Korda Rota taldea

Debagoienean hasi eta amaitu duten diskoa aurkeztu du Korda Rota talde arrasatearrak: Panem Et Circenses. Diskoa aurkeztu berri dute, eta orain zuzenekoetan aritzeko gogotsu ari da laukotea.
Nolakoa izan da diskoa sortzeko prozesua?
Diskoa grabatzeko erabakia hartu genuen momentuan Asel Errastirekin jarri ginen kontaktuan. Txerrikumeak taldeak berarekin grabatu berri zuen diskoa eta emaitza oso ona izan zen. Asel aspalditik ezagutzen dugunez eta gure proiektua gustuko zuenez baietz esan zigun. Diskoa Aretxabaletako Kuartel Zaharrean grabatu dugu eta Aselen esku egon da grabaketa, nahasketa eta masterizazioa. Grabaketaren prozesuan zehar oso eroso sentitu gara, giro ederra izan dugu eta emaitzarekin oso pozik geratu gara.
Zer estilotako kantuak sortu dituzue?
Estilo ezberdinetako kantuak dira, batzuk hardrockeroagoak eta beste batzuk berriz Stoner ukituarekin, baina guztietan riff gogorrak bilatzen saiatu gara.
Erreferenterik izan duzue abestiak sortzeko orduan?
Taldekide bakoitzak bere erreferenteak ditu, baina entseguekin hasi ginenean Eskandinaviako rock taldeen bertsioak jotzen sentitu ginen erosoen. Beraz, rock eskandinaboa, erreferente nagusia dela esango genuke.
Zer harrera izan du zuen lanak, oro har?
Harrera beroa izan du, jende asko animatu da diskoa erostera eta kritika onak izan ditu. Hemendik denei eskerrak ematea gustatuko litzaiguke. Orain zuzenekoetan gure lana aurkezteko oso motibatuta gaude.