Lan-erreformak zer dakar gazteentzat?

Javier Arrieta Idiakez

Abenduaren 28an onetsi zen 32/2021 Errege Lege-dekretua, lan-erreforma onestekoa. Diputatuen Kongresuan onetsi behar bada ere, gazteei begira badakartza berrikuntza garrantzitsuak. Printzipioz, apustua egin da kontratuak iraupen mugagabekoak izan daitezen. Horren adibide da obra eta zerbitzu jakinerako lan-kontratua desagerrarazi izana. Horrek egonkortasuna ekar dakieke gazteei laneratzen direnean. Baina enpresaburuek bitan pentsatu beharko dute pertsona bat kontratatzea. Izan ere, orain, kaleratzea garestiagoa izango da. Prekarietatea, ordea, sor daiteke jarraitutasunik gabeko lan kontratu finkoak egiteko aukerak gehitu direlako, esaterako, kontraten eta azpikontraten kasuetan.

Ekoizpen inguruabarren araberako lan-kontratuan ere aldaketa dezente gauzatu dira. Kontratu horrek edozenbat xede baditu ere, iruzurrak egiteko arriskuak sortuko dira hurrengo xedea aintzat hartzen denean: noizbehinkako egoerei aurre egitea, halakoak aurreikusteko modukoak direnean.

Baina prestakuntza kontratuak dira gazteei begira beren-beregi arautu direnak. Positiboa da 1543/2011 Errege Dekretua indargabetzea, lan-izaerarik gabeko praktikak ezabatuz. Dena den, zalantza ugari daude. Bekadunen Estatutua arautzea aurreikusi da, curriculum baitako nahiz curriculumaz kanpoko praktikak gauzatzeko. Halaber, batik bat, unibertsitateen esparruan, badirudi lana eta prestakuntza txandakatzea dela helburua.

Hori posible ez denerako lanbide-praktika eskuratzeko aukera dago, behin kasuan kasuko ikasketak amaituta.