Kazetaritzaren alde

Maider Galardi

Ez da kezka berria, baina pandemiaren ostean gero eta jende gehiago sumatu dut komunikabideekin deskonektatuta edo gogaitua. Aurrena, gaininformazioa izan zen; ondoren, albiste txarrekiko nekea eta nagia. “Sare sozialetan hedabideak jarraitzeari utzi diot, notizia desatseginak besterik ez dugulako irakurtzen eta horrek nire emozioetan eragina duelako”, entzun nion ezagun bati. Ez da kasu isolatua lagunarena; iazko udan argitaratutako inkesta baten arabera, Espainian albisteekiko interes “handia” galdu dute biztanleen erdiek. Ez dut ukatuko kazetari moduan min pixka bat ematen ez didanik, baina, egia esan, ulertzen dut desatxikimendua: clickbaitaren amua irentsi eta eduki hutsa ikusteak sortzen duen desesperazioa, laugarren boterearen amarrua, fake news-ekin egia zer den eta zer ez den lausotzea…

… eta orain, lawfare-aren kontua. Badakit, askoren ustez, Pedro Sanchezek erabili egin duela bere probetxu propiorako berez hain larria den Espainiaren funtzionamendu kronikoaren ezaugarri bat; badakit, halaber, lawfare kasu ugari egon direla aurreko urteetan ere. Asko, gure inguru hurbilean, gainera. Baina, egiari zor, praktika hori salatzeko metodo eraginkorra izan da herrialde bateko presidente batek bost egunez bere jarduera etetea –nahiz eta gero ez duen neurri zehatzik hartu eta gezurretan ari diren horiei, finean, mesede egin dien–.

Horrek guztiak kalte egiten dio benetako kazetaritzari, haserretzen baikara hedabideekin, isiltzen ditugu sareetan eta uko egiten diogu errealitatea begirada kritikoz aztertzeari. Hori baita niretzat kazetaritza. Ez objektibo, ez neutro: mundua ulertzeko betaurreko kritiko batzuk, doitasuna eta kontraboterea oinarri dituena. Izango da epaitegi batek itxi zuen Egunkaria-ren ondorengoa naizelako –etxean irakurle eta lanean kolaboratzaile–, edo Egin-en oihartzuna ailegatu zaigulako, edota Ahotsa segitzen dugulako lehen Ateak ireki eta lehenago Apurtu segitzen genituen moduan. Kontua da giza eskubideen defentsan oinarrituta dagoen lanbide batean sinisten dudala.

Eta, hara non, lan horixe egiteagatik darama bere giza eskubideen kontra espetxean Pablo Gonzalezek bi urte baino gehiago, eta Israelgo armadak 140 kazetari baino gehiago hil ditu dagoeneko azken hilabeteetan. Batzuetan, badirudi botereak kazetaritzari guk ematen ez diogun balioa eta aitortza ematen diola eta isildu egin nahi dituela giza eskubideen defentsan lanean ari diren ahots kritikoak. Maiatz honetan bertan, Prentsa Askatasunaren Eguna pasatu eta biharamunean Israelek Al-Jazeera katea itxi du arrazoi berak medio. Ondorioz, gero eta gaitzagoa egingo zaigu Palestinan gertatzen ari dena lekuko zuzen bidez jasotzea.

Egia da, batzuetan min ematen du errealitate gordina ikusteak. Eta begira paradoxa zein den, zure sofan lasai zauden bitartean, bonbak erortzen ari dira zerutik Rafah-n, eta Israelek hedabideak itxi eta kazetariak hil ditu zuregana informazioa ez dadin ailegatu, baina zuk ordurako jada isilduta zenituen hedabideak, “askorik ez goibeltzeko”, eta Pablo Gonzalezek, aldiz, ezin ditu albisteak segitu nahiko lukeen bezala.