Kauldi Odriozola: “Ametsa da Bidasoarekin Europan jokatzeko aukera izatea”
(Zumaia, 1997) da Bidasoa-irungo izarretako bar. Gaztea da, eta eskaintzak izan ditu kanpora joateko, Xabi Ormazabal kazetariari aitortu dion moduan. 90eko hamarkadako urrezko garaietara bueltatu nahi dute irundarrek. Asobal Ligan bigarren dira eta Kopako finalera ere heldu dira.
Eskubaloian aritzeko leku asko daude, baina ez dakit oraintxe bertan Bidasoa-Irun baino leku politagorik dagoen.
Ba, egia esan, ez. Ni zumaiarra naiz eta etxetik gertu daukat Irun, eta, egia esan, aurten egiten ari garen denboraldiarekin leku gutxi egongo dira Irun baino hobeak.
Zuek sinisten duzue egiten ari zareten denboraldia?
Urte hasieran esan izan baligute 17 jardunaldi pasata bigarren postuan izango ginela, egia esan, askok ez genuen sinistuko… Denboraldi aurretik emaitza oso onak lortu ditugu, lan oso ona egiten, eta jarraipena eman diogu. Hasieran geneukan helburua iaz egindakoa hobetzea eta aurreneko zortzien artean geratzea zen. Orain, gorago jarri dugu helburua. Helburua baino gehiago, ametsa, eta orain, Europara begira gaude.
Posible zen Kopako finala irabaztea?
Ez. Bartzelona beste maila batean dago. Bigarren gaude, baina gure ligan. Bartzelonak ez du partidarik galdu aurten, iaz bat, eta bost urte zeramatzan galdu gabe. Aurten, gol diferentzia gutxieneko partidan 9ko aldearekin irabazi du. Bagenekien disfrutatzera atera behar genuela eta irabazteko aukera bat bera ere ez genuela.
Zorte txarra ere partida hasieran…
Bai. Haien atezainak dena gelditu zuen. Oso jaurtiketa argiak, 6 metrotik. Horiek sartu behar dira. Atezainak, Gonzalok [Perez de Vargas], Espainiako Selekzioko atezainak, eguna eduki zuen eta uste dut 14. minuturaino ezin izan genuela golik sartu. Zorte txarra bai, baina Bartzelonaren kontra, oso aukera gutxi.
Iaz hamargarren egin zenuten Asobal Ligan. Euskal Herriko jokalari asko dituzue; zer aldatu da iaztik?
Aurten, fitxatu ditugu hiru edo lau eta oso ondo egin dira taldera eta maila ona ematen ari dira. Aurten, beste urte bat pasata, gazteak garenok esperientzia gehiago hartzen ari gara. Partidu bukaerak hobeto kudeatu ditugu. Iaz, azkeneko hamar minutuetara berdinduta iritsita, gol bategatik edo bigatik partida gehienak galdu genituen. Aurten, hori hobeto kudeatu dugu eta emaitza hobeak lortzen ari gara.
Sailkapenean bigarren, hirugarren, hortxe zabiltzate talde batzuk. Eta Europa hortxe dago. Zer litzateke Bidasoarekin Europan jokatzea?
Ikaragarria litzateke. Aurten, bigarren, jardunaldi asko goaz. Talde asko gaude puntu oso gutxiko diferentzian, eta partida pare bat galduz gero postuak behera egiten duzu. Horrela jarraituta hortxe egongo gara eta Europarekin amesteko aukera izango dugu. Ikaragarria izango litzateke Artalekun Europan jokatzea. Azkeneko partiduetan sarrera guztiak agortu dira, jendea animatzen ari zaigu eta ez dut imajinatu nahi zer izango litzatekeen Europan aritzea.
Orain gutxi hauteskundeak izan dira Bidasoan, presidente berria duzue, Gurutz Aginagalde. Ez dakit zerbait aldatzen al duen horrek zuentzat.
Denak nahiko berdin jarraitzen du. Jokalariok distantzia mantendu nahi izan dugu. Gurutzek Gipuzkoako jendea ekarri nahi du eta nik uste dut hori ona dela guretzat eta Gipuzkoako jendearentzat. Bertakoekin jokatzeak balore gehiago ematen dio.
Zurrumurruak zurrumurru, badago Julen Aginagalde Irunera buelta daitekeela dioenik ere…
Ea etortzen den! Kar, kar. Nik uste dut zaila dela. Esaten dutenez, helburua 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetara joatea da, eta, Txapeldunen Liga jokatzen duen talde batean egonda, aukera gehiago ditu. Baina hemendik bi urtera etortzen bada, eskertuko dugu.
Gustatuko litzaizuke.
Bai, bai. Amets bat izango litzateke berarekin jokatzea.
Zuk esan duzu, Artalekuko giroa apartekoa da. Asobal Ligan ba al dago halakorik bizitzen denik?
Aurrekoan begira egon nintzen ea zenbat jende joaten den partiduak ikustera eta uste dut bosgarren edo seigarren gaudela. Badaude hiri batzuk non eskubaloia asko bizitzen den: Valladolid, Leon… Bertan jokatzea oso polita da. Baina, gero, badaude beste batzuk; adibidez, Bartzelona. Azkeneko hamar Asobal ligetatik hamar irabaziko zituzten, baina 500 pertsona joaten dira, besterik ez. Polita da Palaun jokatzea, baina badakite Asobal Ligan erraz irabaziko dutela, eta jendea ez da joaten.
Zer egoeratan dago eskubaloia? Ziur aski, urte batzuk atzera gogoratuko duzu Portland San Antonio, Arrate-Bidasoa hor goian zeudenean… Gaur egun, gerta liteke horrelako gauza bat?
Gaur egun, nire ustez, Espainian, Bartzelona bakarrik dago maila horretan. Ni garaiko gaztea naiz eta momentu haiek ez nituen bizi izan nire taldeko beste kide batzuek bezala. Txikia nintzen eta telebistan ikusten nuen, baina ez nintzen gehiegi jabetzen. Esan didatenez, orain dela 10-15 urte askoz ere diru gehiago zegoen eta askoz gehiago inbertitzen zen eskubaloian. Dena den, eskubaloia apurka gora egiten ari dela uste dut. Urte txar batzuk igaro ditugu krisiaren ondorioz, baina orain, pixkanaka, taldeek gero eta aurrekontu altuagoak dituzte eta taldeak ere pixkana hobetzen doaz.
Jendeak kalean eskubaloiaz hitz egiten du?
Gutxi. Zumaian pixka bat bai; azkenean, herri txiki bat da. Ni eta Sinfinen jokatzen duen Ander Torriko ezagutzen gaituzte. Gu ezagutzen gaituztenok eskubaloia jarraitzen dute gu jarraitzeagatik ere bai, baina, egia esan, hortik kanpo, Gipuzkoan ez da gehiegi entzuten.
Kalean, beharbada, ez, baina esango nuke lurralde batean eskubaloiak lekua badu Gipuzkoan izango litzatekeela. Behintzat, harrobi mailan talde asko daude, ezta?
Hori egia da. Maila nahiko altua dago adin txikietan. Badira herri batzuk non eskubaloia asko bizitzen den: Zarautz, adibidez. Irun aldean, maila altuan, batez ere. Herri txikietan ere bai. Jokatu jokatzen da, baina ez da hain ezaguna beste kirol batzuekin alderatuz.
Zumaian Pulpo Eskubaloi Kluba duzue eta zu bertan hasi zinen jokatzen. Nola hasi zinen eskubaloian?
Txikitan hasi nintzen. Kirol ia denak probatu ditut: futbola, piraguismoa, surfa… denetik probatu nuen. Pulpon nire lagunekin hasi nintzen jokatzen eta oso ondo pasatzen genuen. Txikitan esan izan balidate 22 urterekin Asobalen jokatuko nuela, ez nukeen sinistuko. Lagunekin eta ondo pasatuz hasi nintzen eta pixkanaka hobetuz joan nintzen. Heldu ziren Euskadiko Selekzioa eta Espainiako Selekzioa. Jubenileko azken urtean oso denboraldi ona egin genuen, Zumaian Espainiako txapelketa jokatu genuen, finalera iritsi ginen eta Bartzelonaren aurka galdu genuen luzapenean, eta hemendik aurrera salto egin nuen Bidasoara. Nik uste dut beste gauza bat dela; txikitan, Zumaian, lagunekin, presio gutxiago geneukan eta disfrutatu egiten genuen. Bidasoan ere disfrutatzen da, baina beste exijentzia bat daukazu eta eskubaloia beste maila batean jokatzen da.
Behin Bidasoara helduta, Zilarrezko Mailan aritzen zineten.
Bai, lehenengo urtean Zilarrezko Mailan jokatu genuen eta igoera lortu genuen urte hartan Irunen. Oso oroitzapen politak ditut.
Emaitza batzuek bideratu zuten play-off-a Irunen jokatzea… Zer oroitzapen duzu?
Gogoan dut denboraldi oso gogorra izan zela. Denboraldi hasieran faboritoak igotzeko Valladolid eta Bidasoa ginen. Egia esan, Valladolidek oso denboraldi ona egin zuen eta ia partida guztiak irabazita zuzenean igo zen.
Bigarrenak, hirugarrenak, laugarrenak eta bosgarrenak play-off-a jokatzen dute igotzeko. Guk lehenengo itzuli ona egin genuen eta bigarrenean txakalaldia izan genuen. Bazirudien kanpoan jokatuko genuela, baina emaitza arraro batzuk emanda bigarren amaitu eta play-off-a Irunen antolatzeko aukera izan genuen. Etxean jokatzeak asko laguntzen du, Artaleku beteta zegon eta oso oroitzapen politak ditut.
Hori 2015-2016 denboraldian izan zen. Ordutik, asko hitz egin da Kauldi Odriozolari buruz eta eskaintzak izan dituzu kanpora joateko, baina, momentuz, 2020. urtera arte kontratua duzu. Hemen geratu zara; zergatik?
Oso gaztea naiz oraindik. Eskubaloia ez da futbola bezala eta nik oso argi daukat eskubaloiaz aparte ikasi egin behar dela. Irunen oso gustura nago eta, ikusten den bezala, Bidasoa pixkanaka gora doa. Nahiko garbi izan dut beti geratu nahi nuela. Kanpotik beti da tentagarria deitzen zaituztenean, hemen baino diru gehiago eskaintzen dizutenean, baina nik nahiko garbi neukan geratu nahi nuela. Hemen Irunen oso gustura bizi naiz. Lagunak, familia… dena hemen daukat.
“Bidasoak Europan jokatzen badu, aukerak ditut geratzeko”
Eskaintza asko?
Batzuk bai; kar, kar. Baina hemengoa zen onena.
Esan didazu Julen Aginagaldek 2020. urtean Tokion, Joko Olinpiarretan, jokatu nahi badu, seguru aski hobe daukala kanpoko talde batean jarraitu. Kauldi Odriozolak etorkizun batean gora egin nahi badu, hobe dauka hemendik kanpora irten?
Ez dakigu. Bidasoak aurtengo denboraldiari jarraipena emanez gero eta hemendik urte batzuetara Europan jokatzen hasten bada, agian, aukerak ditut etxean egiteko. Ez badago aukera hori, pentsatuko nuke. Oraintxe bertan oso gustura nago hemen eta ez dut horretan gehiegi pentsatzen. Ahal den denboraldi hoberena egitea dut buruan. Oraina biziz.
Urtarrilean jokatu berri da Munduko Txapelketa eskubaloian eta Espainiako Selekzioan Asobal Ligan ari den bost jokalari bakarrik daude. Horietako lau Bartzelonan eta bestea Granollersen. Zer egoeratan dago Asobal Liga?
Bartzelona dago Europako talde handien artean. Asobal Liga pixkanaka gora doa, baina oraindik Bartzelonaren parera iristeko urte asko falta dira, nire ustez. Ez dakit noizbait iritsiko den maila horretara. Aurrekontuari bakarrik begiratuta, Bartzelonan gehien irabazten duen jokalaria Asobal Ligako talde bateko jokalari guztiek irabazten dutenaren pare dago.
Aurten, behintzat, Bidasoako partida asko ikusi ahal izan ditugu telebistan, ezta?
Bai; iaz ez ziren hainbeste eman. Aurten, emaitza onak lortzen hasi ginen, denboraldi hasieratik jende asko etorri da gu ikustera eta hori ere, azkenean, telebistarentzako ona da. Etxean, Artalekun, jokatutako partida asko bukaera arte politak izan dira, gol gutxiko diferentziarekin irabazi edo galtzeko partidak, eta horrek, azkenean, jendea harrapatzen du. Bartzelonak 9 golengatik irabazten badu, ez da erakargarria… Partida politak bizi izan ditugu.
Kauldi Odriozolak ere badauka Munduko Txapelketa bat…
2017. urtean lortu genuen, junior mailan, Aljerian. Gogoratzen dut finala Danimarkaren aurka izan zela, luzapenean, partida oso gogorra izan zen. Irabazi genuen bezala galtzeko aukera izan genuelako. Orain nire taldekidea den Xoan Ledok penalti bat gelditu zuen denbora amaituta berdinduta gindoazela, eta horri esker luzapenera joan ginen. Luzapenean gol bategatik irabazi genuen. Suerte pixka batekin irabazteko aukera izan genuen eta kristorena izan zen.
Nola ospatzen da munduko txapelduna izatea?
Partidua bukatu genuenean, inork ez zuen sinisten. Berdinduta heldu ginen 20 segundoren faltan, luzapenean. Haiek jaurti, gure atezainak gelditu eta gola atetik atera egin genuen irabazteko. Ezin genuen sinetsi. Saltoka atera ginen, batzuk hunkituta ere bai. Eskubaloian jokatzen hasten zarenean ametsetako bat hori da. Espainiako Selekziora joatea eta txapelketa nagusi batean horrelako emaitza on bat lortzea. Junior mailan munduko txapelduna izatea oso emaitza ona da eta Espainiak ordura arte ez zuen emaitza hori lortu.
Etxean, Zumaian, behintzat, harrera izan zenuen.
Bai; kar, kar. Ez zaizkit gehiegi gustatzen horrelako gauzak. Ni bakarrik hor, jende pila baten aurrean. Eskertzen diot jendeari, maitatua sentitzen zarelako Zumaian, baina, egia esan, nahiko gaizki pasatzen dut horrelako momentuetan.
Eskubaloi asko ikusten duzu?
Gutxi. Lehen, gehiago ikusten nuen, baina orain, asko entrenatzen naiz, partiduak jokatzen ditugu asteburuetan eta, azkenean, denbora librea dudanean deskonektatzeko erabiltzen dut. Txapeldunen Ligako partiduak ikusten ditut gustatzen zaizkidalako, baina ez dut horrenbeste eskubaloi ikusten.
Nolakoa da Asobal Ligan jokatzen duen eskubaloi jokalari baten bizitza?
Astean zehar Irunen bizi naiz, gehienbat, eta asteburuan Zumaiara noa bisitan. Goiz eta arratsaldez entrenatzen garenean: esnatu, gosaldu eta entrenatzeaz gain tarte txiki bat badut, ikasi egiten dut. Bazkaldu ostean, siesta egin eta berriz ere entrenamendua daukat. Horrelako egunetan denbora gehien entrenatzen ematen dut. Arratsaldeetan bakarrik entrenatzen naizenean, goizak ikasteko erabiltzen ditut.
Ikasketak eta zure arlo profesionala, eskubaloia, kudeatzen saiatzen ari zara.
Eskubaloia ez da futbola eta, agian, orain, dirua bizitzeko ematen dizu, baina etorkizun baterako prest egon behar da. Etorkizun batean lan egin beharko baitut eta nik uste dut oso garrantzitsua dela ikasketak alde batera ez uztea. Eskubaloia bukatzean zerbait edukitzeko.
Ingeniaritza ikasten ari zara…
Aurten, lehenengo eta bigarren ikasturtea bukatu nahi ditut. Presarik gabe, baina aurrera ateraz. Hurrengo urtean hirugarren maila hasteko.
Emakumeen eskubaloirik ikusten duzu?
Gehienbat, Munduko edo Europako txapelketak ikusten ditut. Baina ez dago aukera handirik ikusteko telebistan. Egia esan, ez dut gehiegi jarraitzen, eta ez dago ikusteko aukera handirik.
Behintzat, hemen, Gipuzkoan, badugu erreferente bat, Bera-Bera. Europatik kanpo geratu da duela gutxi. Ikustera joaten zara edo zer moduz ikusten duzu emakumeen eskubaloia?
Ondo. Bera-Berak oso talde ona dauka. Espainia mailan onena, nire ustez. Aurten, hor dabiltza beste bi talderekin ligan lehian. Pixka bat jarraitzen dut, baina zuzenean ikusteko aukera askorik ez dut, guk ere partiduak izaten ditugulako asteburuetan. Gutxitan kointziditzen du bertara partidua ikusteko aukera izateak.
Kirol asko kontuan hartuta, beharbada, izango da eskubaloian non emakumezkoen eta gizonezkoen mailak gehien parekatuta dauden, baita hedabideetan duen oihartzunean ere.
Bai; emakumeen eskubaloiari, hedabideetan eta Espainia mailan, batez ere, gizonezkoen eskubaloiari bezala garrantzia ematen zaio. Ekonomikoki maila baxuan dagoela uste dut, baina Europa mailan, talde handienetan, emakumeek kobratzen duten diru kopurua gizonezkoen nahiko parekoa dela uste dut.
Zer beste kirol gustatzen zaizkio Kauldi Odriozolari?
Anaiarekin udan saiatzen naiz Zumaiako hondartzan surfa praktikatzen. Futbola ikustea gustatzen zait, pilota, pala… Nahiko kirolaria izan naiz eta denetik gustatzen zait.
Duela hilabete batzuk, Realeko jokalaria den Luca Sangallik iktusa izan zuen, eta hori jende askok daki. Baina zuek ere taldean duela hilabete batzuk izan zenuten horrelako kasu bat, Adrian Crowleyrena. Nola jasotzen da horrelako berri bat aldagelan?
Zaila da. Laugarren urtea daukat aldagela Adrianekin konpartitzen. Taldetik kanpo ere oso lagun ona da eta albiste nahiko gogorra izan zen guretzat. Ez duzu sinisten 30 urteko kirolari bati horrelako gauza gogor bat gertatu ahal zaionik.
Ligako lehenengo partiduan gertatu zen, Anaitasunaren aurka, eta berotzen ari ginela buruko mina zuela esan zidan. Partida jokatu zuen eta bukatzean buruko minarekin jarraitzen zuela adierazi zidan, ez zuela oso ondo ikusten begi batetik… Ospitalera joan eta iktus bat zela esan ziguten. Zortea izan zuen, nahiko azkar harrapatu ziotelako. Berri oso gogorra izan zen taldean.
Zorionez, jokatzen ari da berriz ere, ezta?
Orain dela hilabete inguru jokatzen hasi zen, baina sorbalda atera zitzaion eta ebaketa egin behar izan diote. Ez du zorte handirik izan aurten. Ea hurrengo urterako berreskuratzen den.
Bitxikeria da Adrian Crowleyren enpresak janzten duela Bidasoa…
Ni iritsi nintzen urtean gertatu zen, hain justu ere, eta orain, uste dut laugarren urtea bete dela Zebra marka Bidasoan dagoenetik. Bere anaiarekin hasi zen pixkanaka kamisetak ateratzen, denda Irunen ireki zuen eta hortik aurrera Bidasoa janzten hasi zen. Kaleko arropa eta denetarik dauka.
2016-17 denboraldian Asobal Ligan debuta egin eta debutari onenaren saria lortu zenuen.
Bai; nahiko denboraldi gogorra izan zen. Asobaleko lehenengo urtea eta Bidasoako bigarrena. Oraindik ez nuen esperientzia askorik eta urduri nengoen Asobalen jokatzearekin. Hirugarren partiduan min hartu nuen eta lesiotik ateratzea kostatu egin zitzaidan. Lehenengo itzulian asko sufritu nuen, lesiotik ez nintzelako guztiz sendatzen. Bigarren itzulia oso ona egitea lortu nuen eta, azkenean, sari hori eman zidaten. Talde osoaren lan bat da eta eskertzekoa da sari hori eman izana.
Amets bat?
Bidasoarekin Europan jokatzeko aukera izatea. Eta harago joanda, Espainiako Selekzioarekin txapelketa bat jokatzeko aukera izatea izango litzateke. Europako Txapelketa, Munduko Txapelketa bat, Joko Olinpiarrak… badakit oso zaila dela, baina ametsak betetzeko daude, eta ea lortzeko aukera dudan.
Bukatzeko, eta nire kuriositatea asetze aldera, zenbat jende ezagutzen duzu Kauldi izena duena?
Internetetik ikusita, badakit beste argazkilari batek izen bera duela, Kauldi Iriondok. Entzunda baten bat dagoela ezagutzen dut, baina beste inor ez; kar, kar. Nahiko izen bitxia da.
Zer esan nahi du?
Esan didatenez, Claudio euskaraz, baina ez nago oso ziur.