Lander Eizagirre: “Zesta punta modernizatu dugu eta horrek bultzada eman dio kirolari”
Tradizioa, ikuskizuna, abiadura eta arriskua ditu zesta puntak, eta Estatu Batuetara, Mexikora edota Txinara heldu dira euskal pilotariak. Atzerriko frontoien aroa itxita, baina, Euskal Herrian inoiz baino indartsuago dago kirola. Jai Alai Winter Series txapelketak iraultza eragin du. Negu betean eta astelehenetan, Gernikako frontoia jendez betetzea lortu du eta benetako izaera eman dio Jai Alai izenez ezagutzen den kirolari. Lander Eizagirre da txapelketa arrakastatsu honen Komunikazio arduraduna, eta galderak tanto bihurtuta, partida emankorra jokatu dugu berarekin.
Lander Eizagirre, Jai Alai Winter Serieseko Komunikazio arduraduna zara. Ongi etorri TTAPera!
Eskerrik asko, Amaia.
Winter Series bete-betean gaude. Zer sentitzen da frontoiak jendez beteta ikustean?
Nik uste dut sentitzen dela lehen udan bakarrik sentitzen genuen gauza bat. Zesta punta azken hamarkadetan Euskal Herrian udako gauza bat zen, eta neguan hori sentitzera ohitzen ari gara. Hau da, neguan frontoia beteta egotea, jende berriz beteta egotea, ze publikoa azken 2-3 urteetan egin den publiko berri bat da, kirola ezagutu duena, ezagutzen ari dena, gustatzen zaiona eta frontoiak betetzen dituena. Nik ezagutu dudanez horren aurkako eszenatokia ere, hori bizitzea bakarrik kristoren poza da.
Kontatu, ez dakienarentzat. Zer da Jai Alai Winter Series?
Jai Alai Winter Series da Gernikako frontoian, hau da, eszenatoki oso berezi batean, antzoki baten forma duen frontoi batean, atmosfera oso berezi batean, zesta puntako txapelketarik onena ikustea. Astero-astero, astelehenetan jendea frontoira joaten da, eta bete egiten da frontoia. Pilotari onenekin: Iparraldeko pilotariak, Hegoaldekoak; hor nik uste zesta puntak asko lortu duela Euskal Herriko Ipar eta Hego batuta, eta hori igartzen da harmailetan ere. Txapelketa berria da oraindik –hirugarren edizioa da hau–, baina iraultza bat egin duena kirol honetan.
Espero zenuten halako arrakasta izatea?
Lehenengo urtean, ez. Astelehen batean frontoira joatea, orain ohitu garen arren, jende askok ez zuen sinisten horretan. Jende askok ez zuen sinisten zesta puntan neguan. Zesta punta neguan posible da, beraz, urte osoan posible da; eta zesta punta neguan eta astelehenetan jendez betetzen da, arrakastatsua da. Zalantza asko egon ziren lehenengo edizioan, baina hori aste baten edo biren buruan gainditu zen, eta jada ez dago zalantzarik. Badakigu udatik jendea egongo dela neguan, ze jendea hasten zaigu ekainean eta uztailean bonuengatik galdezka eta kalean galdetzen. Beraz, badakigu neguan bete egingo dela frontoia.
Zaila izaten da, gainera, sarrerak lortzea.
Bai, hor egoten da paniko momentu bat ere. Eta guk beti aholkatzen dugu bonua egitea. Bonua egiten baduzu edo bazkide egiten bazara, partida guztietan duzu zure eserlekua erreserbatuta. Ze gero zer gertatzen da? Egun seinalatuetan, finalera nahi duzunean joan, oso zaila da sarrerak lortzea. Gero hasten dira Whatsappez eta eskatzen, baina ezin da.
Nola dator aurtengo Winter Seriesa?
Berrikuntza estetikoak ditugu, eta jada ikusgai daude. Niri asko gustatu zait aldaketa hori: bikote bakoitzak bere koloreko kamiseta izatea. Berrikuntza da Euskal Herrian, ze zesta puntan hori ez da berria; beti jokatu izan du bikote bakoitzak kolore batekin: gorria, horia, morea, berdea edo zuria Estatu Batuetan. Baina zesta puntak identitate hori, munduan ibili izanaren identitatea, badauka estetikan, badauka pilotarien hiztegian, badauka frontoian dagoen giroan, eta niretzat, kirol arlotik aparte, berrikuntza estetiko hori polita eta ona izan da. Modernizatzailea, Euskal Herri mailan.
Modernizatu egin duzue kirola?
Bai, modernizatu egin dugu, edo esango nuke zesta puntak berez dituen kualitate, ezaugarri edo identitateak batu ditugula. Batzuetan, Estatu Batuetan ikusten zena, Euskal Herrian ez zegoen ohitura hori, edo tradizionalagoa mantendu izan da duela 10 urtera arte. Guk egin duguna da batu zesta puntak Miamin duen identitatea, Gernikan duena, edo Donibane Lohizunen duena edo Mexikon izan duena. Apur bat, identitate horiek batu –guztiak dira zesta punta–, eta aldaketak egin dira; duela urte batzuk formatu aldetik, joko formatuan, egin dira estetikan, eta batu. Baina modernizatu ere bai, noski. Gernikan bertan, teknikoki aldaketa asko egin dira, eta bultzada handia eman diote zesta puntari.
Musika ere egoten da frontoian, ezta?
Bai. Ikusten hasi naiz, eta hori pozgarria da, beste leku batzuetan ere hasi direla formatu hori eramaten edo eraman nahian. Nik uste dut gustu handiz jartzen dela musika zesta puntan eta Gernikan. Uste dut Gernikan musika asko zaintzen dela, argiak asko zaintzen dira, soinua asko zaintzen da, giroa asko zaintzen da, atmosfera bat lortu nahi duzulako eta jende bat erakarri nahi duzulako. Nola erakartzen duzu zuk nahi duzun jendea? Bada, atmosfera hori lortuta. Horretarako, gauzak asko zaindu behar dira, asko landu behar dira, eta hori guztia da opari bati jartzen zaion enbalajea bezala. Baina garrantzitsuena da kantxakoa. Pilotarien ikuskizuna, zesta, pilota, pilotariak eta frontoia. Besteak lagundu egiten du, baina oinarria betikoa da, eta da zesta punta.
Esan dugu Winter Serieseko Komunikazio arduraduna zarela. Zer da zehazki zuk egiten duzuna?
Nik egiten dudana da Euskal Telebistarekin batera lan egin, kasu honetan. Bi zatitan gaude: Euskal Telebistak programa egiten du, ze Winter Seriesa telebista programa bat da. Eta nik, antolakuntza aldetik, hori komunikatu behar dut prentsara: ze partida dauden iragarri, partidan zer gertatu den kontatu… Ze, zesta punta ulertzeko, ikasi egin behar da, eta horretan ari da ETB ere. Jendea ikasten ari da telebista saioan bertan, ulertzen, eta nik hori egin behar dut kontatu, gero komunikabideek horren berri eman dezaten. Eta, era berean, sare sozialetan, telebistan ikusten ez ditugun gauzak erakutsi eta gerturatu, azken batean, bai komunikabideetara, bai jarraitzaileengana. Ze ez gara munduko kirolik jarraituena, baina ni pozik nago zesta puntak sare sozialetan duen jarraipen gaztearekin; gazteak duela urte batzuetatik zesta puntak erakarri egiten ditu, nahiz frontoira joan, nahiz ez, baina sare sozialetan bai. Eta horretan ari gara.
“Jende askok ez zuen sinisten zesta puntan neguan, baina ikusi dugu posible dela“
Zesta punta unerik txarrenean zegoenean markatu zenuten tantoa?
Bai. Momentu zailenean. Zesta punta, nahiz eta txarto egon Estatu Batuetan, oraindik egoera okerrean baina bizirik egon denez, ezin izan zaio horri hemen buelta bat eman. Orduan, Estatu Batuetako hura erori arte, ezin izan da gauza berri hau sortu. Ze pilotariak han zeuden; hemen udako etapa genuen bakarrik… Orduan, gaztelu hori, Estatu Batuetakoa, erori denean sortu da aukera. Momentu zaila, ausardia uste dut izan duela hau aurrera eraman duen jendeak, bai Euskal Telebistak, eta bai Eraman enpresak; eta gero, funtzionatu egin du. Egin egin behar zen; funtzionatu ez balu, hor geldituko zen; baina funtzionatu egin du. Zergatik? Nik beti izan dut fedea kirol honetan. Kirol honek erakarri izan badu jendea Shanghain eta New Yorken, eta Mexikon eta Buenos Airesen, eta Milanen eta Alexandrian, zerbait badu kirolak, bestela ez zen iraganean hori gertatuko. Beraz, guk sinisten dugu produktuan, kirolean, eta kirol horrek Euskal Herrian ere baduela etorkizuna.
Eta zuretzat zer du zesta puntak?
Duela gutxi egin du Oskar Alegria zinegileak laburmetrai bat, Zumeta 23, Zumetaren inguruan. Eta Usurbilgo Zumetaren artelan famatu baten interpretazio bat egin du Zubietako pilotalekuan, eta aukeratu ditu zesta puntako jokalariak zestarekin pinturazko pilotak hartu eta horma bat margotzeko, koadro erraldoi bat egiteko. Eta galdetu diote Alegriari zergatik zesta punta. Eta esan du: “Harmonia bat dauka kirol horrek, pilotariaren mugimenduak, pilotarenak, jauziak; harmonia bat dauka.” Estatu Batuetan garai batean saltzen zuten eslogana zen: “ballet with bullets”, balleta bala artean. Arriskua ere badu, jendea hil ere egin da zesta puntan jokatzen; kaskoa horregatik dago orain. Beraz, du arriskua, abiadura (munduko kirolik azkarrenetakoa da), du elastizitatea… Norbait etortzen bazaizu Gernikara, eraman frontoira. Zumitzez egindako erraminta batekin pilota bat hartu eta 300 kilometro orduko abiaduran jaurti eta hor dantzan aritzea, balleta egiten aritzea, berez da erakargarria, eta nik beti izan dut hori argi.
Munduko hainbat txokotan izan du arrakasta kirol honek. Errepasa dezagun gure kirolik nazioartekoenaren historia. Noiz hasi ziren pilotariak atzerrira joaten?
Egingo dizut galdera alderantziz: noiz iritsi zen zesta punta Euskal Herrira? Zesta punta atzerrian sortutako kirol bat da; zesta punta ez zen Euskal Herrian sortu; Argentinan sortu zen, Buenos Airesen. Orduan jokatzen zen Buenos Airesen eta munduko beste leku batzuetan xisterekin, baina ez ziren orain bezalako xisterak, ziren laburragoak. Eta egiten zuten pilota zetorren moduan azkar jaurti, joko garbi antzera; dator eta nik bota egingo dut. Eta pilotari bat egon zen XIX. mende bukaeran, Meltxor Kurutzeaga, Errenteriakoa. Min hartu zuen eskuturrean, eta esan zuen: “Nik jokatzen jarraitu nahi dut”, baina ez zuen indarrik, galdu zuen eskuturreko trebezia, eta berak asmatu zuen Buenos Airesen zesta punta. Hau da, orduko xistera egin zuen luzatu, eta, ez zuenez eskuturrean indarrik, egin zion poltsa bat, orain zestak duen atzeko poltsa txiki hori, pilota gelditu eta botatzeko. Catch and throw, Estatu Batuetan esaten dute; egin behar da pilota hartu eta bota. Lehen zen datorren moduan bota, eta orain da catch and throw, hartu eta bota. Zer gertatu zen? Zesta berri horrekin hobeak ziren, azkarrago botatzen zuten, indar gehiagorekin, pilotara joateko errazagoa zen… Eta, azkenean, zesta punta egokitzapen bat da, eboluzioa. Buenos Airestik Euskal Herrira ere iritsi zen, eta mundura zabaldu. Euskaldunak munduan zabalduta beti egon diren moduan, eraman dute zesta punta Asia ingurura; Shanghain eta Tianjinen (Txinan) izan dira frontoiak, eta Filipinetan, noski. Eta gero, ba, gertatu dira iraultzak, gerrak, eta beti joan da mugitzen. Kubara, Floridara, eta hor joan da beti zesta punta mugitzen. Garai batean, abenturazale batzuk ziren; jakin ere ez zekiten nora zihoazen, tren batean edo ontzi batean sartzen zirenean Macaora joateko. Iritsiko ziren, jokatuko zuten, eta horrela ibili da beti zesta punta.
Eta zer aurkitzen zuten pilotariek atzerrian? Ze asko izan ziren joan zirenak, familiekin…
Batez ere migratzaile batek beti bilatzen duena: dirua irabaztea, edo etorkizun bat norberarentzat. Imajinatzen dut hemen baserria edo arrantza zegoela, eta egoera ekonomiko gogorrak, eta atzerrian hobeak aurkitzen zituztela.
Diru asko irabazten zuten?
Denetarik. Nik osaba bat izan dut pilotari, eta atzerrira joan aurretik, Espainiar Estatuan, Las Palmasen, edo Kanarietan, edo Mallorcan, jende askok jokatu du, eta uste bat dago jendeak diru asko irabazi duela. Baina jende askok pilotan jokatu izan du, eta beste lan bat egin behar izan du pentsioa ordaintzeko. Gero Estatu Batuetara iristea, hori bai izan da; dolarraren aldaketa, diru askoko urteak izan ziren, bai Mexikon ere bai, eta beste leku batzuetan. Baina ez nuke orokortuko diru asko irabazi dutela pilotariek. Denetariko sasoiak egon dira: batzuek diru asko irabazi dute; beste batzuek, normal; eta beste batzuek, ahal zutena.
Estatu Batuak zen askoren helmuga, eta sasoi batean, NBAko jokalariak baino ezagunagoak ziren zesta punta jokalariak.
Bai, Miami Heat oso ezaguna da, baina kirol berri xamarra da saskibaloia Miamin. Zesta puntak 100 urte baino gehiago daramatza Miamin, eta Miami Heat 90eko hamarkadan edo horrela hasi zen. Beraz, leku batzuetan, kirol lokala zesta punta izan da; batez ere, Miamin. Eta 90eko hamarkadan hasi ziren gauzak asko aldatzen. Zesta punta ere gainbeheran, NBA Michael Jordanekin eta Nike markarekin unibertsalizatu zen. Habanako garaietan-eta modako kirola zen, orain Euskal Herrian den moduan.
Estatu Batuetan une batean puri-purian egon zen kirola. Agian jendeak ez du jakingo, baina Manhattanen, New Yorken bihotzean, frontoi bat zegoen.
Bai, Manhattanen, Bryant Park-en, Hippodrome izeneko antzoki handi bat zegoen, eta frontoi bat eraiki zuten. Badaude New York Times-en eta artikuluak, inauguraziokoak: 4.000 pertsona inaugurazioan, euskal pilotariak zesta puntan jokatzen. Apustuen lizentzia nahi zuten, eta ez zuten lortu. Eta lizentzia iritsi balitzaie, beharbada beste eboluzio bat izango zuen. Baina ez zen lizentzia iritsi, eta kendu egin zuten.
New Yorken ez, baina beste toki askotan egon dira frontoiak.
Bai, beti apustuari lotuta. Orduan, horrek zer egiten dizu? Apustua ondo badoa, edo ez badoa, edo legezkoa bada edo ez, beti pilotariak eta frontoiak dantzan egon dira: hemen legeztatuko gaituzte, hemen ez, itxi egin dute pilotalekua… Orain, zesta puntak hori atzean utzi du. Eta garrantzitsuena da ikuskizuna, partiduak, kirola, eta horrek ate berriak ireki dizkio zesta puntari.
“Estatu Batuetako hura erori arte, ezin izan dugu gauza berri hau sortua“
Estatu Batuetara itzulita, inflexio puntu bat egon zen; greba bat egon zen pilotarien artean. Kontatu, nola izan zen hori.
Grebak, bat baino gehiago izan dira Estatu Batuetan. 68an bat famatua egon zen, eta 88koa da famatuena. Pilotari batzuek baldintza onak zituzten, baina beste batzuek ez. Pilotariak euskaldunak ziren ia gehienak, ikasketa gabekoak; Estatu Batuetara joaten ziren, eta hango enpresek aprobetxatzen zuten askotan egoera hori. Pilotariak hasi ziren eskatzen antolatu nahi zutela sindikatuetan, eta hor enpresak gogor jarri ziren, pilotariak ere bai, eta pilotariek oso momentu gogorrak bizi izan zituzten. Estatu Batuetako kirolaren historiako greba luzeena egin zuten, ia 3 urtekoa. Batzuk arrantzara joan ziren, beste batzuk etxeak margotzen, besteak Euskal Herrira itzuli… Oso egoera zailak. Eta hori eta gero, ez zen ezer lehengoa izan.
Azken urteetan, lege bitxi bategatik zegoen bizirik zesta punta Estatu Batuetan. Kasino bat izateko, beharrezkoa zen txakur lasterketak, zaldi lasterketak edo frontoi bat izatea. Eta, horregatik, kasino askok, lizentzia izateko, zesta punta izaten zuten. Eta bitxia zen makina txanponjaleen atzean aurkitzen zenuela frontoia.
Bai, apustura bideratutako ikuskizuna izan delako. Zesta punta baino azkarragoa da jokatzeko makina txanponjale bat, edo erruleta bat. Partidu batek bere iraupena dauka. Apustuaren munduan ezin duzu lehiatu makinen kontra. Zesta puntak itxi egin behar zuen etapa hori, apustuena. Ez da oso duina izan azkenaldi hau, makinekin edo kasinoekin elkarlan hori. Gogorra egiten da, kirola bizirik egoteko kasino bati lotuta egotea. Baina bueno. Bukatu da, zestaren onerako, eta askatu da pisu horretatik. Harri hori askatu du, eta orain zestak egin dezake nahi duena.
Floridan, Daniako frontoia zen bizirik zegoen azkena, eta niri egokitu zitzaidan frontoi horren itxieran egotea. Pilotariak negarrez ikusi genituen, publikoko hainbat zale ere bai… Baina zuk, Euskal Herritik, zer sentitu zenuen itxiera egun horretan.
Ezustekoa izan zen, baina ezin esan inork aurreikusi ez zezakeenik. Daniako frontoia 53an ireki zen, eta 90. urtetik aurrera ez da ondo joan. 30 bat urte arrakastatsu eta 30 bat urte beherantza, dekadentziara. Nik pena hartu nuen bertan lanpostu bat zuten eta galdu zuten lagunengatik. Kirolarengatik, ikusten nuen beharrezkoa zela hori gertatzea. Zabalik balego, hobe, baina ixteak aukera berriak ekarriko zituela ikusten nuen, eta hala izan da. Onerako izan da, Euskal Herri mailan eta kirolaren mailan. Daniak orain zabaltzen du; pilotari gazteak joaten dira beste baldintza batzuetan, hilabete bat edo bi egitera, eta bizirik dago bigarren mailako pilotariekin. Eta zesta puntak mantentzen du nazioarteko izpiritu hori oraindik. Badago afizioa.
Baina indargunea, orain, Euskal Herrian dago.
Indargunea Euskal Herria da, Winter Seriesa, Jai Alai liga ere bai, Hegoaldea eta Iparraldea batuta martxan dagoena. Eta etorkizunean ikusiko da ze bide hartzen duten atzerriko frontoiek.
Zer esaten dizuete pilotari zaharrek, atzerrira joan ziren horiek, orain ikusita nolako giroa sortzen duen Winter Series honek, nola dagoen Gernikako frontoia jendez beteta astelehenero… Zer esaten dizuete?
Jende asko emozionatu egiten da, ze hainbeste sufritu du jendeak frontoia gaizki ikusten… Jai Alai ez da frontoi triste bat eta jendea purua erretzen lehen zen moduan. Jai Alai da gazteak, jendea dibertitzen, ondo pasatzen, musika; giro hori sortu behar da. Askotan frontoia egon daiteke beteta baina ez da Jai Alai. Batzuetan, igarri egiten duzu. Hemen festa dago, dibertsioa dago, jendea ondo pasatzen ari da, eta hori dago orain frontoietan.
Eta nola ikusten duzu zesta puntaren etorkizuna?
Zesta punta bere bidea egiten ari da, eta oraindik gorantz egiteko marjina dauka. Pauso garrantzitsuak eman dira Iparraldea eta Hegoaldea batuta liga bateratu horretan, eta bide horrek erakutsiko du noraino heldu daitekeen. Zesta punta gauza lokala izatetik Euskal Herrira zabaldu behar da. Ari da Gipuzkoatik eta Nafarroatik jendea astelehenetan Gernikara joaten. Beraz, lehenengo hemen sendotu behar da, afizio sendo bat eraiki, ez dadila zerbait unekoa edo efimeroa izan. Sendotu, handitu eta bideak erakutsiko du noraino heldu daitekeen.
Momentuz, gorakada horretan dago. Beraz, jarraitu lanean, jarraitu bide hori jorratzen. Eskerrik asko, Lander, eta frontoian ikusiko dugu elkar!
Eskerrik asko. Gonbidatuta zaudete denok!