Karmele Jaio: “Maitasuna baino indartsuagoa da beldurra”

Botere harremanei buruzko eleberria argitara eman du Karmele Jaiok, Elkarren eskutik. Aitaren etxea iraganera egindako bidaia da, egungo ikuspegitik. Komunikazioaren eta inkomunikazioaren arteko muga estu horretan atmosfera itxia sortu du.

Aitaren etxea, Karmele Jaio. Eskerrik asko TTAPen gonbidapena onartzeagatik.

Zuri.

Aitaren etxea eleberrian iraganaren atea zeharkatzen da, eremu intimora garamatzana. Etxe barruko intimitate horretan gauzak alda daitezke harremanetan, hizkuntzaren erabileran… eta ur handitan sartu zara. Ausartu, sariak eskuratu eta salmenta ugari lortu. Nola sentitzen zara? Onik atera zarela sentitzen al duzu?

Uste dut ur handitan sartzen ez bazara, ez duela, agian, idaztea merezi. Edo hainbeste denbora eskaintzea idazteari. Azkenean, idazten duzu zure barruan dituzun kezkei buruz. Nik, behintzat, idazten jartzen naizenean, ez dut hainbeste gaia aukeratzen; barruan hazkura egiten didaten gaiak ateratzen dira, edo kezkatzen zaituzten gaiak ateratzen dira. Oraingo honetan hainbat gai atera dira, hor barruan zeudenak. Nire barruan eta jende askoren barruan. Etxe barruan, intimotasun horretan, gerta daitezkeen botere harreman horiek: gizartean emakume-gizon izateak zer dakarren edo zer espero den bakoitzarengandik, emakume edo gizon izateagatik… hainbat gauza. Nola normaltasunak edo egunerokotasunak estaltzen dituen gauza asko, eta normaltzat jotzen ditugun. Hori guztia liburuan atera da. Horrek utzi nau lasai, barrutik atera ditudalako. Eta irakurleen erantzunean nabaritu dut, jendearekin hizketan, nire kezkak direnak besteenak ere badirela. Konpartituak direla.

Horrek halako lasaitua eta poza ematen du, era berean.

Bai, ez zaude bakarrik munduan. Ez dakit nola esan. Nik uste dut irakurketak eta literaturak ematen dizun gauza bat hori dela. Irakurtzen duzunean norbaitek idatzi duena eta pentsatzen duzunean, “hau da nik sentitzen dudana”. Hori gertatzen denean esaten duzu, “ez nago bakarrik”.

Familia aipatzen hasi gara. Garai bateko familia klasiko horietan bazegoen halako hierarkia bat. Hierarkia ezartzen zen, beharbada, soldata ekartzen zuenaren aldetik. Ama etxean egoten zen, aitak jornala edo soldata ekartzen zuen. Hor bazegoen halako botere harreman bat. Ondoko belaunaldietan badago halako talka bat, beharbada. Baina botere harremanek indar handia daukate traman zehar, ezta?

Bai; hierarkia hori garai batean, agian, argiago ikusten zen. Aipatu duzu soldatarena… ez da soldata kontua bakarrik, emakumeek ere lan egin dutelako etxe barruan eta baita etxetik kanpo ere. Fabrikan piezak egiten, baserritarrak produktuak saltzen, edo beste etxe batzuetan zerbitzatzen… eurek ere lan egin dute. Baina beti izan da konplementua. Etxea beti aitarena izan da, beti aitaren etxea izan da, eta hierarkia hori nahiko garbi ikusten dugu atzera begiratzen dugunean. Kostatzen zaigu gehiago gaur egun ikustea, nahiz eta mantentzen den hierarkia hori, nahiz eta beste modu batean. Botere harreman horiek hor daude, mende asko dira normaltasuna horren azpian ezkutatzen dela, gainera. Erraza da lehengoa ikustea, baina zaila egiten zaigu gaur egun gure etxean onartzea botere harremanak egon daitezkeela, edo hierarkia bat generoaren arabera edo sexuaren arabera.

Gure amak katekistak ziren; guk ‘Salve Regina’ abesten genuen

Aitaren etxean eskopeta dago, ehiza du gogoko, baina izan zitekeen elkarte gastronomiko bateko kide sutsu horietako bat, edo asteburuetan autoa garbitzen buru-belarri dabilena eta, beharbada, etxean hain eredugarri ez dena. Horrelako rol batean jartzen da aita, eta eleberrian, ama etxean dago. Horregatik galdetzen nizun hierarkiarena. Zeharka bada ere, inertzia horietan kristautasunak eragina izan du. Aipatzen da, zeharka, eleberrian. Pisu gehiago dute beste egoera batzuek: krisi ekonomikoak, lan gatazkak, gatazka politikoak, musika mugimenduak… Belaunaldi baten erradiografia da eleberrian agertzen duzuna.

Gure belaunaldia. 1970ekoa naiz ni. Gu eta gure gurasoen artean distantzia handia egon da, talka handia. Gure amak katekistak ziren eta guk Salve Regina abesten genuen. Bi mundu oso diferente ziren. Belaunaldi guztietan gertatzen den bezala, aurreko belaunaldiari aurre egiten dion belaunaldia izan da gurea. Belaunaldi bakoitzak bere gauzak ditu, eta eleberriak jasotzen dira gureak, gure belaunaldiak bizi izan dituen gauza batzuk. Gatazka hor dago, noski. Gatazka egon da, eta gure bizitzaren parte bat izan da; batzuek lehen lerroan bizi izan dute, beste batzuk atzerago, baina bizi izan dugun giroak guztiongan eragin handia izan du. Baita krisi ekonomikoak ere. Nobelan ere aipatzen da, hemen Gasteizen bereziki eta Euskal Herriko beste leku batzuetan ere, 60ko hamarkadan hona lanera etorritako etorkinen edo pertsona haien seme-alaben errealitatea. Eta musika, eta musikak berarekin zekarren guztia.

Jarrera.

Jarrera, eta abestu ditugun hitz horiek guztiak.

Bai. Euskal gatazka, lan gatazka, familiako rol indartsu horiek… Iragan itogarriaren sentsazioa izan nuen irakurtzean. Eleberriaren hasieran agertzen da hitz bat, atmosferarena, etxe barruko atmosferarena. Gatazkarekiko eta, batez ere, indarkeriaren erabilerarekiko nahiko zorrotz, gainera.

Bai; saiakera egin dut pixka bat urruntzeko. Bizi izan dugu normaltasun baten barruan normala ez zen egoera. Urteek ematen duten urruntasun horretatik begiratuta, beti galdera batekin buruan. Hau gertatu izan ez balitz, hau guztia gertatu izan ez balitz, zelakoa izango zen gure bizitza? Zenbat bizitza baldintzatu dituen, ezta? Eta, noski, zorrotz, oso gogorra izan delako pertsona askorentzat, alde guztietako pertsona askorentzat. Pertsona askoren bizitzak guztiz baldintzatu dituelako.

Zure liburua irakurri eta goretsi duen lagun batek zalantza hitza nabarmendu zidan. Nik beldurra nabarmenduko nuke. Protagonista, esan dezagun, idazlea da. Beldurra paper zuriari, beldurra onartua ez izateari, aitaren zaurgarritasunari edo zahartzaroari… Bi hitz horien artean zein aukeratuko duzu, zalantza edo beldurra?

Beldurra, zalantza barik. Errua ere. Baina beldurrak garrantzi handia du eta presentzia handia du eleberrian. Zeren eta beldurra oso tresna indartsua baita. Beldurra, uste dut momentu batean esaten dela nobelan, maitasuna baino indartsuagoa da. Beldurrak paralizatu egiten zaitu eta beldurrak paralizatu egin dezake mundua. Begiratu nola gauden orain paralizatuta, birus batengatik. Eta zalantza, nik, agian, zalantza baino gehiago kontraesanak aipatuko nituzke. Edo saiatu naiz, behintzat, hori azpimarratzen, pertsonen kontraesanak, denok ditugulako kontraesan asko eta ez garelako modu batekoak edo bestekoak; modu askotakoak gara eta hori azpimarratzen saiatu naiz.

Ahotsen erabilera ere oso bestelakoa da protagonista batetik bestera. Jaione protagonistaren emaztea lehen pertsonan ari da. Ismaeli buruz bigarren pertsonan ari zara. Eta aita, hirugarren pertsona hori. Nondik nora antolatu zenuen eleberria?

Pertsonaia bakoitzari bere atala eskaini nahi nion. Horri garrantzia eman diot, ikusteko nondik begiratzen duen bakoitzak. Atal batetik bestera diferentzia bat, ezberdintasun bat egotea nahi nuen. Baina bigarren pertsonaren erabilera erabili dut pertsonaiaren barrutik hitz egiteko, baina, aldi berean, kanpotik. Ez dakit nola esan, pertsonaiaren kontzientzia balitz bezala. Pertsonaiak bere burua kanpotik ikusiko balu bezala, ezta? Esango balu bezala, “zu hor zaude, begira zer egiten ari zaren”. Une hori harrapatu nahi nuen, zeinean kontziente den edo hausnarketa egiten duen egiten dituen gauzei buruz. Nik uste dut gure buruari ere askotan bigarren pertsonan hitz egiten diogula. Esaten dugu, “zergatik egin duzu hori?”, “zergatik ez diozu esan?”… Ahots hori harrapatu nahi nuen. Horregatik erabiltzen dut bigarren pertsona, bereziki, Ismaelen eta Liberen kasuan.

“Zaintza da gure gizartean konpondu gabeko arazo handia”

Pello Lizarralde elkarrizketatu genuen TTAPen, eta berak zioen izugarri estimatzen zuela irakurle kluben esperientzia. Zuk ere gozatzen al duzu? Kazetarion aurrean aritzea baino gozagarria al da?

Kazetariaren eta irakurle klubaren arabera. Idaztea bera oso lan bakartia da. Bakartia da, ez bakarrik idazten ari zarenean. Liburua kaleratzen duzunean oso zaila delako jasotzea edo jakitea irakurleak zer sentitu duen irakurri duenean… Eta irakurle klubak, horretarako, altxor bat dira. Agian, batzuetan, harrituta geratzen zara.

Zeri erreparatzen dioten, esaterako.

Bakoitzak bere motxila-rekin irakurtzen du, eta bakoitzari bizitzan zehar gertatu zaizkion gauzak buruan dituela irakurtzen du. Pertsonaren arabera, gauza ezberdinei ematen diote garrantzi handiagoa eta nik uste dut hori oso aberasgarria izan daitekeela.

Irakurle klubetan, adibidez, galderen artean honako hau atera daiteke: eleberrian deigarria egiten zait senar-emazteak zeinen gutxi hitz egiten dioten elkarri. Elkarrizketarik ez dago. Batak besteari buruz egiten du. Hortik datorkit lehen aipatu dizudan giro itogarri hori. Apenas hitz egiten dute eleberrian.

Ez da eleberri honetan bakarrik gertatzen den zerbait. Nik idazten dudan guztian, eta idatzi ondoren konturatzen naiz, zenbaterainoko garrantzia ematen diodan esan gabeko hitzei. Hau da, inkomunikazioari edo komunikatzeko zailtasunei. Idatzi nuen lehen liburutik hor agertzen da beti. Esan gabeko hitzak. Iruditzen zait, agian, gauza garrantzitsuenak barruan uzten ditugula.

Barrenetik doaz, ezta?

Bai, barrenetik doaz, eta, orduan, idaztean ere beti egiten zait interesgarriago pertsonaiek esan gabe uzten dutena esaten dutena baino. Bizitzan ere horrela gertatzen dela iruditzen zait.

Eta, era berean, tramaren garapenean sekulako aldaketa gertatzen da solasaldi txiki baten ondoren. Jaioneren eta Liberen arteko bilkuran, telefono dei bat tarteko.

Batzuetan, izebergaren puntatxoa agertzea nahikoa da urteetan azpian egon dena ikusteko. Eta hor agertzen da, Jaionek eraiki duen mundu bat bat-batean desagertzen denean.

Eta beste galdera izan zitekeen eleberrian aipatu bai baina agerpenik ez duten protagonisten bi alabak. Ismael protagonista bere gizontasunaz edo bere rolaz oso kezkatuta dago. Zein litzateke alaben iritzia aitari buruz?

Zaila egiten zait jakitea, esan duzun bezala ez direlako nobelan lantzen diren pertsonaiak. Hor daude, baina ez dira asko agertzen. Aita-alaba harreman horretan deigarriago egiten zait aitaren erreakzio hori. Aitak duen, bi hitz horiek aipatu dituzu, beldurra eta errua. Eta, hain justu, duen nahasketa hori aipatuko nuke. Beldurra sentitzen du, batetik, alabengatik. Eta, aldi berean, erruduntasuna, gizon izateagatik. Eta nola ezin duen onartu sentimendu hori. “Zergatik sentitu behar dut errudun?”, esaten dio bere buruari. Hor sakondu nahi nuen. Iruditzen zait, gainera, gerora ere pentsatu dudalako, gizon askori edo batzuei gertatu zaiela alaba izan arte ez diotela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren gaiari erreparatu. Eta, bat-batean, alabak gauez atera behar du, kalera.

Gizonak eta zaintza. Batez ere, adinekoen zaintza. Bide luzea dago egiteko.

Eleberrian esaten da protagonista sentitzen dela esploratzaile bat, lurralde berrian. Aitari dutxa hartzen laguntzen dionean. Hori horrela da. Zaintza da gure gizartean dagoen konpondu gabeko arazo handienetako bat. Zaintza oraindik ere emakumeen esku dago, neurri handi batean. Batzuetan, gaizki ordaindutako emakumeen esku. Besteetan, musu-truk ari direnen esku. Gizonen aldetik, nahiz eta ukaezina den pausoak eman direla, bide luzea dago egiteko. Gizarte osoari dagokio zaintza ikusgarri ikustea, eta horri garrantzia ematea.

Eta txanponaren bestaldean, zaintzak emakume askoren errenuntzia ekarri du euren afizio, gogo eta ametsei bidea eman ezinik. “Hemen nago, nitaz ahaztu zara?” atal baten izenburua da.

Zenbat errenuntzia, hein handi batean, zaintzagatik. Eta ez duzu zertan ama izan. Zure osaba zaintzea izan daiteke aukera bat. Errenuntzia asko daude, eta liburuan jasotzen da horri buruz gerora konturatzen zarela. Momentuan egin beharrekoa dela sentitzen duzu, baina haurren zaintzari dagokionez, zenbat gauza utzi ditut bazterrean zaintzara neu bakarrik egoteagatik sentimendua maiz agertzen da. Askatasunez egindako gauza dela iruditzen zaizu, eta askatasuna hitza zenbaterainoko pozoitu daitekeen.

Iñigo Muguruzari eskaini diozu liburua, eta baita gizon berri guztiei ere. Hutsune handia utzi du, eta ez soilik musika munduan. Ezagutu zenuen, eta musika ezinbesteko elementua da zure eleberrian.

Bera jarri zen nirekin harremanetan, disko baterako hitz batzuk eskatuz. Denborarekin jarraitu zuen harremana izan zen. Poesia liburua argitaratu nuenean musikatu nahi zuela adierazi zidan. Sentsibilitate handiko gizona zen. Harremana nahiko epistolarra zen, baina oso sentsible zela nabaritzen nuen. Adibide bat jartzearren, poemak musikatu nahi zituela adierazi zidan eta oso gogoko zituela adierazteko hauxe esan zidan: “Alabei deitu diet, eta poema irakurri bitartean esaten nien begira nire besoetako ileak nola tentetzen diren”. Asko sentitu nuen haren heriotza. Zen bezalakoagatik eskaini diot liburua.

Musikarekin jarraituz, Jimmy Jazz aretoan gaude. Ezinbestean aipatu beharrekoa, gaur aterpea eskaini digutelako. Bereziki gogoan duzun kontzerturen bat aipatuko al zenidake?

Asko izan dira, baita Azkena izan zenean ere. Quique Gonzalezen kamiseta daramazu, eta areto honetan bertan ikusitakoa nago. Hemen denetik ikusi dut. Yo la Tengo AEBetako taldearen emanaldia aipatuko nuke ere. Etorri nintzenean ez nuen taldea gehiegi ezagutzen, eta liluratuta utzi ninduten. Ordutik jarraitu dudan taldea da. Talde asko dira.

Amaitzeko, hezur-haragizko Jauregik zer dio? Eleberriari buruz zer-nolako iritzia du?

Kar, kar. Ez du inolako zerikusirik eleberriko editorearekin. Zer dioen? Niretzat editorea figura oso garrantzitsua da. Nik, adibidez, liburua ez diot inori erakusten. Bukatuta dudanean Xabier Mendigureni bidaltzen diot. Eta berak zer iruditzen zaion esan arte, galduta-edo nago. Nik uste dut liburu bat bukatu duzunean benetan ez dakizula zer egin duzun. Gero, denborarekin konturatzen zara. Editorearen iritzia eta ikuspuntua oso inportantea da. Horregatik goraipatu nahi dut bere lana.

Goraipatzen hasita, zure liburuak ibilbide oparoa izan du. 111 Akademia Saria jaso zenuen ere… Pandemiaren bigarren olatuan gaudela dioten bezalaxe, zure liburuak bigarren olatu modukoa ezagutu duela esan daiteke. Azken asteetan sareetan hainbat bider aipatzen da.

Bai; egia esan, liburuek eta, bereziki, nobedade direnek iraungitze-data izaten dute. Nabaritzen ari naiz liburuak hortxe jarraitzen duela. Liburu-dendetan gomendatuta, ahoz ahokoan, sareetan… liburua bizirik dago oraindik.

Hori oso ona da. Eskerrik asko, eta ondo segi!

Eskerrik asko.