La Basu: “Lehen, rapa euskaraz egitea ez zegoen politikoki ondo ikusita”

Elena Caballerok, La Basu rap abeslariak, lan berria du esku artean, euskaraz eta gazteleraz grabatutako oraindik izen gabeko disko berria. Baina ez hori bakarrik, Agoia izenburuko liburu autobiografikoa ere bukatzear dauka eta aurten kaleratuko du, Leire Palaciosi primizian aurreratu dion moduan.

Ongi etorri. Ez dakit Elena deitu behar zaitudan, Basu…

Erosoen zauden moduan. Nire bizitzan Elena naiz, oholtza gainean Basu, baina nahi duzun moduan.

Nondik dator Basu izena? Galdera oso berria, ezta? Kar, kar.

Nondik uste duzu datorrela? Kar, kar.

Ez dakit, nire gelan bazegoen Basu deitzen zioten bat eta zen El Basurillas.

Nire istorioa ere hortik dator. Mundu guztiak pentsatzen du euskaratik datorrela, baina gazteleratik dator eta denetarik esan didate. Aurreko batean, tipo bat etorri zen eta Asun deitu zidan. Esan didate baxu-jotzailetik datorrela, Basurtotik… Beste neska batek lava de juego eta su hitzen loturatik datorrela…  

Lava-ren eta su-ren nahasketa.

Bai. Baina istorioa ez da hain polita: duela urte pila bat kalean rap kantari pila bat rapeatzen zeuden leku batera joan nintzen eta ez nuen ikusten oso baxua naizelako. Bi lagun igo ginen zakarrontzi batera. Orduko zakarrontzien egitura metalezkoa zen eta estalkia plastikozkoa; bada, bi lagunak igo ginen, estalkia apurtu egin zen eta barrura erori ginen. Eta La Basu basura-tik dator. Berez izena da Basu, baina La jarri nuen mundu guztiak pentsatzen zuelako mutila nintzela. Aldizkarietan  eta halakoetan ikusten nuen: El rapero Basu… Aizu, emakumea naizela. Eta La jarri nuen jendeak jakiteko emakumea nintzela.

Emakumea eta errekurtso askorekin.

Saiatzen naiz.

Noiz hasi zinen rapa entzuten eta rap kantariekin egoten? Izan ere, zu Etxebarrikoa zara eta han rap eszena ez da ezaguna.

Ez, nire auzoan ez zen ezaguna eta oraindik ez da ezaguna. Kontua da nik udak pasatzen nituela Burgosko herri batean, Salas de los Infantes herrian, eta han aurkitu nuen tipo bat grafitiak egiten zituena, eta estetika eta giro hura gustatu egiten zitzaidan, nahiz eta ez nekien ezer; 12 urterekin hasi nintzen honetan. Mutil hark oso gaizki grabatutako kasete bat utzi zidan eta “hau rapa da, entzun”, esan zidan. Etxera joan nintzen, play-ari eman nion eta izan zen… uau! Nik olerkiak, istoriotxoak eta halakoak idazten nituen eta jolas baten moduan hartu nuen. Esaten nuen: idazten dudana bonbo kutxetan sartzen badut, rapa da. Eta horrela hasi nintzen pixka bat ikertzen. Baina zer gertatzen zitzaidan? Udan grafitiaren eta raparen munduarekin harremanetan nengoela, baina itzultzen nintzenean hona ez nuela inor ezagutzen. Gure auzoan rapa ezezaguna da erabat. Hala, ikertzen hasi nintzen. Behin etorri zen Bilbora rap kantari bat kontzertu bat ematera, joan egin ginen eta poliki-poliki joan nintzen hemen zeuden hiru edo lau taldeak ezagutzen, eta horrela sartu nintzen raparen munduan.

Gogoan daukazu kasete hartan zegoena?

Gordeta daukat. Basurera samarra naiz eta dena gordeta daukat. Bai, gogoan dut. Atzerriko kontu bat zen, ingelesez. Ez nekien zeintzuk ziren abeslariak, ez zegoen izenbururik. Oso txarto grabatutako nahaste bat zen, dena ingelesez, denak gizonezkoak, noski. Eta ez nuen ezer ulertzen; nire ingeles maila ez da ona, baina flipatu egiten genuen bonbo kutxa haiekin eta letra oldarkorrekin… gustatu egin zitzaigun.

Eta garai hartan joan zineten kontzertu hartara eta hor hasi zinen sartzen eszenan apur bat, eszena ezagutzen, ze jende zebilen…

Nik badakit gazteendako hau zorakeria dela, baina gaztea nintzenean ez zegoen Internetik eta ezin genituen gauzak bilatu. Bilbon, Euskal Herrian, rocka eta punka beti egon dira, baina rapa egiten dugunok beti arraroak izan gara. Hori horrela, heltzen ziren gaizki grabatutako lau kasete, lau fanzine, eta hor konpon. Nik ikasi dut rapa egiten kalean, txaloka.

Nora joaten zineten?

Santutxun zeuden hiruzpalau talde rapa egiten zutenak, denak gizonezkoak, baina egunero oinez joaten nintzen Santutxura haiekin egotera, rapa egitera. Abesti bat neukan, oso txarra, baina nire jarrerarekin hara joaten nintzen, ikastera. Garai hartan, Bilbon, oso jende gutxik ezagutzen zuen hip-hoparen mundua eta jende gutxik egiten zuen rapa.

Zenbat urte zenituen?

13-14 urte.

13-14 urterekin joaten zinen Etxebarritik Bilbora oinez, rap kantariekin egoteko.

Rapa egin nahi nuen, burugogorra naiz.

Eta zelakoa zen giroa? Dena gizonezkoak…

Dena gizonezkoak. Ez da erraza izan, zeren, azkenean, ni gaztea nintzenean ez nuen ulertzen… Kontsumitzen nuena eta ikusten nuena egiten nuen, erreferente guztiak gizonezkoak ziren; hortaz, ez zegoen aukerarik besterik egiteko. Eurak bezala janzten nintzen –gustatzen zitzaidalako ere bai–, eurak bezala rapeatzen nuen… Gaztea zarenean ez zara konturatzen, adinarekin konturatzen zara emakumea izanda, agian, gauza ezberdinak egin nahi dituzula. Egia da ez dudala arazorik izan emakumea izateagatik, baina bai oholtzara igotzen nintzenean mikroa jartzen zidatela ea zer egiten nekien pentsatuz. Euren artean ez zegoen halakorik, baina ni emakumea nintzen eta erakutsi behar nuen rapeatzen nekiela. Beti diot bizitza guztian bi edo hiru bider erakutsi behar badituzu gauzak emakume izateagatik, rapean hiru, lau, bost, sei… Gizonezkoen mundua izan da beti. Hortaz, jasan dut diskriminazioa? Bai, baina gerora konturatu naiz.

Adin kontuengatik ere ezberdintasunarekin biziko zinen? 14 urteko neska bat ezin zen goizaldeko ordu bata arte geratu astearte batean, Santutxun, adibidez, gauzak gertatzen ziren momentuan.

Ez.  Alde batetik, nik ezagutu nituen gizonezkoak ni baino askoz zaharragoak ziren; geroago, gazteagoak iritsi ziren, baina ni baino lau, bost, sei urte zaharragoak ziren. Eta, bestetik, gertatzen zitzaidan nire betiko lagun neskei ez zitzaiela rapa gustatzen, eta, ondorioz, bakarrik joaten nintzen. Hala, Bilbon oso kontzertu gutxi egiten ziren, baina egiten zirenean gaueko hamar eta erdietan etxean egon behar nuen, emakumea nintzelako eta gaua gauza arriskutsua zelako; nire lagunak, rap kantariak, joaten ziren, baina ni ez. Gauza pila bat galdu ditut, gurasoek ere ez zutelako ulertzen rapa egin nahi nuela eta jende harekin zer egiten nuen emakume izanda, itxura harekin… Estereotipo horiek guztiak. Ez da erraza izan. Baina orain bai ikusten ditudala jaialdietan emakumezko taldeak joaten direla, rapa kontsumitzen dutela, eta, niretako, oso pozgarria da.

Indar horrek guztiak eraman zintuen Jungla Urbana taldea sortzera. Nola sortu zen, zer egiten zenuten?

Kontua da nik ere taldea nahi nuela eta emakumeekin lan egin nahi nuela. Egia esan, Jungla Urbana bost emakume oso gazte ginen eta rapa egin nahi zuen bakarra ni nintzen. Baina saiatu ginen ea funtzionatzen zuen ikusteko: Jungla Urbana sortu genuen, abestiak sortu genituen, kontzertuak eman genituen… baina garai hartan ez geneukan dirurik ezer ateratzeko, ezer grabatzeko. Oso garai politak izan ziren; nire bizitza guztia gizonekin egon eta gero, emakumeak zeuden hor, rapeatzen. Jungla Urbanak urte eta piku iraun zuen, eta gero, gutako bakoitzak bere bidea hartu zuen eta berriz bakarrik geratu nintzen. Baina oso polita izan zen ikustea emakume gehiago nirekin oholtzan abesten.

Zure lehen aldia izan zen oholtzan talde batekin.

Bai.

Zelan sentitu zinen, gogoan daukazu?

Gure lehen kontzertua desastre hutsa izan zen.

Non izan zen?

Hernanin, Selektah Kolektiboarekin. Gaztetxera gonbidatu gintuzten. Taldean bost ginen, baina hiru bakarrik joan ginen. Rapa gazteleraz egiten genuen. Oholtzara igo ginenean, taldekideek begiratu zidaten eta esan zidaten, “zuretzako”, eta oholtzatik jaitsi eta bakarrik utzi ninduten, ordubetez. Egin nituen nire abestiak, baina gero, inprobisatu egin behar izan nuen, denbora luzez. Oholtzatik jaitsi nintzenean, esan nuen: “Akabo, ez dut rapa inoiz gehiago egingo”.

Baina nola izan zen, ordubetez, hor goian…

Ba, ez dakit. Eskerrak ez zegoen mugikorrik grabatzeko! Eta inork baldin badauka bideo hura ez dezala kaleratu, mesedez! Niretako izan zen… ez dakit… zelako marroia!

Jarraitu zenuten gauzak egiten elkarrekin horren ondoren?

Bai.

Eta eman zenuten beste kontzerturik?

Bai.

Eta ez zintuzten bakarrik utzi?

Ez. Lehenengo hartan, kristoren beldurra eman zien, jaitsi ziren oholtzatik eta bat-batean bakarrik nengoen. Eta zer egingo duzu, ba… ausartu eta aurrera! Garai hartan oso ausarta nintzen, baina kristoren marroia izan zen.

“Mundura zabaldu egin behar genuen emakumeok ere rapa egiten dugula, euskaraz”

Handik urte batzuetara atera zenuen Aire es vida, bakarkako diskoa, gazteleraz, zure letrekin…

Bizitza guztian gazteleraz egin dut rapa. Ikasketak bai egin nituen euskaraz, baina nire gurasoek ez dakite euskaraz, nire auzoan ez da euskaraz hitz egiten eta garai hartan, rapa euskaraz egitea politikoki ez zegoen ondo ikusita. Punka eta rocka bai eta rapa ingelesez eta gazteleraz bai, baina euskaraz… kanpotik datorren musika hau euskaraz ez zen egiten, bakarrik zegoen talde bat Selektah Kolektiboa. 15 urtez egon naiz euskaraz hitz egin gabe, nire bizitzan ez nuelako behar. Gero konturatu nintzen beharrezkoa zela, baina ordura arte bizitza gazteleraz egin nuen. Jungla Urbana utzi eta ibilbidea bakarlari moduan jarraitu nuen. Pentsatu nuen momentua zela diskoa grabatzeko eta abesti guztiak gazteleraz dira, baina diskoa idaztean pentsatu nuen euskara nekiela –nahiz eta 15 urte eta gero ahaztuta izan– eta frogatu nahi nuela La Basuk euskaraz ze hots zeukan, eta Aneguria lagun mina ni baino askoz hobeto moldatzen da eta hari esan nion.

Une hartan harremana zeneukaten?

Bai, Ane aspalditik ezagutzen dut. Beste kontu batetik ezagutzen dut duela urte asko. Ni baino hobeto moldatzen zen euskaraz, kolaborazio bat egin nahi genuen eta gure aukera izan zen euskaraz egitea. Trakamatraka sortu genuen eta nik banekien Euskal Herrian rap purista horiendako bi emakume rapa euskaraz egiten izango zela…

Zer dira rap puristak?

Agian, nire hitz bat da… Raparen mundua beti izan da oso karratua; hau da, rapa hauxe da, hemendik ezin zara atera… Bilbon horrela izan da. Zirkuitu itxia zegoen eta hor sartzea ez zen erraza; gutxi ginen, baina oso itxiak. Puristak. Orain, modan dago esatea eskola zaharrekoa.

Zaila izango zen, ezta?

Ez zen erraza.

Baina, hala ere, ez zenuten etsi.

Ez. Banekien rapa egin nahi nuela eta esan dizudan moduan, oso burugogorra naiz eta aurrera; frogatu, behintzat.

Hortaz, Anerekin elkartu zinen euskaraz nahi zenuelako zerbait egin.

Ez. Kolaborazio bat egin nahi genuelako, eta asko pentsatu gabe euskaraz egitea erabaki genuen, frogatu nahi izan genuen. Hala, Trakamatraka sortu genuen eta diskoa gazteleraz dago, baina Trakamatraka abestia euskaraz egin genuen. Denetarik aurkitu genuen, zeren gauza berri bat zen: zentsuratu egin gintuzten, eduki ditugu hainbat…

Zentsura?

Bai. Badago Espainian webgune potente bat hip-hopa kontrolatzen duena eta esan ziguten itzulpena egiteko. Esan nien euskaraz egin nuela halaxe nahi nuelako eta ez nuela itzulpena egingo. Eta gehitu nuen bizitza osoa zeramatela Public Enemy ingelesez entzuten itzulpena egin gabe, baina gurea euskaraz zegoelako itzulpena egin behar nuela? Eta esan zidaten nire abestian ulertzen zuten bakarra zela askatasuna hitza, su asko ateratzen zela eta baita tipo bat buru-berokiarekin. Eta azaldu nien tipo hori Bilbon oso ezaguna den El Rey del Misterio zela, beti buru-berokiarekin agertzen dela eta ez nekiela zer zuten buruan, baina dagoeneko ez nuela itzulpenik egingo eta itzulpena egin nahi bazuten libre zirela horretarako, ez nuela arazorik, baina nik ez nuela egingo; eta zentsuratu egin gintuzten.

Horren ostean, Izotz erregina etorri zen.

Kaleratu genuen EP bat aurrerapen moduan, Izotz erregina, eta gero, Ni naiz izotz erregina kaleratu genuen 2017an.

Eta nolakoa izan zen esperientzia disko berri horrekin?

Erronka handia izan da, zeren kostatu zait rapa euskaraz egitea pila bat. Koaderno pila bat ditut zirriborroz beteta. Baina ez zegoen diskorik emakume batena euskara hutsean eginda, egin behar zen, mundura zabaldu egin behar genuen emakumeok ere rapa egiten dugula euskaraz, eta, nahiz eta kostata izan, oso pozik nago. Uste dut lan polita dela eta gustatu egiten zait esatea kanpora noanean: “Aizu, hauxe da nire hizkuntza eta nire hizkuntzan rapeatuko dizut”. Jarraitzen dugu gazteleraz ere rapeatzen, baina munduari erakutsi behar diogu emakumeok ere rapa egiten dugula euskaraz.

Nolakoa izan zen grabazioa? Beti egiten duzu lan jende berarekin?

Bai, urte asko daramat jende berarekin lanean. Kolaborazioen kasuan gustatzen zait saltseoa. Baina lanean, instrumentalak, normalean, Zamarrok egiten ditu. Kanpokoa da, Euskal Herrian norbait topatu nahi nuen rapa produzitzen duena, nirekin rolloa duena, baina ez dut lortu oraindik. Ez dago produktore askorik raparen munduan hemen, eta kanpora joan naiz. Nire DJak ere produzitzen du eta harekin ere aritzen naiz, eta grabatu beti Unai Mimenzarekin grabatzen dut. Oso ondo ulertzen dugu elkar. Eta idatzi, nik bakarrik etxean eta gustura.

Horren gustura, orain disko berria egin duzu.

Bai; oraindik ez dugu kaleratze data jarri, zeren ez daukat izenburua jarrita.

Nola da posible izenbururik ez izatea diskoak?

Halako gauzak gertatzen zaizkit. Nik idazten dut abesti bat eta ez dut inoiz izenburua jarrita. Ze hitzekin hasten da abestia, hitz horrekin? Ba, hitz hori da izenburua… Inoiz ez diet jartzen izenbururik, ez dakit zergatik. Disko berria gazteleraz eta euskaraz egindako diskoa da eta badauka bere gauza, zeren badakit nondik datorren eta badakit zein den nire borroka; hortaz, batzuetan beharrezkoa dut gaztelerara itzultzea, eta, era berean, euskaraz jarraitu nahi dut rapa egiten ere bai. Hori horrela, nahasketa arraro bat da eta izenburua izan behar da zerbait euskaraz eta gazteleraz balio duena, eta oraindik ez dut topatu hitza.

Kolaborazio pila bat egin dituzu. Gustatzen zaizkizu kolaborazio handiak edo txikiekin gozatzen duzu berdin-berdin, bakarrik oholtza gainean edo beste pertsona batekin… eroso zaude prozesuaren edozein momentutan beste jendearekin?

Asko gustatzen zait kolaborazioak egitea gogoa duten pertsonekin. Zerbait kontatu nahi baduzu nahiz eta musika oso desberdina egin eta kudeatu badezakegu eta jarrera positiboa baduzu, aurrera. Egin ditugu gauza oso arraroak, baina eroso gaude gauza berriak sortzen. Niri gustatzen zait asko oholtza gainean egotea, baina idaztea ere asko gustatzen zait, etxean, pijaman. Hortaz, momentuaren arabera, saiatzen gara kudeatzen. Lan asko egiten dut emakumeekin, asko gustatzen zait emakumeekin lan egitea, raparekin zerikusirik ez duten emakumeekin ere bai, azkenean asko ikasten dudalako. Rapa gustatzen zait, baina ez dut bakarrik rapa entzuten eta artista asko daude eurekin lan egin nahi dudana. Baditut kolaborazio batzuk oso politak.

Kolaborazio batzuk atera behar direnak…

Bai. Ikusiko duzue eta flipatu egingo duzue pila bat. Nire burua beti dago jardun eta jardun.

Eta ildo horretatik tiraka iristen gara Eskina Femeninara. Zer da? Nola sortu zen?

Maiteminduta nago proiektu honekin. Egin beharreko gauza zen. Duela sei urte abiatu zen. Idazketa tailerrak egiten ditut ikastetxetan eta ikastetxeetako batean etorri zitzaidan mutil gazte bat, oso makarra, eta esan zidan: “A, emakumea zara? Baina emakumeek ez dakite rapa egiten”. Izan ere, ez dakite rapa egiten duten emakumeak existitzen direnik, eta hori aldatu egin behar dugu. Hala, Aneguriarekin hitz egiten zer egin genezakeen pentsatzen, ez geneukan dirurik ezer egiteko eta pentsatu genuen Youtuben kanal bat sortzea emakumezkoen bideoak igotzeko. Baina ezagutzen genituen lauzpabost… Eta hainbatek ez zuten bideorik… Irratian ere aritu ginen saio bat egiten. Idazketa tailerrak ere egiten ditugu gizonezkoendako eta emakumezkoendako, zeren jendeak uste du bakarrik emakumeendako direla, eta, niretzat, oso garrantzitsua da gizon batek jakitea zer den emakume izatea raparen munduan. Gure idazketa tailerrak ez dira itxiak. Horrela hasi ginen, eta Eskina Femenina proiektua, azken batean, da jendeak jakiteko emakumeak lanean ari direla, eta emakumearen lana hip-hoparen munduan zabaltzeko.

Idazketa tailerra aipatu duzu eta idazten ari zara. Hor beste proiektu bat dago.

Nire liburua idazten ari naiz. Autobiografia bat da, nire bizitzaren historia eta emakumeen eta raparen arteko lotura. Diskoak bai, baina nik beti idatzi dut eta liburua egin nahi nuen. Ia bukatuta dago eta aurten kaleratuko dut, seguru. Agoia deitzen da.

Hor baduzu izena…

Diskoan ez, baina liburuan bai. Oso argi neukan, gainera, izena hori izango zela.

Zergatik?

Agnoia da gazteleraz esaten dena: La información de la desinformación y la desinformación de la información. Mundu guztiak uste dugu gauzei buruz dakigula, baina benetan ez dakigu. Gauza bitxia da, baina liburua irakurtzean ulertuko duzu.

Amaitzeko eta deskonturako. Zer geratzen zaizu egiteko?

Aske izatea nire bizitzan. Balio dizu?

Bai.

Lortuko dugu.