Lapvr taldearen EP berria

Duela pare bat urte jo zenuten lehen kontzertua, eta ordutik ez dugu zuen berririk izan, orain arte. EPa prestatzen aritu zarete orain arte?

Aurreko maiatzean jo genuen gure lehen kontzertua, Errekaldeko jaietan. Ordutik, bakoitza bere proiektuetan ibili da lanean, EP-rako kantu berriak egiten ari ginen bitartean. 2024 bukaeran eta 2025 hasieran hasi gara grabaketa planteatzen, eta Oñatiko Burrunda Faktoriaren kontzerturako aurkezteko moduko lan bat eduki nahi genuen.

Bost abesti eta bost bideoklip, guztia autoekoiztuta; nolakoa izan da prozesua?

Lan-karga askoz handiagoa dago guztia autoekoiztua izanda, inongo zalantzarik gabe, baina, aldi berean, proiektua zuk nahi duzun bezala moldatzeko askatasun guztia ematen dizu; alde onak eta txarrak ditu. Hilabete inguru ibili gara bideoak eta kantuak grabatzen eta prestatzen, eta merezi izan du.

Zer estilotan kokatuko zenuke zuen taldea?

Vibora, Birds In Row, Boneflower, Dena eta horrelako taldeak asko maite ditugu, eta gure estiloa post-hardcore edo screamo eszenan kokatuko genuke, nolabait esanda. Taldekideen artean proiektuari Screamo hardcore from Italy deitzea ere gustatzen zaigu.

Zer iruditu zaizue EPak izan duen harrera?

Sorpresa handia izan da izan duen harrera; hasiera batean, grabaketak egin izanaren helburua Lapvrren existentziaren froga bat edukitzea zen, lanaren oroigarri bat bezala. Behin grabatzen hasita, egia da gu ere gero eta selektiboagoak izan garela gure soinu eta irudiarekiko, eta, Youtubera igo genuenean EP osoa, asko harritu ginen, ikustaldi kopuruagatik eta, oro har, taldea ezagutzen duen jende kopuruagatik. Labur esanda, oso pozik gaude emaitzekin.

Aurkezpen-kontzertua jo zenuten Oñatin; aurrerantzean baduzue gehiago jotzeko asmorik?

Argi daukagu kontzertuak jotzen jarraitu nahi dugula, guri benetan gustatzen zaigun musika egiteko aukera ematen digulako eta, agian, euskal musika eszenan ere ez dagoelako screamo estiloko talde askorik. Etortzen diren proposamenak esku zabalik jasoko ditugu.