Katxi bete

Ez naiz aurtengo Aretxabaletako Andra Mari jaietara arte jabetu katxiak desagertuak direla edari neurri gisa. Ez naiz maiz ateratzen gauez, eta egia da aspaldi ez zaidala tokatu garagardo epel, listu eta bestelako patogenoen bilgune zen litroko ontzi horietako bat eskurik esku konpartitzea. Ez da ezer gertatzen, modaren eta joeren menpe baikaude denok, baina barruan zerbait uzkurtu naiz, konturatu naizelako hemendik aurrera fikzio lan batean katxi hitza agertzen bada oin-ohar batek lagundu beharko duela agian. Onartua nuen gauza bera telefono listina-rekin, zer esanik ez arcade bideo-joko aretoekin, baina katxiarenak hunkitu egin nau.
Idi gorrien gurpila da denbora Ruperren ahotan. Gupidagabea, borobila, sendoa.
Horregatik, arretaz ari naiz jarraitzen The Document Foundation-en –besteak beste, LibreOffice kode irekiko eta formatu askeko bulegorako programa sortaren sustatzailea– eta Microsoften arteko sestra. Lehenak bigarrenari egiten dion akusazioa da nahita zaildu eta oztopatzen duela dokumentuen formatua erabiltzaileek ez edukitzeko beste erremediorik Microsoft Office erabiltzea baino. Horrek, lehia librea oztopatzeaz gain, dependentzia handia sortzen die norbanakoei, enpresei eta gobernuei Microsoftekiko, eta zalantza pizten du ea norbaitek, demagun Danimarkako gobernuak, administrazioa Linux ingurunera migratu nahiko balu irakurri eta baliatu ahalko lituzkeen aurretik Microsoften suitarekin eginiko dokumentu, kalkulu-orri edota aurkezpenen artxiboak.
Denborarekin lotuta ariketa sinple bat proposatzen dizuet horren harira. Bilatu zuen aurtengo udako argazkiak. Non dituzue? Telefonoan, ziur asko, gehien-gehienok. Batzuk lainora igota, besteren batzuk ordenagailura deskargatuta, edota kanpo disko gogorren batera. Bakanen batek inprimatuta edukiko ditu eta albumen batean itsatsita. Egin gauza bera duela bost urteko argazkiekin. Duela hamar urtekoekin. Duela hamabost urtekoekin. Duela hogeikoekin…
Eta maila pertsonalean dagoen anabasa hori eraman elkarte, udal edota unibertsitate baten artxiboaren kasuistikara. Pila litezke dokumentuan CD-ROMak, argazki-diapositibak, USBak, orri inprimatuak, filminak… Horregatik egiten dut beti paperaren alde, nahiz eta, paradoxikoki, TTAP moduko aldizkari batean egin. Ona litzateke TTAPen elkarrizketa-hautaketa bat liburu gisa inprimatzea? Ziur asko, bai. Beharrezkoa. Katxi bete malko ez dezagun izan hamar urte barru egin eta .docx irakurri ezin delako galdu dugun guztiagatik.