Lau.a: Buztin polimerikoan aurkitutako magia
Ibarrako neska saltseroa eta sortzailea da Aiora Aginagalde Arrondo, baina bere benetako izaera ez da definizio bakar batean kabitzen. Haur-eskoletako hezitzailea lanbidez, eta sortzailea bihotzez, txikitatik eskulanek lagundu diote bere mundua ulertzen eta eraikitzen. Pinturan hasi, eta kakorratz-lanetan eta joskintzan ibili ondoren, buztin polimerikoz egindako belarritakoetan aurkitu du bere lekua.
Sortzeko grina etengabe martxan
Aioraren proiektu txikia orain dela bost urte jarri zen martxan, eta, ordutik, ez du gelditzeko asmorik. Pieza bakoitza ideia berri baten emaitza da, kolore eta forma desberdinen arteko jolas etengabe bat.Sorkuntza ez dela pasio hutsa dio: “Nire burua uneoro dago martxan, kolore ezberdinetako askotariko piezak sortzeko. Hor dago magia: etengabeko mugimenduan dagoen irudimenean”.
Emozioa pieza bakoitzean
Sorkuntza prozesuak ez du soilik emaitza estetikoa bilatzen. Aginagalderentzat bere lanaren zatirik politena beste zerbait da: “Jendeak nire piezak gustuko izatea eta erantzun positiboa jasotzea”. Azken finean, sortzen duen belarritako bakoitzak istorio txiki bat darama atzean: “Eskuz sortu, eta beste norbaiten egunerokora iristeko egina dago”.



