Laser bidez moztutako belarritakoak

Marka: Lapatx Pitxiak

Ikasketek elkartuta sortu zuten Lapatx pitxiak marka Iraitzek, Junek eta Ainhoak. Proiektua oso berria da. Belarritakoen diseinuan eta sorkuntzan dihardute, laser makinaren laguntzarekin. Hasieran, gertukoentzako opariak egiteko erabili zituzten belarritakoak, baina segituan konturatu ziren proiektu berri bat hasteko aukera zegoela.

Berrerabili

Baztertuta uzten diren materialak erabiltzen dituzte lehengai gisa. Hala, bigarren bizitza bat ematen diote. Diseinuak sortzen doazen heinean, horiek digitalizatu eta laser makinan probak egiten dituzte, nahi duten azken emaitza lortu arte.

Azoketan

Piezak moztuta dituztenean, lixatu eta bernizatu egiten dituzte. Ostean, engantxeak ipini eta azoketan saltzeko prestatzen dituzte. Halakoetan dihardute belarritakoak saltzen. Baina badituzte sare sozialak, eta horien bidez ere egin daitezke eskaerak.