Klaudio Landa: “Berriro irratian aritzeko gogo handia daukat”
Euskal Telebistako aurpegi ezaguna da, 24 urte daramatza telebistan eta halaxe jarraitzen du gaur egun ere. Erronka berriarekin hasi du ikasturtea; alegia, Egunak egun du late night-arekin. Pribilegiatutzat dauka bere burua telebistak eman dizkion aukerengatik. Maite du bere lana.
ANA GOITIA: Bueno, Klaudio Landa…
KLAUDIO LANDA: Anatxu Goitia! Anatxu Goitia!
Zenbat urte telebistan? 24 urte edo? Hortxe inguruan…
Ba, izango dira. Galdetzen didatenean zenbat urte… idearik ere ez.
Klaro, ez zara hasten kontatzen.
Ez, ez naiz hasten, eta, gainera, datetarako-eta oso txarra naiz… Ez ditut gogoratzen. Urtebetetzeak ere ez ditut gogoratzen… Zeure urtebetetzia noiz da, ba? Nirea dakit eta justu-justu. Once del once. Azaroak 11. San Martin egunean. Eta bueno, noiz hasi nintzen, ideiarik ez…
Neuk esango dizut, 95ean.
Hara! Baina, klaro, telebistan. Klaro, irratian hasi nintzen, hau da, lehenago irratian hasi nintzen. Bekadun Radio Euskadin.
Bai? Nik gogoratzen zaitut Gaztea-n.
Bueno, barkatu, bekadun Euskadi Irratian, informatiboetan egon nintzen. Hasi nintzenean, gozada bat izan zen, oin gogoratzen dut. Euskadi Irratia zegoen Donostian, Handia kalean. Izugarrizko eraikin batean, Kontxaren aurrean, eta hasi nintzenean han egiten genuen lan. Eta klaro, nik Donostia ez nuen asko ezagutzen…
Eakoa izanda…
Bai… Bueno Eakoa familia, baina beti bizi izan naiz Bilbon.
Bilbon bizi izan zara beti?
Bai. Jaio nintzenerako, nire familia Eatik Bilbora joan zen, bai ama eta anaia guztiak Bilbon bizi ziren. Eara, joaten nintzen.
Asteburuetan.
Asteburuetan, Gabonetan, jaietan…. Eta Donostiara etorri nintzenean… klaro eta Donostia ezagutzea…
Donostia zoragarria da eta.
Bilbotar batentzat edo bizkaitar batentzat Donostira etortzea zen… Eta, gainera, irratia oso oso polita zen. Ze dena zen kristalera bat eta aurrean neukan marko konparaezina, badakizu, Kontxa, La Concha. Eta Euskadi Irratian informatiboetan egon ondoren, berehala, ordezkapenak egitera Radio Euskadira. Hau da, euskaraz hasi nintzen eta gaztelerara pasatu nintzen, Radio Euskadira.
Baina ni Gaztea-n zeundela gogoratzen naiz, Prime Time.
Joe, gogoratzen zara?
Jakina! Gogoratzen naizela… makina bat dei egiten nituen abestiak eskatzeko.
Bueno, ba, hori. Euskadi Irratian, informatiboetan. Gero, Radio Euskadin Informatiboetan eta Euskadi Gaztean, hala zen lehen Edurne Ormazabalekin, garai haietan.
Bai, Euskadi Gaztea zen.
Euskadi Gazteko zuzendariek esan zidaten: “Klaudio, zergatik ez duzu…” Eta orduan hasi nintzen, lehenengoz, irrati formula egiten, hau da, musika ipintzen, eta abar… Asteburuetan. Eta hura egin eta Edurnek esan zidan, zergatitk ez duzu programa bat egiten? Eta Prime Time! Bai. Eta Prime Time-n urteak egon ginen. Eta han nintzela telebistakoa atera zitzaidan.
Irratia gustatzen zaizu?
Asko. Eta gauza bat esango dizut, berriz irratia egiteko gogoa daukat.
Ba, hamendik eskatu saioko bat irratian.
Nahi dauenak, mesedez, irratian saiotxo bat… Klaudio, uhinetan.
Gogoratzen duzu telebistan lehenengo aldia?
Bai, eta gogoratzen dut, zeren duela gutxi, Gure Kasa-koek erakutsi zidaten. Julenek eta Anttonek, nire lehenengo agerpena jarri zidaten. Izan zen Iñaki Beraetxerekin, Arralde saioan.
Gogoratzen duzu eguna nolakoa izan zen? Ni nire lehenengo egunean oso urduri egon nintzen. Zu han ere lasai, ezta?
Bueno, lasai, ez dakit lasaia naizen, baina…
Ez zara lasaia.
Ez. Baina… halako izakera daukat. Ni izatez lasaia naiz, baina esan nahi dut… Lehengo eguna ez dut gogoratzen, gogoratzen ditut hasierako momentuak. Bada, Iñaki Beraetxerekin eta oso ondo pasatzen genuela… Niretako, telebista jolas bat zen.
Zuk betidanik, txikitxatik, eduki duzu gogo hori telebistarako?
Bai. Txikia nintzela, gogoratzen dut. Ean, kuadrillako lagunak elkartzen ginela eta ni beti aurkezlea. Bai, gogoratzen dut, garai haietan, Un, dos, tres zegoen, eta niri gustatzen zitzaidan.
Mayra Gomez Kempt.
Orduan ni nintzen Mayra Gomez Kempt bizkaitarra eta saioa egiten nuen. Garai haietan Krispulo izeneko katu bat neukan, eta koitadua, bera zen nire audientzia. Berari egiten nion saioa. Telebistarena argi izan dut, bueno, argi. Gustatu egiten zait telebista, alde batetik, espektakulua gustatzen zaidalako, antzerkia egitea. Antzerkia ikasten ere egon nintzen Mariri Bilbao Goioagarekin Bilbon, hiru urtez. Akademia moduko bat zeukan.
Hiru urte.
Bai, eta orduan konturatu nintzen antzerkia egiteko eta aktore izateko lan handia egin behar dela. Jendeak pentsatzen du edo jende askok pentsako du aktore lana berez ateratzen den gauza bat dela, ezta? Bada, teknika asko ikasi behar da, oso zaila da.
Zaila bai, eta gidoia ere ondo ikasita izan behar…
Bai, bai. Eta gerora konturau naiz; izan ere, aukera izan dut aktore lanak ere egiteko; Benta Berri telesaila egin nuen. Autista Bazterretxe izeneko pertsonaia egin nuen. Eta Ramon Agirre eta Ane Gabarain zeuden. Eta haiekin konturatu nintzen ez dela tontakeria bat. Ez, ez, ez… behintzat, nik nire burua ez dut ikusten aktore bezala. Batez ere, errespetua diodalako profesioari eta profesionalei.
Aurkezle izatea ere ez da erraza; zuri, erraza egingo zaizu, agian. Eta ona izatea, eta zure moduan hainbeste urtez, pantailan egotea, ez da batere erraza. Eta gaur egun gutxiago.
Bizitzan gauza errazak, gutxi. Horretan ere zortea izan dut. Bueno, lan egin behar da.
Balio ere egin behar da eta zuk asko balio duzu.
Baina lan ere egin behar da.
Asko, jakina.
Gauza bat esango dizut, Ana. Bizitza da etengabeko ikasketa. Gaur ere ikasten ari naiz, orain momentuan ere gauzak ikasten ari naiz. Hortaz, gauzak ikasten zoazela, konturatzen zara, ba, bueno, horretarako gaudela. Orduan, aurkezle izatearena, ba, batez ere, profesioak egiten dizuna izaten da tablak emon.
Urte asko daramazu telebistan. Askotariko saioak egin dituzu. Badago ezer ezin duzunik egin?
Seguru! Jakina!
Ez dakit, ba…
Bueno, gauza bat da egitea eta beste bat, ondo egitea.
Primeran egiten duzu.
Batzuek hobeto egiten dute, inongo zalantzarik gabe. Kontua da, lehen esandako moduan, ikastea. Niri, gustatzen zait telebista medio bezala eta lan egiteko ere bai, eta, orduan, hor konturaten zara, ba, gauzak ikasten dituzula. Begira, gauza bat esango dizut, telebista talde-lana da, jende askok parte hartzen du saio bat egiteko eta gustatu egin zait; ez da bakarrik aurkezlearen lana, aurkeztea, gidoiak ikastea, eta abar. Inguruan dituzun bai langile teknikoak, makillajea, argiztapena… oso inportantea da. Bestetik, audioak, mikroak… hori guztia ikasi egin behar da profesional ona izateko; telebistan nik uste dut hori ere ikasi egin behar dela. Eta hori egunero ikasten da, zeren, gainera, teknika aldetik ere, aldaketa handia egon da telebistan. Eta aldaketa teknologikoak baldintzatzen du, asko, aurkezlearen lana. Horregatik, inportantea da alde teknikoa ere, zeren batzuek pentsatzen dute aurkezlearen lana dela makillatu, jantzi eta kamera aurrean ipintzea. Eta nik uste dut ikuspegi globala inportantea dela norbere lana ondo egiteko.
Gauza asko egin dituzula esan dugu. Baina bada zerbait egiteke duzuna?
Ez. Zortea daukat, zeren lan egiteko aukerak agertu dira. Orain momentuan, esate baterako, zuk ondo ezagutzen duzun Egunak egin du saio zoragarri hori egiteko aukera atera zait. Bueno, arratsaldekoa utzita, eta hori atera da. Pribilegiatu bat naiz, ze hori egiteko aukera eman didate. Hortaz, zer egingo nukeen galdetzen didazu eta ez daukat ezer… telebista telebista da… estilo bakoitza ezberdina da, baina denak gustatzen zaizkit. Eta, igual, batzuk beste batzuk baino hobeto egingo ditut, baina saiatu, behintzat, edo saiakera egingo dut eta ikasi..
“Ez daukat sare sozialik, nire intimitatea asko zaintzen dut”
Zatoz arratsaldeetako saio oso serio batetik, aktualitatea, politika… Eta orain, bat-batean, buelta eman eta ganberrada totala. Ze erregistro gustatzen zaizu gehiago?
Ezberdinak dira… Arratsaldeko saioan 8 urtean jende asko ezagutu dut eta alde horretatik oso interesgarria izan da, ze oso jende interesgarria egon da. Eta eurekin mantentzen dut harremana. Zeren niretakko inportantea da harreman pertsonala. Nik uste dut profesionaltasun edo atal profesionalaz aparte, pertsonak garela, eta nik asko baloratzen dut hori. Eta orain, bada, zu ezagutzeko edo beste pertsona batzuk ezagutzeko aukera daukat. Ezberdinak dira. Zeinekin gelditzen naizen? Momentuaren arabera.
Urte hauetan gogoratzen duzun une onen bat?
Telebistan? Profesionalki? Ez naiz oso nostalgikoa…
Egongo da…
Telebistarekin zerikusia duena eta duela egun batzuk izan dudana izan da, esate baterako, orain burura etorri zaidana. Zortzi urtean arratsaldeko programa egiten, pasatu dira kontertulio pila bat, eta, amaitu nuenean, ba, bueno, agurtu nituen nirekin egon ziren lankideak, eta, halako batean, Gorka Landaburuk bidali zidan handik egun batzuetara mezu bat esanez: “Klaudio, kontertulio askok eskatu didate bazkari bat egitea zurekin”. Eta egin genuen.
Bazkaria egin zenuten hainbeste kolaboratzailek?
Egin genuen, orain dela egun batzuk, Zarauzko sagardotegi batean. Eta nik pentsatu nuen, zortzi urtean jende asko pasa da, eta azken boladako kolaboratzaileak etorriko dira… Gorka Landaburu eta beste lau edo bost espero nituen. Ba, 45 batu ginen…
45 kolaboratzaile? Ze sorpresa!
Bai bai, gozada bat… Momentu on bat izan da niretzako, kristorena! Batzuk ezin izango zirela etorri uste nuen. Adibidez, Josebe Iturrioz, orain gauetan dago. Ainhoa Goikoetxea, Garbiñe Biurrun, Gorka Landaburu, Iñaki Anasagasti, Arkaitz Fullaondo… Aspaldiko jendea ere, eta denak etorri ziren. Niri, ez zaizkit agurrak gustatzen. Eta, egia esateko, ez da agur bat izan, oraindik ere elkar ikusten dugulako. Baina polita izan zen, eta abestu genuen eta sagardo pila edan genuen. Nik haiei diedan maitasuna eta errespetua transmititzeko aukera izan zen. Egun zoragarria.
Klaudio, esan dugu asko aldatu dela telebista. Ez bakarrik teknologikoki; lehen, programek gehiago irauten zuten, lehiakortasuna handiagoa da gaur egun. Nola ikusten duzu bilakaera hori?
Nik uste dut bilakaera teknologikoak kontsumoa erabat baldintzatzen duela. Lehen, jendea telebista aurrean eseritzen zen. Oraindik badago hori egiten duena, baina, gaur egun, smartphoneak, tabletak… ditugu. Eta horrek asko baldintzatu du kontsumoa, eta kontsumo horrek produktua ere asko baldintzatu du. Orain, esaterako, telesailen boom-a dago. Plataformak daude, eta produktuak saltzen dituzte, eta kontsumoa gero eta handiagoa izaten ari da. Ez dakit telebista gailu moduan desagertuko den, hau da, egongelan dugun gailu hori, baina garrantzia galtzen doa.
Lehen, bazen familia elkartzeko leku bat…
Orain, gero eta gutxiago. Denbora gehiago pasatzen du beltzean telebistako pantailak, piztuta baino. Lehen, epizentroa zen. Gazteek, adibidez, orain, mugikorrean ikusten dituzte ikus-entzunezkoak. Horrekin, gure harremanak eta gure bizimodua aldatzen ari da.
Zu ez zara sare sozialen laguna, ezta?
Nik errespetatzen ditut, eta norberak egin dezake nahi duena. Nik ez dut sare sozialik. Profesionalki, albisteak jarraitzeko edo lan egiteko garrantzitsuak dira.
Leku askotara heltzen zara, jende askorengana…
Baina, batez ere, informazioa jasotzeko. Nik nire informazioa ez dut igotzen sare sozialetara. Baina hori nik hartu dudan erabaki pertsonala da. Nik argi ikusten dut eta igarri egin dut, bueno, igarri, betidanik baloratu egin dut nire bizitza pertsonala eta nire intimitatea. Eta nire bizitza pertsonala eta nire intimitatea da, nire familia, nire lagunak eta nire ondoan dagoena. Hori, niretzat, altxorra da eta uste dut jendeak hori ere kontuan hartu beharko lukeela. Zertaz konturatu naizen? Telebistan lan egin dudanetik, batez ere, jada urteak daramatzazula, pertsonaia publikoa edo ezaguna egiten zarela, eta alde pribatu eta intimo hori erakustea zure aukera da. Nik gorde egin nahi dut. Orduan, ez dut publikatuko nire bizitzan egiten dudana. Hori nire aukera da. Errespetatzen ditut egiten dutenak, aizu, askatasun osoz, gainera.
Zure intimitatea gustaten zaizu hor edukitzea eta ez duzu nahi azaleratu.
Bai, esate baterako, niri, kalean eta lagunekin, jendea ezagutzea gustatzen zait, baina, adibidez, lehen aipatu dizudan sagardotegiko bazkaria. Hor egon ginen berrogeitik gora lagun. Pertsona publikoak dira, hau da, telebistan ezagunak. Batzuk hasi ziren bideoak grabatzen, eta hori, niretzat, ez zen ekitaldi publiko bat.
Hau da nire bizitza pribatua eta mesedez esan nien sareetan ez konpartitzeko. Hori da nire planteamendua, baina da nire aukera pertsonala. Gero, bakoitzak egin dezala nahi duena.
Zu, Klaudio, ezaguna zara… Zu kalean bazoaz, hemen Euskal herrian, edonork ezagutzen zaitu. Zelan daramazu hori?
Normalean, jendea oso atsegina da. Beti egongo da baten bat… Baina bueno. Normalean, esaten dena, %99, oso jende atsegina izaten dela eta ez dut problemarik argazki bat atera behar badugu edo norbaitekin hitz egiteko. Gertatzen dena da pribatutasun edo anonimotasun hori, nolabait, galdu egiten duzula. Eta hori faltan igartzen dut. Irtenbidea beste leku batera joatea izaten da.
Gainera zuk, badakit, ez duzula esaten sekula oporretan nora zoazen.
Esaten diot nire ondoan dagoenari, bestela bakarrik joango nintzateke eta. Kar, kar, kar. Baina ez dut esaten. Euskal Herria zoragarria da, baina Euskal Herria da. Hemendik kanpora joan eta beste hiri handi batean, edo beste nonbaiten, anonimoa naiz. Anonimotasun hori berreskuratzen dut. Falta igartzen da, baina ez zara konturatzen, galdu arte. Hasieran, grazia egiten dizu, berritasuna denean eta telebistan agertzen hasten zarenean, baina urteak aurrera joan ahala eta zahartzen hasi garela, zer? Momentu batzuetan, hori faltan igatzen dut. Baina konponbide erraza du, asteburuak niretzat direlako.
Amaitzen goaz, Klaudio. Ez dit astirik eman nahi nuen guztia galdetzeko…
Jada? Hainbeste enrollatu naiz?
Baina gustura! Azken gauzat bat. Zuk telebista kontsumitzen duzu?
Asko ez. Telebistazalea naiz, gustatzen zait, baina asti askorik ez dut. Teknologia berriei esker, aukera gehiago izaten dut. Niri, gustaten zait beste toki batzuetan ikusten den telebista ikustea.
Asko ikasten da ere! Niri ere gustatzen zait.
Horixe ikasten dela! Interneten sartzen zara eta mundu osoko telebistak ikus ditzakezu, eta programak egiten diren formatuak, modan daudenak… Kanpora noanean, hotel batera heldu edo etxe batera, heldu eta egiten dudan lehenengo gauza telebista piztea izaten da. Gure lana da, eta, gure lanaz gain, gure obsesioa. Eta nire inguruan ditudan pertsonek ere telebistarekin zerikusia dute, eta eskerrak… Eta joaten garen lekura zeri buruz hitz egiten dugu? Telebistari buruz!
Baina zure pasioa delako.
Bai, gustatzen zaigu.
Azkarregi pasatzen da denbora zurekin. Oso gustura egon naiz
Ni ere bai.