. Eta, gainera, jolas hori, bertso hori, kaligrama bihurtu eta kantatu daiteke.

Haur txikiak dituen aita bat identifikatu daiteke poesia liburu honetan, eta hori apropiazio kulturala izan daiteke?

Bai, noski. Espero dut aitak identifikatzea. Beltza izango banintz belztasunetik idatziko nukeen moduan edo migratzaile izango banintz, gustatuko litzaidake leku horretatik kontatzea. Ama naizenez, amatasunetik idatzi dut, baina batak ez du bestea kentzen. Nik uste dut aitak ere identifikatu daitezkeela, eta ez dago halako apropiaziorik, beste ikuspuntu bat da, eta, beno, aita horiek ere, azken finean, ama baten semeak dira.

Lehen irakurraldietan ager daitekeen gordintasunera erreparatzen nion, edo ama izan baino lehen zuk aipatu duzun “zenbait gauza ez zizkiguten esan’”. Baina badago beste poesia bat, beste ildo bat, zeinean beste jarrera baikor bat agertzen den: Zoriona zer da? Umeen poltsikoetan harriak eta adaxkak aurkitzea.

Bai. Bizitzan bezala, momentu guztietarako tarteak daude. Eta egia da, umea ikastolatik etxera etorri eta eta euren brusa edo amantala garbitu behar duzunean hartxintxarra topatzea edo beste mila gauza topatzea. Edo lore bat lehortuta, badakizunean lore horren hartzailea norbera izan daitekeela. Baina gero, lehortu egin zaiola eta han geratu dela. Horrek ez dauka preziorik, ez. Eta momentu horiek badute bere poetikotasuna. Nik uste dut liburuak badituela argiak, eta badu ere umorea.

Horri buruz ere galdetu behar nizun. Poesiak min eman dezake, edo ez. Eta uneren batean barre egin nuen gogotik; Noiztik maite dituzu besteen haurrak? Irakurtzean, adibidez. Erabat identifikatuta sentitu nintzen. Me too modukoa sentitu nuen hori irakurtzean.

Gurasoak izaten garenean aurreiritzi asko jausi, erori egiten zaizkigu.

Eta batzuk jan ere, ezta?

Bai. “Non nago ni, hau egiten?”, esku batean ogitartekoa, bestean arropak eta han zaude parke erdian, akaso, garrasika, eta esaten duzu: “Baina zer da hau? Hau al naiz ni?”. Eta bai, hori ere bazara, momentu horretan. Liburuak badu umoretik, eta autoironiatik ere.

Lourdes Oñederrari deigarria egiten zitzaion, Aitaren etxea eleberriari buruz, gorputzaren agerpena. Etxeko urak liburua irakurrita, ongietorria gorputzera! esango nioke liburua irakurri behar duenari.

Aitaren etxea irakurri dut, birritan, gainera, zeren eta irakurle talde bat dinamizatzen dut Durangon. Eta gustatu zitzaidan. Vasco Pratolinik zioen idaztea azalaren gainean kaligrafia ariketak egitea dela. Eta gure gorputza, azken finean, hori da. Jaiotzen garenean gure azala orri zuri bat da. Eta gure gorputza izan daiteke liburu bat, ezta? Eta, gainera, orain dela gutxi irakurri nuen, jaiotzean zilborrestea o borobil bat izan daiteke, letratxo bat. Eta gero, denborarekin azalean zimurrak ateratzen zaizkigu, eskuetako markak, aldatzen doa gure gorputza. Eta orduan ari gara konstanteki ere gure gorpuzkera idazten. Instintiboki ateratzen zait literaturan. Aurreko poema liburuetan eta baita honetan ere gorputza oso-oso presente dago. Esan dezaket, zuk adierazi duzun bezala, gorputzarekin ere badagoela idazterik.

“Erortzen ikasi behar dugu; batez ere, ondo erortzen eta altxatzen”

Eta, gorputzari lotuta, eta kreazioaz ari garela, naturari lotutako elementuak bikain agertzen dira. Eraztun berriek jantzi didate enborra. Eta hurrengo orrialdean esaten da: Iritsiko da zure besoa adarraren ertzera hurbilduko den eguna. Nora ez dakienaren ikaraz haizeari errendituko zaiona. Erortzen ikasiko du.

Erortzen ikasi behar dugu, eta, batez ere, ondo erortzen eta altxatzen. Frakasoetatik-edo ikasi behar dugu. Uste dut Beckett zela esaten zuena: “Erori, saiatu berriro, erori, frakasatu eta frakasatu ezazu hobeto”. Enborraren irudi hori, denboraren joanarena… Amatasunak oso leku terrenalera ekartzen gaitu. Gorputza lurralde bihurtzen da, eta nik sentitzen nuen ama izan aurretik ideien munduan edo beste leku batzuetan geneukala burua gehiago eta ama izatean eskatzen dizula lurra ukitzea gehiago. Baita umeekin lurrean eseri, jolastu. Nik uste dut ama izan arte ez naizela hainbeste denbora lurrean botata egon. Lehenengo sentsazio hori ere gustura hartzen da. Beraz, badaude naturaren elementuak, gorpuztu egiten direnak eta lurralde bihurtu.

Liburua irakurtzen ari nintzela, Joxe Azurmendiren aspaldiko poesia bat etorri zitzaidan burura. Anaiak musikatu zuelako deskubritu nuen. Prometeo miserablea-n zera adierazten da: Hi esaten diat, ni ez nauk kontzeptu bat, ez nauk gizon. Ez zidakean definizio batek existentzia eman. Neu bakarrik nauk, saihets guztietatik erabakirik. Beste garai eta testuinguru batean, baina liburu honetan, nolabait, zu agertzen zara saihestu guztietatik ebakirik?

Eskerrik asko konparazioagatik, Azurmendi handia baita. Lehen esan dudanaren harira, banaiz ni eta badira beste ama asko ere. Ematen diot egiantzekotasuna sortu dudan pertsonaia horri, ama horrek baduela nire amatik. Nire ni naizen ama honetatik. Baina badu ere nik izan nahi ez nuen amatik, ama izan nahi ez dutenetik eta beste inguruko ametatik. Ama izateko modo modu asko daude eta bakoitzak eraiki behar du berea. Hori da errebindikatzen duena liburu honek.

Edukiarekin, hizkuntzaren erabilerarekin gozatu dut. Zergatik dago poesia hain zokoratuta?

Badakigu genero minoritarioa dela Euskal Herrian. Zorionez, bertsolaritza daukagu. Jendeak plazak betetzen ditu eta txapelketak daude. Paperean argitaratzen dena beti txikiagoa izan da. Hemen erreferente gertuena Galizia dugu eta poesia maila izugarria da. Azkenaldiko sari handiak poeta galegoek eraman dituzte. Hango poesia oso bizirik dago, eta kaleetan ere egiten dira errezitaldi gehiago. Hala ere, ez dio minoritarioa izateari uzten. Egia da poesia gustatzen zaion horri, poesia deskubritzen duenari, nik uste dut betirako geratzen zaiola pozoi hori sartua. Pena da ikastetxeetatik ez sustatzea gehiago. Zeren eta, batez ere, nerabezaroan oso zabalik gaude poesia irakurtzera eta idaztera. Sentimenduak bilatzen ari zara, hainbat galdera dituzu eta nik uste dut poesian edo fikzioan, behintzat, aurki daitezkeela. Edo, behintzat, galdera horiekin bidaiatu. Hezkuntzaren kontua izango da. Nire garaian, ikastetxeetan irakatsi zigutena klasikoak edo oso antzinakoak ziren. Buelta eman beharko genioke horri.

Eta literatur klubetan, adibidez, gutxienekoa izango da poesia liburuen inguruko irakurraldia?

Suposatzen dut baietz. Suerte hori badut, Durangoko literatur kluba ari naiz dinamizatzen azkeneneko hiru edo lau urtean. Eta nik beti sartzen dut poema liburu bat eta baita ere komiki liburu bat. Komikia eta poesia, eta gero, fikzioan, oraingo honetan Gantzarainen Zuloa, arteaz diharduena. Badirelako, nobelaz gain, beste hainbat literatur genero edo artefaktu.

Eta zenbat ikasi daitekeen Zuloa bezalako saiakera batekin, ezta?

Adibidez.

Zein poesia liburu aholkatuko zenuke? Literatur klubean, adibidez, zein irakurri duzue?

Beti aurreko urteetan argitaratutakoak egin behar dira; oraingoan, Jose Luis Otamendiren Disoluzio agiriak tokatzen zaigu.

Bagara bi fan sutsu hemen.

Bai, beti izan naiz Otamendiren fan.

Ez dugu esan, baina Otamendiren eta zure liburua Susa argitaletxean argitaratu dira. Eta Susak baditu bi bilduma: Munduko poesia kaierak eta XX. mendeko poesia kaierak. Bilduma horiek ez daude paperean bakarrik, libre eta sarean daude, eta hori ere bada nabarmendu behar dena.

Eta zer garrantzitsua den. Nik lehenengo poema liburua argitaratu aurretik irentsi nituen kaiera horiek. Eta izugarrizko gozatua hartu nuen orduan. Poza izan zen gero Munduko poesia kaierak ekartzea. Eta hor uste dut Beñat Sarasola lan ederra egiten ari dela, eta baita itzultzaile lanetan ari diren beste lagun guztiak ere. Borondatezko lan itzela egiten ari dira.

Beñat Sarasola aipatu duzu, eta Munduko poesia kaierak bildumako May Ayim liburuaren aitzinsolasean honako hau idatzi du: “Poesiari ez zaio gehiegitan aitortzen zauria zauritzeko dohaina”. Eta niri, nolabait, zure poesia batzuetara joan zait burua, hori irakurtzean.

Eta, gainera, zauriak eduki ditzakeen adiera guztiekin. Nik uste dut poesiak eta fikzioak gaitz askotatik salbatu ahal gaituztela, ezta? Gainera, garai hauetan, denbora gehiago daukagula pentsatzeko, birpentsatzeko, zein garaitan bizi garen, zer ari den gertatzen. Eta, askotan, poesia izan edo fikzioa izan, topatu dezakezu atsedengune bat, lasaigune bat, arnasgune bat.

Eta ihesbide moduko bat ere bai.

Ihesbide bat, eta, zergatik ez, baikortasun puntu bat ere bai.

Bukatzen hasi behar dugu. Liburua atal ezberdinetan antolatuta dago, eta atal bakoitzaren hasieran barne elkarrizketa modukoa agertzen da.

Denbora asko eman dut poema liburu honekin. Oso egitura definitua dauka liburuak, eta atal guztiek daukate urarekin zerikusia. Lehenengoa, urak botatzearena, hasten da elkarrizketa batekin. Ama ez zen eta ama izan nahi ez zuen horrek orain ama den honekin daukan elkarrizketa talka hori. Bigarren atala listua da. Hizkuntza berri bat sortzen da, ama izaten da, orduan beste hizkuntza bat dauka ama horrek. Eta beste begirada bat, eta orduan ere badago elkarrizketa bat bere buruarekin. Hirugarrenean marea dator, konturatzen da zenbat beste ama dauden. Norbere zentimetro kubikoetatik harago begiratzen du, ikusten du bere egoeran, ur horietatik edaten eta ur horietatik ur horietan bustita zenbat ama dauden. Eta, orduan, beste ama batzuekin eta sortzaile batzuekin elkarrizketa bat egiten du. Eta azkena, Arraska atala, kontu domestikoez ari da. Zeren eta azken finean hainbeste gauza garbitu, ipini… horretan doa egunaren erdia. Horri ere balio bat eman nahi nion. Nahiz eta ura izan, eta urak leku guztietatik ihes egin dezakeen, egituratua dago liburua.

Bukaera aldean esaten da, “ez naiz nere ama bezalakoa” izango. Ez ote garen okerragoak izango…

Gaztearen eta seme-alabaren lehenengo pultsioa da jaso duen hori apurtzea. Aita hiltzea-edo esaten dena. Ba, kasu honetan, ama hil nahi dugu. Denok dakigu zer den aita hiltzea, baina ama izan nahi dugu eta nahi dugu ama izateko beste modu bat sortu. Baina ez, badaude jada modu horiek eta konturatzen zara zein muga dituzun eta zer egin zenezakeen. Behintzat, ama izateaz gain, beste hainbat gauza ere bazarela aldarrikatu eta besteak ez utzi. Eta beno, eroriko gara, ikasiko dugu eta frakasatuko dugu hobeto.

Eta altxako gara.

Eta altxako gara.

Eskerrik asko, Leire. Eta zorionak, gozatu ederra hartzen ari naizelako zeure buruarekin.

Mila esker zuei.