Kultura debalde

Arantxa Urretabizkaia

Noizean behin, kultur munduko langile batek protesta bat plazaratzen du lan horrek gizartearengandik jasotzen duen ordainsari eskasaren inguruan. Azkena, Pako Aristi, Berria-n argitaratu duen artikuluan. Idazle bat, ez da kasualitatea. Aristik salatzen du, besteak beste, nola euskaraz sortutako kultura goresten dutenek ere uste duten esparru horretako langileak debalde egin behar duela lan, Euskal Herriko edozein puntutan. Aberriaren izenean.

Behin, sari bat jasotzen ari nintzela, mikroaren aurrean mesede bat eskatu nien entzuleei. Esan nien bertan zeudenak euskarazko liburuaren zale amorratuak omen zirenez, noizean behin eros zezatela liburu bat. Ez zaizue hemendik irten ondoren hartuko duzuen ardoa eta pintxoa baino gehiago kostatuko, gehitu nuen. Bati baino gehiagori ez zitzaion nik esandakoa gustatu.

Iruditzen zait kulturarekin gertatzen dena ez dela beste ezerekin gertatzen. Sartu zaigu (digute?) buruan kulturak debalde izan behar duela, debaldeko kontzertuak, antzezlanak, liburuak, erakusketak. Zinema ere bai, batzuetan.

Ez zaigu burutik pasatzen kulturatik aparte beste edozerk debalde izan behar duenik. Ordain dezala tokiko udalak, Jaurlaritzak, Aldundiak, ordain dezatela erakundeek, baina niri ez dizkidate patrikatik idazlearengana joango diren bi euroak aterako. Har dezala autoa, autoa duen idazleak, ordain dezala erregaia, autopista, aparkalekua eta datorrela guregana, besoak zabalik jasoko dugu.