La Neni: “Nire izatera itzultzeko behar horretatik sortu da La Neni”

2025ean, lau single kaleratu zituen La Neni artistak. Aurten, zuzeneko emanaldietan murgilduta, bere lehen diskoa borobiltzen buru-belarri ibiliko da Iruñeko artista.

Nor da Nora Tlemsani? Konta egiguzu nor dagoen La Neniren atzean.

Iruñean jaio nintzen, baina sustrai arabiarrak ere baditut; gainera, Argentinan bizi izan nintzen, 6 urtetatik 15era arte. Toki eta kultura horiek guztiak nire parte izateaz harro nago. Nahasketa horretan bizi naiz, eta horrek mundua ikusteko eta sentitzeko modua baldintzatu dit. Nire kabuz ibiltzen naiz, orokorrean. Nahi dudana zaintzen dut, eta falta zaidana bilatzen dut; eta musikak etengabe zerbait berria bilatzen ez ibili beharra eman dit. Musika sortzen dudan bakoitzean, zerbaitek motibatzen nau, eta burua horretan izaten dut. Nire izatera itzultzeko behar horretatik sortu da La Neni, nor naizen gogora ekartzeko, eta nire pentsatzeko, sentitzeko eta erantzuteko modua mantentzeko balio dit.

Kolaborazioak egiten ibili izan zara azken urteetan, baina, iaz, zure bakarkako ibilbideari ekin zenion. Dagoeneko lau single kaleratu dituzu…

Kantu hauek nire lehen mixtape-aren parte dira. Unibertso berdineko bost kantu izango dira; bidaia pertsonal bat. Kantu bakoitzak bizitzako emozio ezberdinak islatzen ditu: desioa, askapena, traizioa, babesa, dibertsioa, zaintza, atsedena, ahanztura… Gainera, kantu bakoitza eguneko une bat ere bada, eta horrek eragin du kantuen estetika bisualean: Mini, eguna; Reparte, arratsaldea; Sata, iluntzea; Tiembla el suelo, gaua; eta kaleratzeko dagoena eta oraindik aurreratu ezin dudana, egunsentia. Eta proiektuaz hitz egiten badut, ezin dut ahaztu Sara Goxua nire adiskidea. Zuzeneko formatua landu dugu bion artean azken hilabeteetan, DJ set bat eta zuzeneko emanaldia uztartzeko. Biok dugu esperientzia DJ bezala, eta, 2026an, dena emango dugu: kolaborazioak, emanaldiak… Adi egon!

2026a indartsu datorrela diozu. Zerbait aurreratzerik baduzu?

Ilusio handia ematen didan gauzatxoren bat…: Euskal Herriko talde batzuekin kolaborazio batzuk ikusiko dituzue, laster. Badaramatzagu hilabeteak lanean, eta mimoz egiten ari gara gauzak… Uda aurretik kolaborazio berezi bat kaleratuko dugula aurreratu dezaket bakarrik.

Amesten jarrita, zein artistarekin gustatuko litzaizuke kolaborazio bat egitea?

Egia da, orain arte, nire sorkuntza prozesua nahiko bakarkakoa izan dela, baina esperimentatzeko gogoa dut, jende berriarekin, erritmo berriekin eta genero berriekin. Metrikarekin, Lornarekin, Six Sex taldearekin edo Euskoprincessekin zerbait egitea gustatuko litzaidake.

Zeintzuk dira zure erreferenteak?

Amy Winehouse, Cristina Aguilera, Los Mirlos, La Champions Liga, Ivy Queen, Wisin & Yandel, La Zowi, Karol G, Enrique Urquijo…

Auzoko kultura aldarrikatzen duzu. Zer da hori, zuretzat?

Bihotzarekin eta gogoarekin elkarbanatzeko artea da auzoko kultura. Benetako toki baten parte sentitzea, jendeak ezagutzen zaituen toki baten parte. Auzoan jendeak elkar ezagutzen du, eta beti babesten zaitu.

Zein da, zuretzat, plan perfektu bat?

Adrenalina apur bat askatu, bazkari goxo bat egin, spa batera joan, eta, gaua, Youtubeko bideoak ikusten, musika sortzen edo bideo-jokoetara jolasten ematea. Argentinarretik ere apur bat badudanez, asado on batez gozatzea eta parranda egitea ere izan daiteke.

Jaialdi handiak edo areto txikiak?

Bi formatuak ditut gustuko, baina areto txikietan dagoen gertutasuna zoragarria da. Gainera, parranda zure gustura sortu dezakezu, eta gonbidatuak ere izan ditzakezu. Gero eta artista gehiagok partekatu nahi dituzte haien sorkuntzak, eta, horretarako, espazio berriak sortu behar ditugu.

Ezagutzen ez dugun zure zaletasunen bat?

Keytarra jotzen dudala, ihes gelazalea naizela, etxeko salda egitea maite dudala, jolas-parkeen zale amorratua naizela…