Laba: belaunaldi berrien erupzioa Iruñeko euskalgintzan
Laba elkartea zabaldu behar dute Iruñeko Gazteluko plazan: ehun metro koadroko lokala, eta terraza, Iruñeko egongelan. Euskaratik eta euskaraz, baina ez euskara aldarrikatzeko, baizik eta euskaraz elkartzeko, sortzeko, gozatzeko eta baita tronpatzeko ere. Belaunaldi berriek hartu dute proiektuaren gidaritza, “erruaren motxila gainetik kenduta”. Noiz eta Iruñeko euskarazko sorkuntza pil-pilean dagoen honetan. Musikan, Chill Mafia, Ibil Bedi, Broken Brothers, Tatxers eta Burutik topera dabiltza. Literaturan, Garazi Arrula eta Lander Majuelo editore gazteek argitaletxeetan aurrerapausoa egin dute. Iruinkokoa inauteri euskaldunean musikariak, idazleak, antzezleak, bertsolariak, dantzariak elkartu dira. Magma bizi-bizia osatu da. Eta irailean erupzioa helduko da.