Larru beltzak taldea

Kalean da Larru Beltzak taldearen bigarren diskoa, Inoren itzala. Sortze prozesuaz eta izan duen harreraz jardun dute taldekideek.
Bigarren lan luzea argitaratu duzue; asko aldatu zarete lehenengotik?
Estiloaren esentzia mantendu egin dugula esan daiteke, baina egiten dugun horretan zerbait ezberdina ere aurkitu daiteke, horren bila joan ez garen arren.
Nolakoa izan da bigarren lanaren sortze prozesua?
Aurreko lanaren antzera. Ideiak, nahiko jorratuta, etxetik ekartzen ditugu, eta ondoren, guztion artean lokalean landu. Entseatzeko dugun denbora murritzari etekin handiena ateratzeko bilatu dugun dinamika da hori.
Nolako harrera izan du?
Kaleratu denetik denbora askorik pasa ez den arren, harrera positiboa izan duela esan genezake. Eta guk geuk grabaketa prozesuari nahi bezain beste denbora ezin izan diogula eskaini kontuan hartuta, pozik gaude emaitzarekin.
Zer espero duzue 2024ko urte amaierarako? Kontzertuz beteta dator?
Kontzertuak jotzeko eskaintzez ezin gara kexatu, baina, tamalez, nahi baino ezezko gehiago esan beharrean gaude. Eskerrik asko gonbita egin diguten guztiei! Eta gure eskuragarritasuna hobetuko delakoan… ez utzi deitzeari!