Kimetz Etxabe: “Asko eskatzen diot nire buruari, eta asko landu behar izan dut konfiantza”

Zumaian jaiotako aktore gaztea Go!azen telesailean egin zen ezaguna, eta, ordutik, lan eta lan ari da. Ikus-entzunezkoan ez ezik, antzerkian ere indartsu ari da azken urteetan. Esnearen kolorekoa edo 52 hertz dira taularatu dituen lanetako batzuk.
Aktore zaren heinean, badakit, azken urteotan, aurkezpen bideoak eskatuko zizkizutela etengabe. Nola aurkezten duzu zure burua selftape horietan?
Ba ez dut jakiten askotan nola aurkeztu, baina, normalean, esaten dut: “Kaixo, Kimetz naiz, 25 urte dauzkat; zumaiarra naiz, baina Donostia eta Madril artean bizi naiz”. Gero, nire curriculuma azaltzen diet gainetik, eta, amaitzeko, esaten dut: “Ea gustatzen zaizuen eta elkarrekin lan egiteko aukera dugun. Eskerrik asko”.
“Pelota” izan behar da?
Pixka bat bai.
Aurkezpen hori ikasita duzu, ala moldatzen duzu?
Moldatzen dut proiektuaren arabera, baina aurkezpen orokor bat ere badut, nire agenteak bidaltzen duena. Hori bai, egiten dudan bakoitzean, berdin sufritzen dut.
Nahiago duzu aurrez aurreko casting bat?
Bai, dudarik gabe. Urduritasuna handiagoa da, baina uste dut exijentzia ere baietz. Etxean aukera gehiago dituzu, eta ez zaude inoiz nahikoa gustura. Casting zuzendari bat aurrean duzunean ezberdina da, aukera bakarra duzu; ahalik eta ondoen egin eta aurrera.
Aurkezpenean duda egiten duzu adinarekin?
Bai, kar-kar. Nire buruan, oraindik, 18 urte ditut. Laster, 26 egingo ditut, baina aitortuko dut, askotan, 18 esaten dudala konturatu gabe.
25 urte izateko, ibilbide zabala duzu.
Bai, ari gara, eta ezin naiz kexatu.
Txikitatik izan duzu argi aktore izan nahi zenuela?
Bai. Betidanik izan dut egonezina musikarekin, antzerkiarekin edota dantzarekin. Uste dut nire ametsa zela, baina ez nuela guztiz sinesten. Nire inguruan ere ez neukan inor mundu horretan ibilia zenik, eta ez nuen argi. Batxilergo Humanistikoa egin nuen. Ikus-entzunezko Komunikazioa egin nahi nuen, baina, ia, Matematika ikasten amaitu nuen. Azkenean, Arte Dramatikora jo nuen.
Matematika? Nondik nora horrelako saltoa?
Gaur egun, ez dakit oso ondo azaltzen. Gustatu, gustatzen zitzaidan, baina ez da inoiz nire pasioa izan. Ez dakit zergatik nuen buruan. Agian, etorkizunean pentsatuz izango zen.
Aktore bizitza ez baita hain segurua, edo hori esan digute…
Bai, hori da. Suposatzen da beste karrera batzuk etorkizun hobea eskaintzen dutela: Matematika, Informatika…
Zenbat informatiko egongo da gaur egun lanik gabe?
Asko, seguru, informatiko gehiegi egongo da eta, kar-kar…
“Telebistan ikusten dituzun aktoreak aurrez aurre izatea izugarria da”
Go!azen iritsi zen zure bidera. Ez dakit horri buruz hitz egin nahi duzun, edo aspertu zaren jada…
Ez, ez. Nik Go!azen-i asko eskertu behar diot. Nire lehenengo lana izan da, eskola handi bat niretzat. Eta pertsonalki ere garrantzitsua izan da: gaur egun nire ondoan dauden pertsona asko ezagutzeko aukera eman dit, eta erakusleiho handia izan da gero etorri diren lanetarako.
Go!azen-en sartzeko lehen saiakeran sartu zinen?
Ez. Urte batzuetan saiatu nintzen. Gehienetan, finalista moduan geratzen nintzen, baina ez nintzen sartzen. Eta esaten nion neure buruari: “Zer egiten ote dut gaizki?” Baina, azkenean, hainbat faktore daude, ez da zuk egiten duzuna bakarrik: zein den bilatzen duten profila, gidoiak zer dioen… gauza asko dira.
Gontzal izan zen zure pertsonaia. Denboraldiaren aurkezpenean esaten zenuen Gontzalek aire freskoa eramango zuela Basakabira.
Bai, hori esan zidaten, eta nik errepikatu egin nuen. Uste dut hori esan nuenean ez neukala gidoi osoa irakurrita oraindik. Hala ere, uste dut horrela izan zela eta aire freskoa eraman zuela.
Eta zer ekarri dizu zuri pertsonaia horrek?
Uste dut ez didatela inoiz galdera hori egin…
Eskerrak. Galdera original bat behintzat!
Kar-kar. Asko eskertu behar diot. Gontzal ni baino lotsagabeagoa da; ni lotsatiagoa naiz. Gontzalek nahi duena egiten du, arazorik gabe: dantza egin nahi badu, dantzatu egiten du; abestu nahi badu, abestu… Eta, gero, pertsonalki, guraso askok esan didate, euren semeentzat batez ere, erreferente izan dela eta asko lagundu diela: dantzara apuntatu nahi zuten ume asko ez zirela atrebitzen, eta, Go!azen-en Gontzal ikustean, animatu egin zirela. Hori da handiena. Nik ere, txikitan, dantza egiten nuen, eta utzi egin nuen lotsagatik. Horrelako erreferente bat izan banu, agian, jarraituko nuke.
Telesailean lanean, lagunak ere egin dituzula esan duzu.
Bai, eta, gaur egun, egunero, nirekin daude horietako asko. Eta beste asko, bihotzean daramatzat. Ordu asko pasa ditugu elkarrekin.
Haurrentzat lan egitea zer moduzkoa da?
Orokorrean, txintxo portatzen dira. Gurasoak okerragoak dira, batzuetan. Eta haurrak ere, taldean datozenean, harrotzen dira, baina ulertzen dut; nik ere, txikitan, Go!azen ikusten nuenean, berdina egiten nuen.
Zuk ere Go!azen ikusten zenuen txikitan?
Bai, noski. Eta gogoratzen dut Zumaiara etorri zirela behin, eta ni zoratzen egon nintzela. Bat-batean, telebistan ikusitako aktoreak aurrez aurre izatea izugarria da.
Parrandan edo, izan duzu momentu deserosorik?
Urduri jarri izan naiz kalean jendea urrutitik begira ari denean; nahiago dut gerturatzea eta argazki bat eskatzea. Nik, pertsonalki, ez dut aparteko arazorik izan, baina lagunen bati gertatu zaio, adibidez, negarrez egotea kalean zerbaitengatik, eta jendea gerturatu eta argazki bat eskatzea. Ba, seguruenik, ez da momenturik onena…
“Zure burua boikoteatzen hastea da okerrena, eta askotan gertatzen da”
Go!azen alde batera utziko dugu, gauza gehiago ere egin dituzu eta. Antzerkian, lan asko egiten ari zara. Nola daramazu hain izen potoloekin lan egitearena?
Lehen esperientzia Esnearen kolorekoa izan zen. Jon Olivaresen ordez sartu nintzen, eta nik ezin nuen sinistu. Obra ikusita nuen pare bat alditan, eta deia jaso nuen lagun batzuekin nengoela. Gaztelaniazko bertsioan hasi nintzen, eta Espainiako bira amaiera zen; urduri jarri nintzen. Nire lehenengo erreakzioa ezetz pentsatzea izaten da beti, baina baietz esan nuen. Entsegu pare bat egin, eta oholtzara.
Ez zenuen denbora gehiegi izan prestatzeko?
Hasieratik bazaude, sorkuntza prozesuan denbora gehiago izaten da; baina, ordezkapena izanda, ia zuzenean, eszenatokira. Zortea baduzu, pare bat alditan entseatzen duzu.
Eta sekulako izenak alboan: Aitziber Garmendia, Mireia Gabilondo, Joxe Ramon Soroiz, Joseba Apaolaza, Miren Arrieta…
Sekulako lantaldea, eta, gainera, oso ondo portatu ziren denak nirekin. Aitziber Garmendia nire ama da industria honetan; asko dut berari eskertzeko. Eta, gero, Ados Teatroa taldearekin hasi nintzen. Kasu horretan ere ordezkapen batekin hasi nintzen, baina, orain, ni geratu naiz pertsonaiarekin. 52 hertz du izena, eta niri asko gustatzen zaidan lana da. Erronka ere izan zen, dantza ere egin behar nuelako. Aurretik zegoen aktorea dantzari profesionala zen. Niri betidanik gustatu izan zait dantza, baina teknika asko ez daukat, eta pixka bat beldurtu egin nintzen. Galdera batzuk egin nituen, eta erantzunek lasaitu egin ninduten.
Orain, beste obra bat prestatzen ari zarete urte hasierarako.
Bai, eta hasieratik egon naiz, gainera, prozesuan. Kasu horretan, hasieratik nahi izan dute nirekin lan egin. Hor gertatu zait, ordea, oso pozik hastea proiektua, baina, entseguetan hasi orduko, segurtasun eza agertzea. Asko eskatzen diot nire buruari, eta asko landu behar izan dut konfiantzaren kontua. Distantziatik begiratu behar da, askotan, egindako lana. Gero, prozesua aurrera joan ahala, konfiantza hartzen noa, eta, behin forma hartzen hasten denean, gozatzen hasten naiz.
Konfiantza faltarena zuri bakarrik gertatzen zaizula uste duzu, ala orokorra dela aktore munduan?
Denetarik dago. Batzuk gehiago sufritzen dute, eta beste batzuk gutxiago. Baina, nire kasuan, gaizki pasatzen dut. Hori bai, gero, konfiantza errekuperatzea ere ez zait gehiegi kostatzen, eta hori ere oso garrantzitsua izan da niretzat. Zure burua boikoteatzen hastea da okerrena, eta askotan gertatzen da. Nik uste, badela sentimendu orokorra profesioan, maila ezberdinetan bada ere.
Zure aurkezpenean esan duzu Donostia eta Madril artean bizi zarela.
Hori gezurra da. Momentuan, Donostian bizi naiz, baina askotan eskatzen dute Madrilen edo Bartzelonan bizi den pertsonaren bat, eta horregatik esaten dut. Gero, aukeratzen banaute, moldatuko naiz nolabait.
Izan duzu Madrilera joateko tentaziorik?
Bi aldiz izan naiz bertan. Lehenengoan, Arte Dramatikoa ikastera joan nintzen, 17 urterekin; urte bat egin, eta utzi egin nuen. Gero, berriz joan nintzen formakuntza batzuk egitera, eta ikasturte batez egon nintzen bertan. Gustatzen zait Madril, baina egia da Donostian ondo bizi naizela. Perfektua litzateke proiektu bat egitera joatea, hilabete batzuk pasatzea eta etxera itzultzea berriz.
Momentu onean dago industria gurean?
Bai. Nik lan gehiena hemen egiten dut. Telebistan fikzioa falta da agian, baina filmak eta antzerkia egiten dira behintzat. Badauzkat proiektu batzuk esku artean, eta guztiak hemen egindakoak dira; egin ditut ikus-entzunezko lan batzuk azkenaldian, laster aterako direnak. Azken finean, gustatuko litzaidake kanpoan lan egitea, baina beti bueltatzeko intentzioarekin.
Zeinekin gustatuko litzaizuke lan egitea?
Behin amesten hasita, Meryl Streepekin lan egitea gustatuko litzaidake. Baina egia esango dizut: ekonomiari begiratuta, eguneroko telesail batean lan egitea ez litzateke gaizki egongo. Lan egin nahi dut, fikzio honetatik bizi; azken finean, ezin dugu ahaztu hau lan bat dela, eta horrelako telesail batek segurtasuna ematen dizu.
Esandako horri guztiorri erantsiko nioke tipo jatorra zarela, langilea eta umila.
Eskerrik asko.
Eta hau esanda, askatuko zaitut; libre zara. Eskerrik asko, Kimetz Etxabe.
Zuei. Plazer bat izan da.