Julen Alonso

Folk estilotik apur bat aldendu da azken lanean Julen Alonso musikaria. Danae Riaño abeslariarekin batera, Norbera garena aurrerapen singlea kaleratu berri du.

Norbera garena kaleratu berri duzu Danae Riañorekin. Gauzatxoak datoz?

Norbera garena bideoklipa eta kantua Durangoko Azokan salgai egongo den Sugarretik liburuaren parte da. Bertan, nire hiru kantu berri entzun izan ahalko dituzue, primizian. Liburuan beste hainbat gauza ere ikusi ahal izango dituzue. Niretzat plazer izugarria izan da Danae Riañok Norbera garena kantu berrian parte hartzea. Kantu honentzat estilo bat finkatuta nuen, eta bera nire estudiora etorri eta inprobisatuz ahotsa grabatzen hasi zenean, imajinatzen ez nuen beste plano batera joan zen kantua. Uste nuena baino askoz gusturago gelditu naiz kantuarekin

Zein musika estilo lantzen duzula esango zenuke?

Normalean folk estilo inguruan jarduten naiz. Baina beti esaten dudana: dinamikak erabiltzea asko gustatzen zait, bai kantuan bertan, diskoko kantuen artean, edota diskotik diskora. Entzun ahal izango nauzue trikitiarekin, pianoarekin, edota abesten soilik.

Zeintzuk dira zure erreferente musikalak?

Michael Flatley izan dut erreferente handienetakoa. Irlandako flautista, koreografo, eta dantzaria da bera, eta The lord of the dance izeneko ikuskizun bat du. Urteetan jarraitu izan dut haren ibilbidea. Beti sumatu izan dut zirrara berezi bat irlandar musika entzutean, umetatik.

Emanaldirik baduzu datozen aste edo hilabeteetarako?

Laster ikusi ahal izango nauzue oholtzetan. Bitartean, Durangoko Azokan, abenduaren 6tik 10era ikusiko dugu elkar!