Lander Arretxea: “Etorkizunean fikzioaren erronkari heldu nahiko genioke”

Lander Arretxea Bereziartua ETB1ean ematen ari diren Linbo programaren zuzendaria da. Harekin hitz egin dugu late xou horri buruz, Hiru Damatxo proiektuaz eta euskarazko ikus-entzunezko panoramaz, besteak beste.

Lander Arretxea Bereziartua, ongi etorri TTAPera.

Eskerrik asko.

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Garai batean esaten nuen gazte eta erremerrea nintzela. Orain, hain gaztea ere ez naiz. Euskarazko komunikazioaren eremuak erakartzen duen pertsona bat naizela esango nuke; batez ere, taldean sortzea gustatzen zaiona. Eta naizen hori ere egiten dudan horrekin ari naiz eraikitzen, askotan gelditzeko eta pentsatzeko denborarik gabe. Gustatzen zait batean eta bestean aritzea, eta etiketa finkorik gabe ere pozik nago.

Harreman Publikoak eta Publizitatea ikasi zenituen.

Pixka bat, istripuz egin nituen ikasketa horiek. Kazetaritza ikasi nahi nuen; hori zen, behintzat, buruan neukana. Baina institututik EAEko ekonomia olinpiadetara eraman gintuzten, eta, hirugarren postua atera nuenean, gurasoak emozionatu egin ziren eta Ekonomia ikastea nahi zuten. Negoziaketa batzuen ondoren, Publizitatea eta Harreman Publikoak aukeratu nituen. Ez da oso fama ona duen gradu bat, baina, distantzia batekin ikusita, ez zait hautu txarra iruditzen. Euskal Herrian badugu fama geure burua saltzen ez garelako oso onak, eta, gainera, kazetari-lanak egiteko aukera izan dut. Txosten luzeetan dauden ideiak bideo labur batean azaltzea, edo, hitzaldi batean edo lelo batean laburtzeko ariketa hori egitea oso interesgarria da, eta, horretaz gain, Hiru Damatxoren hasieran begirada hori baliagarria izan zaigu.

Argia-n hasi zinen kazetari-lanak egiten, eta beste hainbat komunikabidetan ere aritu zara lanean.

Niri bezala beste askori pasako zitzaien; hau da, 15, 16, 17 urterekin literatura eta idazketaren mundua interesatzen zaigula eta, itxuraz, nolabaiteko gaitasun xume batzuk ditugulakoan, mundu horretan jartzen dugula fokua. Egia da Argia niretzat  orduan, bereziki –eta orain ere bai– bazela eredu bat; ez bakarrik kazetaritza-lanari begira, baita hainbat gaitara sarbidea edukitzeko modua ere. Bartzelonara joan nintzen, Seneca moduko urte bat egitera, eta bertatik Argia-koei idatzi nien esateko ea Bartzelonan berriemaileren bat behar zuten. Beraientzat landu nuen lehen gauza izan zen lehenengo diada independentista. Hantxe ibili nintzen, ordenagailu eramangarri handi batekin, parke batean, wifiarekin, halako kronika narras bat idazten. Horrekin hasi zena praktikaldi bihurtu zen, eta, geroztik, nahiz eta kazetaritza-lana bigarren planoan izan dudan, gustura itzultzen naiz zeregin horretara; bereziki, elkarrizketak egitera. Gaur, beste aldean nago, baina, normalean, zure aldea gustatzen zait. Uste dut zortea dela han-hemengo jende interesgarriarekin elkartu, galdetu eta berriketaldi luzeak izatea. Nahiz eta gaur egun ez den nire lanaren parte zentrala, atea ez diot itxi nahi.

Nola iritsi zinen Hiru Damatxoko damatxo bat izatera?

20-21 urterekin hasi nintzen hedabide batzuetan kolaboratzen eta euskal komunikazioaren eremuan muturra sartu nahian. Hasieran, denari baietz esaten nion, oso ondo jakin gabe zertan genbiltzan. Esperientzia batzuk pilatu nituen, jende bat ezagutu nuen. Garai hartan, Zuzeu-n eta Garoa liburu-dendan lanean nenbilela, Olatukoop izeneko mugimendua bazebilen han eta hemen kooperatiba txikiak sortzen, lanari eta bizibideari begiratzeko modu berri bat planteatuz eta bizigarriak izan nahi duten bizitzak artikulatu nahi zituena. Bestetik, Kepa Matxain eta Unai Gaztelumendirekin batera gauzak elkarrekin egiteko gogoa genuen, proiektuak sortzeko gogoa genuen, baina, batez ere, batera egiteko gogoa genuen. Eta, askotan, hori behar da; hau da, forma hartu nahi duen ideia bat eta taldean egiteko gogo hori. Salda horrekin asko pentsatu gabe –edo pentsatuta–, ur horietara salto egin genuen eta hor jarraitzen dugu igerian.

“Ikasketa oso handia izaten ari da ‘Linbo’ saioa Hiru Damatxorentzat”

Soto batean jarri zenuten Hiru Damatxoren egoitza.

Hiru Damatxoren egoitza zulo handi bat da. Nire aitonaren aroztegia izandakoa zen aspaldi, trastez eta hautsez betetakoa. Lehenengo hiruzpalau hilabeteetan txukuntzen aritu ginen, langabezia kobratzen genuen bitartean. Ematen du gauzak oso pentsatuta egiten direla, baina pauso batek dakar hurrengoa, eta zabaltzen zaizkizun ateek egiten dute bidea. Denbora honetan hausnarketak ere egin ditugu, baina gauza asko izan dira pausoz pauso eraikitzen joan direnak; askotan, inkontzienteki ere bai.

Gogoratzen duzu zein izan zen zuen lehen proiektua?

Guk komunikazio zerbitzuak eman nahi zituen enpresa bat izan nahi genuen, gure bizibidea eta alokairua ordaintzeko dirua ateratzeko, baina, aldi berean, nahi genuen eragile papera bete, hedabide bat izan. Hau da, gure eduki propioa ere sortu nahi genuen, eta hori orduan ez zen hain ohikoa. Hasiera batean, Gure bazka izeneko elkarrizketa-sorta bat egin genuen. Eta hura proiektu polita izan zen, jende asko ezagutu genuelako eta balio izan zuelako gure marko ideologikoa eta asmoak zeintzuk ziren irudikatzeko. Bitxia da herri honetan, askotan, gazte bat zerbait egiten hasten denean zenbat foku jartzen zaizkion gainean. Berehala tokatu zitzaigun Korrikako dokumentala eta bideoklipa egitea. Ausartu ginen, eta, nolabait egin genuen. Grinak eta ideia batek bultzatuta hasi ginen lanean, baina ez genekien enpresa bat nola kudeatzen zen, eta ikus-entzunezko esparruan ere esperientzia gutxi genuen. Erronka batzuk, akaso, pixka bat handi geratu zaizkigu, baina handi geratu zaizkigunean ere ikasi dugu eta saiatu gara gehiago dakien jendearengana hurbiltzen eta galdetzen.

Euskara zuen proiektuaren ardatzetako bat da.

Nahikoa modu naturalean, esango nuke. Gu, nagusiki –baina ez soilik–, euskal komunitateko edukien kontsumitzaileak izan gara; adin batera arte, behintzat. Hori da gure eremua eta hor nahi izan dugu eragin. Proiektu jakin batzuetan gaztelaniazko aldaeraren bat egon da, azpitituluak eta abar, baina hor kokatu dugu geure burua eta, aldi berean, hori izan da gure ibilbidea baimendu edo erraztu duen faktore bat. Ekoiztetxe eta komunikazio-agentzia asko daude ez dutenak guk bezainbesteko lotura gertukorik euskal komunitate horrekin –hedabideak, kulturgileak–, eta guretzat, berriz, eremu naturala izan da eta jende bat gerturatu zaigu, ez, beharbada, onenak edo entzutetsuenak ginelako, baina bai antzeko hizkuntza hitz egiten dugulako. Ez bakarrik euskaragatik, baizik eta begirada bat ere konpartitu genezakeela uste izan dutelako.

Hamar urte beteko dituzue; nola aldatu da proiektua denbora horretan zehar?

Hasteko, aldaketak izan dira lantaldean. Hasi ginenean, Unai Gaztelumendi, Kepa Matxain eta hirurok ginen, eta, gaur-gaurkoz, haiek bazkide izaten jarraitzen badute ere, jada ez daude egunerokoan, beste bide batzuk hartu dituztelako. Hala ere, beti nahikoa gertu daude eta elkarri laguntzen diogu. Gerora, beste hiru bazkide sartu ziren: Peru Isasi, Elba Berganza eta Asier Kortabarria. Eta horrek birfundazio batera eraman gaitu. Batzen gaituzten elementu, ideia eta helburuak zeintzuk diren aurkitzera eraman gaitu. Ez dira hasierako haietatik goitik behera aldatu, baina jende berriarekin ideia berriak etorri dira, eta, adibidez, azkeneko urteetan euskarazko umorea edo stand up-a bai izan da helduleku bat non interes komuna ikusi dugun, eta hortik sortu dira proiektu asko. Bestalde, duela hamar urte lanean hasi ginen enpresa baten kudeaketaz arrastorik jakin gabe. Oraindik asko daukagu ikasteko, eta, pixkanaka, bagabiltza alde burokratiko horretan guztian eta logistikoan ikasten. Beti zaila izaten da, zeren sormen-proiektuetan zabiltzanean gutxitan dago denbora etxe barruko zereginei begira jartzeko. Pentsatu nahi nuke duela hamar urte baino aurrerago bagaudela.

“Azken urteetan euskarazko umorea gure helduleku bat izan da”

BKooperatiba izateak bizitzak bizigarriago egiteko aukera eman dizue?

Bai. Nik uste dut, alde batetik, kooperatiba izan zela hori lortzeko aterabide bat, eta aldarrikatu egiten dut hori. Kulturgintzaren, sorkuntzaren eta komunikazioaren eremuan banaka arituz gero, autonomo, adibidez, bide oso bakartia izan daiteke. Beti etengabe zure aurpegia ematen, beti modan egon behar horretan edo beti jendearen deiaren zain… Guk, kooperatibaren bidez, deslotu egin nahi izan genuen gure bizibide ekonomikoa gure pertsona propiotik. Hau da, badaude proiektu batzuk Hiru Damatxorenak direnak, eta horrek ematen digu lana. Hori, alde batetik, bada prekarietatetik ihes egiteko formula bat, baina, bestetik, euskarazko komunikazioaren eremua bereziki oparoa da, eta, gure kasuan, mila proiektu ditugu, eta, askotan, denbora gutxi daukagu. Saiatzen gara gure bizi-dinamikak errespetatzen, baina denbora gutxi daukagu, beste zeregin asko tartekatzen zaizkigulako. Aitorpen pertsonal bezala, esango dizut hasi ginenean orain baino gutxiago irabazten genuela, baina 23 urte nituen eta nire lagun asko ez zeuden oraindik lanean. Hala ere, hamar urte pasata, egia da da gurea badela eremu bat non oso zaila den aurrezkia pilatzea, edo etxe bat erosteko ideia izatea. Ilusioa behar da, eta behar da babes bat beste toki batzuetatik etorriko dena. Edo, bestela, eremu labainkor horretan eusteko gaitasuna.

Ekintzaile izatea, askotan, erromantizatu egiten da, baina jan ere egin behar da egunero.

Nik alde horretatik, ez daukat kexatzeko arrazoirik. Egia da beti izan ditugula proiektuak, eta, alde horretatik, oso eskertuta nago. Uste dut batzuetan merezi genituenak baino proiektu gehiago izango genituela, segur aski. Aldi berean, denboran aurrera egin ahala, norberaren lehentasunak ere alda daitezke, eta, horregatik ere, noizbehinka behar dugu ilusioa berritzeko birfundazio bat egin, argi eta garbi gure motibazioa ez delako ekonomikoa. Beste eremu batzuetan beste gauza batzuk lortu ditzakezu, eta guk disfrutatu egiten dugu egiten dugun horrekin, baina, horretarako, ondo aukeratu behar ditugu proiektuak. Poz hori gabe ez da bideragarria etengabe aritzea saltoka proiektu batetik bestera, gu gabiltzan moduan.

Linbo saioa egiten ari zarete ETB1an, eta bertako zuzendaria zara; zer-nolako esperientzia izaten ari da?

Duela bi urte pentsatu izan bagenu horrelako zerbaitetan arituko ginenik, ez genuen sinetsiko. Ez da ETBrentzat egiten dugun lehen proiektua; nik, adibidez, beste saio batzuetan gidoilari lan egin dut, baina sorpresa izan zen Linbo-rena. Lehiaketa bat atera zen, bertan sartu genuen muturra eta bide horrek hona ekarri gaitu. Alde batetik, izaten ari da ikasketa oso handia, eta, beste alde batetik, bertigo puntu bat ematen du ETBn ostegunero gure saioa ikusteak. Gauza bat da paperean idazten den ideia hori eta beste gauza bat da pantailan ikustea. Eskertuta gaude eta nago ni neu. Nahiz eta zuzendari rolean norbait jarri behar zen eta ni nagoen, ilusio handiarekin heldu dion talde bat daukagu: gidoilariak, kolaboratzaileak eta abar. Batera lan egiteko gogo handia daukagu, hasieratik ere Hiru Damatxon sorreran bazegoena. Denon artean zerbait egiten ari  garen sentsazioa daukagu. Hau da, ilusio kolektibo hori egon da. Ikasten gabiltza; izan ere, gehienontzat lehengo esperientzia da horrelako saio bat egiten, baina uste dut ikasteko modu polita ari dela izaten. Ea programak zer-nolako bidea izaten duen, baina saio honetan denok ikasten ari garen horrek seguru beste saio batzuetan emango dituela fruituak.

“Guztioi dagokigu publiko zabalagoa sortu, elikatu eta bizirik mantentzea”

Zein da, zure ustez, telebistaren etorkizuna?

Oro har, ikus-entzunezko proiektuei gauza asko eskatzen dizkiegu; beharbada, gehiegi. Duela gutxi esan zuen Koldo Almandozek euskalkiekin eta euskara mailarekin, askotan, zinemagileek zeregin gehigarriak izaten dituztela. Gure kasuan ere ez da erraza. Oreka asko bilatu behar dira ikus-entzunezkoetan eta telebistan ere. Telebistan kanpotik denok ikusten ditugu hutsuneak eta nik neuk ere telebista kritikari jardun izan dut, eta hala behar du, kritikak egon behar du. Baina, gero, telebista egitea ez da erraza. Uste dut gakoetako bat badela gauzak probatzea, ilusioa duen jendea antolatzea eta aukerak eta baliabideak ematea, probatu dezaten eta ikasi dezaten. Gure kasuan, esango nuke umorea badela gakoetako bat, euskarazko ikus-entzunekoak ere behar duena; telebistak, behintzat. Bagatoz urte askotako hutsune batetik. Apenas egon dira umorea telebistan jorratu duten espazioak, eta horrek esan nahi du ez dagoela jendea ikasi duenik gidoiak idazten, ez dagoela jendea aktoreekin horrela ikasi duenik lan egiten… Uste dut oso erronka zaila dela. Telebistak izango du etorkizunen bat; beste kontu bat da telebista klasikoa izango den edo beste bide batzuetatik joko duen. Alde batetik, aldarrikatu eta eskatu egin behar da; bestetik, egiteko gogoa izan eta egiten inplikatu behar da, nahiz eta beti ez asmatu; eta, azkenik, beharko da kontsumitzeko borondatea duen jende multzo bat. Ez dut esaten konpromisoz ikustea exijitu behar denik, baina denon artean ikusleria hori ere sortu behar dugu. Horretaz gain, ez nuke guztiz deslotuko telebistan gertatzen dena herrietan, hedabide txikietan, gertatzen den horretatik. Publiko zabalagoa sortu eta elikatu eta bizirik mantentzeko lana daukagu denok, hainbat eremutatik.

Zein funtzio dute sare sozialek esparru horretan?

Nik 33 urte egingo ditut, eta gurea da belaunaldi bat, neurri batean, sare sozialen lilura bizi izan zuena. Mundu berri bat eta mila gauza egiteko aukera aurkitu genuen bertan. Hiru Damatxo ere sareetarako edukia sortzeko logikatik sortu zen. Nolabait, beste ekoiztetxeak ez zeuden horretara oraindik egokituak, eta gu naturalki hor hasi ginen. Baina, batzuetan, neke batean ere bagaude; sare sozialen azkartasun hori, dena etengabe labur eta zuzen sortu behar hori… Tresna bat izaten jarraitzen du, eta uste dut hor egon behar dugula, eta hor gaude. Batzuetan, gogoz kontra ere egoten gara pantailari begira, eta, beraz, hor elikatu beharreko eremu bat dago, baina nik ez dut baztertzen hemendik urte batzuetara gizartearen zati bat sare sozialekin erabat erreta egotea, dela Elon Muskek edo beste norbaitek kontrolatzen dituelako, dela kalte egiten diolako bere egunerokoan. Eta, beharbada, herri antzerkia edo aretoetan egiten dena izango da jendea mugituko duena.

Beste proiekturik baduzue esku artean gaur egun?

Gaur egun, Linbo da ideia bat ideia asko barnebiltzen dituena, eta azken bolada honetan bertan ideiak sortzen gabiltza. Hortik kanpo bagabiltza esketxak egiteko gogoz eta umoreari beste toki batetik heltzeko asmoz. Eta, etorkizunerako, fikzioaren erronkari heldu nahiko genioke. Fikzioak baditu bere dinamikak, bere profesionalak, bere formakuntza, eta, nahiz eta guk beste kontu batzuetan asko jakin gabe ikasi dugun eginez, iruditzen zait fikzioak eskatzen duela aurrelanketa bat. Ea etorkizunak irekitzen duen bideren bat ondo egiteko fikziozko lan bat, baina oraindik urruti ikusten dut.

Zein amets bete nahiko zenuke?

Orain aipatu dizudan haritik, fikzioa egitea izango litzateke nire ametsa. Bartzelonan egon nintzen, fikziozko gidoigintza gradu bat ikasten, eta garai hartan ilusio horrekin nenbilen. Gerora, beste lan batzuetan sartu dut muturra, eta hor nabil, burua altxatzeko denborarik gabe. Gustatuko litzaidake taldean fikzio bat idazten egotea, zuzendariaren arduratik aterata, paperarekin borrokan bakarrik. Gauza guztien ardura daukazunean, faltan igartzen da paperarekin jolastea. Azken hamar urte atzera egingo banu, amets txiki asko bete ditugula ikusten dut, eta inportantea da ametsez gozatzen jakitea. Beraz, bete nahiko nukeen beste ametsa egindakoaz gozatzen ikastea da, burua beti urruti jarri gabe.