Koldo Otamendi: “Musika zaletasunari dagokionez, atzera begira bizi gara”
Gazterik musikazale amorratua bilakatu zen, eta gaztetxeetan ehunka emanaldi ikusi ditu. Zaletasunak kontzertuen antolakuntzara eta Musikazuzenean webgunea sortzera eraman zuen. Aurreko ardurak utzi gabe, Hamaika telebistako musika saioaren aurkezlea da.
Koldo Otamendi, Musikazuzenean webguneko kide ezagunena zara. Arrasaten gaude, gaztetxean. Ziur naiz hemen bertan kontzertu gogoangarri bat edo beste ikusi duzula…
Dezente. Gazte ginela Andoaindik etortzen ginen, gaztetxe zaharrera kontzertuak ikustera. Erreferentzia izan da niretzat, nire musika ibilbidean. Berriki, Kooltur Ostegunak ekimenaren baitan Pelax taldea ikusi nuen gaztetxean bertan.
Gazteagoak izan gara, eta tokian tokiko xehetasunak badira musika alorrean. Oi! izeneko musika estiloa, esaterako, Arrasaten oso errotuta egon da.
Herri askotan musika norabide zehatzak daude, eta bereziki erreferentzia izan diren taldeak. 1980ko hamarkadaren hasieratik RIP taldeak Arrasaten utzitako aztarna handia da oraindik. Puñetazo, Zakarrak eta antzeko taldeek estilo horri eutsi zioten, gaur arte mantendu dena. Des-kontrol, Never Surrender, Perlata… musika harrobi handia egon da Arrasaten, punk-rock musikak garrantzi handia izan duen seinale. Ezin ditugu bazterrean utzi beste estilo batzuetako taldeak. Bad F Line eta Gose elektronikaren ildoko musika egitasmoak dira. El Desvan del Macho eta beste talde interesgarri gehiago sortu dira Arrasaten.
Eta zure bigarren etxea den Andoaingo gaztetxean, aldiz, hardcore musika.
Andoaingo musika taldeen entsegu lokalak eta gaztetxeak garai hartako musikariengan eragin handia izan zuten. Andoaingo gaztetxea aitzindaria izan zen atzerriko musika alternatiboa programatzen. Hona etorritako asko hardcore eta punk estiloko taldeak ziren, eta horrek eragin handia izan zuen bertakoengan. Bap! bezalako taldeak sortu ziren, eta horrek gerora etorri ziren taldeengan eragin handia izan zuen.
Iker Barandiaran kultur kazetariak Twitter sarean hari polita osatu du, gaztetxetik igarotako musika taldeen kamisetekin. Zuk ere hamaika kamiseta izango dituzu. Hamaika kamiseta, CD eta bestelakoak…
Urteak betetzeak hori dakar, gauzak pilatzen zoazela. Gustuko izan dut betidanik kartelak, diskoak eta kamisetak gordetzea. Baina ez naiz oso antolatua, ezta melomanoa ere. Tarteka, kaxoi bat zabaldu eta fanzineak, kamisetak, kartelak edo gordetako kontzertu baten sarrera agertzen dira.
Youtuben, besteak beste, Green Day taldearen zuzeneko emanaldi bat eskegita dago. Duela 25 urte Andoaingo gaztetxean jo zutenekoa. Dookie disko ezagunaren kantuak jo zituzten, gainera. Primal Scream, Loveslug… nazioarteko talde ugari hurbildu ziren garai hartan…
Garai hartan, musika industrian eta kontzertuen antolakuntzan gauza asko egiteke zegoen. Biran etortzen ziren nazioarteko talde horiek ez zuten gaur egun dagoen kontzertu areto eta azpiegiturarik. Txitxarro, Ilargi, Jam aretoa… Kafe antzokiak beranduago sortu ziren. Garai hartan, taldeek areto alternatiboetan jo behar zuten, ezinbestean. Green Day birritan izan zen Andoaingo gaztetxean, eta neu bietan ikusle modura izan nintzen. Estatu Batuetan talde ezaguna zen, eta Warner diskoetxearekin hitzarmena sinatuta zuten. Europa lantzeko eremua zen, eta areto txikietan hasi ziren emanaldiak eskaintzen. Gaztetxeen sare hori ezinbestekoa izan zen atzerritik zetozen taldeentzat. Green Day, Jingo de Lunch eta hainbat talde ikusi genituen. Denborarekin konturatzen zara bizi garen eremu txiki honetan zenbaterainoko garrantzia izan duen gaztetxeen sareak. Bereziki, sortu diren musika talde askorentzat. Gaur egun, Euskal Herrian musika areto piloa dago, eta gaztetxeen sarea, beharbada, ez da iraganean bezain indartsua. Baina kontzertu ugari dago astebururo, eta musika talde hasiberri batentzat gaztetxe batean jo ahal izatea sekulako aukera da.
Zer aurkitu zenuen zuk musikan, halako ibilbide luzea egiteko? Musikaren bidean ibili zarelako beti.
Musika oso garrantzitsua izan da, niretzat. Oso gaztetatik, nire lagun taldean musika talde ezberdinetako partaideak zeuden. 13-14 urterekin gaztetxeen barrualdean zer zegoen begira egoten ginen. Enigmatikoa zen. Jarrera eta joera asko ikusten genituen, eta horiek barneratzen joan ginen. Lehenik, ikusle bezala. Ondoren, antolatzaile eta gaztetxeko kide bezala. Rol ezberdinak bete ditugu denbora tarte honetan.
Musikazuzenean webguneko kideetako bat zara. Auzolana da webgune horren atzean dagoen joera.
Kezka batetik sortu zen, Gazte Sarea itxi eta gero. Konturatu ginen egunkarietan kontzertuen agenda bazegoela, baina ez zegoela kontzertuen berri emango zuen webgunerik. Erreferente modukoa sortzea erabaki genuen. Ideia hura izan genuen egitasmoa abiarazi genuenean.
Emanaldi bereziak eskaintzen dituzue, tarteka. Lurraldetasuna eta generoa oso kontuan hartzen duzue, eta bereziki hasiberriei leiho berria zabaltzen diezue.
Agenda modura sortu genuen, hasiera batean. Baina egitasmoa zabalduz joan zen eta emanaldi akustikoak eskaintzen hasi ginen. Beste kide batzuen proposamenez, Durangoko Azokan postua jartzeko urratsa egin genuen. Horrelako ekimenak sortuz doaz, eta dugunaren indarraren arabera garatuz joan gara. Duela zortzi urte egin genuen lehen emanaldi akustikoa. Bakarlari aritzen ziren joera bat gorantz zihoala jabetu ginen orduan. Tabernetan jotzen zuten, eta askotan ez oso modu egokian.
Musikari horiei areto batean jotzeko aukera eskaini genien, aurrean zuten ikusleria musika entzutera propio joango zena. Izebergaren punta erakutsi nahi izan genuen, eta hortik sortu zen Musikazuzenean jaialdi akustikoa. Urteekin aldatuz joan da emanaldia, musikariak elementu berriak txertatzen doazelako. Elektronikarekin zerikusia dutenak, adibidez. Zer datorren ikusteko oso ekimen interesgarria dela deritzot. Jabetzen bazarete, antolatzen ditugun emanaldietan partaideen %80 ikusleria zabalarentzat ezezagunak dira. Bidean datozenak direlako. Amorante edo Jon Basaguren gurean izan dira, bere garaian hain ezagun ez zirela. Gauza berriak deskubritzeko gogoa duenari begira egindako jaialdia da.
“Durangoko azoka ez da salmentaren arabera neurtu behar”
Harago joanda, Durangoko Azokan postua jartzen duzue. Neurria har diezaiogun: aurreko abenduko azokan zenbat erreferentzia eskaintzera iritsi zarete?
45 disko ezberdin, guztiak 2019an argitaratutakoak eta autoezkoizpenaren bidez kaleratutakoak. Kezka batetik abiatu zen postua jartzeko ekimena. Musikariekin eta musikazaleekin maiz hitz egiten dugu, eta kezka bat nagusitzen ari zen: talde askori Durangoko Azokan egotea ezinezkoa zitzaiola. Azoka, sortu zenetik, argitaletxeen eta industria baten logikaren arabera eraikita dago. Musikagintza asko aldatu da, eta egun, autoekoizpena nagusi da. Autoekoizpen mota ezberdinak daude. Egoera horretan musika talde askok ibilbidea bakarka egiten dute, eta ez dute Durangoko Azokan egoteko baliabiderik. Hari horri tiraka, stand bat hartu eta autoekoiztutako diskoei tartea eskaintzea erabaki genuen. Baldintza bat jarri genuen, urteko diskoa izatea. Industriaren ikuspegitik salmenta txikia dela diote, baina sorkuntza aldetik ez da jaitsierarik izan. Urtero-urtero 40-50 disko salgai jartzen ditugu. Azokan egoteko aukera eskaintzen diegu talde horiei guztiei, beste postu batzuetan aurki daitezkeen beste talde askoren diskoekin batera.
Balio handia eman behar zaio egiten duzuen horri. Ekimen txikia izanagatik balio erantsi handia duelako. Talde horiek Azokara iristea nekez lortuko dutelako. Ez dakidana da zenbateraino baloratzen den egiten duzuen lana.
Guri dagokigunez, taldeen artetik eta ikusleen aldetik oso baloratuta sentitzen gara. Eta baita webgunearen bidez egiten dugun lanagatik ere. Jendeak eskertzen ditu horrelako ekimenak. Ikuspegi ekonomikotik, lan handia da eta irabazia oso txikia. Pertsonalki, gauza handiak egiten ari gara, eta hori da garrantzitsuena. Talde horiei guztiei eskaintzen diezun aukera ikusita, pozez betetzen gaitu. Guk beti esan ohi dugu guk lan hori gure gain hartzen dugula Durangoko Azokak ez duelako lan hori bere gain hartzen. Zubi lana egiten ari gara, eta Azokak uste dut garai berrietara moldatzen jakin beharko lukeela. Industria bat dela ahantzi gabe, baina Azokak duen kultur balioa aintzat harturik. Zenbat jende hurbildu den eta zenbat saldu den, ez da soilik horren arabera Azoka neurtu behar. Azokak kultura zabaltzeko zein lan egin duen neurtzea ondo legoke ere. Uste dut Azokaren erronketako bat dela musika mailan urtean bertan gertatu denak Azokan isla izatea.
Salto egin dezagun iraganera. 1990eko hamarkadan, diskoa argitaratu aurretik maketa argitaratzen zen. Maketa aurkezpen modukoa zen, eta herritik eskualdera edo probintziara jauzi egiteko aukera ematen zuena. Hurrengo pausoa diskoa ateratzea zen. Industria horretan murgiltzen zinen. Baina hori guztia erori egin da. Eta, era berean, gaur egun, talde berri bat ezagutzeko halako nagikeria bat dago. Single baten bidez kolpe modukoa eman behar du talde berri horrek, ikusleen arreta bereganatzeko. Oso zail dago, bestela, publiko zabalera iristea. Garai batean ez bezala. Bat zatoz analisi horrekin?
Neurri batean, bai. Oso azkar bizi gara orain. Den-dena eskura dugun garai hauetan, geroz eta zailagoa da talde berriei arreta eskaintzea. Gu hazi ginen garaian, 90eko hamarkadan, baziren erreferentziak eta lan egiteko moduak. Maketa grabatu, emanaldi batzuk eskaini eta ondoren diskoa grabatzeko aukera irits zitekeen. Gaur egun, edozein taldek Digipack modura CD bat argitara dezake, edo zuzeneko DVD bat oso baldintza txukunetan. Zabalpenerako ere eskura dauzkate sare sozialak, Bandcamp bezalako plataformak, Youtube… Kontrara, esango nuke gu hasi ginen belaunaldian musika mugimendua indartsuagoa zela. Erreferenteak argiago zeuden lehen: Esan Ozenki, Gor, Entzun aldizkaria… Gaur egun, hori erabat zabaldu da, eta oso musika estilo ezberdinak entzun daitezke euskaraz. Talde piloa dago, oso gauza interesgarriak eginez. Eta, era berean, nabari da jendearen aldetik gauza berriak ezagutzeko interes falta. Zuzenean ikusi ditut bi-urte barru erreferentzia handiak izatera iritsi daitezkeen musika taldeak. Haiek ikustera jende gutxi hurbiltzen da, ez dutelako taldea ezagutzen. Lehen, taldea ezagutu gabe ere zuzenean ikustera hurbiltzen ginen. Egun, hogeita hamar segundoko entzunaldia egiten dugu sarean eta taldeari buruzko ideia egiten dugu. Kaso askotan, aurreiritziak eramanda. Gauza berriak deskubritzeko interes falta hori nabaritzen dut, bai.
Proposamen bat, edo bi, edo hiru aipatzea eskatuko nizuke. Badakit ariketa zaila dela zuretzat.
Azokan izan garenez, standean salgai ipini ditugun lan batzuk aipatuko ditut. Ez pentsa, neu ere harritu egiten naiz ezagutzen ez ditudan disko eta talde askorekin. Proposamen interesgarri asko dago. Hartz taldea aipatuko nuke, Saia Goait mutrikuarrak, eta bakarlari piloa: Apalatxe, adibidez. Estilo berriak urratzen ere talde ugari dago. Urte gutxira, talde txiki asko talde handi bilakatuko da.
Bestalde, zeinen gustukoa dugun iraganera begiratzea. Nostalgiak duen pisua oraindik ere handia da. Irudikatzen dut Bap! edo Dut taldeen emanaldi berri bat iragartzen, eta zientoka sarrera salduz azkar batean.
Halaxe da, eta logikoa da, zentzu batean. Musika munduan murgildu nintzenean nire erreferenteak 80ko hamarkadako hasierako taldeak ziren. RIP, Hertzainak… horiek ziren nire gustuko taldeak. Era berean, talde berriak sortzen ari ziren inguruan: Dut, Ama Say, Beti Mugan… oso gauza onak egiten ari ziren, baina gu atzera begira geunden. Eta gero, konturatzen zara, denborarekin, ondoren sortutako taldeek zure belaunaldiko talde horiek guztiak aipatzen dituztela. Dut orain bogan dago argitaratu duten liburuaren harira, baina bere garaian ere ez zen jende asko mugiarazten zuen taldea. Bere ikusleak bazituzten, baina ez zen kopuru handia mugiarazten zutena.
Uste dut maiz atzera begira bizi garela, eta askotan ez garela jabetzen unean bertan gure ondoan gertatzen ari denaz. Elkarrizketan aipatu ditudan egungo hainbat talde hemendik hamar urtera erreferente izatera iritsiko dira. Sexty Sexers taldeak itzulera iragarri du, eta ondo dago horrelakoak gertatzea. Era berean, ondo legoke ikuspegia egungo taldeetan jartzea.
Ttap-en elkarrizketatzailea elkarrizketatua izatea lortu dugu. Hamaika telebistan ikusten zaitugu, aurkezle, eta gaur, beste rol batean jarri zaitugu. Kamera aurrean egotea zer-nolako esperientzia izaten ari da?
Musika arloko kazetaritza gertuko izan dut. Lagunek esaten didate ez nukeela jakingo gitarra edo baxua aipatzen ez den zerbaiti buruz idazten. Musika interesagatik nago hemen, eta interes hori zabaltzen saiatzen naiz. El Tubo aldizkarian, fanzineetan, Egin-en eta Gara-n, irratigintzan… kolaborazio asko egin ditut.
Teknologia berriek aukera berriak sortu dituzte. Hamaika telebistaren eskaintza harriduraz jaso nuen, modu txukunean eta jarraikortasun batekin lan egiteko eskaintza zelako. Edukien eta egingo genuenaren koordinatzaile izatea izan zen jarri nien baldintza. Betiko taldeak ateratzeko ez naiz pertsona egokia. Asmoa musika eszenaren erradiografia txukuna egitea zen, talde ezagun eta ezezagunei tartea eskainiz. Egiten ari garen lanarekin oso kontent nago, eta gerora begira ere oso dokumentazio polita geratuko da.
Zure asmoa bete-betean gauzatzen ari da.