Kerman Lejarraga: “Boxeoak bizitza bideratu dit”
Europako titulua defendatuko du bihar Kerman Lejarraga boxealariak Frankie Gavin britaniarraren kontra, BECen. Manu Maritxalar kirol adituak Morgako Errebolberra elkarrizketatu du hitzordu handiaren aurretik.
Kaixo, Kerman. Iritsi da garaia, eta begiz jota duzu zure Europako tituluaren defentsa. Hortik has gaitezen. Nola zaude?
Kaixo, Manu. Prestaketa handia egin dut. Sparring mailan egin dudan prestaketarik onena egin dut.
Bai, aurpegian igartzen zaizu. Makillaje pixka bat, agian, eman behar genizun; kar, kar.
Jorge Forteak egin dit; kar, kar. Baina bai, sparring mailan prestaketa oso ona egin dut. Fisikoki ere prestaketa handia egin dut. Abuztu osoa atseden hartu nuen, eta irailean hasi nintzen entrenatzen. Deskonexio pixka bat behar nuen. Baina azken hilabeteetan pila bat entrenatzen ibili naiz. Entrenamendu gogorrak bukatuta, borroka egiteko prest.
Erronka, orain, pisua ematea izango da, baina horretaz geroago hitz egingo dugu. Mampo gimnasioan gaude orain, eta elkarrizketa ikusten eta entzuten dutenek entzungo dituzte bertako doinu bereziak. Momentu honetan zure bizitza den doinu berezia da, ezta?
Nire bizitzako doinu bat da. Egunero, kolpeak, erlojua, izerdia… Gimnasioa da nire bigarren etxea.
Baina ez duzu hemen bakarrik lan egiten. Fisiko aldetik ere beste lan batzuk egiten aritzen zara urtean zehar. Orain, modan dagoen crossfit-ean aritu zara. Osagarri izan daitezkeen beste kiroletan aritzeko arazorik ez duzu…
Crossfit-a, berez, ez dut egiten. Entrenamendu funtzionala egiten dut Getxon, Iker Jauregirekin, eta gero, korrika nire kontura egiten dut. Nire lagun Txemarekin goizero egiten dut korrika Gallartan.
Goi mailako kirolari batengan normala denez, fase ezberdinak izango ditu entrenamenduak. Abuztu ostean berriro fisikoa lantzen hasiko zinela suposatzen dut, hartutako kilo horiek kentzen ahalegintzeko. Zer-nolako progresioa egin duzu borroka hau prestatzeko garaian?
Abuztuko azken asterako, elikadura aldatu nuen. Eta pisua jaisten hasi nintzen, prestaketa oso astun ez hasteko. Emazteak kozinatzen du etxean, berak eramaten duelako nire elikaduraren ardura, eta elikagai osasuntsuak prestatzen dizkit. Hilabete bat egon nintzen, ostean, fisikoa lantzen, eta sparring-ekin azken hilabetea eman dut.
Garai batean iruditzen zait arazo gehiago zenituela pisuarekin eta zure emaztea horretaz arduratu denetik askoz hobeto daramazula esan daiteke?
Inoiz baino hobeto daramat pisuaren kontua. Beti ematen dut pisua 66,6 kilotik behera, azken garai honetan. Lehen, borroka aurreko azkeneko astean, saunan sartu behar izaten nuen. Orain, elikadurarekin kontrolatzen dut. Pisaketaren egunean, gosaldu egiten dut, kalera irteten naiz, lagunekin egon naiteke… Lehen, ez. Emazteak egiten didan prestaketagatik egin ditzaket horrelako gauzak gaur egun.
Kontrol handia eramaten duzu, batez ere, azkeneko asteetan edaten duzunarekin, ezta? Boxeoan eboluzio bat izan da azken urteetan arlo horretan.
Lehenengo hilabetean, 5 litro edaten ditut egunean. Eta azkeneko hilabeteetan, 3 litro egunean. Kirola eta izerdia bota ostean ez da ia ezer. Gero, azken asteetan, janaria eta ura jaisten joaten naiz. Ura beti edaten dut. Jan gabe iraun dezakezu, bi aste ere bai, baina edan gabe ez. Oso neurtua eta oso kontrolatua. Dena nire orduen barruan egiten dut, 06:00etan gosaria, 15:00etan bazkaria eta 21:00etan afaria.
Horrek frogatzen du erabateko profesionala zarela. Ez genuen zalantzarik, baina horretan ere erabat kontrolatuta daramazu zure bizitza…
Nik uste dut boxeoan, nire esperientziatik, ezinbesteko hiru fase daudela: elikadura, atsedena eta entrenamendua. Hiruretako bat jaisten bada, hirurak jaisten dira. Elikadura kaskarra badaramazu, atsedena ere txarra izango da. Ez baduzu ondo atseden hartzen, entrenamendua txarra izango da, eta entrenamendua ez baduzu ondo egiten, elikadura eta atsedena ere ez dira egokiak izango.
Horiek guztiak orekatzea lortu duzu. Zure ustez, momentu onenean iritsiko zara defentsa honetara?
Borroka bakoitzera oso sasoi onean heldu naiz. Niretzako, borroka bakoitza titulu bat da. Hau da nire lana. 26 urte ditut, 26 borroka egin ditut. 26 urte izateko, gaztea naiz oraindik. Ekonomikoki ere oso lasai nago. Hau lana da, baina disfrutatzen ari naiz.
Hau da, ondoen datorkizun eta komeni zaizun bidea eramanda.
Hori da. Urtebetean zortzi borroka egin nituen, dirua behar nuelako, eta fisikoki eta psikologikoki gogorra izan zen. Urtean hiru borroka egiten ditut. Orain, borroka bakoitzerako prestaketa ere gozatu egiten dut.
Gainera, azken urteetako borrokak beste maila batekoak dira. Lehendabizi, elkartearen gerrikoa lortu zenuen, bi defentsa egin zenituen. Goi mailako nazioarteko tituluak dira, eta ondoren, Espainiako Txapelketa. Azken urteetan ikusmin handiena sortu zuen txapelketa izan zen azken hau, eta ondoren, Europakoa etorri zen. Erakartzen duzuen jendetzarekin, lortzen ari zareten arrakastarekin, zure diru-sarrerek ere bat egingo zuten horrekin. Gero eta gorago joaten ari zara?
Orain, bai. Europako Txapelketarekin lasai egon naiteke. Baina ordura arte ez. MGZ sustatzaileak asko laguntzen dit eta gozatu egiten dut prestaketa, alde horretatik trankil egiten dudalako.
Gainera, ez da bakarrik prestakuntza, ezta? Zuk boxeoa maite duzu. Zure bizimodua nahiko gorabeheratsua izan zen, baina boxeora iritsi, eta handik aurrera bideari ekin zenion. Lagungarri izan zen zure bizimodu hori bideratzeko, ezta?
Bizitza bideratu dit, bai. Horregatik dut dudan familia, eta etxekoekin erlazio ona. Boxeoan ibili baino lehen, arazo pilo bat izan nituen.
Baina boxeora iritsi, benetako borroka zer den eta kirola zer den ezagutu dituzu, eta hortik aurrera beste Kerman Lejarraga bat ezagutu dute zurekin bizi izan direnek.
Etxean oso pozik daude nirekin, lasai nagoelako. Diziplinatua naizela ikusten dute. Lehen, zerbait egin behar nuela nioen, baina ez nuen egiten. Orain, familiarekin bazkaria dudanean ere, gero korrika egiten dut, kirola delako nire bizimodua, eta boxeoa nire bizitza.
Gaia aldatuta, esan duzu gimnasioan azken asteetan lan handia egin duzula. Momentu astuna izango zenuen, azken asteetan beherakada ere nabarituko zenuen, baina uste dut lan hori egiteko laguntzaile oso onak izan dituzula, ezta?
Sparring bikainak izan ditut. Jon Miguez, Jorge Fortea, Argentinatik etorri da Adrian Veron, Christopher Mena Cadiztik etorri da… Pila bat izan ditut.
Kontuan izanik zure aurkaria, Gavin, ezkertia dela, pentsatzen dut prestaketa berezia ere egingo zenuela.
Bai. Teknikoki prestakuntza oso zehatza landu dut. Txutxi del Valle entrenatzailearekin egin dut. Jendeak uste du ez dudala prestaketa teknikorik egiten. Bakarrik aurrera doan eta kolpeak jotzen dituen tipo bat naizela. Dena zergati batekin egiten dut. Orain ere aurrera joaten naizen boxeolaria naiz, baina ez hasieran egiten nuen moduan. Zuk ikusi nauzu, Manu. Orain, lasaiago noa eta lan bat egiteko helburuarekin joaten naiz aurrera. Eskuak zerbaitetarako sartzen ditut.
Ez zoaz kolpe trukaketetara, hasieran joaten zinen moduan, eta lortu nahi duzun helburua lortzeko bide bat egiten saiatzen zara. Baina zer moduz moldatzen zara, aipatu dugu-eta zure aurkaria ezkertia dela? Urte asko pasa dira, baina ni ezkertiekin ikaragarri gaizki moldatzen nintzen, eta galdu nuen borroka bakarra ezkerti baten aurka izan zen.
Niri ere kosta egiten zait. Baina, adibidez, zuk epaitu zenuen Espainiako Txapelketa, Jose Del Rioren aurkakoa; bera ere ezkertia zen eta teknika aldetik oso ondo landu nuen. Sparring aldetik, ordea, ez nuen hain ondo landu, eta esku asko hartu nituen. Hala ere, prestaketa hori guztia barneratuta dut, eta orain, sparring-ekin gozatu egiten dut, akats guztiak ikusten ditudalako. Ezkertiek dituzten akatsak ere ikusten ditut. Entrenatzailearekin teknika ere asko landu dut. Aurreko eskua, atzeko eskua, nondik irten, ez zangotrabatzeko nola jarri…
“Orain ekonomikoki lasai nago; boxeoaz gozatzen”
Izan ere, Del Rioren aurkako borrokan, Espainiako Txapelketa irabazi zenuenean, zure ohiko boxeoa ezin izan zenuela egin nabaritu zitzaizun. Borroka zoragarria izan zen hura, parekatua, baina ez zenuen lortu zure eskuak horren sendo iristea. Oraingo honetarako hori bideratzea lortu duzu?
Orain, bai. Bere ezkerra kenduko dut nire ezkerra sartzeko. Del Riok bere ezkerra sartzen zidan nire eskuman. Nik bere eskuinaren gainetik sartzen nuen nire ezkerra.
Askok esan zidaten oso ondo ibili zinela, baina zerbait falta izan zitzaizula… Nire erantzuna, beti diodana. Kermanen esku arriskutsuena ez da eskuma, ezkerra da. Kermanek ezkerrarekin egiten ditu egiten dituen triskantzak.
Del Riok niri hori kentzea lortu zuen. Baina orain, Gavinek ez dit kenduko. Borroka hark ezkertien aurka egin beharreko lana erakutsi zidan.
Frankie Gavinen bideoak ere ikusiko zenituen. Goi mailako boxeolaria da eta berak esan du, gainera, beste britainiarrak –Bradley Skeete– galdu zuen gerrikoa Ingalaterrara bueltatuko duela.
Bueno, zer esango du, ba? Nik nahi dudan bakarra da gainean daraman prestaketa guztia nabaritzea eta borroka gogorra izatea.
Gavinek Skeeteen aurka galdu zuen?
Ez, Gavinek irabazi zuen puntuetara.
Eta zer esaten dizu datu horrek?
Boxeoan esan ohi dugu bat gehi bat zazpi izan daitekeela. Agian, niri gaizki egokitzen zaidan boxeolaria da, eta oso ondo egokitzen zaidana. Hori ez dut jakingo aurrean egon arte.
Dena ematera irtengo zara hasieratik?
Bai, noski!
Presio handia jartzeko asmorik baduzu?
Bai, eta une txarrenetan presioa oraindik eta handiagoa egiteko asmoa. Fisikoki indartsu nago, eta sparring-ekin 12 round ere egin izan ditut. Alde horretatik, lasai nago.
Hemen entzuten ari gara Jorge Fortea zure sparring-aren ukabilkadak, bai, eta sekulakoak dira. Gaia aldatuta, nola ikusten duzu etorkizuna, Kerman?
Borroka aurretik ez dut horretan pentsatzen. Orain, Europako Txapelketaren defentsa dut. Hau da nire helburua. Gero gerokoak.
Hori zergatik egiten duzu? Lan honetan zentratzeagatik ala aurkariei diezun errespetuagatik?
Zuk ate bat ikusten duzunean pentsatu behar duzun bakarra da ate hori nola ireki daitekeen. Ez duzu pentsatu behar ate horren atzean zer dagoen. Beraz, ate hau gainditu, nola gainditu hori da pentsatu behar dudana.
Zein da Kerman Lejarragaren sekretua boxeoa berriro maila honetara igo ahal izateko?
Nik uste dut umila izan behar duzula. Nik badakit nondik natorren. Lehengo lagun berberak ditut gaur egun. Nire lagunak dira eta pozik bizi naiz eurekin. Eurek animatzen naute. Bestalde, kalean argazki bat eskatzen badidate, eskertu egiten dut. Ez dit axola bazkaltzen edo lagunekin zerbait hartzen nagoen. Errespetua izan behar da.
Zure zaleak gertuko sentitzen dituzu, ezta?
Bai. Bilbon bizi naiz, Casilla inguruan. Alaba eskolara eramaten dut, txakurrak ateratzen ditut… Han ikusiko naute beti.
Kirolari, mutil normal bat eta gertukoa dena. Hori iruditzen zaizu jendeari iristen zaiola. Baina hori Bilboko jendeari edo Euskal Herriko jendeari iristea ulertu daiteke. Euskal Herritik kanpo ere hainbat eta hainbat zale dituzu, eta azken borroketan ikusi ahal izan dugu hegazkinez ere zenbat jende etortzen den Kerman Lejarraga ikustera.
Ba, ez dakit zergatia, baina pila bat eskertzen dut. Egunero lanera etortzeko motibazio handia da niretzat.
Izan daiteke ringean beti leial jokatzen duzulako, duzun guztia beti ematen duzulako, ezertxo ere gorde gabe?
Entrenatzen eta borrokan ehuneko ehuna eman behar dugu. 26 minutuko lan bat egin behar badut ringean, zertarako igoko naiz 30 minutuko lan bat egitera? 26 badira, 26 horiek aprobetxatuko ditut. Aurrera joatea gustatzen zait, borroka osoari zukua ateratzea.
Gainera, orain, lasaitasun puntu bat baduzu, une txar bat ere pasatu zenuelako eskuetako lesioekin. Ebakuntza batzuk egin behar izan zizkizuten. Hura gogoratzea, batzuetan, ez zaizu gaizki etorriko…
Noski. Oso une txarra pasatu nuen eskuekin. Lagunek asko animatu ninduten. Gogor jotzearen ondorioz bi eskuetako hezurrak apurtu nituen. Ezkerrean bi ebakuntza egin zizkidaten eta hankatik kendu zidaten hezurra eskuan jartzeko.
Zirujauek esan zizuten horrekin konpontzen ez bazen beste zerbait egin beharko zenuela eta boxeoa utzi, ezta?
Bai… Hala ere, Garcia Bernal doktoreak egin zidan ebakuntza eta harrezkero arazorik gabe ibili naiz. Ordutik hona, hogei borroka egin ditut eta ez dut aparteko arazorik nabaritu. Sendagileei esker lortu dut nire ametsarekin jarraitzea.
Ametsetako bat izan da Europako Txapelketa. Inoiz pentsatu zenuen titulua irabaziko zenuenik?
Ez. Niretzat, benetako amets bat izan da. Ez nuen uste aukera izatera helduko nintzenik. Eta aukera izan nuenean irabazteko, ahal nuen guztia egingo nuela erabaki nuen.
Zer sentitu zenuen ringera igotzean, zegoen jendetza ikustean eta jendeak nola babestu zintuen Europako Txapelketa lortzeko bide hartan?
Negar egiteko gogoa izan nuen. Jende guztia nirekin ikusi nuen, eta ametsa errealitate bihurtu zela sentitu nuen.
Bradley Skeete zure aurkariak esan zuen bera gaizki sentitu zela, ringera igotzerakoan jendea guztiz murgilduta zegoelako zurekin, eta zuk ateratzen duzun zapi hori ahoan zeramatelako askok eta askok. Horren ohikoa egin den “au, au, au” oihua… Erabat kikilduta ringeratu zela esan zuen.
Berarekin hitz egiten dut Whatsapp bidez, eta borroka ikustera etorriko da. Harreman ona dugu orain. Kristoren giroa zegoela dio, baina Ingalaterran ere afizioa oso handia da.
Hor badago beste gako bat eta ez dugu oraindik aipatu. Zer sentitu zenuen zure lehen ezkerra iritsi eta berak sentitu zuen modua ikustean? Iritsi bezain laster zer-nolako arazoak sortu zizkiola ikusi zenuenean?
Lasai nengoen, egia esateko. Banekien 12 round zirela eta lasai hartu behar nuela. Borroka hartan nire ezkerra giltza bat zen, horregatik izan nuen eskuma goian eta ezkerra behean. Beraz, pentsatu nuen, ezkerrarekin egin diodan mina hau bada, ikusiko du orain eskumarekin… Ni jarraian konturatu nintzen min egin ziola. Nire eskuan sentitu nuen.
Une hartan bere txokora ere begiratu zuen eta bazirudien bere burutik pasatu zela baina zer demontre gertatzen ari da hemen esaldia…
Gainera, eurek aukeratu zituzten eskularruak…
Oso gustura egon arren, amaitzen joan behar dugu, Kerman. Lan pixka bat ere egin beharko duzu orain… Defentsa honetara begira zer esango zenieke oraindik joan ala ez erabaki ez dutenei?
Borroka on asko daude. Ibon Larrinaga, Jorge Fortea, Jon Miguez, Espainiako Txapelketa… Joatera animatzen ditut, eta Europako Txapelketa gerra bat izango dela ziurtatzen dut. Ikuskizuna ikusiko dute zaleek. Dena emango dut.
Dena beti ematen duzu. Kerman, plazer bat izan da. Hurrengoan ere gertuago ere elkartuko gara, seguru, ring barruan, baina horrela ere oso gustura izan naiz zurekin. Zorterik onena! Gerriko horrek euskal Herrian jarraitzea nahi dugu.
Eskerrik asko, Manu, saiatuko gara.