Julen Telleria: “Txaloak barneratzea arriskutsua da”

Behobia-Donostiara begira dago irratian eta telebistan prime time ordutegian aritzen den kazetaria. Abiada bizian doakio astea, Gaztean eta Gure Kasa-n, baita lanetik kanpo dagoenean ere. Egunari ahalik eta zuku gehien ateratzen, pozarren bizi dela dio, Joni Ubedak egindako elkarrizketan.

Julen Telleria googleatzen hasi eta Instagram, adina, ezkontza, Runedia hitzak iradokitzen dizkit niri. Ondorio asko atera daitezke hortik. Zer esaten dizu horrek zuri?

Aspaldi ez dudala proba hori egin. Google zeinen arriskutsua izan daitekeen… ateratzen ditudan ondorioak dira Instagram kontua badudala, eta oso lotuta nagoela, gainera. Tresna baliagarria dela iruditzen zait, bere arriskua duen neurrian. Adina badaukat, eta ezkonduta ere banago. Kristoren juerga bota genuen eta berriro ere ezkonduko nintzateke, eta berriz ere pertsona igualarekin, gainera! Runediarena bai iruditzen zaidala txuku-mutxu kontua. Korrika ibiltzen naiz, bai, oso gogoko dut. Eta, orokorrean hitz eginda, aipatu dizkidazunen ondoren ondorioztatzen dudana da kotilla hutsak garela. Kotilla herria gara. Askok adieraz negatibo modura har dezakete, baina, niri, ez zait batere txarra iruditzen

Julen Telleria besterik gabe Tolosako gazte bat izango balitz, beste ogibide bat izango lukeena, bi aldiz pentsatu gabeko mezuak zabalduko lituzke sare sozialetan. Errealitatean tentuz ibili behar izatea askotan gertatu zaizu zuri?

Konturatzen naiz neure buruari filtroak ipini beharko nizkiokeela. Ez dut pentsatzen dudan guztia idazten. Ez dut uste tokatzen zaidanik ere iritzia ezker-eskuin ematea. Gehiago da, Twitter kontua ireki nuenean, nire lehenetako txioa Gaztea irratiaren kontrakoa izan zen. Halako zerbait esan nuen: “Eskerrik asko Gaztea irratiari horrelako irrati alternatiboa egiteagatik eta euskal musika taldeoi horrenbeste aukera emateagatik #ironia”. Gaur egun, txio hori oraindik hor dago. Oso oker nengoen. Ez dut, beraz, nire iritzi guztia plazaratzen. Saiatzen naiz zaintzen, zeren eta medio publikoan gabiltzanoi tarteka tokatzen zaigu moderatzaile aritzea.

Pertsonaia publikoa izateak hori dakar, neurrigabe zure burua txalotzea edota egurtzea. Nola daramazu B alde hori?

Txaloak asko jasotzen ditugu, eta txistu ere egiten digute. Eta oso gogoko dut txistuak jasotzea, piztu egiten naizelako. Autokritika egiteko balio dit, eta hausnartzeko bidea izaten da. Txaloak barneratzea erraza da, arriskutsua ere bada. Hainbeste lore jasota, lainoetara eraman zaitzake. Txaloak asko eskertzen ditudan arren, txistuak –nahiz eta min eman– hazteko lagungarri izaten zaizkit.

Itxuraz, behintzat, hankak lurrean dituzula esango nuke.

Ahalegintzen naiz, eta beldur handia ematen didan gauza bat da. Ingurukoei esaten diet, mesedez, egunen batean haizatuta ikusten banaute lagun nazaten. Eta toketxoak jaso izan ditut lagunen aldetik: “Julen, lasai”. Lanerako bidaiak autoan egiten ditut, eta hori pentsatzeko oso baliagarria zait. Gurea lana da, lan publikoa. Ez gara superheroiak.

Komunikazioaren munduan pribilegiatua zara. Bi lan dituzu, eta biak garrantzi handikoak.

Bi oso lan on ditut, eta pribilegiatua naiz. Hasiera-hasieratik aukera eman didate, lehenik irratian eta handik telebistara jauzia emateko. Denboran atzera eginda, ikasle nintzen garaira, orduan amestuko nituzkeen bi lan ditut. Irrati kontsumitzailea izan naiz betidanik, eta baita telebistazalea ere. Une honetan Gaztea bezalako irrati batean, goizeko prime time horretan aritzea, eta ETBn euskaraz berriro ere prime time ordutegian egunero aritzea pribilegio hutsa da.

Hitz egin dezagun irratiaren alde. Zergatik irratia?

Unibertsitatean geundela, EITBn praktikak egiteko aukera eman ziguten, eta, Bilboko egoitzara joan ginela, paperak aurrean jarri eta Non egingo zenituzke praktikak? galderari Irratia erantzun nion. Nahiz eta ni, esan bezala, telebistazalea izan. Hego haizea izango zen edo, baina irratia aukeratu nuen. Horrek bideratu ninduen irratira, eta eskerrak! Zeren eta irratiak ematen duen eskarmentua, baita telebistan aritzeko ere, kristorena da. Ez dakidana da alderantzizko bidea, telebistatik irratira, hain erraza izango ote zen. Irratia guretzat askatasuna da. Irratian goizero lau lagunen artean hiru ordu betetzen ditugu eta nahi duguna nahi dugun bezala egiten dugu. Kontrolak baditugu, noski, guk ere baditugu bideratzen gaituzten nagusiak, eta eskerrak! Askatasuna, libertatea eta, batez ere, ondo pasatzea. Hori da irratiak ematen diguna. Irratian, gainera, errealizazioa nik egiten dut. Nik daukat kontrola, Gazteak autokontrola egiten baitu. Alegia, ez dago teknikaririk leihoaren bestaldean. Leihorik ere ez dago. Musika nahasteko mahaia daukat mikrofonoaren aurrean, eta parean hiru lagun. Askatasuna, erabatekoa.

Eta zuzenean egiten denaren sentsazio magiko hori…

Eta adrenalina. Askotan, parapenterik gabe salto egin eta nora iritsiko zaren oso garbi jakin gabe. Gaur, esaterako, Valtonic rap kantariari egin diogu elkarrizketa. Bera Belgikan zegoela. Gazteleraz eta euskaraz, esan baitiogu gurea medioa euskalduna dela. Horretan oso zorrotza naiz euskararekin, baina EITBko estilo liburuak esaten du kasuan kasuko egoeretan zilegi dela beste erdarari tarte txikia ematea. Valtonicek Belgikatik bere egoeraren berri eman digu. Azken orduan lotu, eta zuzenean sartu gara. 

Paperezko kazetaritzan gabiltzanoi, maiz, zertaz idazterik ba ote dugun galdetzen digute. Eta irratian entzuleek asko baloratzen dute unean uneko horretan, hitza hartu behar denean, asmatzea. Irrati esatarien meritu da hori. Oraindik orain, bertigo sentsazio hori izaten al duzue?

Bai, bai! Mikroaren argia gorriz piztean tentsio hori sentitzen dugu oraindik orain. Eta eskerrak! Hori galtzen dugun egunean, akabo. Lanean hasi nintzenean, bertigoa baino gehiago beldurra sentitzen nuen. Hori oso beharrezkoa da.

“Bi lan on ditut irratian eta telebistan, pribilegiatua naiz”

Irratian goizeko ordu horietan, audientziari erreparatuta, entzuleen artean ahobizi eta belarriprest diren asko dituzue. Alegia, euskaldunak eta euskaldun izateko bidean direnak.

Gazteari Euskadi kendu zitzaionean aldaketa estrategikoa gertatu zen. Ardatz horietakoa belarriprest horiek harrapatzea zen. Duela egun gutxi esan didate Nafarroako Erriberako herri txiki bateko igerilekuan, tabernan edota harreran langile guztiak erdaldunak izanda, megafoniatik entzuten zena Gaztea zela. Harrigarria egiten zait, baina oso pozgarria. Herri honetan jende asko bizi gara, hizkuntzari dagokionez ere oso errealitate ezberdinak daude. Irratiaren bidez ahalik eta esparru zabalena hartu nahi izan da, erdalduna den jendea ere gutxi gorabehera zertan dabilen ikus dezaten. Haientzat ere guk egiten duguna entzungarria izan dadila.

Spanglish-a bezala, badago euskara eta erdara tartekatzeko joera hori. Hori irratian gertatzen da eta eztabaida amaitezin batera garamatza. Aldeko eta aurkako iritziak sortzen ditu estrategia horrek. Zein da zure iritzia?

Zaila da posizio garbia hartzea. Debatea eternoa da. Ez dago ez zuri, ez beltz. Nire ustez, batez ere hedabide publikoetan gabiltzanoi, errealitatean zer dagoen jakitea dagokigu. Kalean zer dagoen, alegia. Ezin dugu burbuila batean sartuta egon. Kalera atera eta jendeak nola hitz egiten duen ikusi eta entzun beharra dago. Neu euskal eremu batean bizi naiz, euskaraz ematen ditut eguneko 24 orduak. Baina, hala ere, erdara entzuten dut, eta nire ingurukoek eta neuk ere tarteka erdaraz esan dezakegu zerbait. Hori esanda, ez zait bekatua iruditzen hori gero hedabide batera eramatea. Neurtu egin behar da. Hori, gainera, kontzienteki egin behar da, ez da utzikeriatzat hartu behar. Guk gure saioan badugu pertsona bat bietara aritzen dena. Euskaldun berria da, Burgostik dator. Euskara ikasi du eta oso ondo egiten du, baina, oraindik ere, erdaraz aritzeko joera handia du. Eta guk zuzentzen diogu, baina bera ere hasi da bere burua zuzentzen. Hizkuntzarekin hain zorrotz aritzea ez dut gogoko, zeren eta kalean ere ez da hori gertatzen. Kalean gertatzen denaren isla hori izan behar dugu.

Irratian audientzia oso datu onak dituzue, eta baita telebistan ere.

Bai. Irrati musikalen kasuan, azken urteetan eskaintza handitu egin da. Dagoeneko ez dakit zenbat garen. Eta oraindik ere musikalean, Los 40 eta horien ondoan, Gaztearekin lider izaten jarraitzen dugu. Los 40 aipatzen dut, betiere, kate horrekin alderaketa egin delako. Hura estatu mailan liderra da, eta hemen Gaztea litzateke. Audientzia datu oso onak ditugu, eta irrati konbentzionaletara gerturatzen ari gara. Eta telebistan ere bai, nahiz eta inoiz imajinatu duzu ETB1ek Tele5k baino audientzia datu handiagoa eman dezakeenik? Pentsaezina egiten zaigu. Bada, irratian gertatzen ari da. Eta baliabide aldetik konparagarriak dira, guk Gaztean edo ETB1en ditugun baliabideak eta Los 40k edo Tele5k dituztenak. Irratian aspaldi lortu da erraldoi horien gainetik jartzea; telebistan, oraindik ez. Telebistan nekez lortuko da.

Zenbaterainokoa da audientziarekiko dependentzia hori? Nerea Garmendiak Ttap aldizkarian aitortu zigun audientziaren arabera izango zuela lana hurrengo denboraldian. Kezka eragiten dizu zuri ere?

Audientzia goizero aipagai izaten dugu. Kike Amonarrizek dioen bezala, guk audientziekin gosaltzen dugu. Telebistan “goazen jolastera” esanez bezala hasi nintzen, erdi probatan bezala, eta horrela pasa ditut lau urte. Nire lana ondo egiteak kezkatzen nau, eta ondoren nire lan hori kontsumitzen dela jakiteak. Gure saioko arduradunek egunero lupaz begiratzen dute, minutuz minutu, zer ikusi den, zein adin tartekoek… hori oso ondo aztertzen da lanean jarraitzeko. Telebistaren muga garrantzitsuenetakoa audientzia da, eta ez luke horrela izan behar. Lasaiago lan egiten utzi beharko litzateke.

Gure kasa programak une gozoa bizi du, eta ez bakarrik audientziari dagokionez. Bestela ere bai.

Hala da, bai. Hasiera batean, programa bestelakoa zen eta poliki-poliki bere forma eta bere martxa hartuz joan da. Sintomatikoa da. Hasiera batean, jende piloari deitu zitzazion gonbidatu etortzeko, eta inork ez zuen etorri nahi. Ausartenak hurbildu ziren hasiera haietan. Gaur egun, ni neroni ere harrituta nago etortzen zaizkigun gonbidatuekin. Ikaragarri pila pozten naiz.

Horixe bera galdetu behar nizun. Erreferentziazko pertsona ugari elkarrizketatzen ari zaretela. Aurretik, Gu ta gutarrak programa aurkeztu zenuen; oso programa ezberdina da. Oihartzuna edo fama bidean irabazten ari zara…

Bai, eta horri buruz ere orduak eta orduak hitz egiten egon ninteke. Gu ta gutarrak bezalako saioa aurkezteagatik pertsonalki sentitzen dut nirekiko halako karga bat, erabat injustua iruditzen zaidana, bide batez. Egia da Gure kasa-ra hurbildu diren azken gonbidatuek halako bultzada eman digutela. Une honetan, gustura ikusiko nukeen programa egiten ari gara. ETBko sofatik etxeko sofan elkarrizketatuko nituzkeen pertsonak hurbiltzen ari dira. Idoloak izan direnak, niretzat. Eta orain, aurrez aurre dauzkat, eta ni ari natzaie galderak egiten. Suerte galanta dudala iruditzen zait.

Ezusteko atsegin horietakoa, zein?

Atsegina, eta, batez ere, ezustekoa, Amets Arzallusena izan zen. Hura harrigarria izan zen, aitortu zigun etxean ez duela telebistarik eta ez dela batere telebistazalea. Gure programa saltsa nahikoa da, eta gure deia onartu izana ezusteko nahiko handia izan zen. Badirudi bertsolariekin genuen muga hori hautsi dugula. Andoni Egaña etorri zen, Jon Maia orain gutxi pasa da… Horri esker, lehen zuzenean ezetz esaten zigun jendeari zer pentsatua emango dio orain.

Irratiaren eta telebistaren komunikazio kodeak aldatuz doaz eta geroz eta abiadura handiagoan hitz egiten da. Den-dena ahalik eta gehien konprimitu behar dela dirudi, albisteari edota elkarrizketari ahalik eta zuku gehien ateratzeko. Bakarra naiz hori adierazi dizuna?

Ez, ez. Zure kaltera esango dut, batez ere, gure adin tartetik gorakoek adierazi digutela hori. Andoni Egañarekin akordatu naiz. Gure kasuan, irratitik etorrita, ezin dugu isiltasuna jasan. Telebistan isiltasunak asko balio dezake, baina irratian ez. Horregatik, arrapaladan bezala gabiltza, eta hizketan irratian gure tonua oso goian dagoenez, telebistan ere hori gertatzen zaigu. Andoni Egaña etorri zenean horixe esan zigun: “Zergatik hitz egiten duzue hain ozen?”. Eta bera ETBn aritu zeneko irudi batzuk jarri genituen, 80ko hamarkadakoak, orduko Gure kasa egiten zuenekoa. Bada, elkarrizketaren tonua eta abiadura osoa geldoa zen, isilune askorekin. Niri, hori, egungo ikuspegitik, jasangaitza iruditzen zait. Baina irratitik gatozenon tonua eta abiadura estridentea egiten zaio askori.

Euskara, musika, konpromisoa. Hitz horiek ez dira googleatzen jarrita agertzen. Eta zure nortasun ikurrak dira horiek.

Euskara etorri egin zait. Familiatik datorkizu.

Zure aita, Kike Amonarrizekin eta beste batzuekin batera, euskalgintzan erreferentzia dira Tolosaldean…

Bai. Aita herri mailan ibili da asko. Ama ere bai; ez, beharbada, publikoki, baina 44 urte daramatza euskaltegian euskara irakasten. Euskararekin oso zorrotza naiz. Zaintzea dagokigu, zer eta nola egiten ari garen. Euskaraz bizitzeko zorte hori badaukat. Musika gurasoei zor diet. Musika eskolan sartu ninduten eta horrek niri bizitza aldatu dit. Nire lehen soldatatxoak horrela eskuratu nituen eta musika gozatu egiten dut, asko. Musika jakingo ez banu, musikaria ez banintz, uste dut ez nuela hainbesteko pasioz biziko. Denbora falta zait musikan aritzeko. Konpromisoari dagokionez, antzekoa gertatzen zait. Hainbeste gauzatan hartu nahiko nuke konpromisoa, eta aritu, baina ez dut denborarik.

Ondo eta fin ikusi zintudan eskualde mailan erabakitzeko eskubidearen alde lanean.

Ahal izan dudan guztia egin dut. Gure Esku Dago gure tamainara egindako mugimendua dela iruditzen zait. Pena bakarra daukat, ez duela behar bezain besteko babesik jasotzen. Hori da nire pertzepzioa. Eta nik uste dut herritar bezala, kexa agertzeko aukera dugun bezala eta kexa agertu behar dugu, gainera, beste ardura batzuk ere baditugula. Erabakiak hartzea dagokigu, eta ez bakarrik botoa ematen. Zerbait ondo ez badoa. Niri, adibidez, ez zait buruan sartzen gure herrian sexu eraso bat gertatu eta hurrengo egunean udaletxe aurrera ez joatea. Ez zait buruan kabitzen. Zerk atera behar zaitu, ba, etxetik?

Bukatu beharra dugu. Astean zehar etenik gabe eta asteburuan lo egitea dagokizu. Baina hasierako googleatze ariketan Runedia aipatu dugu. Lasterkaria zara…

Asteburuan lo egiten ahalegintzen naiz. Korrika duela bi urte edo hasi nintzen, Behobia-Donostiarako izena eman nuenean. Lehenengo hartan min hartuta nengoelako ezin izan nuen parte hartu, eta horrek hurrengo urtean berriro saiatzeko kaskagortu ninduen. Urtea prestatzen eman nuen eta une hauetan nire lehentasuna Behobia-Donostia prestatzea da, eta aurtengoa are eta hobeto egitea. Urtarriletik nabil Behobiara begira.

Eskerrik asko, eta zorte on!

Zuei, gonbidapenagatik, eta proiektu berri eta interesgarri honi ere zorte on!