Jurgi Ekiza: “Euskaraz sortzea hautu bat da

Willis Drumondek Hala ere diskoa argitaratu du azaroan. Jurgi Ekiza taldeko kidearekin hitz egin dugu album berriaz, musikak kritika soziala egiteko duen paperaz eta bere sortze-prozesuaz, besteak beste.

Ongi etorri TTAPera, Jurgi.

Mila esker.

Azken diskoko lehen kantarekin hasiko gara, irudia ematen diona: Mandarina. Letrak zer zentzu du munduak esaten du. Mandarina metaforikoa al da?

Bai. Mandarina portadara eramatearen kontua azken uneko ideia bat izan zen. Lehen kanta horretan nire esperientzia bat kontatzen dut. Tahitirako bidean hegazkin batean nengoela, Groenlandia parean, afaria eman ziguten eta bertan mandarina bat zegoen, eta momentu hartan egoera hori oso absurdoa iruditu zitzaidan. Itxialditik ateratzen ari ginen, hainbat hilabete egon ginen ia etxetik atera gabe eta hegazkinik gabe, eta kutsadura pila bat jaitsi zen denbora hartan. Eta, zenbait hilabete geroago, hegazkin hartan nintzen. Momentu hark erakusten zuen sistemaren, eta baita bakoitzaren kontraesanak ere. Egunerokoan kontuan hartzen dut krisi ekologikoa eta nire karbono marka ahalik eta gehien jaitsi nahi dut, baina, hala ere, hegazkin hartan nintzen. Beraz, mandarina hura kontraesan guztien sinbolo bilakatu zen. Eta portadan jarri genuen, preseski nahi genuelako zerbait berezia. Hasieran, pentsatu genuen taldearen argazki bat jartzea eta Guillaume Fauveauri deitu genion hori egiteko –diskoaren barnean daude haren argazkiak–. Baina gero, pentsatu genuen portadan nahi genuela zerbait ikonikoa jarri. Wilcoren katuarena bezala, edo Velvet Undergrounden banana famatua. Guillaumek atera zuen argazki hura ere.

Eta ba al du zentzurik munduak?

Ez dakit denak zentzu bat izan behar duen, baina gaur egun zaila da zentzu bat antzematea bizi dugun munduari eta gure funtzionatzeko manerari. Gero eta gehiago dira jendartean galduak sentitzen direnak edo norabide gabe daudenak, eta horixe izan da Hala ere diskoko gaia.

Kritika sozial asko dago disko horretako kantetan. Sortzaile bezala, beharrezkoa duzue kritika egitea?

Ez beti. Nik egin ditut lan batzuk –bakarka eta Willisekin ere bai– letra pertsonalagoekin; hau da, ez dutenak horrelako mezu politiko edo sozialik. Aldiz, beti erraten dut sortzea edo musika egitea barnean duguna kanporatzea dela. Musika gure isla bat da. Gizaki bezala kezka politiko eta sozialak ditugu eta horiek gure kantuetan agertzea naturala da. Ez dut erraten kritika egitea artistaren rola denik, baina hori baldin bada ni naizena, normala da hori agertzea nire letretan.

Hala ere jarri diozue diskoari izenburua. Esperantzarako tarterik badago?

Hori da ideia. Kontraesan bikoitza da. Alde batetik, ikusten dugu munduan gauza asko gaizki doazela, nahiz eta aterabideak baditugun. Gai gara irtenbideak antzemateko, baina ez dugu aurrera egiten, batzuek pribilegioak mantendu nahi dituztelako eta jende gehienak ez duelako galdu nahi daukana. Hau da, nahiago dugu statu quo bat mantendu, zinez aldaketa bat sortu baino lehen. Baina, bestetik, itxaropenari leiho bat utzi nahi diogu. Saiatzen gara gure gauzak egiten, gure maneran, eta uste dut, hala ere, nahikoa pozik bizi garela. Eta, azken finean, hori da garaipena.

Hogei urte Willis Drummond sortu zenutela. Zein da hainbeste denbora elkarrekin eta arrakastaz aritzeko sekretua?

Ez dakit errezetarik dagoen. Nik uste dut gakoa dela taldekide bakoitzaren ibilbidean –bai orain gaudenak eta ibili direnak– beti izan dugula pertsona bezala hobetzeko gogoa. Gutako bakoitza saiatzen da hobetzen, eta, beraz, horrek laguntzen du, besteak ere, onartzeko. Badakigu bakoitzak bere maximoa egiten duela gauzak ondo joateko, eta hortik konfiantza espiritu bat sortzen da gure artean. Denborarekin –bikote harreman edo familia harreman batean bezala–, ikasten da komunikatzen anitz eta ikasten da lanak banatzen eta besteengan konfiantza izaten. Hauxe da gure funtzionatzeko manera eta uste dut hori dela irauteko gure gakoa.

Harreman ireki batean bezala? Batzuetan joan eta beste batzuetan etorri…

Bai, baina arazo bat denean ezin dugu sexua erabili konpontzeko; beraz, are eta gehiago mintzatu behar dugu gauzak konpontzeko!

Euskara ez den beste hizkuntza batean abestea pentsatu duzue inoiz?

Noizbait abestu izan dugu ingelesez, baina kantak ez ditugu beste hizkuntza batetik euskarara itzuli. Nire ustez, ingelesez eta gaztelaniaz sortzeak ez luke zentzurik izango. Esan dezaket niretzat euskaraz sortzea naturala dela, baina ez da horrela. Euskaldun berria naiz eta frantsesa euskara baino gehiago menperatzen dut, eta, beraz, euskaraz sortzea hautu bat da. Nahiz eta batzuetan frantsesez sortu, kantu bat egiteko momentuan ezinbestekoa iruditzen zait euskaraz egitea. Nahiz eta frantsesez idatzi, gero berriro euskaraz idazten dut. Baina ez dut itzultzen, berridatzi baizik. Argitaratzen dudan guztia, normalki, euskaraz izaten da.

Nola sortzen duzu?

Manera desberdinak daude. Willis Drummondekin, kasu gehienetan, lehendabizi, musika-ideiak lantzen ditugu. Horren gainean melodiak asmatu, kantua egituratu eta horren gainean letrak egiten ditugu, buruan dugun kantuaren arabera. Nahiko konplikatua da; izan ere, lehen esan bezala, euskaraz edo frantsesez idatziak izaten ditut letrak eta jokoa izaten da gauza hauek guztiak lerro gutxitan sartzea melodia bat mantenduz. Eta, gainera, gaiak ongi joan behar du musikarekin. Denborarekin ikasi dut beste era batera lan egiten: musika bat entzun eta letra bat egin horren gainean, adibidez. Bakarkako lanetan beste era batera ere egiten dut lan: letra bat idatzi, eta gero, musika bat sortzen dut. Azken finean, uste dut gakoa dela zerbait etortzen zaizunean, instant horretan harrapatzea. Hala ere diskoaren kasuan, musika eta ahotsaren grabaketa egiteko bi asteko epea finkatu genuen. Zerbait psikodelikoa bezala izan zen. Une horretan zerk hartzen duen tokia nire buruan eta bihotzean, eta idazten hasten naiz ateratzen den bezala. Gero, hori dena egituratu egiten dut, berriro idatzi eta abar. Adibidez, Ez dugu behar kantuaren kasuan, nortasun sexualari eta sexualitateari buruzko hausnarketa bat egiten hasi nintzen. Uste nuen horri buruz egingo nuela kanta, eta, azkenean, nahikoa kantu pertsonala egin dut nire harremanari buruz.

Batzuetan bideak nora eramango zaituen ez dakizu, beraz. Gauzak kantuak kaosetik gauzak sortzen dira esaten du…

Preseski kantu hori dela eta, nire pisuan ari nintzen musika batzuk lantzen eta bazterrak nahasirik nituen une batean laxatu nuen burua eta hortik idatzi nuen letra. Gero, musikara egokitu, errepika antzeman eta problematika zabalago batera ireki nuen. Sorkuntza prozesua eta bizitza paraleloan jartzen dira askotan.

“Euskal Herriarekiko nazio kontzientzia asko desagartu da”

Zerk inspiratzen zaitu?

Batzuetan, eguneroko zerbait izan daiteke, mandarinaren kasuan bezala, eta beste batzuetan, psikoanalisi kontu bat izaten da. Idazten hasten naiz nire buruan zerk hartzen duen tokia deskubritzeko. Gauzei ateratzen uzten diet. Batzuetan, horretatik irudi polit bat ateratzen da kantu bat egiteko. Baina bai, nire sortze-prozesua nahiko kaotikoa izaten da.

Bidasoa kantuan mugaz hitz egiten da. Euskaldunon artean ere mugak badaude, ezta?

Azken urteetan kontu hori okertu egin dela iruditzen zait. Askotan pentsatzen dut urteetan egindako lana bi hilabetetan desegin egiten dela. Adibidez, guk talde bezala lortu genuen muga hori gainditzea, eta hori ere garaipen bat zen. Baina itxialdia iritsi zenean, muga hori itxi ziguten eta superbortitza iruditu zait. Bidasoa kantaren ideia hortik hasi zen; hau da, zinez muga hori bazen eta nahi zutenean itxi zezaketela konturatu nintzen. Horretaz gain, joan den urtean bederatzi etorkin hil egin ziren Bidasoa ibaian itota. Guretzat bi hilabetez bortitza izan zena pertsona horiek egunero bizitzen dute. Galderaren hasierara bueltatuz, muga itxita egon zen hilabete haietan Euskal Herriarekiko nazio kontzientzia asko desagertu zela iruditzen zait. Adibidez, egin diren hainbat festibaletan harritu naiz ikusten nuelako ez zegoela Ipar Euskal Herriko talderik. Hori duela bost edo hamar urte pentsaezina zen. Horri aurre egiteko aterabidea gauzak proposatzea dela iruditzen zait. Ez dugu bakarrik nortasun bat defendatu behar; zerbait proposatu eta urrunago joan behar dugu.

Aukeratu beharko bazenu, sorkuntza-lana edo oholtzan egotea nahiago zenuke?

Bi plazer oso desberdinak dira. Kontzertuena harrigarria da eta beti oso ongi pasatzen dugu. Bestetik, ez dakit sorkuntza prozesua hainbeste maite dudan, baina plazer paregabekoa da zerbait sortzen duzun istant hori. Letra bat amaitu, azken esaldia jarri eta “amaitu dut” sentsazio hori. Badakizu zurekiko duzun harreman horretan amaitu duzula, edo musika bat ateratzen zaizunean. Hori maite dut. Kontzertuena ere plazer handia da, baina askoz errazagoa da lortzeko. Zaila litzateke soilik batekin geratzea.

Emakumeek gero eta presentzia handiagoa dute musikan

Zer entzuten ari zara une honetan?

Gazteek bezala, Spotify bidez entzuten dut musika, eta, beraz, oso gauza desberdinak. Anitzetan gertatzen zait ez naizela oroitzen nor entzuten ari naizen. Kanta maite duzu, laikatzen duzu eta zure zerrendan sartzen da, baina ez duzu hartzen denborarik nor den jakiteko ere. Musika euskaldunean, Mice eta Olaia Inziarte entzuten ari naiz. Konturatu naiz azkenaldian emakume euskaldun asko entzuten ari naizela eta horrek esan nahi du emakumeek gero eta presentzia handiagoa dutela eszenan.

Geratzen zaizu ametsik betetzeko?

Nire ametsa da jakitea zer egin ile honekin! Taldearekin bete nahi genituen amets batzuk bete ditugu, inoiz beteko ez genituela pentsatzen genuen amets batzuk ere bete ditugu; adibidez, Parisko Olympia aretoan jotzea. Eta azken disko hau Felix gure bateri-jotzailearen anaiaren (Johannes Buff) estudioan grabatu dugu, Shorebreaker Studion. Jacques Brel kantariak zioen bezala, “bizitza osoa pasatzen dugu 15 eta 20 urte artean izan ditugun ametsak betetzen”, eta uste dut horrekin segitzen dugula.