Laneko ziberjazarpena

Javier Arrieta Idiakez

Zoritxarrez, pertsonok indarkeria-mota asko jasan dezakegu, eta esparru desberdinetan, gainera; lanean berbarako.

Aurrerapen teknologikoek eta IKTak gizartean hedatzeak harremanak izateko aukerak erraztu dituzte. Alabaina, horren ondorioz, arrisku eta indarkeria-mota berriak sortu dira; ziberjazarpena kasu. Horrek berebiziko garrantzia du lan-esparruan gauzatzen denean. Izan ere, laneko ziberjazarpenak bere baitan hartzen ditu lanean gerta daitezkeen jazarpen-mota guztiak, hala nola morala, bereizkeriazkoa, sexuala eta sexuan oinarritutakoa.

Hori dela eta, enpresaburuek neurri bereziak hartu behar dituzte laneko ziberjazarpena prebenitu eta, ahal den neurrian, saihesteko. Bi dira horretarako oinarri juridikoak: langileak lan-arriskuetatik babesteko eginbeharra eta lan-esparruan eskubide digitalak babesteko eginbeharra.

Azken buruan, ziberjazarpena, arrisku psikosoziala ez ezik, eskubide digitalak uki ditzakeen fenomenoa ere bada; besteak beste, intimitaterako eta deskonexiorako eskubideak. Esangura horretan, kontuan hartu behar da enpresaburuak langile guztien duintasuna bermatu behar duela. Bi esparru horietan legeriak dituen gabeziak aintzat hartuta, negoziazio kolektiboa litzateke neurriok zehazteko baliabiderik egokiena.

Horrela, hitzarmen kolektiboaren edo enpresako itunaren bidez arau daiteke laneko ziberjazarpena, beren-beregi jasoz horren definizioa, berau gauzatzea eragin dezaketen jokabideak eta enpresan aplikatu beharreko protokoloa ziberjazarpena prebenitu eta horren aurka egiteko.