Koldo Azkona: “Bernart Etxeparek amodio-bizitza desatsegina eduki zuen”

Linguae Vasconum Primitiae euskarazko lehen liburuaren egile mosen Bernart Etxeparek seme bat izan zuen. Hala deskubritu du Koldo Azkona musikariak. Gizarte langilea da ikasketaz eta euskara teknikaria lanbidez. Musika zaletasuna du eta musika zaletasun horrek eraman du bi urtez Bernart Etxepareren bizitza ikertzera, Nafarroako Artxibo Nagusian. Antzinako musika jotzen duen Danserie Ensemble taldearekin, Etxepareren testuak haren garaiko musika tresnekin eta moldeekin musikatu nahi zituzten, eta, hori egin ahal izateko dokumentazio bila hasita, Azkonak datu historiografiko berriekin egin zuen topo: mosen Etxeparek seme bat eduki zuen, seme hark ezkontzeko gorabehera handiak izan zituen, etxeparetarrak zerga-biltzaileak ziren, eta Nafarroako Erresumaren konkistak haiengan eragin kaltegarriak eduki zituen. Bernart Etxepare eta, hartara, haren lana, euskarazko lehen liburua, hobeki ulertzeko aukera ematen duten datuak, doike. Danserie Ensemblek Bernart Etxera 1545 disko-liburua jalgi berri du plazara, Pamiela argitaletxearen eskutik.

Lehenik eta behin, koka gaitezen: non gaude?

Ikus dezakezun bezala, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gaude. Hemen Nafarroako historiari buruzko dokumenturik inportanteenak, horietako gehienak, hemen gordeak daude. Eta hau nire bigarren etxea izan da, azken bi urteetan.

Zenbat ordu eman dituzu hemen azken 24 hilabete horietan?

Egunero hiruzpalau ordu bai, aise.

Etxepareren bizitzari buruzko datu berri eta garrantzitsuak topatu dituzu; lehena, politikari lotua, Nafarroako Erresumaren konkista kaltegarri izan zitzaiola.
Hala da. Zerga-biltzailea izatea tokatu zitzaion. Eta Donibane Garazin, hango apaizak aritzen ziren kartetan, eta jokoan eta halakoetan, eta Bernart Etxeparek ohitura haiek moztu egin zituen. Handik etsaiak egin zituen, beharbada.

Ez zen oso maitatua izanen.

Ez, ez.

Bizitza pribatuari dagokionez, seme bat eduki zuela deskubritu duzu; horrek izan du oihartzun handien.

Bai. Garai hartan, ez zen ezohiko apaizek semea edo alaba edukitzea. Zelibatua ez zegoen sobera zabaldua.

Trentoko kontzilioaren aurreko kontuak.
Hori da. Dena dela, garai hartan, Etxepareren bizitza hura ez zen sobera ongi ikusia. Hori ikusi dut dokumentu batean.

Gero sakonduko dugu horretan. Lehendabizi, argitu nahiko genuke nola iritsi zaren halako aurkikuntzak egitera. Euskara teknikaria, lanbidez; gizarte langilea, ikasketaz; zaletasun batek, musikazaletasunak, bultzatu zintuen lan historiografiko hori egitera, ezta?

Talde bat dugu, Danserie Ensemble. Aurten, zilarrezko ezteiak egin ditugu, 25 urte. Aspaldi sortu genuen taldea, antzinako musikaren eta euskal musikaren artean lotura egiteko.

Pizkundeko eta barrokoko musika jotzen duzue.

Bai, hori da. Horrexegatik, Etxepareren figura beti oso deigarria suertatu zait. Haren liburuan [Linguae Vasconum Primitiae], aitzin-solasean, argi erraten du liburu hura idatzi duela euskaldunok ongi pasatzeko zein solastatzeko, eta kantatzeko testuak zirela hark sortutakoak.

Eta testu haiek musikatzea erabaki zenuten.
Bai; gure ekarpenik handiena izan da hartu dugula jatorrizko testua eta garaiko musikarekin eman dugula. Garai haietan, nahiko ohikoa zen.

Hori egin duzue Bernart Etxepare 1545 disko-liburuan; kontua da lan hori egiteko Etxepareri buruzko dokumentazio bila hasi zinetelarik, nahi baino gutxiago aurkitu zenutela.

Pamiela argitaletxearekin disko-liburu formatua atera behar genuenez, liburuxkarako zer edo zer idatzi behar genuen. Etxepareren bizitzari buruzko datuak biltzen hasi, eta ikusi genuen bazela sorta bat, baina, artxiboa hemen genuenez eta ordurako jada ez nintzenez lanean ari, hau da, denbora banuenez hor sartzeko, ikertzen hasi nintzen.

Etxeparek seme bat eduki zuela jakiteak bere lana hobeki ulertzeko aukera ematen digu

Ez zara historialaria; nolakoak izan ziren hastapenak lan historiografiko horretan?
Ur hotzeko igerilekuan sartzea bezala izan zen. Botatzen duzu zeure burua, eta gero, moldatu egin behar. Hemen banuen lagun bat ikerlaria, eta horrek erraztu zidan hasierako momentuetan lana, ikertzen hastekoa. Hasieran ez nuen gauza handirik aurkitu Etxepareri buruz, eta garaiko musika ohiturei buruzko dokumentazioa bilatzen hasi nintzen. Hor ere hainbat gauza interesgarri lortu ditut. Baina, bitartean, Etxepareri buruzko bilaketak egiten nituen: Bernat Etxepare, Bernart Txaparre…

Aldaera guztiak.

Hori da. Gauzaren bat atera zen, gero beste bat…

Eta, halako batean, semea izan zuela aurkitu zenuen.
Egia esateko, hori azaltzen zen Etxepareri buruz esku artean izan nuen lehen dokumentuan. Joane Aranburu ezkontzen zela maese Bernart Etxeparerekin. Ezkontza zenez, pentsatu nuen hura ez zela Bernart Etxepare apeza eta idazlea; izan ere, garai haietan, homonimia handia zegoen: Bernart pila eta Etxepare dezente. Baina bigarren buelta bat eman nion. Dokumentua epaiketa bat da, 100 orrialdekoa; eta bigarren bat bada, 230 ingurukoa. Lehendabizikoan, hirugarren orrialdea zaharberritua zegoen, baina nahiko gaizki irakurtzen zen. Jartzen zuen: “Y se fueron a celebrar la boda a San Miguel y a la parroquia de Mosen Etxepare” (Eta ezkontza ospatzera joan ziren San Migelera eta mosen Etxerareren parrokiara). Mosen Etxepare gutxi egonen ziren; orduan, pentsatu nuen: hau pixka bat sakonago ikertu behar dut. Jarraitu nuen, eta bigarren dokumentuaren erdialdean deklarazio bat ikusi nuen. Epaiketak dira. Hainbat lekukoren deklarazioak datoz. Nahiko antzekoak dira. Baina, bat-batean, bilatzen ari nintzena aurkitu nuen. Agiri astunak badira ere, oso erne egon behar da. Artzain bati egin zioten galdeketa, eta esaten zuen: “Intentó disuadirle a Joana de Aranburu de que no se casará con maestre Bernart Etxepare porque era figo de clerigo” (Joana Aranburu Bernart Etxeparerekin ez ezkontzeko konbentzitzen saiatu zen, apaiz baten semea zelako).

Zer sentipen izan zenuen une hartan? Berehala jabetu zinen aurkikuntzaren garrantziaz?
Endorfina gorakada ederra. Oso bitxia. Istorio nahiko korapilatsua zen; garaian gertatzen ziren gauzak ateratzen dira.

Kontua da etxeparetarrek ezkontza hitzartua zutela, Bernart Etxepare semearen eta Joana Aranburukoaren artean, Joanak 12 urte zituela, ezta?
Bai, hitzartua zegoen, baina, aldez aurretik, Joana Aranburu hura hitzetan eta apaizik gabe, borda batean, Martin Mendikoaga izeneko beste gazte harekin ezkondu zen. Aranburutarrek jakin zutenean, Joana hartu eta giltzapetu egin zuten. Testu batean jartzen du: “La amenazaron de muerte y la maltrataron” (heriotza mehatxuak egin zizkioten eta tratu txarrak eragin zizkioten). Baina ez dakizu zenbateraino den egia eta zenbateraino gezurra, azken batean epaiketa bat baita. Edonola ere, azkenean, Bernart Etxepare semearen eta Joana Aranburukoaren arteko ezkontza egin zuten, normal-normal. Jende aunitz joan zen Donibane Garazira. Eta inskripzio politak azaltzen dira: izan zirela juglareak, danbolinak eta dantzak, mosen Bernart Etxeparek “perniles de tocino” (urdaiazpikoak) banatu zituela, 50 dukat gastatu zituztela… Nahiko gastu handia. Eta, halaber, jartzen du Bernart Etxeparek Joana Aranburukoa eskutik hartu zuela, “tratandola de hija y nuera” (alaba eta errain moduan tratatuz).

Topatu ditugun datuekin, argi geratzen da Etxeparek bere bizipenak idatzi zituela

Baina Joana ez zegoen horren gustura, hanka egin baitzuen, Berriozareraino.

Etxepare semeak Tolosako (Okzitania) unibertsitatean batxilergo gradu bat ikasi zuen. Ezkondu ondoren, Joanarekin Donibane Garazin bizi zen. Tolosara haren liburuen bila joan zen, ikasle nafar batzuekin. Eta itzuli zenean, ikusi zuen emaztea falta zela. Jakin zuen Martin hark Baigorriko Etxauziko bizkondearen semearekin eta beste bi morroirekin batera bahitu zutela Joana, eta Baigorriko Etxauzira eraman zutela, eta handik, pelikula bateko ihesaldi batean bezala, biak Lapurdi aldera joan zirela, eta handik Berriozarrera, Ezpeletako jaunak han zuen jauregira. Oraindik han dago, Alde Zaharrean. Pentsatzekoa da han jaun haren babesean egon zirela. Orduan, Etxeparek salaketa aurkeztu zuen, Nafarroako Gorteen aurrean.

Pelikula eman lezake, baina istorio hori guztia lagungarria da Bernart Etxepareren liburua hobeki ulertzeko; izan ere, bekatari moduan azaltzen zuen bere burua, eta, hori guztia ikusita, bistan da eskarmentu propioan oinarriturik egin zuela.

Orain dela ehun urte inguru, filologo batek hipotesi hori bota zuen, litekeena zela liburuan kontatzen zuena bere bizitza izatea, baina ez zegoen datu historikorik. Ni literario batean idatz zezakeen. Baina, datu horiekin, nik uste dut bizipenen liburu bat dela Linguae Vasconum Primitiae, haren bizipenak hortxe daudela, oso-oso errotuak. Alde batetik, erlijio zati horretan, arimaren salbazioarekiko kezka hori, nahiko didaktikoa, hark zituen helburu kateketiko horiekin. Eta gero, jada maitasunezko zati horretan, erraten duenean “nik ere izan ditut zenbait amore, baina ez dut hortik batere probetxurik atera”, haren bizipenak hor daude. Nik atzematen dut kulpa sentimendu bat, eta, beharbada, haren amodio-bizitza hori ez dela oso atsegina edo oso emankorra izan.

Ez duzu argitzerik izan nor izan zen semearen ama.
Ez da azaltzen. Seroraren figura agertzen zaizu, baina zehazki nor izan zen dokumentuetan ez da azaltzen. Aipatzen ditu alkatea, erretorea.. Baina ama ez da inon agertzen. Pena.

Lehen ere esan dugu Bernart Etxepare Nafarroako Erresumaren konkistaren garaian bizi izan zela, eta hura kaltegarria izan zitzaiola agerian uzten duten agiriak aurkitu dituzula.

XV. mendearen erdialdeko dokumentu batean agertzen da Bernart Etxepare izan zela Jon Beaumont jaunaren zerga-biltzailea. Haren aitatxia izan liteke. Hor pista bat dugu. Eta Bernart Etxepare Garaziko bikario zenean, Karlos V.ak zerga bat ezarri zuen, turkiarren aurkako gerra finantzatzeko. Nafarrek ez zuten ordaintzen. Eskumikatu zuen Iruñeko kabildo guztia. Eskumikatzen zuten jendea aise. Garazin tokatu zitzaion zerga hori kobratzea. Oso grafikoki jartzen du hartu zuela idazki hori, zerga kobratzekoa, eta jarri zuela buruaren gainean, men egiten ziotela irudikatzeko. Lagunik ez zuen eginen horren kontura.

Halaber, ikusi duzu konkistaren aurrean ez zuela egin argiki zirt edo zart.

Bere garaian kokatu behar dugu. Bat-batean, bi armadaren arteko borroka sortzen da, eta fideltasuna erakutsi behar duzu baten eta bestearen aurrean. Hori konplikatua da. Gainera, pertsona esanguratsu haiek fideltasuna zin egiten ez bazuten, beren bizitza eta ondasunak galtzen zituzten. Orduan, nola edo hala moldatu behar… Etxepare ibili zen bere lanpostuari edo ofizioari eutsi ahal izateko bi ur artean igerian. Horrela ibiltzeak, batzuetan, ondorio onik ez.

“Nafarroaren konkistan, Etxepare bi uren artean ibili zen, lanpostuari eutsi nahian”

Aurkikuntza historiografiko horiek ez ote dioten egin itzal handixkoa zuen diskoari, musikari. Etxepareren testuak bere garaiko musika tresnekin eta musika moldeekin musikatu nahi izan dituzue. Eta horien inguruko informazioa bilatu duzu artxiboan.

Musikari buruz apenas aurkitu dugun deus. Badakigu garai hartan bazegoela euskal kantutegi bat. Zenbait dokumentutan kantatzen zutela euskaraz, gitarrarekin. Baina ez zaigu deus ere heldu, ez bada Bereterretxen Kanthoria; agian, hori izaten ahal da zaharrena. XVI. mendekorik jada ez dago deus. Guk beste hautu bat egin genuen. Hartu genuen XVI. mendeko musika, Frantziakoa, Espainiakoa, Italiakoa, eta ikusi genuen nahiko ongi moldatzen zela hitzekin. Etxeparek erabiltzen duen metrika ongi uztartzen da…

Contrafactum esaten diozue horri?
Bai, contrafactum deitzen da teknika hori. Ongi moldatzen dira hitzak musikarekin, baita dantzarekin ere. Batzuetan, halako unitate berezi bat osatzen dute. Gainera, Kontrapas eta Sautrela bi dantzaren izenak dira. Kontrapasa, dantza bat baino gehiago, urrats baten izena zen garai hartan. Horrekin aritu gara. Esan digute garai haietan kontrapas asko dantzatzen zirela, baina guk bakarra topatu dugu, Italian, Contrapaso nuovo.

Nobleen dantza haietako batzuk egungo jauzien aurrekariak ei dira.
Nobleak eta herria beti elkarri begira zeuden. Batek zerbait sortzen zuenean, besteak hartu eta bere modura ematen zuen. Nobleek beti ikusten zuten herritar xumeek oso ongi pasatzen zutela, libertitzen zirela, eta, orduan, handik ere hartzen zuten. Alde horretatik, XVI. mendea oso mende interesgarria da. Frantzian branlea sortu zen, eta branlea jauzien arbasoa da. Bi dantza, bi branle aurkitu ditugu, kate-begi galduak izan litezkeenak. Bata branle bat da, eta musika aldetik jauzien oso antzekoa da. Estruktura luzeak ditu, jauziek bezala.

Lehenago ere ikertua zenuten XI mendeko musika; horretan oinarriturik, 1512ko konkistaren mendeurrenean, diskoa plazaratu zenuten, Aspaldiko negarra, garaiko musikarekin.
Lachrimae Antiquae. Gure helburua izan zen konkistako pasarteak musikan ematea. Kronograma bat egin genuen, pasarterik esanguratsuenekin, eta bakoitzari musika bat jarri genion. Lokuzio batzuk ere grabatu genituen, garaiko testuekin. Polita gelditu zen. Hori izan zen Pamielarekin egin genuen lehen lankidetza. Hau izan da bigarrena, formatu berean.

Edu Lartzangurenek orduan Berria-n egin zizuen elkarrizketa ikusi dut. Kexu azaltzen zineten, konkista aipatzen zenutenez, Nafarroa Garaiko erakunde guztiek bizkarra eman zizuetelako. Orain, berriz, Euskaltzaindiarekin, Nafarroako Gobernuarekin, Nafarroako Parlamentuarekin eta Iruñeko Udalarekin elkarlanean aritu zarete.
Gorabehera politikoak izaten dira. Horrek, batzuetan, gauzak zaildu egiten ditu, eta, beste batzuetan, errazten. Nafarroaren konkistari buruzko horrekin ez zen izan aurkezpen-kontzertua egiteko modurik. Ia ezkutatu egin behar izan genuen, Nafarroako Margarita aipatuz. Hala egin genuen kontzertua, kamuflaturik. Orain, barregarria ematen du. Honako honetan, oso gai argitsua da, aiseago izan da dena.

Etxepareren inguruko disko-liburuaren ondotik beste liburu bat prestatzen ari zarela irakurri dut hor nonbait; egia al da?
Bai; azken batean, informazio pilo bat atera dut artxibotik. Eta, gainera, bere testuinguruan jarri nahiko nuke: Etxepare noiz bizitu zen, garai hartan zer gertatu zen. Disko-liburu honetarako dena dezente laburtu behar izan dut, eta helburua da datorren urtean liburu batean zabalxeago azaltzea dena. Gainera, Etxepareren liburuaren 480. urteurrena izanen da. Erakusketa bat egiteko aukera ere hor dago. Kontzertuak eta hitzaldiak ere egin nahi ditugu.