Leekore taldea

Oñatiko Leekore taldeak bigarren diskoa kaleratuko du laster; bitartean, baina, aurrerapen kantu gisa, 1312 abestia eta bideoklipa atera dute. Gainera, dagoeneko hasi dira diskoa aurkezteko kontzertuak lotzen.

Diskoa ia prest duzue; azken ukituak besterik ez da falta?

Hori da; pare bat moldaketa egin behar ditugu oraindik, baina, gainontzean, azken entzunaldia eman eta guztion onespena du diskoak; prest egongo da. Hala ere, prest egotetik entzungai egotera denbora pasa daiteke; gure lanaren araberakoa izango da.

Nolakoa izan da diskoaren sortze-prozesua?

Bi fase izan dituela esan dezakegu. Bere garaian, duela urte erdi edo, estudiora sartu ginen disko berria grabatzera. Horren ostean, geldiune bat egin genuen, gure taldeko bi kidek beste talde batean jotzen dutelako. Hilabete batzuen ostean, beste hiru abesti genituen garatuta, eta, gure bigarren lana kaleratu aurretik, kantu berri horiek estudio berean grabatu eta diskoan sartzea erabaki dugu. Lehenengo diskoan sartu ez ziren eta urteetan zehar gutxinaka osatzen joan garen abestien bilduma entzun ahal izango duzue.

Zuen lehenengo lanetik igaro da denbora bat; bigarren diskoa asko aldatu da?

Lehenengo diskotik urte batzuk igaro dira, eta, denboraren eraginez baliabide eta praktika gehiago batu dugunez, bigarren lana potentzia handiagoz eta modu erdi profesionalagoan datorkigu.

Hasi zarete kontzertuak lotzen?

Disko berriaren aurkezpena apirilaren 13an izango da, Oñatiko gaztelekuan. Holako gauzak gusturen etxean egiten dira eta. Bestalde, badugu kontzertu gehiago lotuta; beraz, egon adi Instagramera, bertan emango baitugu guztiaren berri.