Julian Iantzi: “Telebistari esker gauza pilo bat egin ahal izan dut”

Julian Iantzi aurkezlearekin bere telebistako ibilbideaz, El Conquis-i buruz eta betetzear dituen ametsez aritu gara hitz egtien, besteak beste.

Julian Iantzi, plazera da zu TTAPen izatea.

Plazera nirea. Grabatzen hasi baino lehen hasi gara hitz egiten dagoeneko!

Zure biografia kuxkuxeatzen aritu naiz, baina oraindik ez daukat argi. Kalifornian jaiotako lesakarra zara edo Lesakan hazitako euskalduna?

Ni Kalifornian sortutako lesakarra naiz. Gurasoak lesakarrak ditut. Aita artzain joan zen harat eta 23 urte pasa zituen bertan. Gero, joan-etorrian ama ezagutu, ezkondu eta han egin zituzten hamar urte. Hiru anai-arrebak bertan jaion ginen. Bi lesakarren seme-alabak gara, eta, nahiz eta Kalifornian sortu, lesakarrak gara. Bilbotarrek diote nahi duten tokian jaiotzen direla; bada, lesakarrok ere bai!

Zu 7 urterekin etorri zinen Lesakara, gazteleraz hitzik jakin gabe.

Kalifornian eskolan hasita nengoela etorri ginen. Diasporan beti gertatzen da toki batera joan eta erdi laketuta zaudenean fisikoki han baina burua hemen izaten duzula. Seme-alabak eskolan hasten dira, mutil eta neska lagunekin hasten dira… Une oro fisikoki han zaude, baina burua hemen duzu. Gurasoek ikusi zutenean ni eskolan hasia nintzela eta anaiak hasi behar zuela, bi urteko tarte bat hartzea erabaki zuten. Lesakara bueltatu, ea bertan berriro laketzen ginen eta ea aitak lan bat aurkitzen zuen ikustera. Bi urte haien ia amaieran, maletak prestatzen ari ginenean Kaliforniara bueltatzeko, nire amaren anaiari esker aitak fabrikan almazenero bezala lana aurkitu zuen, eta hemen geratu ginen.

Txikitan ere mutiko bizia zinen?

Ezagutzen duzu Shin Chan? Bada, hasiberri bat da nirekin alderatuta! Oso mugitua nintzen, bai. Hipermerkatu batera joaten ginen aldiro “ume ilehori bat galdu da” entzuten zuten gurasoek bozgorailuetatik. Beti galtzen nintzen, edo alde egiten nuen.

Egun batean esnatu eta telebista munduan lan egin nahi zenuela erabaki zenuen?

Ez, erabaki hori ez nuen nik hartu. Nik ez nuen inoiz pentsatu telebistan lan egitea; ez, neure burua ez nuen horretan ikusten. Animatu egin ninduten. Lehenbiziko aldiz proba bat egiteko komentatu zidatenean nik esan nien ez nintzela ez kazetaria, ez modelo eta ez aktore. Eta emazteak esan zidan: “Eta zer daukazu galtzeko?”. Erronka bota zidan, eta, nafar on bezala, erronkari eutsi nion.

Hortaz, ingurukoek sumatzen zuten telebistarako balio zenuela.

Bai. ETBn egin nuen lehendabiziko casting-a. Ez dakit zenbat milaka lagun aurkeztu ginen bertara, eta haietatik 200 aukeratu zituzten datu-basea berritzeko. Tartean, ni. Orduan pentsatu nuen hainbeste jenderen artean ni aukeratu baninduten, beharbada, banuela zereginik mundu horretan. Handik lasterrera, lagun baten bidez eta ia kausalitatez, Nafarroako Canal4-ko casting batera aurkeztu nintzen. Han ere 2.000 lagun aurkeztu ginen, eta bost aukeratu gintuzten lanean hasteko, Julian Mari izen artistikoarekin. Orain SER katean dagoen Begoña Marañon izan zen deskubritu ninduena.

Eta handik aurrera geratu gabe aritu zara!

Urtebete egin nuen Canal4 katean, eta orduan konturatu nintzen kamera aurrean eroso eta gustura sentitzen nintzela. Erreportajeak egiten nituen, gauzak ezagutzera eman… Aberasgarria zen. Asko ikasi nuen bertan. Urtebeteko esperientziaren ondoren jakin nuen ETBn Miss Gipuzkoako gala bat aurkezteko aurkezle bila zebiltzala, eta hor ere aukeratu ninduten. Ideia bat egin dezazun zenbat nekien mundu horretaz, gidoian Conexión en directo con Julián desde el backstage jartzen zuen, eta nik ideiarik ez nekien zer zen backstage hori! Gala hartan Itziar Azpeitiak ikusi, eta Sorginen laratza saiorako fitxatu ninduen. Solasaldi batera deitu ninduen, eta horrela hasi nintzen bertan Klaudio Landa eta Xabier Euzkitzerekin… La creme de la creme! Flipatzen nengoen.

Ez du ematen, baina ni txikitan lotsatia nintzen

Izen handiekin ez zinen kikildu.

Ez pentsa! Toki berrietan profil baxuarekin sartzen naiz, normalean. Nahiago izaten dut entzun eta isilik egon. Ez du ematen, baina ni txikitan lotsatia nintzen. Basatia, baina lotsatia. Ostalaritzan lanean hasi nintzenean, orduan gainditu nuen lotsa. Ipar Euskal Herrian hasi nintzen ostalaritzan, eta, lana arrotza izateaz gain, frantsesez ere ez nekien, eta, gainera, lotsatia nintzen. Azkenean, aritzean aritzeaz eman nion buelta.

Pulitu gabeko harribitxia zinen, artean.

Martin Ibarbiarekin, Unai bere semearekin eta Eriz Zapirainekin bilera bat egin nuen eta Martinek “diamante en bruto” nintzela esan zuen. Galdera bat egin zidan egun hartan: “Zu gai izango al zinateke norbaiti kontatu nahi ez duen hori aterarazten?”. Eta nik erantzun nion: “Ideiarik ez, baina ausartuko naizela, zalantzarik ez!”. Erantzun harengatik aukeratu ninduela esan zidan gero. “Pulitu pixka bat eta hortxe duzue aurkezlea”, esan omen zuen Martinek. Begia gose izena zuen saioak eta lehenengo elkarrizketa Iñaki Perurenari egin nion, Leitzan, Eriz zuzendari zela. Eta orduan esan zidan: “Martinek arrazoi zuen”. Ordutik 19 urte pasa dira! Ondotik, Basetxea, Agur Benhur, hiriburuetako jaiak eta beste hamaika gauza egin ditut.

Zer ematen dizu telebistak?

Entretenitzea. Nik ondo pasatzen dut. Istorio bat dut kontatzeko eta ahalik eta ongien kontatzen saiatzen naiz, ahalik eta sinesgarrien izaten saiatzen naiz. Batzuetan, informatuz; beste batzuetan, barre eginaraziz; beste batzuetan, zirikatuz… Telebistak bidaiatzeko aukera ere eman dit, euskal diaspora ezagutu dut berari esker. Telebistari esker gauza pilo bat egin ahal izan dut. Zahartzen naizenean zenbat batallita kontatuko ote ditudan, ene! Batzuetan, pentsatu izan dut liburu bat idaztea, baina alferra naiz.

Zein da zure indargunea aurkezle bezala?

Zer da profesional ona izatea? Elkarrizketa ondo prestatzea? Pixka bat kuxkuxeroa baldin bazara, ase zure jakin-mina! Gogoan dut Nafar telebistan banuela saio bat A solas con Julián izena zuena, eta bertara Nafarroako pertsona ezagunak ekartzen genituen. Batzuk gehiago ezagutzen nituen, baina beste batzuk ez, eta gogoan dut lau datu begiratzen nituela Interneten eta gainontzekoa nire jakin-mina asetzeko galdetzen nuela, zortziko txikian. Solasaldia banekien nola hasi, “zer moduz?”galdetuz, baina handik aurrera ez nekien nola bukatuko zen.

Nola iritsi zinen El Conquis-era?

Bada, kasualitatez! Bueno, nik ordurako bederatzi Basetxe eginak nituen. Hau da, reality formatua landuta nuen. Antena3k nitaz galdetu zuen orduan eta Pello Sarasolak, ETBko buruetako batek, esan zidan ETBrekin ez zitzaidala lanik faltako eta gazteleraz ere saioren bat emango zidala –ordura arte, euskaraz bakarrik egin bainuen lan–. Flecha amarilla saioa egin nuen, Donejakue bidea egiteko reality bat, eta handik sortu zen El Conquistador del fin del mundo. Erronka handia izan zen, eta pentsa, dagoeneko 18. edizioa martxan dugu!

Zer da zuretzat El Conquis?

Gaur egun casting-etara etortzen diren 22-23 urteko gazteak gurekin hazi dira. Beraientzat gu erreferente bat gara, eta etorri egin nahi dute. Nik aurpegia jartzen dut, baina atzean 200 laguneko talde bat dago. El Conquis niretzat lana da; ikasteko lan bat, bidaiatzeko lana eta gauza asko ezagutzeko lana. Bertako esperientziari esker bizitzaren ikuspegia aldatu egin dut. El Conquis niretzat ere oihartzuna da. Izan ere, garai batean, batez ere, Euskal Herrian zen ezaguna, baina azken urteetan, sare sozialak medio, mundu mailan ezagutzen dute, eta naute.

El Conquis-en bezain zirikatzailea zara egunerokotasunean?

Orain, Master Chef-en Belen Lopez aktorearekin nabil, eta ni ezagutu ondoren lehendabiziko aldiz etorri zen Euskal Herrira. Aireportuan taxia hartu eta hala edo nola nitaz hitz egiten bukatu zuten, eta taxilariak esan omen zion: “¡Iantzi es un cabrón!” (Iantzi kabroi hutsa da). Eta Belen zeharo  harrituta: “¿Mi Julián? ¡Si es super cariñoso!” (Nire Julian? Oso maitagarria da eta!). Belenek ez ninduen ezagutzen El Conquis-en. Orain, saioa ikusi du eta ez nau ezagutzen!

Orduan, El Conquis-eko Julian paper bat egiten ari da?

Eboluzio bat izan da. Seguru aski, hasieran ez nintzen hain gogorra eta zuzendariek ere ez zuten pentsatzen aurkezleak hain gogorra izan behar zuenik. Baina kontuan izan behar duzu lehiakideek gero eta gehiago dakitela, informazio asko daukatela eta saioa ia guk baino hobekiago ezagutzen dutela. Beraz, nola harritu? Estutu egin behar dituzu; bestela, segituan hasten zaizkizu-eta protestaka. 36 pertsona dira, eta ni han, bakar-bakarrik, neure burua defendatzen saiatzen naiz. Edo zure izaera ateratzen duzu, malaletxia, edo, bestela, hori ezin da eraman aurrera. El Conquis benetako esperientzia bat da, ez dugu antzezten. Lehiakideek eta publikoak ikusiko balute kameraren aurrean kristorenak esaten dituzula baina gero iji-jaka zabiltzala, ez litzateke sinesgarria izango. Horregatik ez dut nahi izaten lehiakideekin inolako harremanik izan lehiatzen ari diren bitartean. Zeren, aizue, nik ere badut bihotza! Kaleratzen dituztenean, orduan egiten dugu bestelako harremana, eta harrituta geratzen dira: “Zu zara Julian?”. “Bai, Julian naiz, baina hor lanean nago eta hemen ez”. Nire pertsona babesteko modu bat da izaera hori, eta baita kontrola izateko. Hatza eman eta eskua hartuko dizutelako, eta eskua eman eta besoa hartuko dizutelako bestela!

“Lanean ahalik eta sinesgarrien izaten saiatzen naiz”

Urtetik urtera proba gogorragoak dira. Non dago muga?

Hori ez da nire errua, gidoilariena baizik! Konturatu garena da gorputzaren erresistentzia oso handia dela. Hidratatu egin beharra dago, hori bai, baina, momentuz, badakigu zortzi egunez jan gabe ere gorputzak aguantatzen ahal duela.

Akabatu egingo dituzue laster!

Momentuz, jendeak aguantatzen du. Gainera, etortzen direnek zer nahi dute? Bere bizitzako esperientzia bizi eta bere mugak ezagutu; muga fisikoak eta mentalak. Ba, horretarako, hauxe da tokia, eta, gainera, hortxe egongo naiz ni, gehiago zirikatzen. Askok esaten didate ea penarik ez didaten ematen. Pena? El Conquis-eko edizio berri bat iragartzen dugunean –bere kanpamendu txiroa, egoera gogorrak, jan gabe egotea…– 1.500 pertsona aurkezten dira casting-era! Beraz, El Conquis zer den jakinda etortzen bazara, gero ez etorri gogorra dela esanez!

Gaizki pasa al duzu inoiz El Conquis-en?

Ez, nahiz eta gure lana ez den erraza. Goizeko bostetan hasten gara lanean eta gaueko hamarrak arte han jarraitzen dugu. Beroa denean guretzat ere beroa egiten du eta hezetasuna dagoenean ere guretzat egiten du. Batzuetan, bazkaltzeko tarterik ere ez dugu izaten. Edizio batzuetan, 6-7 kilo galdu izan ditut. Baina guk ere badakigu zer den El Conquis, eta, hori jakinda ere, bagoaz.

Noiz arte egongo zara El Conquis-en?

Zenbat urterekin jubilatzen gara?

Espainiako ministroak esan du, beharbada, 70-75 urterekin…

Mekasuen! Ba, makuluekin edo, behar baldin bada ere, joango naiz!

Orain, Master Chef Celebrity-n zabiltza, Espainiako lehen katean. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?

Deitu zidatenean, lehenengo eta behin galdetu nuen: “Niri deitzen didazue?”. Euskal Herrian bai, ezaguna naiz, baina hortik kanpo… Hau da, ez naiz Veronica Forque, Miki Nadal edo David Bustamante, baina ni nahi nindutela esan zidaten. Sartu nintzenean, batzuk ez nituen ezagutzen, eta bazkari bat egin genuen elkar ezagutzeko. Mahaiaren bueltan zeuden aurpegiak begiratzen nituen eta pentsatzen nuen jende inportantea zela, baina kuadrillarekin egongo banintz ere berdin egongo nintzen. Beraien lanean onak izango dira eta izango dute kristoren oihartzuna, baina, azkenean, pertsonak dira. 16 lagun gara taldean eta kristoren rollo ona dago. Horrek harritu ninduen, nik ere nire aurreiritziak ditudalako.

Eta sukalde kontuetan ondo moldatzen zara?

Nik etxean aurretik ere zerbait egiten nuen. Barazkiak, lekaleak, gisatuak, labea ere erabiltzen dut zerbait… Aizu, semea eta alaba ditut eta haiek ere elikatu behar dira! Baina hau bertze mundu bat da. Izan ere, nik askotan egiten ditut erosketak eta zerrendarekin hantxe joaten naiz, denborarekin, batekin eta bestearekin hizketan. Baina Master Chef-en erosketak egiteko hiru minutu izaten ditugu! Badira jaki asko ezagutzen ez ditudanak, eta, lehenik, asmatu behar dut zer den, eta, gainera, zerbait egin behar dut horiekin. Asko ikasten ari naiz, hori bai.

Orain, Espainia mailan ezaguna(goa) zara.

Ezaguna izateak alde onak eta txarrak ditu. Ona, adibidez, Aspacerekin egon naizela gaur ekitaldi bat antolatzen, edo esklerosi anizkoitza dutenekin, Aemar. Ikusgarritasunean asko lagundu dezakegu, bozgorailuak garelako. Hori bai dela polita, ikusten duzulako laguntzerik badagoela. Baina, beste aldetik, dago fama, hater-ak, zutaz esaten diren gezurrak, edo intimitaterik eza. Eta hemen Euskal Herrian nahiko lasai bizi naiz. Bustamante eta hauek nola ibiltzen diren entzuten dut eta… uf!

Euskaraz edo gazteleraz lan egitea nahiago duzu?

Bietan. Garai batean, errazago egiten nuen euskaraz. Gero, hasi nintzen gazteleraz, eta hor ere gustura. Denbora asko pasatzen duzunean gazteleraz egiten, euskaraz egin behar duzunean kosta egiten zaizu. Udan Udak dakarrena saioa egin dut euskaraz eta oso gustura aritu naiz. Orain, berriz,  El Conquis-ekin hasiko naiz gazteleraz, eta horrela ere ongi. Gazteleraz aritzen naizenean euskarakadak sartzen ditut eta euskaraz ari naizenean erdarakadak. Euskaldunek esaten didate nahiago nautela euskaraz egiten dudanean. Eta erdaldunek euskaraz ez dakitenez, bada, nahiago dute gazteleraz egitea.

Zein da egitea falta zaizun programa?

Ba, informatiboak kenduta, uste dut denetarik egin dudala: reality-ak, erreportaje saioak, elkarrizketenak… Nahikoa ipurterrea naiz eta bizipenen bila joaten naiz. Bizitza honetan gauzak ezagutu eta probatu egin behar dira. Neure buruari beti jartzen dizkiot ametsak betetzeko. Adibidez, orain, 1 Formularekin probatu nahi dut. Azelerazio bertikala probatu nuen duela urte batzuk, eta orain, azelerazio horizontala nolakoa den jakin nahi dut. Bete nahi dudan beste amets bat ironman bat egitea da, baina denbora behar dut horretarako. Aitzakia horrekin badut entrenatzeko motibazio gehigarri bat. Horiek egindakoan, beste amets batzuk izango ditut.