Lander Otaola: “18 urteko mutil bat naiz 34 urteko gorputz batean sartuta”

Pantaila handian hodeiak margotzen ezagutu genuen. Gero, etxeko telebista txikian, Vaya Semanita saioan, gaztea zela abiatu zuen ibilbidea, baina egun, oraindik ere, arte eszenikoetan murgilduta dabil. Lander Otaola da gure gonbidatua.

Lander, zergatik aukeratu zenuen aktore izatea?

Ez dakit. Nire gurasoek ez dute honekin zerikusirik. Aita abokatua da eta ama, Gaztelaniako irakaslea. Txikitan futbolean jokatzen nuen, Athleticen ere ibili nintzen, baina gero, bota egin ninduten. Betidanik gustuko izan dut zinema; oso zinemazalea naiz, oso antzerkizalea naiz eta oso frikia naiz. Betidanik izan dut gustuko pailazoarena egitea. Batxilergoa bukatu nuen eta Getxoko Antzerki Eskolan sartu nintzen. Bi urtez egon nintzen eta handik ere bota ninduten. Lehenengo mailan nenbilela nire lehenengo pelikula egin nuen, La máquina de pintar nubes, Patxo Telleriak eta Aitor Mazok zuzenduta. 19 urte nituen eta orain 34 beteko ditut…

Izan duzu inoiz penarik futbol ibilbidea utzi izanaz, futbolarien bizitza-maila ikusita?

Soldata aldetik? Bai, benetan. Gainera, Athletic bihotzean daramat. Oso futbolzalea naiz, baina ez zen nire mundua. Nabaritzen nuen ez zela nire mundua. Futbola oso mundu maskulinoa da, gogorra. Ni ez naiz horrelakoa. Emozioen mundua edo sentimenduen mundua gustatzen zait, eta hori kirolean, eta, batez ere, futbolean, ez dago. Nik kulturaren alde egin nahi nuen. Futbolean beste mundu bat dago, polita eta gogorra, hau bezala, baina mundu horrekin ez dut zerikusirik. Hori bai, bihotzean daramat futbola.

Jokatzen duzu oraindik?

Ez; lesioengatik ez dut jokatzen. Padelean aritzen naiz, edo gimnasioan crossfit-a egiten. Orkatilak txarto ditut.

La máquina de pintar nubes pelikula, Patxo Telleria eta Aitor Mazok zuzendutakoa, lehenengoa izan zen, lehenengo lan profesionala. Ze oroitzapen dituzu? Izan ere, bestelako Bilbo bat ere erakusten zigun pelikula hark.

70eko hamarkadako Bilbo erakusten digu pelikulak, Bilbo industriala, Franco bizirik zegoenekoa. Mundu abertzalea ikusten da, eta maketoen mundua ere bai. Oso pelikula gatazkatsua da, nahiz eta margolari edo artista baten historia kontatu. Euskal Herriaren historia kontatzen da, bueltatuko ez den aro baten historia. Oroitzapen politak ditut. Nire debuta izan zen hura. Loreto Mauleon aktorearen debuta ere izan zen. Ramon Bareak, Aitor Mazok eta Gorka Aginagaldek ere parte hartu zuten. Hemendik oso hurbil grabatu genuen.

Bilbon ere grabatu duzu zure azkenengo lana, La vida padre; guztiz ezberdina da?  

Bai, beste Bilbo bat agertzen da. 80ko hamarkadako Bilbo islatzen da pelikulan, euritsua, itsusia… Baina gaur egungo Bilbo ere islatzen da, dugun Eurodisney hau. Niretzako lehengo Bilbo oso polita zen eta haurtzaroko oso oroitzapen politak ditut, Bilbo itsusia zena, baina niretzat oso polita zen. Orain oso ondo dago, oso-oso polita da, turistentzako primeran, baina garestiagoa da. Gaueko girorik gabe, baina oso polita da Europan saltzeko.

Lehenengo pelikula hartatik azken honetara nola aldatu da Lander Otaola?

Gorputza aldatu da; kar-kar. Neure burua berdin ikusten dut. Besteek beste Lander bat ikusiko dutela imajinatzen dut. Batez ere, nire lagunek edo zuk zeuk nabarituko duzu aldaketa. Baina nik berdin ikusten dut neure burua. Ni 18 urteko mutil bat naiz 34 urteko gorputz batean sartuta.

Komedia askotan aritu zara; gustatzen zaizu genero hori ala gustatuko litzaizuke beste genero batean aritzea?

Komedian aritzea tokatu zait. Nik ez dut hau aukeratu. Aktore moduan sailkatu egiten zaituzte. Niri komedia asko gustatzen zait, baina drama eta tragedia ere bai. Telebistan eta zineman ia  gehienetan komedia egin dut. Adibidez, antzerkian beste pertsona bat naiz eta beste ibilbide bat daukat. Klasiko asko egin dut, Shakespeare egin dut, Anton Txekhov… Bertsotan ere aritu naiz. Ez bat-bateko bertsotan, baina bai Calderonen eta Lope de Vegaren testuekin. Hala ere, oso-oso kuriosoa da jendearentzako, kalean, komikoa naizela. Vaya semanita saiokoa edo 8 apellidos vascos pelikulakoa. Ia egunero esaten didate. 12 urte pasatu dira batetik eta 10 bestetik. Izugarria da kalean komikoa naizela baina ogibideko kideek, Madrilen, antzerkiko aktore moduan ikusten nautela. 

Beraz, zineman lerrokatuta zaude?

Bai; zergatik ez esan. Nire filmografia ikusten baduzu, denak dira pertsonaia komikoak: La máquina de pintar nubes, La vida padre, La pequeña suiza, El cover komedia musikala… Oso-oso harro nago azken lan horrekin.

“Uste dut ETAko kide egitearen errekorra daukadala”

El cover pelikula sarritan aipatzen duzu…

Pelikula hori nire lagun handi Secun de la Rosak zuzendu zuen. Asko maite dut, asko miresten dut, eta oso pelikula berezia da. Ez da ohiko komedia bat. Amazon Primen dago ikusgai. Imitatzaileen pelikula bat da.

Benidormen kokatutako filma da.

Ni oso Benidorm-zalea naiz. Oso harro nago pelikula horrekin.

Ze pelikula gustatuko litzaizuke egitea?

Pertsonaia gaizto bat. Sekula ez dut gaiztoarena egin. Antzerkian apurtxo bat, baina zineman eta telebistan ez dut sekula horrelako pertsonaiarik egin. Gaiztoarena egin nahi dut, eta egin ahal dut.

Telesailetan ere parte hartu duzu; antzeko pertsonaiak egin dituzu?

Bai, beti bihotz oneko pertsonaiak edo komikoak. Patria telesailean ETAko kide bat izan nintzen. ETAko kide oso ulerbera. Nik uste dut etakide egitearen errekorra daukadala. Mikel Losadak eta biok badugu lehiaketa bat. Borroka edo etakidearen papera hamar-hamabi aldiz egin dut. Fugitiva pelikulan Paz Vega aktorearen anaiarena egiten nuen eta bihotz oneko pertsonaia zen. Hori tokatu zait, ez dakit aurpegiagatik edo energiagatik den… Ni, gainera, ez naiz oso pertsona ona, baina horrela tokatu zait egitea.

Ikus-entzunezko lanen gainean berba egin dugu, baina antzerkian asko aritzen zara eta ibilbide luzea duzu, nahiz eta oihartzun handiagoa duten zinemako lanek.

Zoritxarrez, bai. Jendeak ez ditu antzezlanak ezagutzen. Bat edo bi bai. Adibidez, Yo soy Pichichi oso arrakastatsua izan da Bilbon eta Bizkaian, baina egin ditudan beste batzuekin ez da inor enteratu. Zentro Dramatiko Nazionalean antzezlan bat egin dudala lanbideko jendeak jakin badaki, baina jendeak bakarrik ezagutzen zaitu pelikulengatik edo telebistagatik.

Bueno, egia esan, aurreko urtean Shakespeareren bi obra egin zenituen: Arriaga antzokian Erresuma / Kingdom / Reino, bertan egindako ekoizpen handia; eta Madrilen Queen Lear.

Erresuma / Kingdom / Reino  antzezlana Calixto Bieitok zuzendu zuen.Nik Enrike V.aren papera gorpuztu nuen. Zineman Kenneth Branagh aktoreak egin zuen. Oso pertsonaia polita da. Zortea eduki nuen: Falstaf pertsonaia Jose Maria Pou izan zen erdaraz eta Mitxel Santamarinak gorpuztu zuen euskaraz. Madrilen 56 emanaldi egin genituen. Calixto oso zuzendari berezia da. Jende askok gustuko du eta beste askok gorroto du.

Zuk aurkezpenean esan zenuen antzezlanak ez duela inor epel utziko…

Calixto horrelakoa da. Betidanik izan da horrelakoa. Lars von Trier zuzendaria ere horrelakoa da. Jende askok gustuko du edo gorroto dituzte. Baina niri Calixtoren lana asko gustatzen zait. Oso berezia eta oso dibertigarria da harekin lan egitea. Jose Maria Pourekin hori egitea izugarrizko ohorea izan da.

Bigarren klasikoa Queen Lear izan da, Madrilgo Teatro Españolen; ekoizpen ederra. 

Teatro Españoleko denboraldia ireki zuen antzezlana izan zen…

Hiru hilabetez egon zarete, asteartetik igandera bitartean.

Bai, horrela izan da. Hori kirola da eta ez antzerkia… Natalia Menendezek zuzendu zuen. Hura Teatro Españoleko zuzendaria da; Shakespeareren bertsio femenino bat egin dugu. Erregea izan beharrean erregina izan da, Mona Martinezek gorpuztu duena; aktore bikaina. Gainera, ohorea izan da izan ditudan lankideekin lan egitea. Azken finean, antzokia Europako zaharrena da. Bertan autore handien obrak estreinatu dituzte: Calderon de la Barca, Lope de Vega, Valle Inclan…

Esperientzia itzela..

2018an antzoki horretako areto txikian Los otros Gondra antzezlana egin nuen. Oraingoan, areto handian egon gara. Aktore moduan agertoki hori zapaltzea oso hunkigarria izan da.

Aipatu duzu Los otros Gondra; trilogia horretan ere parte hartu duzu…

Trilogia bat antzerkian ez da ohikoa. Hori zineman gertatzen da. Oso esperientzia polita izan da, baina gogorra. Lehena 2017an egin zuten. Gero, bigarrena egin genuen Teatro Españolen, eta orain hirugarrena egin dugu. Gainera, hirurak jarraian ere egin ditugu; beraz, sei orduko antzezlan bat egin genuen, hamazazpi aktorerekin agertokian. Oso produkzio ederra eta indartsua.

Bigarren antzezlana Bilbon ikusteko aukera egon zen.

Bai; Arriaga antzokian. Hori bakarrik; beste ekoizpenak handiak eta oso garestiak dira…

Pena, gaia Euskal Herrikoa delako.

Bai. Familia baten historia kontatzen du. Gondra familiarena, Algortako familia baten historia. Goi mailako familia baten historia da. Euskarara, ingelesera eta poloniera itzulita dago, gainera. Trilogia liburu bezala argitaratu berri dute.

Irakurtzen duzu antzerkirik?

Lehen, gehiago. Orain, biografiak bakarrik irakurtzen ditut; ez dakit zergatik. Lehen, asko irakurtzen nuen, klasiko asko. Lorcaren guztia irakurri dut, Euripides, Sofokles… Baina  azken bolada honetan ez. Ikusten dut antzerkia, baina ez dut irakurtzen, ez dakit zergatik.

Klasikoen testu horiek ikasteko baduzu sekreturik?

Ez. Orduak eta orduak sartzea. Oposizio bat prestatzea bezala da. Niri oso gogorra egiten zait, baina funtsezkoa da. Aktoreak testua jakin behar du. Antzerki klasikoan, are gehiago. Ezin duzu inprobisatu, dena oso tinko esan behar da.

“Oso zinemazalea naiz, oso antzerkizalea naiz, oso frikia naiz”

Klasikoak testuarekin fidelak direnean edo benetan proposamen berri bat ekartzen dutenean gustatzen zaizkizu?

Ondo eginak daudenean. Klasiko izaten jarraitu dezakete nahiz eta modernizatu edo gauzak mantendu. Izan ahal dira izugarriak edo izugarrizko tostoiak. Klasiko batzuk ikusi ditut, eutanasiarako, ikusteko oso gogorrak. Ondo eginda egon behar dute. Ondo esan behar dira; testu klasikoak ondo esan behar dira, ez da erraza. Testu klasiko bat egitea ez da Goenkale egitea. Ahotsa proiektatu behar da, ondo ahoskatu; hitz bakoitzak bere garrantzia du.

Testuak pisu handia dauka.

Adjektibo asko dituzte, aditzondo asko dituzte. Ez da erraza. Shakespearek maite zaitut esateko lau esaldi erabiltzen ditu.

Zuk antzerkia idazten duzu eta Max sarietan izendatuta egon zinen Sekula bai antzezlanagatik.

Galder Perezekin eta Mikel Losadarekin batera idatzitako antzezlana izan zen. 2012an Max sarietara izendatuta egon ginen. Kategoria hori egon den azken urtea; hau da, euskarazko antzerkiarena. Patxo Telleriak eta Jokin Oregik irabazi zuten. Oso esperientzia polita izan zen izendatuta egotea.

Haiekin batera Fausto, herritar eredugarria antzezlana ekoiztu zenuen.

Euskaraz eta erdaraz egin genuen antzezlana izan zen. Lehenengo, Pabilioi 6 aretoan, eta gero, Korrika Kulturalarekin bira bat egin genuen Euskal Herri osoan. Faustoren istorioa Christophe Marloweren bertsioan oinarrituta dago. Marlowerena askoz dibertigarriagoa da, eta hori egin genuen. Galder Perezekin hainbat gauza idatzi ditut; tartean, Vamos a contar mentiras.

Udan Yo soy Pichichi antzezlana taularatu zenuten berriro; Aste Nagusian arrakasta izan duzue!

2018an estreinatu genuen, Pabilioi 6 aretoan. Patxo Telleriak zuzendu zuen antzezlana eta musikariekin zuzenean egin dugu. Pichichi futbolariaren historia da. Miguel de Unamunoren iloba zen; eta goiz hil zen, 30 urterekin, ostrak jaten.

Oso futbolari bitxia izan zen!

Mozkorra izan zen eta oso goiz hil zen, Bilboko Iturribide kalean ostrak jaten. Santa Maria kalean jaio zen eta Iturribide kalean hil. Bi Aste Nagusitan taularatu genuen, 2018an eta 2019an. Gero, pandemia heldu zen eta argi geneukan ezin zela Pichichi egin maskarekin. Pandemia amaituta-edo berreskuratu egin dugu. Aste Nagusia bueltatu zen; beraz, Pichichi-k ere bueltatu behar zuen.

Badu lekua Yo soy Pichichi antzezlanak Bilbotik kanpo?

Nik uste dut istorio unibertsala dela. Baina guk Bilbon bakarrik egin nahi dugu. Eskaini digute kanpoan egitea, baina Pichichi hemen jaio eta hemen hil zen. Ikusi nahi baduzue, etorri Bilbora. Hiria oso polita dago eta oso ondo jaten da. Ikusi Bilbo eta gero Pichichi.

Bestelako komedia batzuk egin dituzu Ylenia Baglietorekin; Amor y humor, adibidez. Ez dago maitasunik umorerik gabe?

Bai, noski. Euskalduna jauregian estreinatu genuen, herrietatik mugitzeko murrizketak zeudenean. Oso gogorra izan zen. 2021ean egin genuen, gure ekoizpena izan zen eta aurrera ateratzea gogorra izan zen. Euskalduna bete egin genuen, baina ez dugu gehiagotan egingo. Pandemian hori egin behar zela erabaki genuen, jendeak barre egin zezan.

Interpretatzen dituzun pertsonaiak maitatu egin behar direla esan izan duzu; ez dira epaitu behar?

Aktore batzuek esaten dute: “Nik hau ez nuke egingo”… Bai, baina zu ez zara hori, pertsonaia da. Beraz, egiten baduzu Hannibal Lecterren papera, ez zara kanibala, baina haren larruan jarri behar duzu, ezta? Ala harekin enpatia izan behar duzu? Horregatik ezin duzu haren izaera epaitu, maite egin behar duzu eta ulertu egin behar duzu.

Horrela lantzen dituzu pertsonaiak?

Ez dakit nola lantzen ditudan pertsonaiak… Niri testua ematen didate eta naturaltasunez egiten dut, intuizioz.

Testu berri bat edo proposamen berri bat jasotzen duzunean, nola begiratzen diozu?

Oso gidoi-irakurle txarra naiz. Izugarrizko arrakasta izango duela pentsatzen dudanean, gero ez du inork ikusten. Eta beste gauza batzuk irakurtzen ditut eta pentsatzen dut txarto daudela eta gero arrakasta eduki dezakete. Beraz, ez naiz gidoi-irakurle ona. Hori ere sentitu behar da. Batzuetan agertzen zaizu pertsonaia oso polit bat eta sentitzen duzu egin behar duzula, nahiz eta diru gutxiago egon tartean. Esaten duzu: “Hau egin behar dut!”. Beste batzuetan asko ordaintzen dizute, baina pertsonaia eskasa dela ikusten duzu…

Ez zara geldi geratzen den horietakoa; izan ere, konfinamenduan liburu bat idatzi zenuen, Mala persona; zer kontatzen duzu nobelan?

Nire bizitza; kar-kar-kar. Nire alter ego bat da. Pertsonaia zentrala ni naiz, baina ez naiz ni. Nire alboko jendearen bizitzak kontatzen ditut. Nire belaunaldiko jendearen bizitza. Millennial belaunaldiarena. Gazte askok hiru karrera ikasi dituzte, hiru master eta 1.000 euro kobratzen dute eta euren gurasoen etxean bizi dira. Eleberrian hori islatzen dut.

Umoretik, betiere.

Umore beltzetik asko dauka.

Nolakoa izan da liburuaren esperientzia?

Ondo pasatzearren egin nuen. Hainbat argitaletxetara bidali nuen eta lauk baiezkoa eman zidaten. Aukeratu nuen bat, ondo joan da, eta bi edizio egin ditugu. Oso nobela xelebrea da. Berezia da, ez da-eta publiko guztientzako, baina oso pozik nago. Ea beste bat egiten dudan.

Azken boladan esaten da ez direla garai onak arte eszenikoentzat.

Ez dira sekula garai onak izan.

Nola ikusten duzu aktore ikuspegitik?

Euskal Herrian ondo ikusten dut. Orain zergen salbuespena egongo denez, hainbat pelikularen errodajeak Bizkaian egingo dira. Eta Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan foruengatik. Baina, batez ere, Euskal Herrian asko grabatuko dugu hurrengo urteotan. Beraz, euskal aktorentzako eta euskal teknikarientzako oso-oso urte politak etorriko dira.

Lana egongo delako.

Horrela, ez dugu Madrilera joan beharko. Niri galdetzen didate ea zergatik egiten dudan lan Madrilen. Gustatuko litzaidake Bilbon egotea hiru hilabetez antzoki batean. Euskal Herrian lan asko egitea gustatuko litzaidake. Baina azken urteetan Madriletik deitzen naute, eta ez Euskal Herritik. Gainera, garestiagoa ateratzen zait Madrilen egotea, hemen hipoteka daukadalako eta Madrilen alokairua ordaindu behar dudalako.

Esku artean edukiko duzu proiekturen bat…

Bi urte gelditu gabe egon naiz eta duela sei egun langabezia hartu nuen. Oso pozik nago, etxean pelikulak ikusten, irakurtzen eta gimnasiora joaten. Hurrengo proiektua pelikula bat da eta hilabete honetan hasiko gara. Pertsonaia txikia baina dibertigarria izango da. Irailean beste antzezlan bat daukat; momentuz, hori.