Keoni Lasa: “Nire helburua da aurten Europako txapelduna izatea”


Euskal Herriko surf harrobiko gazteen artean, Keoni Lasa (Zarautz, 2005) da 2026an distira gehien egiten ari direnetako bat. Denboraldia kili-kolo hasi arren, laster hartu du abiadura bizia Lasak.
Zer moduz doa denboraldia?
Ongi. Dagoeneko hasi naiz aurtengo QS Europako probak prestatzen. Udan hasita txapelketa garrantzitsuak izango ditut, beraz, denboraldia ahalik eta ondoen prestatzen ari naiz.
Zeintzuk dira zure helburuak aurten?
Helburua da Europako txapelduna izatea, eta, berriro ere, Challenger Series probetara sailkatzea.
Marokon, aurten, helburutik gertu geratu zara. Arantzatxoa barruan gelditu zaizu?
Bai, urtea gaizki hasi nuen… Azkenean, bi mailetan lehiatzea (QS eta Challenger Series) ez da erraza, eta, nire lehen urtea izanik, kosta egin zitzaidan. Marokon hirugarren postu bat behar nuen, eta, oso ondo sentitu arren, bosgarren postuan bukatu nuen, onenengandik txanda bakar batera. Beraz, bai, badut arantza, eta espero dut aurten denboraldi on bat izatea.
Gazte-gaztetatik, ia umea zinela ikusi zaitugu taula gainean surf egiten. Itsasoa eta olatuak dira zure eremu naturala?
Bai, kar-kar; kanpoan nagoenean ez naiz hain eroso sentitzen. Bizitza osoa daramat uretan sartuta, eta espero dut horrela jarraitzea!
Zein da surfa egin duzun lekurik ederrena?
Ba zorte handia eduki dut alde horretatik, eta, dagoeneko, munduko txoko asko ezagutu ditut. Baina leku bakarrarekin geratu behar banaiz, Australia edo Hawaii izango lirateke; olatuez gain, hondartzak eta lekuak, orokorrean, oso politak dira.
Eta zein izan da lekurik zailena?
Hawaii esango nuke; olatuengatik, batez ere. Oso-oso indartsuak dira, eta, ozeanoaren erdian dagoen irla bat izanik, norabide guztietako itsasaldiak jasotzen ditu. Munduan ez dago horrelako baldintzak dituen beste tokirik.
Los Angeleseko Olinpiar Jokoak entzutean… helburu bat dira, ez daude zure pentsamenduetan, amets bat dira…?
Ametsa eta helburua esango nuke. Hitz handiak dira, baina borrokatzeko prest ikusten dut nire burua, eta badut itxaropena Los Angeleserako sailkapena lortzeko.
Zein izan da zure ibilbidean gehien ospatu duzun garaipena? Eta nola ospatu zenuen?
Angeluko QS3000 proba, 2024. urtean. Europan daudenetatik puntu gehien dituen txapelketa da, eta, horrez gain, lehen postuan jarri nintzen zirkuituan, Challenger Series-etarako txartela lortuz.
Reala Sevillako finalean ere jarraitu zenuen. Poz eztanda estadioan bertan bizi izan zenuen, ezta? Nolakoa izan zen?
Bai, Realeko jarraitzaile amorratua naiz; familian ere hala izan dira betidanik, eta txikitatik erakutsi didate zeinen berezia den. Titulu baten lorpena bizi izatera, nire bizitzako asteburu onenetako bat izan zen hura.
Zein da surfaren eta surflarien inguruan dagoen mitorik handiena?
Surflariak parranderoak garela. Txapelketen aurretik edaten eta erretzen zuten surflariak izan ziren aspaldi, eta, oraindik ere, jende askok hala ikusten gaitu. Baina kirolak aurrera egin du, eta oso profesionala bihurtu da.