Lander Ibarretxe: “Sormenerako askatasun handia ematen du moda-argazkilaritzak”

Zinemagintzatik apur bat aldendu, eta modako argazkilari buru-belarri dihardu Lander Ibarretxe (Bilbo, 1992) sortzaileak. Arropa-marka eta modelo ezagunenekin nazioartean lanean dabilen arren, Bilbora itzultzen da ahal duenean. 

Zertan zabiltza gaur egun? Zer duzu esku artean?

Proiektu berri batzuekin nabil, postprodukzio fasean. Batez ere, modarekin lotura duten proiektuak dira; atzerriko markak gehienak. Moda-aldizkari batzuekin ere banabil lanean. Hilabete gogorrak izan dira lan aldetik, eta orain, horiek bukatzeko eta beste batzuk hasteko unea da. Zalandorentzat proiektu bat, Hugo Boss etxearentzat beste proiektu bat… Horrela nabil oraintxe. 

Argazkilaritzan zabiltza buru-belarri; modan, batez ere. Betidanik erakarri izan zaitu modak?

Argazkigintzan nerabezaroan hasi nintzen, eta arropak, janzkerak, estetikak eta tribu urbanoak oso gustuko izan ditut. Skate eta surf munduaren estiloa ere asko gustatu izan zait, eta testuretan eta materialetan arreta jarri izan dut betidanik. Dendetan sartzea eta aldizkariak eta argazkiak ikustea gustatzen zitzaidan. Hala ere, hasieran, ez nuen bide hau aukeratu. Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi nuen, ur azpiko dokumentalak egin nahi nituelako; kar-kar. Gero konturatu nintzen ez zela oso errealista. 

Hala ere, zineman eta bideogintzan egin zenituen lehen urratsak…

Arte kolektibo bezala beti gustatu izan zait. Bartzelonara joan nintzen zinema ikastera, eta film laburrak –Regina eta Maskenfreiheit– eta dokumental bat –Balika– egin nituen. Eta konturatu nintzen pelikulak ikustea eta zinemaren kontzeptua asko gustatzen zitzaidala, baina bizitza estilo hori ez zihoala bat nirearekin. Oso ipurtarina naiz, eta hilabeteak ematea pelikula berean sartuta… Horregatik, dokumentalgintza probatu nahi izan nuen, errealagoa zelakoan. Baina bada ere gezurraren artea. Unea prestatzen ari zarelako etengabe. Oso kalkulatzailea da, ez da horren zuzenekoa. 

Eta beste elkarrizketa batzuetan esan izan duzu pandemiak dena aldatu zuela…

Bai. Bartzelonara itzuli nintzenean, bazirudien munduak beste momentu bat hasiko zuela. Birprogramazio baten antzeko zerbait. Orduan hasi nintzen berriz ere argazkigintzan. Erretratuak egiten hasi nintzen aldizkariendako eta marka txiki batzuendako, eta hor ondo bizitzeko aukera emango zidan toki bat bazegoela ikusi nuen. Proiektu laburrak baino gehiago, sorkuntzari loturikoak ziren, eta sormenerako askatasun handia sentitu nuen. Inprobisaziorako tartea nuela sentitu nuen, eta artxiboarekin asko jolasteko aukera; aurreko urteetako kanpainak, zinemako erreferenteak… Hori oso gustuko dut.

Modako argazkilari izatearen alde on bat eta alde txar bat aipatu beharko bazenu?

Alde ona, zalantzarik gabe, ematen duen askatasuna da. Hilean kanpaina bat edo bi gehienez egiten ditut, eta nire denboraren jabe naiz. Berlinen egon berri naiz kanpaina bat egiten, bi egunez shooting-a egiten, eta beste bost egun eman ditut lagun baten etxean, hiriaz gozatzen. Hori oso garrantzitsua da niretzat. Gauza txarra, bestalde, kontsumismoa jorratzen dugula da. Ekologismoa eta kontsumismoa eskutik doaz gaur egun, eta kontraesan handia da hori. Produktu berriak sortzea ez da ekologista; beraz… Moda munduak sekulako mina egiten dio munduari, eta horretan nire alea jartzen dudala badakit. Argazkiak ateratzen ditut jendeak arropa hori eros dezan… Sortzen dit halako ezinegon antzeko bat horrek…

Argazkilaritzako pasioa nondik datorkizu edo noiz piztu zitzaizun?

Alde batetik, ama beti egon da argazkigintzan oso murgilduta. Orain utzita du, ez dakit zergatik, oso ona zen eta. Uste dut argazkigintza digitalarekin galdu zuela pasio hori. Niri betidanik gustatu izan zait artxiboa. Lagunen etxera joan eta kutxetan edo albumetan dauden argazkiak ikustea. Nolakoak ziren lehen aurpegiak. Nola janzten ziren. Pertsonen identitatea edo emozioak nola azaleratzen diren argazkien bidez, pertsona hori ezagutzen ez duzunean. Modan, adibidez, kontzeptu bat egon daiteke argazki baten bidez transmititu behar duzuna. Konposaketa, argiztapena, kolorea… Horrek erakartzen nau.

Aipatu duzu Balika dokumentala; Malagako jaialdian saritua izan zen eta gaur egun Filmin plataforman ikus daiteke. Esperientzia oso potentea izan zen?

Bai. Duela lau urte egin genuen filmaketa, eta ia egunero oroitzen naiz. Aitor Sanchezek eta biok bidaiatzeko eta dokumental bat egiteko gogoa genuen, eta proiektu hori suertatu zitzaigun Arquitectos Sin Fronteras erakundetik. Bi hilabete pasata, Nepalen geunden jada; kar-kar. Proiektu oso-oso emozionala da. Umeekin lan egin genuen, eta hori oso sentsiblea da. Azkenean, arazo baten aurrean kamera batekin jartzen zarenean, hori kontatzeko ardura handia duzu. Laguntzeko, ahal duzuna egiten duzu. Gainera, dokumentala egin genuenean, Nepalgo txirotasuna ez zegoen komunikabideen agendetan. Eta hori berriro azaleratzea oso garrantzitsua izan zen. 

Objektiboaren atzean eroso egoten zara; aurrean?

Bueno… Zerbait serioa bada, agian, ez, baina tontakeriak egiteko… kar-kar. Ordu erdi, gehienez. Ez; ez zait askorik gustatzen. 

Argazkilari moduan ba al duzu aitortu daitekeen maniarik?

Maniarik? Seguru baietz! Asko kontzentratzen naiz lanean nagoenean, eta ez zait gustatzen beste gai baten inguruan hitz egitea. Denok sartuta egotea nahi izaten dut. Momentu horietan beste gauza batzuen inguruan galdetzeak, adibidez, molestatu egiten nau, egiten nabilen horretatik atera egiten nauelako horrek. Lagunei ere esaten diet; kar-kar!