Julio Soto: “Izpiritualtasuna lantzeak bertsolari hobea egin nau”
Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi eta hilabetera irribarretsu azaldu da Julio Soto (Iruñea, 1987) finala jokatu zen Anaitasuna kiroldegian elkarrizketa egitera. Haatik, ez da txapela irribarrea lorarazten diona, lehenagotik ere irritsu baitzebilen azken bolada luzean. Izpiritualtasuna lantzeak ekarri dio aldarte argitsuago hori: meditazioak, yogak. “Nire azken urteotako bertso-bidean hori izango da egin dudan lanketarik handiena eta eraginkorrena”, nabarmendu du. Gizon zuri heterosexual aberatsa izatearen pribilejioaren kontziente, nafar bertsolari izateak dakarren azpiratzea salatu du, Nafarroa Garaiko bertsolaritza “loraldi bete-betean” dakusan honetan.
ELKARRIZKETA
Anaitasuna kiroldegian egiten ari gara elkarrizketa; finalaren ondotik egona al zinen?
Ez. Lehenbiziko aldia da finalaz geroztik eta lehenbiziko aldia da final bat izan eta gero elkarrizketa finala egin den lekuan egin dudana. Ilusio handiz nator zure galderak erantzutera.
Aldageletan sartu zara eta irribarre batekin itzuli zara.
Berriz ere hemen sartu eta bista hau ikusteak halako zirraratxo bat eragin dit. Aldageletan barna ibili naiz, final egunean egin nituen pausoak egiten, baina oraingoan, alderantziz.
Finala laburbiltzeko bakea hitza erabili izan duzu sarri.
Bai, hori da arratsalde hura deskribatzeko hautatuko nukeen hitza. Oso lasai aritu nintzen hasieratik bukaerara, oso kontzentratuta. Beti nahi dugu horrela, baina, askotan, ez da horrela izaten, lehiatzen garen momentuan beldur eta urduritasunak izaten ditugulako geure baitan. Lehiatzen garen guztiok izaten ditugu, ez bertsolariok bakarrik. Ni justu arratsalde hartan nahiko libre egon nintzen nire burutik, nire beldurretatik eta espektatibetatik. Oso bakean aritu nintzen eta oso bakean amaitu nuen saioa.
Hasieratik sumatu zitzaizun aldarte hori; hasierako agurrean, finalean abestea “plazer handia” izanen zela aurreratu zenuen.
Hori zen sentitzen nuena. Banekien lehiari begirako jolas horretan, beharbada, galtzekoak gehiago nituela irabaztekoak baino. Behin txapel bat irabazten duzunean, eta bigarren bat, eta gero gehiago irabazten ez duzunean ez da erraza norbere burua kontentatzen, baina, aldi berean, oso pozik nengoen argazki horren parte izango nintzelako eta belaunaldi aldaketa eta lekuko transmisio horretan hor egongo nintzelako, arratsalde berezi hura oholtzan bizituko nuelako. Lehengo agurrean zintzoki kantatu nuen plazer bat zela niretzat.
Finalean bertsolaritzan egin nahi duzun hori egiteko gauza izan zinela esan zenuen; nola definituko zenuke bertsokera hori?
Ez nuke jakingo definitzen zer egin nahi dudan. Are gehiago: baneki ere ez nuke ahoz gora esan nahiko, gero preso gera zaitezkeelako hor. Egia da egin nahiko nukeenetik eta egin dezakedanetik oso gertu geratu nintzela. Gaur egun egin dezakedanetik, espero baitut hemendik bi urtera zerbait hobea egin ahal izatea. Izan zen amaieran eseri eta esan: “Bueno, gutxi gorabehera, hau egin nahi nuen eta hau egin dezaket, neure hanka-sartzeekin eta hobetzeko utzi nituen gauzekin”.
Aurreko finaletan baino askoz umoretsuago aritu zinen; zergatik?
Azken urteetako nire ibilbidearen gauzarik positiboena hori izaten ari dela uste dut. Julio lotsagabeagoa, umoretsuagoa, txapelketako saioetan ere oholtzan desparpajo gehixeago zuen Julio hori bueltatu da. Esango nuke Euskal Herriko azken txapelketan dezente bueltatu zela. Eta Nafarroakoan pikaro ere aritu nintzen. Oso pozik nago. Horrela aritzeko, lehen aipatu dudan bakean ari behar duzu bertsotan.
Izan ere, finaletan bertsolariek baduzue joera segurtasuna seriotasunean, sakontasunean bilatzeko.
Hori da askotan bertsolariok egiten dugun akatsa; bereziki, txapelketan. Ez da guk bultzatutako zerbait bakarrik. Denon artean sortzen dugu hori. Gai egileek ere, beharbada, umoreari ez diote behar bezainbesteko tarterik ematen. Baina gu ere ilunago aritzen gara ohi baino. Uste dut loturik dagoela urduritasunarekin. Bat urduri dagoenean errazago lerratzen da sakontasunarekin. Umorea egiteko oso libre egon behar duzu, eta konfiantza handiarekin.
Noiz azalduko bereziki umoretsu, eta jarraian bi txapelketatan kolpe handixkoak hartu eta gero: aurreko Nafarroakoan txapela galdu zenuen; Euskal Herrikoan, finaletik bi puntu eta erdira geratu zinen. Nola eman diozu buelta? Nola landu duzu?
Azken Nafarroakoan kolpea ez zen izan txapelik ez irabaztea. Hori beti gerta daitekeen zerbait delako eta gertatuko delako berriz ere. Gehiago izan zen arratsalde hartan oso loturik aurkitu nuela neure burua. Hori izan zen benetako kolpea, oholtzatik bertsotan nahi nuen eta nezakeenetik urruti eginda jaistea. Eta Euskal Herrikoan pozik nago egindako txapelketarekin, baina finala hortzekin ukitzen duzunean eta bi puntu eta erdira gelditzen zarenean, kolpe emozional handia da, nahiz eta finalean sartzen ez bazara tokirik onenean geratu zaren. Baina bai, kolpetxoa izan zen.
Eta nola eman diozu buelta?
Denbora behar izan dut, bereziki emozionalki osatzeko, baina udaran jada neure burua ikusten nuen berriz ere bertsotan ongi egiten, umoretsu. Ez dago beste sekreturik: lan egin eta bertsoa lantzen segi. Beste hitz potoloago bat sartuko dut: izpiritualki ere neure burua lantzen daramat denboraldi luze bat, bereziki nire anaiarena gertatu zenetik. Zabaldu zaidan beste mundu bat izan da, mundu lausoago bat, izpiritualtasun hori. Gustatzen zait, eta horrek lagundu egin dit.
“Nafarroako bertsolaritza loraldi bete-betean dago, edonori parez pare begiratzeko moduan”
Izpiritualtasuna lantzearekin zer esan nahi duzu?
Mundu magikoago horretaz ari naiz: gauzak ez direla gertatzen kasualitatez. Nik hori sinesten dut; azken urteotan, bereziki. Denak duela bere azalpena. Nork bere patu edo bide-orria duela. Meditazioak, adibidez, asko lagundu dit azken urteotan, munduan kokatzen, mundua ulertzen, presente egoten. Yogan ere egin dut zerbait. Oholtza gainean baino gehiago, bizimoduan laguntzeko tresnak dira. Mundua ulertzeko landu ditudan erremintak dira. Nire azken urteotako bertso-bidean hori izango da egin dudan lanketarik handiena, nahiz eta gero beti egon bertsoa, teknika eta diskurtsoa. Baina beste hori gabe niri bertsoa hankamotz geratzen zait.
Jendaurrean aritzen zarete. Epaitzen zaituztete. Psikologikoki ez da erraza izanen. Zer moduz zure egoa?
Nahiko ego zaurgarria dut. Lehen aipatu dizudan lanketa izpiritual horrek asko laguntzen dit horretan. Nolabait, joera dugu gure egoarekin, gure izen batekin, gure gorputz batekin identifikatzeko, eta bestelako norabide batean doan ikasketa eta lanketa bat da niri interesatzen zaidana gaur egun: ez garela gure pentsamendua, ez gure ego hori, ez gure gorputz hau, bagarela beste zerbait gehiago. Sinesmen horrek eta lanketa horrek laguntzen dit, nahiz eta egoa hor daukagun eta jendaurrean aritzen garenontzat ego hori kolaboratiboa bada hobea den. Lausotasun batean sartu gara. Galde daiteke: orduan, ez bazara zure pentsamendua eta zure gorputza, zer zara?
Izpiritualtasunaren bidetik erlijiora hurbiltzen ari al gara?
Ez nuke esango. Hori egiten ari garen beste akats bat iruditzen zait, gure lanketa hori erlijioarekin lotzea. Uste dut erlijioek gero eta pisu gutxiago dutela gaurko gizartean; nik zorionez esango nuke, baina erlijioaren bidez egiten zen lanketa izpiritual hori ukatzen ari gara, erlijioarena delakoan, eta nik uste dut batak bestearekin ez duela zerikusirik. Eta gaurko gizartean inportantea iruditzen zait berriz ere galdera batzuk egiten hastea nor bere buruari.
Txapelketetan kolpeak hartuta, kezka lurtarragoak ere sortzen dira: ogia, plazak galtzeko beldurra. Halakorik sentitu zenuen?
Hori da gure beldurrik handiena. Ez da hainbeste arratsalde horretan lehenengo, hirugarren egiten duzun. Denok nahi dugu ahalik eta ongien egin. Gehiago da kasu askotan, gehienetan, finaleko emaitza horrek, finalean eskaintzen duzun horrek, zerikusi zuzena duela hurrengo bi urteetan izango duzun bertso saio kopuruarekin eta, ondorioz, etorriko zaizun ogiarekin. Gainera, baldin eta sormena bihurtu baduzu, edo baldin eta sormena bihurtu bazaizu, zure bizibidearen ardatz, eta nire kasuan horrela izan da, ez da bakarrik arratsalde horretan ez duzula ongi pasatzen, baizik eta, horretaz gain, saio gutxiago duzula eta, azkenean, gure ogia, gure sosa, hankaz gora jartzen zaizula. Autonomoa zara, ni naizen bezala, bat-batean arratsalde horretan ez zaizkizu gauzak ongi ateratzen, eta hurrengo hilabetean autonomo kuota pagatzea berdin etorriko zaizu, Segurantza Sozialak ez dizu treguarik emango final txar bat egin duzulako. Hori dena horrela dela jakinda, oholtzara lasai igotzea ez da batere erraza. Horregatik, askotan, bertsolaria ikusten dugu hain lotuta egun horietan. Ez da bertsolari guztion kasua bertso saioetatik etorritako ogia bere soldataren ardatz izatea. Gehienok beste lan bat dugu edo dute, beste pilare bat bertsoarekin uztartzeko, baina, kasu batzuetan, ardatz nagusia denetan, jokoan jartzen duzuna asko da.
Bertsoa bihurtu zenuen ala bihurtu zitzaizun bizibidearen ardatz?
Hori nahiko kasualitatez etortzen den zerbait da. Emaitza batzuk behar dituzu lehendabizi, gero jendeak dei zaitzan, eta bat-batean zeure burua ikusten duzu saio dezente egiten eta, areago, zeure burua lantzeko gogoz. Horrek denbora eskatzen du. Segun eta zein lanetan hasten zaren denbora gutxiago izaten da. Orduan, momentu batean erabaki behar duzu: hautu bat egingo dut eta saiatuko naiz, autonomo egin eta ea… Oroitzen naiz 2015ean, Nafarroako Txapelketa izan eta gero, erabaki nuela autonomo egitea, fakturazio kontuengatik ere bai. Gainera, lehendabiziko urteetan kuotak txikiagoak dira. Esan nuen: “Bizpahiru urte pasako ditut horrela”. Eta gaur arte. Badakit bukatuko dela. Gurea ez da: “Sormenetik bizi nahi dut, bertsolaria izan nahi dut, eta izango naiz”. Oso zaila da. Gauza asko behar dituzu alde. Gorabeherak izaten dira. Behean zaudenean ez da erraza.
Gauzak horrela, entzuten dituzunean zenbait idazle esaten euskal kultur sistemako botere harremanetan bertsolariak pribilegio posizioan zaudetela zuenean diru gehiago mugitzen delako, zer?
Iritzi bat da. Ez naiz hor lokatzetan sartuko. Haiekin konpartitzen dudana da sortzailearen bizitza oso prekarioa dela. Bertsolariarena, beharbada, hobea izan daitekeela prekariotasun horretan? Baliteke. Ez dakit. Segun eta zer musikariri eta zer idazleri galdetzen diozun. Egongo dira idazle batzuk beste batzuk baino jornal hobea dutenak, liburu gehiago saltzen dutenak. Berdin musikariekin. Esan dezagun argi: bertsoaz esklusiboki bizi diren bertsolariak oso gutxi dira, behatzak soberan ditut [horiek zenbatzeko]. Esate baterako, ez dezagun pentsa Maialen Lujanbioren soldata oso potoloa denik.
Striptease ekonomikorik ez dizut eskatuko, baina gogoan dut hau bezalako elkarrizketa batean, Beñat Gaztelumendik, Euskal Herriko finalista izanda, esan zidala hainbat hilabetetan ozta-ozta iristen zela lanbide arteko gutxieneko soldatara.
Horrela da. Bertsolariak saioko kobratzen duena oso txikia da. Horrek zer eskatzen du? Bertso saio asko egin behar izatea soldata duina jaso ahal izateko. Gu botere posizio batean gaudela… ez dakit. Ez dut zifrarik emango, baina guk hemen finalean 2.500 lagunen aurrean kantatzeagatik jaso genuenarekin oso gutxirako dut nik. Esango nizuke: eta musikari batek kontzertu batean zenbat irabazi du? Eta musikari horrek esango lizuke: “Bai, baina nik soinu teknikariari, managerrari eta beste hainbati ordaindu behar diet”. Eta egia da. Ondorioa zein da? Sormenetik bizitzea oso prekarioa dela eta euskaldun sortzaile izanda, areago. Ez dut uste ezer irabazten dugunik bata bestearen gainetik edo azpitik gaudela esanda. Elkarri lagun egitea estrategia hobea dela uste dut.
Gauzak horrela, zergatik egin duzu bertsotik, sormenetik bizitzeko apustua?
Badago erakartzen zaituen zerbait. Gure kasuan, bertsoak badu gustuko dugun zerbait. Bereziki, oholtza gainean bizi duzun hori dela uste dut. Horrek engantxatzen zaitu. Bertsoari esker momentu presentean zaude, inprobisatu egiten duzu, komunikazio oso zuzenekoa dago, magia bat sortzen da. Gure testuak ez dira idazle batenak, gureak zabarragoak dira, gurea beste zerbait da. Baina momentuan sortze horrek badu magia berezi bat eta magia hori sentitzen duzun lehen egunetik, normalean, bigarren egun bat nahi izaten duzu. Berriz ere magia hori nahi izaten duzu. Hor zoaz gurpil-zoro horretan. Badira bestelako kasuak, oholtzara igo, esperientzia traumatiko bat izan eta bertsoa utzi nahi izatea. Bertsolari gehienon sentipena da inoiz edo beste “hau utzi behar dut” esatea, jendaurrean sortzea gogorra delako.
“Nire pribilejioen kontzientzia hartzeak interesatzen zaizkidan kantatzeko bide berri asko ireki dizkit”
Botere harremanak eta pribilejioak aipatu ditugu. Azkenaldian, elkarrizketetan, sarri aipatzen duzu oso kontziente zarela oholtzan gizon zuri, heterosexual eta aberatsa zarela.
Pixkanaka datorkidan kontzientzia bat da, orain sei-zazpi urte ez neukana, gero eta gehiago daukadana, eta gero eta garbiago dut dauzkadan pribilejioak oso handiak direla eta dauzkadan kontraesanak ere oso handiak direla. Aldiro harrapatzen dut neure burua lokatz gero eta handiagoetan. Gustatu ere egiten zait, kontziente izateak hori lantzeko bidea ere ematen dizulako. Orain oholtzara igotzen naizenean lehen baino kontzienteagoa naiz horretaz: gizon bat naizela. Orain arte ez nion jaramon handirik egiten horri eta orain badakit horrek zer esan nahi duen, eta horri ere kantatu nahi diot. Zuria izatea, heterosexuala izatea, aberatsa izatea… Bueno, eta euskalduna izatea ere bai. Horren kontziente bagara guztiok, menderakuntza horretatik igotzen garela oholtzara. Beste gauza horien hain kontziente ez gara. Kontzientzia hartze horrek kantatzeko bide berri asko ireki dizkit eta interesatzen zaizkit.
Uxue Alberdik Kontrako eztarritik liburua idatzi zuenetik, zein heinean aldatu da bertsoaren mundua, generoaren ikuspegitik? Bizkaian lehendabizikoz gehiago izan dira emakumezko finalistak gizonezkoak baino.
Uxueren liburu hark lurrikara bat sortu zuen bertsolariongan, eta gure ekosisteman. Marmar asko sortu zituen; bereziki, gizonongan. Eta hori ona da, deseroso sentiarazi gintuela esan nahi baitu. Gauzak aldatuz doaz eta oholtza gaineko irudia gero eta parekideagoa da, zorionez; Bizkaiko finala kasu. Baina bestelakoa ere oso gertu du irudi berri horrek. Nafarroako finalean bi emakumek kantatu zuten. Saioak [Alkaizak] bakarrik hitza gehitu zion horri finalaren aurkezpenean: bi emakume bakarrik. Nafarroako Txapelketan, oro har, emakume bertsolarien presentzia oso urria izan da. Bukaerako argazkiak, batzuetan, engainatu ere egin gaitzake. Oraindik egoera ez da behar lukeena. Espero dut 20 urte barru ikusiko dugun argazkia ere bestelakoa izatea. Duela hogei urteko argazkiarekin konparatzen badugu, oraingoan askoz presenteago daude emakumezko bertsolariak, askoz gehiago dira, eta gaur egun saio asko dira parekideak direnak, baina txapelketetan gertatzen denak erakusten du oraindik lehiatzeko orduan, oholtzara igotzeko orduan, emakume askok bidea zailagoa dutela. Geure buruari galdetu behar diogu zergatik gertatzen den hori. Erantzuna nahiko garbia da: gauzak ez daudelako oraindik batere parekide eta gizonok ez dugulako oraindik kantatzen dugun bezain berdinzale jokatzen.
Intersekzionalitatea: azpiratuta sentitzen al zara bertsolari nafarra izateagatik?
Bai, horrek azpiratu izan nau. Eta aukerak ere eman izan dizkit, badaudelako bertso saio asko bertsolariak hautatzerako orduan pentsatzen dutenak: ekarriko ditugu bizpahiru finalista, edadeko bertsolari bat, gazte bat eta nafar bat. Horretan lagundu izan dit nafar izateak, horretaz kontziente naiz. Baina bestelakoa ere handia da: euskaldunon kontzientzian oraindik badago nafarrok hain euskaldun ez garen uste bat. Areago, bertsolariokin. Nafar bertsolariok oraindik ez dugu onarpen bera jasotzen. Ari gara, azken urte motzetan etorri diren bertsolari gazteekin: Joanes [Illarregi] finalean kantatu duen lehen nafarra izan da, eta Xabat [Illarregi], eta Saioa [Alkaiza], eta Sarai [Robles], eta Josu [Sanjurjo]… Gazte andana etorri da, oso onak. Lehengoak ere hor gaude.
Zure esaldi bat da: “Betidanik izan dira oso bertsolari nafar onak, baina orain asko dira”.
Aurkezpen egunean beste esaldi bat aipatu nuen: Nafarroako bertsogintza inoizko momenturik onenean dago, mailari dagokionez, nahiz eta gero beste gauza bat ere aipatuko dizudan. Bertsolari bikainak beti egon dira Nafarroan. Aurten finalean ez zegoen izen bat ematearren, Xabier Silveira. Beti egon da hor, maila aparteko bertsolari bat. Eta haren aurretik beste batzuk. Baina aurten bezain hain maila altuko bertsolariak, kopuruari dagokionez, sekula ez dira izan Nafarroan.
Beste lurraldeen parera iritsi gara, begietara parez pare so egiteko moduan?
Atrebitua da esango dudana, baina nik uste dut baietz. Finalean baietz esango nuke. Nafarroako finalak begira diezaioke, gutxi gorabehera, begietara beste eskualdeetan gertatzen den horri. Ez dut esango gipuzkoarrak bezain onak diren nafarrak. Ez diot hori. Baina bai gaurko Nafarroako finala kalitate handikoa dela eta ez dela bertsolari baten edo biren gauza. Uste dut pozik egoteko moduan gaudela, Nafarroako bertsolaritza loraldi bete-betean dagoelako eta gora goazelako.
Arestian, Nafarroako bertsolaritzaren egoeraz beste zerbait azalduko zenidala esan duzu.
Oholtza gainean gertatzen ari den hori ez dagoela erabateko kontsonantzian bertso saio kopuruarekin.
Nafarroan, goi mailako bertsolari asko baina plaza gutxi?
Hori da. Azken urteotan, gainera, urteroko ohiko bertso saio asko galtzen ari dira Nafarroan, zona euskaldunean. Gure ibarrean, adibidez, Larraunen, Aritzen, Baztanen… Saio asko galdu da.
Pandemiaren poderioz?
Aurretik ere gertatzen ari zen zerbait da. Erne egon beharreko zerbait da. Entzuleak gero eta gehiago dira. Finalean 2.500 izan ziren, duela bi urte baino 500 gehiago, gutxi gorabehera. Kantatzen dugun tokietan entzulea erruz dator. Baina saioak galtzen ari dira eta berriak ez gara antolatzen ari behar beste. Garesen, adibidez, Iruñerrian… saio gehiago antolatzeko potentziala dagoela uste dut, eta inportantea dela. Zergatik gertatzen ari den? Irakurketa luzea eskatuko luke, baina kultur ekintzen antolaketan transmisioa ez dakit behar bezala gertatzen ari den. Herriko jaietan, adibidez: oraindik adin dezenteko pertsonak ikusten dituzu antolaketan, atzetik datozenekin zubi-lan hori egiten asmatu ez dutelako. Beste osagai bat izan daiteke pantaila bidez datorkigun kultura globala anglosaxoia dela, ia erabat, eta geure kultura oharkabean ahanzturara ez ote garen eramaten ari. Eta dagoeneko inertziaz ez du funtzionatzen honek. Pentsatu egin behar da zer kontzertu ekarri nahi dugun gure herrira, zer ekitaldi. Orain arte, hainbat herritan ez zen eztabaidatu ere egiten: halako kontzertua, bertsolariak… Baina hori jada inertziaz ez da gertatzen. Momentua da pausatzeko eta pentsatzeko.
Aho-zapore gozoz amaitze aldera: finalean elkar zaintzen asmatu zenutela diozu, duela bi urte ez bezala.
Bai, eta ia bertsolari igualak geunden. Bertsolarien lana da hori. Nork bere pretentsio pertsonalak dauzka, norberak ahalik eta ongien egin nahi du, baina talde bat garela ez zaigu ahaztu behar oholtza gainean, bertsotan ondokoarekin egiten dugula eta zure ondoan eserita dagoena ere lasai baldin badago eta giro goxoa baldin badago denontzat dela mesede. Eskuzabaltasun hori geure buruari eskatu beharko genioke, bestearekin eskuzabal jokatze hori eta elkar zaintzea: “Zer moduz zaude? Animo”. Baina zintzotasunez. Orain bi urte ez genuen asmatu. Egia da Euskal Herriko sailkapena jokatzen genuela final hartan, eta horrek tentsioa areagotu egiten du, baina egun hartan denak, edo batzuk beste batzuk baino gehiago… Neroni ere ez nintzen behar bezainbeste saiatu ondokoa zaintzen. Aurten aurretik hitz egin genuen zerbait izan zen, elkar hobeto zaindu behar genuela. Uste dut lortu genuela. Hori benetako lorpen bat da.