Juncal Alzugaray: “Ia emakume guztiok gure gorputzarekiko deskonektatuta gaude”

Juncal Alzugaray Zurimendi fisioterapeutak (Bilbo, 1981) ALOOA bagina eta aluaren mundu mailako lehen eredu anatomiko errealista sortu zuen 2023an. Harekin hitz egin dugu proiektu aitzindari horri buruz, Mi suelo pélvico liburuaz eta menopausiaz, besteak beste.
Juncal Alzugaray, ongi etorri TTAPera!
Eskerrik asko, Idoia.
Nola aurkezten duzu zeure burua?
Kostatu egiten zait, baina, laburbiltzeko, esaten dut fisioterapeuta naizela, eta zoru pelbikoan eta sexologian aditua.
Handitan zer izan nahi zenuen galdetzen zizutenean, zer erantzuten zenuen?
Nik 13 urte nituenetik nekien fisioterapeuta izan nahi nuela. Euskal dantzak egiten nituen, orkatilan lesioa izan nuen eta fisioterapeuta batengana joan behar izan nuen. Errehabilitazioa oso luzea izan zen, baina orduz geroztik ez dut inoiz beste zaintiraturik eduki. Gorputzak nola funtzionatzen zuen jakitea gustatu zitzaidan, eta une hartan erabaki nuen zer egin nahi nuen handitan. Hala, 18 urterekin Madrilera joan nintzen, fisioterapia ikastera.
Eta gozatu zenuen ikasketak egiten?
Pila bat! Batez ere, oso karrera praktikoa delako, eta horrek gorputzari buruzko informazio asko ematen dizulako. Zure gorputzean bertan ikusi dezakezu, gainera. Hori interesatzen zait, batik bat.
Ikasketak bukatu zenituen, baina ikasten jarraitzen duzu.
Bai. Zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta gehiago jakin behar dut. Ikasteko bidaia hau ez dakit inoiz bukatuko den, baina, oraingoz, etengabe ikasten jarraitzen dut: ikastaroak, graduondokoak… Bestetik, asko ikasten dut irakurtzen eta, batez ere, beste emakume batzuekin hitz egiten. Asko gustatzen zait besteengandik ikastea.
Zerk eraman zintuen emakumeen gorputzean eta osasunean arreta jartzera?
Ikasketak egiten ari nintzela konturatu nintzen emakumeen gorputzari buruz oso gutxi hitz egiten zela. Ez genekien nola funtzionatzen zuen gure hilekoak, ez zen hitz egiten haurdunaldian eta haurdunaldiaren ondoren fisioterapeutok zer egin behar genuen… Hutsune bat zegoela ikusten nuen, eta nire kontsulta martxan jarri nuenean konturatu nintzen ia emakume guztiok gure gorputzarekiko oso deskonektatuta gaudela. Orduan hasi nintzen ikasten, baina une hartan profesionalontzat oso ikastaro gutxi zegoen. Lehenengo urteetan nahikoa autodidakta izan nintzen, eta, ondoren, gai horri buruzko ikasketa formalak egin nituen.
“Zoru pelbikoa gure gorputzaren etxeko sarrera da“
Emakumeen gorputza oraindik tabua da?
Ez dakit tabua den, baina, gutxi gorabehera, gizartearen erdia gara, eta, oraindik ere, egiten diren osasun-ikerketa ia guztiak gizonen gorputzak kontuan hartuta egiten dira. Hor bete beharreko hutsune bat dago. Egia da azken urteetan ikerketetan eta unibertsitateetan genero ikuspegia txertatzen hasi dela, baina kostata izaten ari da. Horregatik, horretan lan egiten gabiltzanok nahikoa tematsuak izan behar dugu; izan ere, gizonen gorputzetan gertatzen den hori kontsideratzen da normala, eta gurea beste zerbait da. Emakumeengan hainbat gaixotasun diagnostikatzeko denbora gehiago behar izaten da, orokorrean proba gutxiago egiten zaizkigu eta hasieratik antsiolitiko edo antidepresiboak gehiago errezetatzen dizkigute, besteak beste.
Baina gauzak pixka bat hobetzen ari dira, ezta?
Bai. Emakumeok gero eta gehiago ezagutzen badugu gure gorputzaren funtzionamendua, medikuari ere zer gertatzen zaigun argiago esateko aukera izango dugu, eta “hau ez da normala” ere esateko gai izango gara. Emakume gehienok minarekin bizi gara: bizkarreko mina, belauneko mina… Hori oso gogorra da.
2015. urte amaieran Mi suelo pélvico (Nire zoru pelbikoa) liburua argitaratu zenuen.
Hori da. Liburua autopublikatu nuen eta nik neuk ilustratu nuen, gainera. Emakumeen gorputzari lehen hurbilpen bat egiteko gonbidapen bat da. Nire asmoa zen oso liburu erraza egitea, poltsan eramateko modukoa, elkarbanatzeko modukoa eta polita. Nire helburua zen emakume guztiok, gutxi gorabehera, gure zoru pelbikoko oinarrizko gauzak ezagutzea, eta tresna batzuk eskura edukitzea.
Zergatik da hain garrantzitsua zoru pelbikoa?
Zoru pelbikoak zerikusia dauka gure sexualitatearekin, gure plazerarekin, gure erditzeekin, gure hilekoarekin, gure menopausiarekin… Zoru pelbikoa gure etxerako sarrera da, eta, hortik abiatuta, errazagoa da gorputzak nola funtzionatzen duen ikastea.
Zer-nolako harrera izan zuen liburuak?
Hasierako erantzuna izugarria izan zen. Lehenengo bi hilabeteetan 250 aleek ihes egin zuten, eta segituan beste 250 atera behar izan nituen. Gero, Chicagoko unibertsitatetik deitu ninduten horri buruzko hitzaldi bat ematera joan nendin. Pentsa une hartan zer-nolako hutsunea zegoen mundu mailan gai horri dagokionez!
“Egiten diren osasun-ikerketa ia guztiak gizonekin egiten dira”
Liburu hori adin guztientzako emakumeei zuzenduta dago.
Bai; zenbat eta azkarrago ezagutu gure gorputza, orduan ere arinago konturatuko gara non ditugun erresistentziak edo gaitzak. Badirudi ezetz, baina emakume gazteak tentsio eta beldur pila batekin bizi dira.
Liburuko aholku bat eman beharko bazenigu, zein litzateke?
Garrantzitsuena arnastea dela. Arnasketa sakona egitea oso garrantzitsua da zoru pelbikoari tentsioa kentzeko. Orokorrean, oso gainazaleko arnasketa egiten dugu.
Dibulgazioa oso garrantzitsua da, zure ustez.
Aukera ematen didaten toki guztietan aprobetxatzen dut dibulgazioa egiteko; izan ere, emakumeok zenbat eta autoezagupen gehiago izan, orduan eta botere handiagoa izango dugu gure gorputzak eta geure burua zaintzeko. Emakumeoi kostatu egiten zaigu denbora hartzea geure burua zaintzeko, orokorrean karga izugarria daramagulako gainean eta geure burua lehen mailan jartzea kostatu egiten zaigulako. Horregatik, bozgorailu bat dudan bakoitzean, aprobetxatu egiten dut.
2023an ALOOA sortu zenuen, baginaren eta aluaren lehen eredu anatomiko errealista.
Chicagon egon nintzenetik, halako eredu anatomiko baten bila nenbilen. Haiek erakutsi zizkidaten, baina ez ziren hiperrealistak. Denak ziren gogorrak, edo barne organoak mozketa transbertsal batekin ikusten ziren horietakoak. Nik kontsultan bi eratakoak erabiltzen nituen orduan: bata zen artilezko bulba bat eta bestea zen gizonek erabiltzen zuten masturbatzeko gailu bat. Azken hori nahikoa errealista zen, baina ez guztiz, eta, gainera, ni ez nintzen sentitzen eroso, pornotik etorritako eredu bat zelako. Pentsatzen nuen egon behar zuela erdibide bat, baina ez zegoen. Pandemia etorri zen eta eredu berri bat sortzen hasi nintzen. Proiektu hori aurrera eraman zezakeen emakume bat topatu nuen Bartzelonan. Hark zineman lan egiten du, efektu bereziak eta eskultura hiperrealistak egiten, eta, ideia aipatu nionean, “aurrera” esan zidan. Bartzelonara joan nintzen materialak aztertzera, elkarrekin ikertzen aritu ginen, eta, lehenengo prototipoa atera genuenean, izugarria izan zen. ALOOAk duen berezitasuna da kanpotik alu bat dela, baina barrutik ere baginaren egitura du, eta ukitu egin daiteke. Fisioterapeuta bezala, ukimena nire lanaren zati ezinbesteko bat da, oso garrantzitsua da.
Norentzat sortu duzu eredu hori?
Fisioterapeutentzat, noski. Baina, adibidez, unibertsitateetan asko erabiltzen da, Erizaintza, Fisioterapia eta Medikuntza graduetan. Ikasketa horietan ikasleek ezin dituzte elkarren artean zoru pelbikoko praktikak egin, eta ALOOA eredu anatomikoarekin oso ongi moldatzen dira. Ukitu dezakezu kanpotik, barrutik, ezagutu, sentitu… Eta, noski, gero, pertsonekin lanean zaudenean asko errazten dizu lana. Ospitaleetan, kontsultetan ere oso erabilgarria da; pazienteei azaltzeko nola egin behar duten masaje perianala, adibidez. Edo erditu eta gero episiotomiaren zauria non daukazun edo nola zaindu behar duzun erakusteko. Edo zer de prolapso bat ikasteko.
“Klimaterioa ospatzeko moduko fasea da”
Nolako harrera izaten ari da?
Oso ona. Kanadatik, AEBetatik eta Sorbona Unibertsitatetik eskaerak iristen hasi zirenean, txundituta nengoen. Eskaera bakoitza asko ospatzen dut, eta asko mimatzen dut bidalketa ere. Unibertsitate batzuek lehena eskuratu ondoren gehiago erosi dituzte.
Emakumeen gorputza hobeto ezagutarazteko lan horretan, zure kontsultan menopausia asko aipatzen da; orokorrean, gero eta gehiago entzuten dugu gai horri buruz.
Bai; pentsa, Espainiako Kongresuraino ere iritsi da. Euskal Herri mailan, Emakunde eta beste eragile sozial batzuk menopausiari buruz ikerketa bat egiten ari dira. Gaia mahai gainean dago, eta, horren ondorioz, informazio argiagoa egongo da laster emaginaren kontsultan, ginekologoaren kontsultan eta lehen arretan. Batzuetan denbora faltagatik eta beste batzuetan formakuntza faltagatik, informazio hori ez da argi ematen, eta nik uste dut emakumeon bizitzaren parte oso garrantzitsu baten informazio argia jasotzeko eskubidea daukagula. Menopausia baino 5-10 urte lehengo hasten dira aldaketak gure gorputzean. Aldaketa horiek hormonalki eta fisikoki gertatzen dira, nerabezaroan gertatzen den moduan. Nik paraleloan ikusten ditut nerabezaroa eta klimaterioa. Klimaterioa menopausiaren inguruan dagoen epea da. Nerabeen ama izanda eta, gainera, klimaterikoa, neure burua ikusten dut nire seme-alabenen antzera: aldaketa askorekin. Aldaketa batzuk ez dira ikusten, baina beste batzuk bai. Askotan, ez dakigu aldaketa horiek zergatik gertatzen diren, eta pentsatzen dugu zoratuta gaudela, edo zer edo zer txarto dagoela, edo gaixo gaudela. Eta, beste alde batetik, gizartetik badago eskakizun bat zeinak esaten duen emakumeak izan behar dugula argalak, gazteak, politak… Eta iristen da klimaterioa eta, bat-batean, ez gara ez hain gazte, ez hain argal eta ez hain politak, eta zama bat bezala bizi dugu. Nik uste dut ikuspegia aldatu egin behar dela. Gorputza aldatzen da datorrenerako behar duelako aldatu. Beste fase batera goaz; bada, ospatu dezagun!