Julen

Julen Leturiondok, 21 urteko gazte eibartarrak, musika odolean darama, eta orain, proiektu profesionalean transformatu du ikasitako guztia. Itzalaren babesean da kaleratzear duen EParen bigarren aurrerapen abestia.

Nolatan hasi zinen musikan?

Txikitatik musika eskolan ibilitakoa naiz eta han ikasi dut egun dakidan guztia. Beti esaten dut inbidiagatik apuntatu nintzela musika eskolan, nire klaseko asko bertan baitzeuden eta nik haien berdina ikasi nahi bainuen. Horrela, koruan izena eman, eta, handik gutxira, piano eta gitarra ikasketak burutu nituen. Baina genero eta estilo guztietatik ikastea nuenez helburu, pandero eta trikiti eskolak ere jaso nituen. Gainera, duela zazpi urtetik, udan rock-kanpamentu batera joaten naiz; hasieran, ikasle; eta orain, begirale.

Noiz kaleratuko duzu EPa?

EPa kaleratzeko data, momentuz, ez dugu guztiz argi, baina esan genezake azaroan edo abenduan izango dela. Bere baitan lau abesti izango ditu, eta honen formatu fisikoa izango da momentura arte egindako lanik potenteena.

Itzalaren babesean da EP horren bigarren aurrerapen abestia.

Itzalaren babesean bizipen batetik jaiotako kantua da, denborarekin desagertzen ez diren barne grinei idatzitako abestia. Nire lagun Naia Aizpuruarekin partekatutako esperientzia horretatik jaio zen. Hark bere burua ere ikusi zuen nik bizitako horretan, eta kantu baten bitartez adierazi zidan nik kontatutakoa eta hark imajinatutakoa. Barne galdera eta barne galerak. Bi kontzeptu hauek dira kantaren oinarriak.

Julen ez da bakarrik egongo oholtzan.

Hala da, bai. Julenen formatu ohikoena banda formatua da; bertan, Asier Cascan dugu gitarran, Eñaut Armentia baxuan eta Josu Cascan baterian. Hala ere, espazioen ezaugarrietara moldatu behar badugu, honako formatu hau aldatu egin daiteke eta hauetako bik edo bakarrak lagunduko didate oholtza gainean.

Letrak zureak dira?

Bai, ia hitz guztiak nik idatzitakoak dira; egia da beste batzuetan Naia Aizpuruaren eta halako lagunen laguntza izan dudala –Itzalaren babesean kasu–. Egia esan, nire egunerokotasunean gertatzen diren gauzen inguruan idazten dut. Ez dago misterio handirik. Gauza sinple eta ohikoez hitz egiten dut, normalean. Baliteke kantu baten muina itsasoa izatea, beste batean zerua, lagunak, bidaiaren bat… Bizipenek eta ohiko gauzek asko inspiratzen naute.

Julen proiektu musikal bat baino gehiago da.

Bai, eta hori oso argi izan dugu proiektua hasi zenetik. Argazkigintza eta diseinua gustuko ditudanez, oso garrantzitsua zen niretzat bi hauek, behintzat, hasiera-hasieratik zaintzea. Horregatik, Julenen oinarrietako bat gure argazkilaria da, Maitane Campos. Diziplina artistiko desberdinen arteko lotunea izatea du helburu proiektuak. Horrela, hurbileko lagunei leku bat emanez. Hau guztiau ulertuko da lehen EParen argitaratzearekin.

Kontzerturik baduzu lotuta?

Momentuz, esan dezaket urtea amaitu baino lehen zenbait lekutan izango garela. Kontratazioa zabalik dugu, eta, kontaktuan jar daiteke artetxenatalia@gmail.com helbidean.