Koldo Almandoz: “Nire uste apaletan, ‘Oreina’ film klasikoa da”

Oreina filmak aurtengo Donostiako Zinemaldian bertako ekoizpen onenaren Irizar saria eskuratu du. Koldo Almandoz zuzendariak giza harremanen konplexutasunean sakontzen du, egunerokoa pantailara eramanez. Gako askoren artean bi: maitasuna eta literatura.

Zinemaldiko bertako ekoizpenen aurkezpenean erakunde bateko ordezkariak Oreina film txikia bezala deskribatu zuen. Baina zergatik behar du izan zureak film txikia? Filma da, bere osotasunean.

Handiaren munduan bizi garenez, akaso, dena Handia-rekin konparatzen dugu. Orduan, Handia ez dena txikia da. Goya sariak jasotzen ez dituen oro txikia da, baina niri ez zait batere inporta. Txikia iruditzen bazaie, ni txikitasun horretan gustura nago. Film laburrak egindakoa naiz; ezohikoak diren film laburrak, gainera. Zinemaren inguruan dabilen jende askok zinemaz batere ez dakiela ere erakusten dute beren hitzek. Zinemaldiak Zuzendari Berrien saila aurkeztu zuenean, Kutxako bozeramaileak gure saila definitu zuen “nobatoen” film atala bezala. Horrekin guztia esanda dago.

Udan irrati kate batean eskaini zenuen elkarrizketan, zure asmoa zein zen adierazi zenuen: zinema aretotik atera, eta bizitza bera aurrera doala nabaritu dezala ikusleak.

Nobuhiro Suwa zuzendari japoniarrari entzun nion, gauza interesgarri askoren artean, geroz eta gehiago zinema garaikidea ezohiko diren gauza horietan dabilela. Bat-batean, egunerokoaz, pertsona arruntez, ez dela filmik existitzen. Eta hori baino okerragoa dena: hori egiten denean ere interesik ez dutela pizten. Mizoguchi, Naruse… Japonian egin izan dituzten lanetan ere jende normalaren historiak kontatzen dira, eta historia normal horiek izan ohi dira mamitsuenak. Azkenean, ikusleria ere halakoa delako.

Filma egiteko garaian nire helburuetako bat hori izan da. Filma ikustean bizitza ez dela eten sentitu behar du ikusleak. Ez doala zinema aretora ordu eta erdian bizitza etetera, eta berriro bizitzari aurre egitera. Bizitzaren ibaiak aurrera jarraitu duela. Finean, pantailan ikusi duen hori sinesgarri egin zaiola.

Bizitzak aurrera segitzen du, bere konplexutasunean. Neronek ukitu sozialak antzeman nituen eta uste dut ez duzula definizio hori oso gogoko. Giza harremanei buruzko filma da, bere gordintasunean eta baita bere edertasunean ere.

Zinema sozialarekin izan dudan arazoa ez da izaera soziala. Nik uste dut zinema oro dela soziala eta politikoa. Arazoa gehiago daukat zinema sozial panfletarioarekin. Oreina-rekin hori hausten saiatu naiz. Ez zaidana gustatzen da pelikula batean jendarmea oso gaiztoa izatea eta, adibidez, etorkina oso tipo zintzoa izatea eta etorkinari laguntzen diotenek inolako arazorik ez izatea. Oreina-n pertsonaia orok badute elkartasuna adierazteko gaitasuna eta baita, adibidez, homofoboa izateko ere. Iruditzen zait bizitza ere halakoa dela. Eta une jakin batzuetan. Ez dugu beti modu berean jokatzen. Eta etorkina izateagatik ez dugu horrelako penarik sentitu beharrik. Zineman klixe jakinak azpimarratzera jotzen da. Neronek filmean giza harreman horiek modu errealean adierazi nahi nituen, batzuetan drama erantsiz eta beste batzuetan ironia apur batekin.

Esan, gutxi esaten da. Iradoki, gauza asko iradokitzen dira. Oreina ikusita niri burutapen asko etorri zitzaizkidan, eta hainbat hitz. Horietako lehena bakartasuna. Bakarrik eta bakartuta daude pertsonaia guztiak. Eta kasu gehienetan, arrazoi ezberdinengatik, halabeharrez. Baina bilaketa bat badago. Bietatik dago.

Solasaldi handirik ez duen filma da; neu, behintzat, banaiz gutxiago esan eta gehiago egin filosofiakoa. Bizitzan, eta baita idatzi ditudan pertsonaien kasuan ere, gauzak egiten dituzte, baina ez dute zertan egiten duten hori esan. Zinemaren arazo edo gaitzetakoa baita gauzak gehiegi azpimarratu eta den-dena azaldu behar izatea. Hau da, irudian ikusten duguna hitzez azpimarratuta eta musika gehituta, dena borobiltzea. Ikusle bezala, niri, horrek guztiak traba egiten dit.

Magiarekin, ilusioarekin alderatuko nuke nik. Jakin badakizu trikimailuak daudela, eta nola egiten den ez dakizun bitartean gozatzen duzu. Ordea, trukoa ikusten duzun unean ezinezkoa da horretaz gozatzea. Zineman hori askotan gertatzen zait. Niri gustatzen zaidan zinemak misterioa izan behar du. Eta misterio horretan gakoa da dena ez jakitea. Oso ohituta gaude zineman dena oso modu narratiboan adieraztera eta guzti-guztia azaldu behar izatera. Ikusleak dena ulertu behar duen sentsazioa lortu nahi izaten da. Nire ustez, hori hanka-sartze bat da. Den-dena ez jakitea garrantzitsuagoa da.

Horren harira, puzzle modukoa da Oreina? Ikusleak pieza ezberdinak osatu behar baititu.

Bai, hori da. Gertaera ezberdinak izaten dira eta apurka-apurka pertsonaia horiek deskubritzen goaz. Bi protagonistak anaiak direla deskubritzen goaz, eta hori guztia modu naturalean. Zuk esan duzun modu horretan, gainera. Film askotan elipsia egingo genukeen tokian, guk hori kontatzea erabaki dugu. Esaterako, motorrean agertzen diren joan-etorriak. Oso baliagarria da joan-etorri horien bitartez institutua, industrialdea eta ibaiaren inguruak erakusteko. Une horietan ere kontaketa dago.

Bakartasuna hitza etorri zitzaidan, eta bestea maitasuna. Gakoetako bat dela esango nuke. Atzo eta gaur, padura horretan murgiltzen direnen pertsonaien baitan maitasuna faro modukoa da.

Hori entzuteak asko pozten nau! Nire uste apalean, oso pelikula klasikoa da. Maitasunaz eta maitasunik ezaz hitz egiten du, adiskidetasunaz eta mendekuaz hitz egiten du, elkartasunaz… Baina maitasunak oso presentzia nabarmena du. Pertsonaia bakoitzak maitatzeko modu bat du. Batek badu iraganeko maitasun bat, eta kartzelan egoteagatik desio hori ez zen bete.

Beste pertsonaiak ez du bere sexualitatea guztiz onartzen. Protagonista gazteak pertsona bat maite du, baina badaki pertsona horrek ez diola modu berean erantzungo, gizarte mailako beste elementu batzuk tarteko.

Maitasuna gakoetako bat da; bitxia da, zeren eta normalean ez didate hori aipatzen eta, niretzat, maitasuna filmean oso presente dago. Nahiz eta margotuta baino gehiago, zirriborratuta agertu.

Sexualitateaz zenbat galdera egingo dizkizute promozio kanpaina honetan?

Sexuaz baino gehiago, generoaz galdetu didate. Generoarena egungo gaia da, ondo deritzot garai hauetan horri buruz galdera egiteari, baina iruditzen zait dianan jotzen ez dugula asmatzen.

Sexua agertzen baita filmean. Sexu harreman motaren arabera, harreman bat etxean gertatzen da. Bestea hirian eta ezkutuan, eta hori ere trakets samar.

Bai, eta galdetu didate horietako harreman batean emakumea orgasmora iristen dela eta gizonezkoa ez. Eta hori galdetu zidatenean, neronek ere ez nekien zer erantzun. Genero ikuspegitik, hori ona edo txarra al da?


“Literaturan gogoko dugun hori ez dugu topatzen zineman”

Filma alde horretatik ere oso errealista da. Traman badaude beste elementu batzuk, baina harreman homosexuala oraindik ere bazterrean dagoen zerbait bezala agertzen da. Hori errealitatean ere horrela da.

Bai, eta pertsonaia hori intelektualena da. Unibertsitatean egon dena. Aipatu dizudan bezala, klixera jo ohi dugu. Iruditzen zaigu nekazaritza mundua erabat itxia dela, eta hiria oso bestelakoa. Filma pertsona zehatzen ingurukoa da, kolektiboena baino gehiago. Pertsona bakoitzak bere sexualitatea, maitasuna oso modu intimoan bizi ditu. Bakoitza bere frustrazio, desio eta gogoekin bizi da.

Ez dira nire pentsamendua edo ideologiaren parte. Guztiek daukate nire ideologiaren zati bat, eta nik gorroto ditudan gauza asko ere bai. Horregatik da, hain zuzen, film bat.

Harritu egiten zaitu genero ikuspegiko galderak egiteak?

Bai. Baina ez galdera egiteak, edo gaiak. Harritzen nauena da orokorrean maila eskasa dugula horrelako gauzak planteatzen ditugunean. Klixera jotzen dugu, beste behin ere. Titular bati edo txio bati erreparatzeko joera dago. Horrek ez du zentzurik. Eta, aldiz, garrantzia duten gauza askok ez dute behar luketen oihartzunik.

Klixeak aipatu ditugu, eta orain, txantxa txiki bat egitera ausartuko naiz. Zure filmean bada eszena bat zinemarik komertzialenean topikoa dena. Egoera zail batetik irteteko pertsonaiak ihes egitea erabakitzen du. Euripean eta aterkirik gabe, korrika doala goitik behera bustitzen da protagonista.

Izan daiteke. Hor ditugu promozioaren bertsio ofiziala eta errealitatea. Nire ustez, errealitatean, pelikula osoa ez da borobila. Badira zati batzuk asko gustatzen zaizkidanak eta beste batzuekin ez naiz oso gustura geratu. Ez dut esango zein den zein. Badaude topikoak edo klixeak izan daitezkeenak hainbat eduki, pertsona edo egoeratan. Batzuetan, horiek ekiditen saiatzen zara. Adibidez, neuk gidoia idatzi nuenean, guarda gizonezkoa zen. Nik horrela irudikatzen ditudalako. Eta, bat-batean, Marian Fernandez ekoizleak basozaina emakumea izatea ea pentsatu ote nuen galdetu zidan. Bada, egia da, erantzun nion. Ikuspegia aldatuko zuen zertxobait, baina ez hegemonia kontuagatik. Gaur egun, eta datu zehatzak jakin gabe, biologia ikasten ari diren ehuneko portzentaje handia emakumezkoa da eta horietako askok etorkizunean horrelako lanbideak topatuko dituzte.

Batzuetan, topikoei ihes egiten diezu, eta, beste batzuetan, ezinezkoa zaizulako edota ikusleari helduleku batzuk eman nahi dizkiozulako, oreka horretan batzuetan topikoetara jotzen duzu eta beste batzuetan ez.

Filma egiterakoan ez zara konturatzen, norbaitek ikusi eta gero aipatzen dizun arte. Eta, bai, izan daiteke.

Traman, Khalil gaztea filmaren motorra dela esango nuke. Ez dakit horixe zen zure asmoa edo ez, baina garrantzi handia duela esango nuke. Eta beraren bitartez gizarte garaikidearen baitan dauden gaitz ezberdinak antzeman daitezke. Khalilek, esaterako, birritan mespretxua jasotzen du bere arrazaren kolorea dela medio. Horri lotuta, zenbateraino garen gizarte klasista agertzen da. Gazteek, esaterako, plazer ezkutuak nahieran egin ditzakete, baina, ahal dela, abizen euskalduneko bikote jatorrarekin ibiliko gara BMW batean, gure aitak oniritzia emango diolako.

Bai, horixe da gutaz espero dena. Askotan, horren kontra borrokatzea zaila da. Filmean, batez ere, pertsonaiak ez epaitzen ahalegindu naiz. Erreparatzen badiozu, Khaliri pare bat momentutan gazteleraz zuzentzen zaizkio. Oraindik orain, Khalilek bezalako pertsona batek ezin duela euskaraz egin barneratuta daukagulako. Honi lotuta, promozio kanpainan gaudenez, argazki saioa egitera joan ginen kazetari batekin. Han zegoen argazkilaria, ez zuen Oreina ikusi, eta Lauladi (Khalil filmean) galdetu zion: “Baina zuk euskaraz ba al dakizu?”. Eta garrantzitsua zen, niretzat, film honetan Jose Ramon (Patxi Bisquert) bezalako pertsonaia kopetilun, marmartia eta izaera kontuan negatibotzat ditugun aldaera asko dituenak elkartasuna adieraztea, eta baita Khalilen aita ponteko modukoa izatea. Horrelako jendea ezagutu dut, eta uste dut neurri handi batean gutako asko antzeko garela. Niretzat, garrantzitsua zen esandako hori guztia pelikulan sumatu zedin. Zure galderari erantzunez, hasiera batean, gidoia idazten hasi nintzenean, filmak etxe berean bizi ziren bi anaiaren ingurukoa zen. Elkarri hitzik ez zioten egiten, eta bazuen drama kutsu sakonagoa eta baita komedia kutsu sakonagoa. Khalil bigarren mailako protagonista sortu nuen, bien arteko zubi izango zena. Baina, bat-batean, idazkeran, filmaketan eta muntaian, Khalil gero eta gehiago interesatzen zitzaidan. Hori delako orainaldia, eta etorkizuna. Beste bi pertsonaiak interesatzen zaizkit, baina haiek jada beren bizitza egin dute. Bizi izan direnez, iragana dira.

Elkarrizketaren hasierara itzuliz, aipatu dugu filma ikusita ikusleak bizitza aurrera doala nabaritu behar duela. Filmean oreina ez dago salgai, baina azkenean…

Ikusleak ez du zertan dena ulertu, eta horretan hezi behar zaiola iruditzen zait. Amaiera horretan, nire ustean, badago pertsonaia batendako garrantzitsua izan den zerbait. Baina pertsonaia hori desagertzen denean, objektu horrek, bat-batean, duen balio guztia galtzen du. Hori, bestalde, errealitatean gertatu da amona, osaba edo aita hil denean.

Euskal literaturari, gutxienez, bi keinu eder egiten dizkiozu. Oreina ikusi ez duenarentzat hortxe utziko dugu aipamena, gehiegi zehaztu gabe. Filma ikusita, eta zure zinemaz ari garelarik, ez dugu “euskal zinemaz” hitz egin. Beharrik ere ez dut ikusten elkarrizketa honetan.

Eskertzen dizut eta uste dut ondo dagoela filmaz hitz egiten ari garela literaturaz hitz egiten amaitzea. Badudalako irudipen bat: literaturan gogoko dugun hori ez dugula topatzen zineman. Filmean, aipagai dituzun bi idazle eta liburuez gain, Pello Lizarralderen kutsuko pelikula dela iruditzen zait. Ez dakigu pertsonaiak nondik datozen, nora doazen,… baina hari buruzko detailerik txikienari ere erreparatzen diogu. Literaturan gogoko dugun hori zineman ez dugu topatzen. Badirudi zineman entretenimendua bilatu behar dugula, pentsatzea uzteari… Den-dena irensteko moduan. Niretzat, garrantzitsua litzateke zinema literaturara edo musikara gerturatzea. Bideak zabaltzeko ohitura hori sortzaileengandik eta ikusleengandik etor dadila. Molde ezberdinak daude, eta aniztasun horretan dago aberastasuna.