Laura Penagos: “Euskarak deserria gainetik kendu dit”

Kolonbiar euskalduna dela esaten du Laura Penagos (Suesca, Kolonbia, 1983) aktore eta sortzaileak. Bogota ondoko herri batean jaio zen, euskararekin inolako loturarik izan barik, eta, gaur egun, euskara “dena” da harentzat. Aitortu du hizkuntza ikasteko bidea benetan zaila izan zela, baina ez zuela etsi. Egunerokoan ez ezik, oholtza gainean ere euskara darabil, eta antzezlan bat sortu berri du, euskararen eta migrazioaren inguruan kontzientzia sortzeko.
Laura Penagos, ongi etorri TTAPera!
Eskerrik asko gonbidapenagatik.
Aktorea eta sortzailea zara. Kolonbiarra izatez, baina Euskal Herrira etorri zinen eta euskara ikastea erabaki zenuen; zergatik?
Orain dela ia 17 urte heldu nintzen hona, Euskal Herrira. Eta berehala erabaki nuen euskara ikasi behar nuela. Nik uste dut oso garrantzitsua dela; azken finean, Euskal Herrian euskaraz egiten da. Oso animatuta nengoen, murgildu egin nintzen eta geratu egin naiz. Prozesu ederra izan da, zoragarria, oso aberatsa; gogorra hasieran, nola ez… Ez da nire ama-hizkuntza eta hitzak oso ezberdinak dira, baina oso ongi moldatu naiz.
Zer da euskara zuretzat?
Den-dena. Egia esan, euskarak nire bizitzan espazio erraldoia du, oso garrantzitsua. Izan ere, lan egiten dut euskaraz, idatzi, antzeztu, maitatu… Orduan, nire eguneroko tresna da hitz egiteko, lan egiteko, bizitzeko. Oso-oso garrantzitsua da niretzat.
Ondo iruditzen bazaizu, hasieretara joango gara, prozesu hori nolakoa izan den jakiteko. Zu Kolonbian jaio zinen, Suescan; nolakoa da Suesca?
Suesca herri txiki bat da, Bogota ondoan dagoen herri txiki bat. Ez da polita edo berezia, baina gure herria da eta maite dut. Bertan jaio zen gure aita, eta han jaio eta hazi nintzen. Eta orduan, nolabait, niretzat oso garrantzitsua izan da Suesca, eta oraindik oso garrantzitsua da. Jada ez dut nostalgiarik hara itzultzeko, baina bai, nire unibertso pertsonalean edo nire ikuskeran beti dago Suesca oso presente.
Suescan ez dago euskal etxerik, ez dago euskal komunitaterik; eta han jaiota, nola edo noiz izan zenuen zuk lehenengoz euskararen eta Euskal Herriaren berri?
Gure aitak apaizekin ikasi zuen, eta haien artean euskaraz hitz egiten zuten. Orduan, noizean behin, aitak esaten zigun: “Apaizek hitz egiten zuten euren artean euskaraz, baina, noski, guk ez genuen ezer ulertzen”. Eta gero, 2006an, justu euskaldun bat ezagutu nuen gure herrian, Suescan. “Ni euskalduna naiz”, esan zidan, “eta Euskal Herrian euskaraz hitz egiten dugu”. Eta orduan, konexioa egin nuen. Aitaren istorioa konektatuta zegoen. Eta horrela hasi nintzen Euskal Herria ezagutzen. Esan dezaket Suescan Euskal Herria ezagutu nuela. Eta hori ederra da.
Eta zergatik erabaki zenuen Euskal Herrira etortzea?
Nahiko aspertuta nengoen Kolonbian. Herrialdea oso gogorra da, oso bortitza, pobrea, eta nik mundua ezagutu nahi nuen. Eta ezagutu nuen euskaldun harekin ezkondu nintzen. Kolonbian bizi ginen, baina harentzat oso gogorra izan zen Kolonbian bizitzea, eta erabaki genuen hona etortzea. Niri oso ondo iruditu zitzaidan, nola ez, eta horrela heldu nintzen.
Iruñera.
Iruñera, bai. Madrildik Iruñera.
Eta nolakoa izan zen lehen kolpe hura?
Beti buruan izango dut. Zehazki, heldu nintzen Euskal Herrira maiatzaren 10ean, eta euri-jasaz oroitzen naiz Tuterara sartzen ari ginenean. Eta orduan pentsatu nuen: “Bueno, espero dut horrelakoa ez izatea beti eguraldia”. Larunbata zen, eta bai, euri-jasa dut buruan. Eta gero, maiatzean, hotza.
Esan duzu hasieratik izan zenuela argi euskaraz ikasi nahi zenuela; zer egin zenuen? Euskaltegira joan?
Bai. Maiatzean heldu nintzen eta urrian matrikula egin nuen. Hori 2008an izan zen. Euskaltegira joan nintzen, lehenengo urratsak ikastera, eta oso gogorra izan zen, oso zaila. Eta neure buruari esan nion hori ez zela niretzat, ezin nuela, oso zaila zela eta ez zela nire ama-hizkuntza eta nire kultura. Eta utzi egin nuen. Porrot handia sentitzen nuen, baina beste aukera bat eman nion neure buruari eta bueltatu egin nintzen. Eta gero, berriro utzi nuen. Nik uste dut oso ohikoa dela. Utzi egin nuen, urte batzuk pasatu ziren, eta orain dela 6 urte, serio jarri nintzen. Eta poliki-poliki, oraindik ikasten ari naiz. Duela sei urte, Arturo Campion euskaltegira joan nintzen; leku zoragarria. Eta oso ongi pasatu nuen ikasten. Baina prozesu bat da. Poliki-poliki egin behar duzu bidea, pazientzia handiarekin, baina, batez ere, nik uste dut maitasun handia izan behar duzula, bidean ez galtzeko eta jarraitzeko, jarraitzeko eta jarraitzeko.
Zuk esan duzu dena oso ezberdina zela; hizkuntza bakarra da munduan, eta ez zeneukan erreferentziarik hizkuntza ikasteko orduan, ezta?
Ez. Nik ez nuen erreferentziarik. Gainera, hemen, Euskal Herrian, egoera linguistikoa ere ez da argia. Orduan, bai, hasieratik sentitu nuen zaila zela euskaraz hitz egitea. Gaur egun, ikusten dut non hitz egin dezakedan eta non ez. Batzuetan, hasten naiz euskaraz hitz egiten, baina harresi komunikatibo bat dago. Batzuetan, ongi erantzuten dizute, baina, beste batzuetan, erantzuna nahiko pasibo-agresiboa da: “Ez, ez, ez, mesedez, hemen gaztelaniaz. Zerbait nahi baduzu, esan gaztelaniaz!”. Eta niretzat oso bortitza da.
Nola sentiarazten zaitu horrek zuk egin duzun ahalegin guztia egin eta gero?
Antzeko zerbait gertatu zitzaidan, eta oso txarto pasatu nuen, pertsona baten erantzuna oso bortitza izan zelako. Eta nik ez nekien nola jokatu behar nuen, eta pentsatu nuen hori ez zela nire lekua.. Eta atera nintzenean, bai, porrot handia sentitu nuen eta pentsatu nuen ez zegoela eskubiderik. Ematen du gu euskara inposatzen ari garela, eta uste dut alderantziz dela. Azkenean, Euskal Herrian hizkuntza hegemonikoa gaztelania da, ez da euskara. Orduan, nik uste dut nahiko penagarria eta lotsagarria dela hemengo jendeak ez jakitea euskaraz.
Eta asko euskaraz eskolaratuta egon dira, baina gero, ez dute zuk egin duzun ahalegin hori egin…
Eta hemengoek esaten didate: “Ze ongi! Zorionak! Segi horrela!”. Eta grazia handia egiten dit, kolonbiarra eta euskalduna naizela azpimarratzen dutelako askok. Hemengoek zergatik ez dute euskara ikasteko erabakia hartzen?
“Nahiko penagarria eta lotsagarria da hemengo jendeak euskaraz ez jakitea”
Integratzen lagundu dizu euskarak?
Bai, zalantzarik gabe. Izan ere, esan diezazuket profesionalki hasi nintzela antzerkia egiten euskaraz hitz egiteagatik. Euskaraz hitz egiteagatik izan nuen aukera. Maiz ere esaten dut euskarak deserria gainetik kendu didala. Euskarak sustraiak eman dizkit emozionalki ondo egoteko, eta hori oso garrantzitsua da. Azkenean, nire aukera izan da. Nik erabaki nuen hemen bizitzea. Orduan, zalantzarik gabe, integratzen lagundu dit.
Eta zure ingurua euskalduna da? Ze hori ere garrantzitsua da, ezta?
Bai. Nire ingurua nahiko euskalduna da. Jakina, gaztelaniaz ere hitz egiten dut, nola ez, nire ama-hizkuntza da eta maite dut. Baina nik uste dut oso garrantzitsua dela euskaraz hitz egiten ari zarenean zure ingurua euskalduna izatea, edo, behintzat, murgiltzea. Hori gako handia da euskara ikasteko.
Esan duzu euskaraz antzezten duzula. Goazen, orain, zure lanbideaz hitz egitera. Aktorea zara, sortzailea ere bai, eta zuk idazten dituzu zure antzezpenetako batzuk. Noiz erabaki zenuen aktore izan nahi zenuela?
Betidanik. Nire grina da, maite dudan lanbidea. Zoragarria da. Antzerkia maite dut, eta bulkada hori txikitan sentitu nuen. Txikitan antzeztu egiten nuen, idatzi egiten nuen, etxean beti irakasleak imitatzen nituen… Eta antzerkia beti izan da nire mundua, nire iruditeria.
Kolonbian ere antzerki munduan ibiltzen zinen?
Bai. Kolonbian Teatro Libre eskolan ikasi nuen lau urtez, eta bi urte eman nituen profesional. Hemen, Euskal Herrian, hamar urte egon nintzen antzerkia egin gabe, eta oso gogorra izan zen niretzat.
Zergatik egon zinen antzerkia egin gabe? Ez zenuelako aurkitzen zuretzako paperik? Ez zizutelako aukerarik ematen?
Hasteko, antzerkia egitea hemen eta edozein lekutan oso zaila delako. Gure lanbidea oso prekarizatuta dago. Nik maite dut, baina ezin dut erromantizatu. Orduan, iritsi berria nintzen eta ez nuen ikusten espaziorik lanbidea garatzeko, eta ez nuen antzezteko aukerarik. Hamar urte izan ziren eta oso gaizki pasatu nuen. Baina momentu batean, aukeratu egin nuen, unibertsitatea utzi nuen –garai hartan, Irakasle ikasketak egiten ari nintzen–, eta oroitzen naiz liburutegian nengoela eta pentsatu nuela ez nenbilela egiten nik nahi nuena. Eta orduan, pentsatu nuen: “Bartzelonara joango naiz, berrikastera, ikastaro bat egitera. Nire grina, nire barneko sua berreskuratu behar dut”. Eta berehala aurkitu nuen ikastaro bat oso interesgarria Bartzelonan. Matrikula egin nuen, hara joan nintzen, eta oso ongi atera da dena. Gero, Italian ere egon nintzen ikasten. Eta ezagutu nuen Ander Lipus, ikastaro bat egin nuen harekin, eta hara nondik bideratu nuen nire lanbidea, gaur egun arte.
“Hamar urte egon nintzen antzerkia egin gabe, eta oso gogorra izan zen”
Gaur egun, lanean zabiltza, topera, ikusten dugun bezala zure sare sozialetan; kontatu zertan zabiltzan.
Alde batetik, Behi jasa proiektuan nabil. Bestetik, Putaren bakarrizketa eroetxean Euskal Herrian barrena aurkezten ari gara. Eta orain, proiektu berri batean nago sartuta: Deserrian azal. Eta oso pozik nago. Izan ere, proiektua nahiko interesgarria izango da Euskal Herrian. Lau antzezle oholtza gainean; oso proiektu anitza da eta gaia euskara eta aniztasuna izango da. Zehazki, euskara eta migrazioa. Orduan, poz-pozik nago.
Zure bizitza, ezta?
Bai, hori da. Hau da nire ingurua. Ni kolonbiarra naiz eta beti izango naiz kolonbiarra. Baina, aldi berean, euskalduna. Eta niri hori ederra iruditzen zait. Nire bizitza hori denez, zerbait sortu behar nuela pentsatu nuen. Uste dut oso garrantzitsua dela garai hauetan horrelako zerbait sortzea, kontzientzia sortzeko eta denon artean gehiago elkar ezagutzeko. Gaur egun, elkarbizitza oso garrantzitsua da Euskal Herrian. Bestela, elkarbizitzaren arazoak oso larriak izan daitezke. Horregatik, poz-pozik nago proiektu honekin. Izan ere, dFERIAn egongo naiz.
Zineman ere egin dituzu lanak; Azken erromantikoak filma, adibidez.
Oso pertsonaia txikia izan nuen. Esperientzia polita eta oso ezberdina izan zen. Hori beste kode bat da, eta oso ongi dago, baina antzerkia da nire aterpea. Beti hor dago.
Zurea oholtza da, ezta?
Bai. Oholtza gainean egotea niretzat da…
Zer sentitzen duzu?
Ez naiz ni. Mundua ez da existitzen. Momentu hori bakarrik existitzen da. Eta gero, jendearekin dagoen konexioa oso ederra da. Jendearekin elkartzea, energia hori sentitzea; komunikazioa, azken finean. Eta, gainera, zuzenean. Zuzenean isiltasuna, kontzentrazioa, eta gero, jendearen aurpegiak, haien energia sentitzea. Niretzat oso ederra da.
“Euskarari eta migrazioari buruzko antzezlana sortu dut, kontzientzia sortzeko”
Esan duzu oso zaila dela antzerkitik bizitzea; emakumea izanda, kanpotarra izanda, paperak aurkitzeko orduan zailtasunak izaten dituzu?
Bai.
Zelanbait, sailkatuta edo lerrokatuta sentitu izan zara?
Zinemaren egituran bai, oso bertikala delako eta beti daudelako estereotipoak. Hemen, zineman, kolonbiarra zarenez, oso markatuta dago zure profila, eta neskamea edo zaintza-lanak egiten dituena zara. Hori da gure rola. Eta uste dut gaur egun gainditu egin behar dugula. Kolonbiarra naizenez, zaintza-lanak egin behar ditut, garbiketa egin behar dut? Nik casting asko egiten ditut, eta beti da garbitzeko, umeak zaintzeko… Baina inoiz ez naiz protagonistaren laguna edo ez naiz medikua… Hori gertatzen da, hemen, Euskal Herrian, eta edozein lekutan.
Gizartea geroz eta pluralagoa da, eta hori ere islatu beharko litzateke.
Baina ez da batere anitza, eta nekatu egiten nau dezente. Eta, gainera, oso bitxia da; castingetan esaten dute: “Bai, kolonbiarra da, baina ez da hain kolonbiarra”. Hori gertatzen zait, eta hori oso bortitza da. Baina zer nahi dute? Agian, ez naiz zuria, baina ez naiz hain beltza. Ilea ez da hain kizkurra, baina ez da hain lisoa. Orduan, dena dira estereotipoak. Eta ni kolonbiarra naiz! Baina, agian, ez naiz hain argala, baina ez naiz hain lodia… Nahiko bortitza iruditzen zait, eta nekatu egiten nau.
Plazak falta dira zuentzat?
Plazak baino gehiago, beste begirada bat. Beste begirada bat sortzea zineman. Gaur egun, Euskal Herrian, zer egiten dugu? Zein garrantzi dugu? Baina ez gu bakarrik. Gaur egun, mundua oso anitza da, tamalez edo zorionez. Nire ustez, zorionez. Eta, orduan, mantentzea hegemonia hori, zuria, europarra… ez du espaziorik. Azkenean, protagonistak beti zuriak dira, istorioak oso burgesak dira eta sentitzen dut ez dela nire mundua, ez dela niretzat. Nahiago ditut beste istorioak, eta horregatik prestatu dut Deserrian azal. Izango da gure istorioa. Gure ahotsa. Zer pentsatzen dugun guk.
Eta euskaraz.
Eta euskaraz. Eta oholtza gainean Irango emakume batek hitz egingo du euskaraz, afrikar batek, txinatar batek eta laurok.
Noiz estreinatuko da?
Seguru aski, 2026an, urrian. Prozesu luzea dugu aurretik.
Baina prozesu polita duzue aurretik eta gu irrikan gaude ikusteko eta zer esan behar duzuen entzuteko. Beraz, Laura, eskerrik asko, benetan, gaur gurekin egotearren, eta jarraitu gogor lanean eta jarraitu euskara maitatzen!
Eskerrik asko gonbidapenagatik. Plazer handia izan da.
Eskerrik asko!
Zuri!