June Ansoleaga: “Bagoaz klima aldaketaren neurria ikusten, baina aldaketa gehiago behar dira”
Eguzkiaren distira eta hego-haizearen epeltasuna dauzka June Ansoleaga Goikoetxeak. Haren profesionaltasunak ez dauka behe-lainorik, eta, Eguraldia aurkezten 10 urte daramatzan arren, urteko lehen elurteak eragiten duen besteko ilusioari eusten dio.
June Ansoleaga, ETBko Eguraldia atalaren aurkezlea zara. Eta hasteko, sekula egin ez dizuten galdera egingo dizut orain: ze eguraldi egingo du bihar?
Kar-kar. Hori da, nire ustez, gehien egiten digutena, ezta? Baina, zorionez, ni azken asteetan ez nabil lanean, eta, egia esan, ni nabil orain Eguraldia jarraitzen telebistara begira. Badakit halako egun gehiago datozela: oso estalita eta tenperatura aldetik ez oso beroak; kostan, behintzat.
Zenbat aldiz galdetzen dizute ze eguraldi egingo duen?
Ba, tarteka, badaude horrelako momentu batzuk eguraldi makurra datorrenean gehiago galdetzen didatela, baina ez da hemen herrian, Sopelan, egunero egiten didaten galdera. Zorionez!
Bueno… behintzat, bizitzen uzten zaituzte, ezta?
Bai; kar-kar.
Zer da Eguraldia aurkeztearen onena eta txarrena?
Onena, nire ustez, egunero pila bat ikasten dudala, Euskal Herria ze anitza den eta ze desberdina den kostan daukagun eguraldia eta klima edota barnealdekoa. Eta txarrena, ba… ez nuke esango ezer txarrik dagoenik!
Zu, berez, ez zara meteorologoa. Nola amaitu zenuen Eguraldia aurkezten?
Ba, esan duzun bezala, ni kazetaria naiz. Eta gogoratzen dut ETBn albistegietan nengoela casting antzeko bat egin zutela barneko jendearen artean, teorian ordezkapen batzuk egiteko baten bat falta zenean. Aitzakia harekin etorri zitzaidan Urko Aristi, eta, horrela… Halako batean, antza denez, nik egin nuen probarik onena, eta, gero, esan zidaten ez zela ordezkapenak egiteko, baizik eta hutsune bat betetzeko izango zela eta asteburuko txandan hasiko nintzela.
Asko ikasi behar izan duzu?
Bai, baina, zorionez, joan naiz ikasten egunetik egunera, eta, batez ere, nire lankideei esker, aurkezleei esker eta meteorologoei esker. Oso talde txikia da, baina sendoa, eta beraiei esker ikasi dut orain arte ikasi dudan guztia.
Azkenean, gai konplexua da. Ez da izango erraza azaltzea, ezta?
Bai. Nire ustez, hori da gakoa. Eta, azkenean kazetaritza mundutik natorrenez edo gatozenez, nik esango nuke gure helburuak izan behar duela informazio bat ahalik eta ulerterrazen egitea audientziari emateko. Eta egia da gai batzuk nahiko konplikatuak eta korapilatsuak direla, baina urteekin ohitzen zara horrelako gaiak lantzera, eta, apurka-apurka, bagoaz.
Zein da zure fenomeno meteorologiko gogokoena?
Asko gustatzen zaizkit ekaitzak; batez ere, espero direnean eta ez dakigunean zehatz-mehatz non lehertuko diren. Eta gero, kostaldekoa izanda, enbata ere uda garaian zoragarria da. Jakitea sekulako beroa egingo duela, hego-haize itzela egingo duela, eta gero aldaketa datorrela eta freskatu egingo duela.
Badirudi eguraldiko aurkezleek estilo berezia izaten dutela, nork berea. Zuri kostatu egin zitzaizun estilo hori aurkitzea? Bilatutako zerbait da?
Nire kasuan, esango nuke ezetz; niri horrela irteten zait. Informazio bat eman behar dudanean, hori da nire hitz egiteko modua edo azaltzeko modua. Baina egia da orduan, ni hasi nintzenean, Ana Urrutia eta Andoni Aizpuru zeudela eta oso figura markatuak zirela, eta beraiengandik ere ikasi dut. Baina nik uste dut nork bere erara azaldu behar duela. Guk ez dugu ezer irakurtzen, eta naturaltasun hori da bakoitzak ematen diona.
“Gure helburuak izan behar du informazioa ahalik eta ulerterrazen egitea audientziari helarazteko”
Jende askok galdetzen dit nola aurkezten duzuen Eguraldia. Pantaila bat daukate ala ez dago pantailarik? Irakurri egiten dute edo ez dute irakurtzen? Kontatu. Nola aurkezten duzue Eguraldia?
Gaur egun, zorionez, pantaila erraldoi hori, etxetik ikusten den hori, badaukagu. Telebista erraldoi bat da, eta, orduan, guk ikusi egiten ditugu jendeak etxean ikusten dituen mapa berak. Eta, orduan, azaltzen goaz banan-banan ze eduki daukagun. Baina egia da garai batean kroma baten aurrean, hau da, oihal baten aurrean egiten zutela eta monitore txiki bat zutela erreferentziak hartzeko. Eta zorionez diot, niretzat askoz errazagoa delako, txuleta hemen atzean daukazula, mapa hori daukazula azaltzea. Baina esan dizudan bezala, ez dugu ezer irakurtzen. Dena da bat-batekoa. Batzuetan ere trabatu egiten gara, pertsonak gara, baina horrela egiten dugu. Azkenean, Eguraldia-ren gaia bakarra da, ezta? Nahiz eta gauza desberdinak landu, orduan gauza da zuk azaltzea nondik gatozen, nora goazen, ze eguraldi egingo duen… Azkenean, istorio bat kontatzea da, hasiera batekin eta amaiera batekin.
Eta hizkuntza aldetik? Eguraldiaren inguruan hitz asko daude; herri bakoitzak bere hitza erabiltzen du fenomeno bati buruz hitz egiteko. Saiatzen zara aniztasun hori erakusten?
Egia da normalean nire kasuan batua erabiltzen dudala, baina, tarteka, agertzen zaizkit bizkaierako hitz batzuk. Eta nik uste dut horrek ere aberastasuna ematen diola. Andoni Aizpuruk erabiltzen ditu bereak, Ana Urrutiak erabiltzen zituen beste batzuk, ze batzuetan nahiz eta erdaraz egin euskarazko hitzak ere sartzen zituen… Arnaitz Fernandezek ere orain bere kutsu hori ematen dio… Ez dago mugatuta, baina horrek oso aberats egiten du eta asko ikasten dugu. Baina egia da bat-batekotasun horregatik, normalean, zureak diren hitz horiek erabiltzen dituzula, eta ez hiztegian irakurri dituzunak. Edo, behintzat, hori gertatzen zait niri.
Ikusle oso fidelak dituzue.
Oso. Bai, jende pila batek ikusten du Eguraldia. Egunero-egunero, gainera. Eta askok hori esaten digute, albistegia amaitu eta: “Isilik, isilik, orain Eguraldia datorrela eta ulertu behar dut edo ikusi behar dut biharko zer datorren”. Orain uda betean gaude; bueno, hortxe, amaieran, eta jendeak ortuak dituela, edo oporrak dituela, edo planak egiteko, jakin nahi du, eta jada ez da nahikoa sakelako telefonoan ikusten den horrekin, baizik eta jendeari gustatzen zaio baten batek kontatzea.
Nire aitonak, adibidez, beti ikusten zuen Eguraldia; sasoi batean, Madrilgo izebarengana joan zen han denboraldi bat igarotzera, eta izebak ETB jarri behar izan zuen etxean, nire aitonak Eguraldia ikusi nahi zuelako. Eta nire izebak esaten zion: “Baina Euskal Herriko eguraldia da, hemen beste eguraldi bat egingo du bihar”. Eta uste dut horrek erakusten duela Eguraldia-ren atzean dagoen komunitate hori.
Bai. Hemen egia da, gainera, egun batetik bestera aldatu egiten dela kontua. Atzo, agian, 35 gradu eta gaur 20 eta euria edo zirimiria. Orduan, nik uste dut horrek ere eragiten duela interes hori eta jendeak ikustea eta piztea, ez bakarrik eguerdian, baizik eta gauean berriro ere begiratu ea zerbait aldatu den… Nik ere familia daukat Kanariar uharteetan, eta oso gutxitan ikusten dute Eguraldia, beti mantentzen delako. Baina hemen batek daki bihar eta etzi zer egingo duen!
Eta argazkiak, ezta? Zenbat argazki eta ze ederrak bidaltzen dituzten!
Bai. Hori ikaragarria da. Urteko egun guztietan daukagu Eguraldia, bai Aste Santuan, bai Gabonetan, eta egunero heltzen dira argazkiak, egunero heltzen dira jendeak bidalitako bideoak. Askok egunero bidaltzen dute; egiten dute paseotxoa goizean kamerarekin, argazkia atera, eta gero, gainera, igo egiten dute gure plataformetara, eta ikaragarria da dagoen zaletasuna. Eta horri esker guk minutuak dauzkagu; ez bakarrik mapak, baizik eta eduki polita leku desberdinetakoa.
Eta jakinda zenbat ikuslek jarraitzen duten Eguraldia, inoiz sentitu izan duzu presiorik?
Bai, gai konplikatuak azaldu behar direnean pentsatzen duzulako: “Ez dakit jendeak ulertuko didan edo ez edo trabatu egingo naizen…”. Klima aldaketaren gaiak sekulako pisua dauka, ez bakarrik gizartean, baizik eta Eguraldia programan ere bai. Eta gai konplikatuak jorratu behar direnean edo sekulakoa pasa denean, sekulako ekaitzak izan direla eta anabasa sortu dela han edo hemen, horrelako egunetan urduri ere sentitzen gara, iragarpen bat egiten duzulako eta, agian, ez delako %100ean bete, edo espero baino askoz gehiago bota du… Horrelako egunetan jendea adi egoten da ea ze azalpen ematen duzun, eta horrelakoetan, ba, aizu, hori ere zure lana da, eta aurrera!
Eta kalean errietarik egin dizute inoiz?
Zorionez, ez, bronkarik ez. Baina egia da jendeak eskertu egiten duela azalpen argiak ematen ditugunean, zergatik gertatu den fenomeno hau hemen eta ez han, jendeari gustatzen zaiola. Eta nik uste dut horiek erronkak ere badirela guretzat.
“Egunero pila bat ikasten dut Euskal Herriko klimaren aniztasunaz”
Anekdotarik ere izango duzu Eguraldia aurkezten.
Askotan, Sara Gandara eta biok nahastu egin gaituztela, edo albistegietako kazetariek galdetzen dizkigutela eguraldi kontuak…
Hori niri askotan galdetu didate!
Edo ni zu zarela… Jendeak badaki ETBko langileak edo aurpegiak garela, baina ez daki zehatz-mehatz ze programatan kokatu. Horrek grazia handia egiten dit.
10 urte daramatzazu Eguraldia aurkezten. 10 urte hauetan asko aldatu da klima.
Gu ikusten ari garena da, batez ere, geroz eta fenomeno meteorologiko indartsuagoak gertatzen ari direla ez bakarrik Euskal Herrian, baizik eta mundu mailan. Eta gero, txostenek eta datuek diotela okerrera doala. Egia da, agian, azken hamar urte hauetan zehatz-mehatz ez baina bai Aro Aurreindustrialetik hona asko berotzen ari dela planeta eta hori ondorioak ekartzen ari dela eta ekarriko dituela etorkizunean.
Zer sentitzen duzu klima aldaketa asmakizuna dela entzuten duzunean.
Hori da beste arlo batzuetan negazionistak aipatzea bezala. Nik uste dut geroz eta jende gutxiago dagoela ikuspegi horrekin. Gizarteak asko ikasi du azken urteotan eta geroz eta garrantzi handiagoa ematen zaio gai horri albistegietan, eguraldian; informazioan, azken finean. Eta uste dut horrelako esaldiek ez dutela lekurik gure gizartean.
Kontzientzia handiagoa hartu behar dugu?
Bai, nik uste dut baietz, eta gauzak aldatu egingo direla zeharo. Orain ikusten ari gara mugikortasunaren aldetik nola aldatzen ari den dena: gasolina- eta diesel-ibilgailuak geroz eta gutxiago, eta elektrikorantz goaz. Horrek zer esan nahi du? Ba, ikusi dugula horrek ez daukala etorkizunik eta gauza bera gertatuko dela beste mila arlotan. Nik uste dut eremu txikienean, elikagaiak erostera goazenean, kontzientziatuta gaudela saiatu behar dugula zero kilometroko produktu horiek lehenesten edo gure inguruan ekoizten direnak, eta ez munduko beste puntatik datozen elikagaiak. Poliki-poliki goaz arazo horren neurria zein den ikusten, baina oraindik ere aldaketa gehiago etorriko dira.
Zuk zeuk aipatu duzu, ezta? Eguneroko ohituretan aldaketa txiki batzuk egiten hasi gara. Zer aldatu duzu zuk, adibidez? Ze ohitura aldatu dituzu?
Ba, hori, esate baterako. Zero kilometroko produktuei geroz eta garrantzi handiagoa ematen diet. Saiatzen naiz, ahal dudan heinean, plastiko gutxiago kontsumitzen edo erosten, eta erosketak egitera noanean saiatzen naiz plastikorik gabeko produktuak erosten. Eta urari behar duen garrantzia ematen, nire alabari erakusten ura ez dela alferrik galdu behar. Gauza txikiak dira. Eta gehiago birziklatzea. Nik uste dut hori gero eta gehiago egingo dugula, eta ni banoa, poliki-poliki.
Gaia aldatuta: azkenaldian, asko hitz egin da emakumeek telebistan ematen duten irudiaz edo eman behar duten irudiaz. Ze iritzi duzu zuk horren inguruan?
Nire kasuan, nik ez dut horrelako presiorik inoiz sentitu. Beti sentitu izan naiz pertsona normala. Irudiari ez dakit horrenbesteko garrantzirik ematen zaion Eguraldia-n, edo EITBn. Gehiago uste dut baloratzen dela komunikatzeko daukazun gaitasuna, ederra edo motza zaren baino. Eta nik horrelako presiorik ez dut inoiz sentitu.
Ana Urrutiak, adibidez, takoien kontrako borroka bat hasi zuen eta lortu zuen zapatilekin ateratzea. Eta hori bertako emakumeontzat garaipen txiki bat izan zen. Apurka-apurka, badoaz gauzak aldatzen.
Bai; nik Anak egin zuenari zoragarri deritzot. Nik nire egunerokotasunean takoiak ez ditut asko erabiltzen. Lanerako ere ez zait axola; inork ez nau behartu inoiz takoi batzuk janztera, ez orraztera, ez makillatzera. Hori nik egin dudan hautu bat izan da. Egia da telebistan agertzeko edo horrelako elkarrizketarako beti zertxobait apaintzen garela, baina denok ezkontza batera goazenean bezala edo zerbait berezia egiten dugun egunetan bezala. Baina, bueno, denok egiten ditugu aldaketa txikiak, horren estu jantzita joan beharrean zertxobait zabalago; nire estiloa hori da, eta niri inork ez dit esan: “Ez, ez, estu-estu joan behar duzu emakumea zarelako eta aurkezlea zarelako”. Hortaz, bakoitzaren izaera hori telebistan agertzea da gakoa.
Hitz egin dezagun amatasunaz. Agian, jendea ez zen konturatuko, baina haurdun zaude. Lehendik ere, aipatu duzu, alaba bat badaukazu. Nik beti esaten dut kontziliatzeko ez genuela lanbiderik onena aukeratu, ordutegi oso txarrak izaten ditugulako. Zuk urteak eman dituzu asteburuetan lan egiten. Nola moldatu zara kontziliaziorako?
Ba, begira, esan behar dut justu kontziliaziorako errazena orain nik daukadan txanda dela, nahiz eta urteak pasatu ditudan esaten: “Ea noiz pasako naizen astean zehar lan egitera”. Baina azken hilabeteetan, amatasun baja hartu baino lehen, aste zehar ibili naiz lanean, eta hori bai zela gogorra! Lanera joan, lanetik atera korrika, umea ikastolan jaso, arratsalde osoa igaro eta gero etxera heltzea. Baina bai, egia da, kazetaritza mundua nahiko gogorra da, beti dagoelako zerbait. Esan dudan bezala, Eguraldia urteko egun guztietan egiten da, eta Albistegia ere bai, eta, orduan, ahal dena egiten da. Nire senarrak astean zehar lan egin, nik asteburuetan, eta egunen baten nik uste dut batuko garela, baina batek daki noiz!
Eta, adibidez, kostatu zitzaizun ama izateko erabakia hartzea? Hori bai izaten da gai bat kazetarion artean asko hitz egiten duguna. Oso mundu lehiakorra da, ematen du modak daudela, aurpegiak aldatzen dira aurkezleen artean… Eta beti beldur hori izaten duzu: “Haurdun geratzen banaiz eta baja luze bat hartzen badut, gero, agian, ez ditut aukera berak izango…”. Ez dakit zuk sentitu zenuen halako kezkarik.
Ba, egia esan, ez. Guk erabakia hartu genuenean hartu genuen. eta orain ere bai, argi ikusten da. Nik telebistarekin gauza bat daukat eta beti pentsatzen dut gaur hor nagoela eta bihar ez dakidala non egongo naizen. Agian. ez naiz pantailaren aurrean egongo. baina atzean egongo naiz lanean. Eta, zorionez, lanbidea maite dugunoi berdin zaigu. Nire helburua bizitza honetan ez da inoiz aurkezle izatea izan; kontrakoa esango nuke: nik albistegietan lan egin nahi nuen, kaleko kazetari. Beraz, ez nuke esango beldurrik sentitu dudanik. Ez badut egon behar, ez naiz egongo eta kitto.
Zer esaten du alabak telebistan ikusten zaituenean?
Ba, nik uste dut flipatu egiten duela. Ze, noski, ikusten nau etxeko pintekin, eta gero hain dotore telebistan… Eta suposatzen dut familiak esanda: “Begira, hori ama da”. Ba, esango duela: “Ba, hori nire ama da”. Kar-kar. Nik uste dut grazia egiten diola baina oraindik ez dela jabetzen. 3 urte egingo ditu, eta ez da jabetzen.
Ez dizu inoiz galdetu: “Nola sartzen zara telebista barrura”?
Kar-kar. Hori orain etorriko da.
Non ikusten duzu zure burua 10 urte barru?
Batek daki! Telebistan ez dakizu inoiz. Espero dut komunikazioaren munduan lanean jarraitzea; Eguraldia-n bada, zoragarri, ze oso pozik nago programan, baina, bestela, albistegietan edo informazioarekin lotura daukan edozein saiotan.
Eta zein izango da eguraldiaren aurreikuspena epe laburrean?
Epe laburrean bada, esan genezake: egun estaliagoak edo beroagoak datozela… Baina epe ertainera begira ez dakit, ez nago lanean, eta ez dizut emango iragarpenik, geroz eta zailagoa delako, gainera! 48-72 ordutik aurrera iragarpen zehatza ematea oso zaila da.
Bai? Geroz eta zailagoa da?
72 ordutik aurrera zientzia fikzioa, oso-oso zaila da asmatzea; batez ere, giro ezegonkorra dagoenean. Oso egoera egonkorretan zertxobait gehiago egin dezakezu aurrera, baina egoera ezegonkorra denean eta uda bete-betean, horrelako beroekin ezinezkoa da.
Bueno, ba, zientzia fikzioa da sarritan eguraldiaren iragarpena egitea. Eta hemendik, ikusten ari direnei esango diegu ez galdetzeko hainbeste ze eguraldi egingo duen. Ikus dezatela Eguraldia eta jarraitu dezatela zure lana, bikain egiten duzu eta. Zorte on etapa berrian, June, eta eskerrik asko. Plazera izan da lagun, lankide eta profesional itzel bat elkarrizketatzeko aukera izatea.
Eskerrik asko!