LeeKore taldearen ‘Zauriak’ diskoa

Laugarren lana argitaratu berri du Oñatiko LeeKore taldeak. Zauriak izenpean kaleratu du diskoa, eta hainbat kolaborazio osatu ditu. Aurrerantzean, Euskal Herriko hainbat txokotan egongo da lana aurkezten.
Laugarren diskoa argitaratu berri duzue; nolako lana esango zenukete dela azken hau?
Gaur argitaratu dugu gure laugarren lana: Zauriak. Esango genuke LeeKore eta bere esentziaren jarraipen findu bat dela, hardcorera gehiago gerturatzen diren doinuekin, baina metal ukituak alde batera utzi gabe, eta, beti bezala, mezu zorrotz eta zehatz batekin.
Asko aldatu da taldea 2019an lehen lana argitaratu zenutenetik?
Bai, asko, kar-kar. Hasteko, hasi ginenean, lau ginen, eta, ondoren, bosgarren taldekide bat batu zen; bigarren gitarrista, alegia. Musikalki ere asko garatu dugula esan dezakegu, esperientziak eta praktikak ematen duten garapena; eta letrak idazteko orduan ere, mezua zorrozten eta fintzen joan garelakoan gaude. Oro har, konposizioari dagokionez, gehiago zaintzen zein lantzen ditugu kantuak. Zuzenekoetan ere asko aldatu dugula esan ohi digute, garapen izugarria izan dugula; eta hori, hardcore talde batentzat, berebizikoa da, gurea zuzenekoa baita.
Zeri abestu nahi izan diozue diskoan? Zer nabarmenduko zenukete lanetik?
LeeKore beti izan da isildutakoen ahotsa eta bozgorailua, eta beti erabili izan dugu kritika soziala plazaratzeko, gure pentsaera adierazteko edo gure gudariak omentzeko. Iraultza leku guztietan eman behar dela diogu, beraz, iraultza, oholtzatik hasten da. Ondorioz, gure lan honek badu LeeKoreren esentzia den kutsu politiko hori mezuan eta hitzetan. Hala ere, Zauriak lanean introspekzio ariketa sakona ere egin dugu, eta gure barnera sartzen saiatu gara. Horren gai pertsonalak azaleratzen dituen lehen lana da. Laburbilduz, disko berri honetan, gai politikoak jorratzen dituzten kantuak aurki ditzakegu, eta, horiekin batera, gai pertsonalak eta sentimenduak jorratzen dituztenak ere bai.
Bellako taldeko Rober Saezekin egin duzue azken kolaborazioa; nola sortu zen?
Roberrekin oso era naturalean sortu da kolaborazioa, eta hemen ikusten da hardcorea familia handi bat garela, laguntasuna izanik gure balore zuzena. Bellako taldea, espainiar estatuan, hardcore talde garrantzitsuenetako bat da, eta, lehen momentutik, prestutasun zein gertutasun osoa adierazi zigun Roberrek. Era naturalean sortu dela diogu kontzertu bat batera jo genuelako, eta, berehala, lagundu genuelako elkar; harrezkero, kontaktua ere mantendu dugu. Gurs camp des basques euskaldunentzako eginiko kontzentrazio-esparrua izan zen, 1939an; eta, ondoren, kataluniarrak, komunistak eta abar ere bertan sartu zituzten. Kantua idazten hasi ginenean, memoria ariketa bat egin, eta gaur egunera ekarri nahi izan genuen, gertatu zena oroituz eta antifaxismoaren egungo beharra azpimarratuz. Harekin gogoratu ginen, kataluniarra delako eta balio horiek dituelako, eta ideia komentatu genion lehen momentutik lankidetza aparta osatu genuen.
Azpimarratu behar dugu diskoan badugula ilusio handia egiten digun beste kolaborazio bat ere. Lanari izena ematen dion kantuan, Zauriak kantuan, alegia, Drop! taldeko Paul Casalek eta Hoben eta Destroy taldeetako Imanol Oiartzabalek jartzen dute ahotsa. Biak ala biak, gure lagun handiak eta erreferenteak euskal hardcorearen barruan.
Kontzertuak jotzen ibiliko zarete aurrerantzean? Zerbait aurreratzerik?
Diskoaren aurkezpena martxoaren 14an Zumaiko Torreberri gaztetxean egingo dugu. Ondoren, Iruñean, Eibarren, Gernikan, Oñatin eta beste hainbat tokitan ikusi ahal izango gaituzue. Eta, aurrerago, Euskal Herritik kanpo ere kontzertu batzuk emango ditugu; hala nola, Vallecasen. Kontzertu guztiak gure sare sozialetan iragarriko ditugu, beraz, adi egon!