Juantxo Zeberio: “Rapa, trapa… Urmugan erantzun behar diogu horri”

Urmuga jaialdia udako ekitaldietakoa izan da, Euskal Herri mailako fenomeno bilakatu dena. Lehen bi edizioetan formula topatu dutela ikusita, aurrerantzean bi urtez behin antolatzea erabaki dute. Lantalde horretan, musika alorrean, parte hartze handia izaren ari da musikari tolosarra.

Juantxo Zeberio, eskerrik asko gure gonbidapena onartzeagatik. Ongi etorri TTAPera.

Eskerrik asko zuei.

Urmuga 2020ko edizioan abiatu zen, eta 2021ean bigarren edizioaren lekuko izan gara. Esperientzia berri batean 2.0 modukoa izan da aurtengoa, batez ere, eta koralagoa. Eta bere baitan euskal musikagintzaren partaidetza handi samarra biltzeko gai izan delako. Gozamena izan da ikusleentzat eta parte hartu dutenentzat, askok eta askok adierazi duten bezala. Zu zeu musikari izan zara, baina baita Urmugako eragileetakoa. Bestondorik edo ajerik ba al duzu oraindik?

Kontuan izanda uztailean 31n Izaban azken ekitaldia, azken kontzertua izan zela, jada ajea kentzeko denbora izan dugu. Aje gozoa izan da, nahiz eta egia den neketsua izan dela. Lan asko eskatu digulako. Baina zuk esan bezala, 2020an hasi ginen. Orduan inork ez zekien oso ondo zer izango zen Urmuga jaialdi hura. Hura aurrera atera genuen eta ondoren bigarrena iritsi da. Esan beharra dago sei-zortzi pertsonako lantaldea dagoela atzetik, oso potentea eta oso eskuzabala. Jaialdia hurbildu ahala beste bizpahiru lagun gehitu zaizkigu koordinazio lanetara, eta azken txanpan oso garrantzitsua izaten da tokian tokiko jendearekin auzolanaren bitartez sortzen den elkarlana. Artistei dagokienez, iazko edizioan arrapaladan eskura genituenengana jo genuen. Eta 2021ean saiakera egin da belaunaldi eta estilo aldetik anitzagoa izateko. Horrek eman digu lan gehiago. Baina, bestalde, saiatu gara egitura aldetik pixka bat zuzentzen eta txukuntzen ia amets hutsa zen hasierako Urmuga jaialdi hura.

Zu zeu musikaria zara, baina Urmugan, musikaria izateaz gain, orkestrarako kantu askoren musika konponketa lanak egin dituzu. Aitortu zenidan hilabeteetako lana izan dela.

Lan asko dago egiteko eta ekoizpen osoaren azken txanpan artistak aukeratu behar ditugu, gehienbat Miguel anaiaren eta nire artean egiten duguna. Artista zerrenda zabal bat nahi genuen, baina berezitasuna da orkestra moldaketa bat oparitzen diegula, euren hiru edo lan kantu aukeratu eta orkestra moldaketak egiten ditugulako. Orkestra bat eta laukote bat beti dagoelako finko, taula gainean. Horrek ekartzen du orkestra moldaketa horiek egin beharra. Aste Santuaren bueltan hasi nintzen moldaketa lanekin, buru-belarri beste artista horien musikan murgilduta. Alde batetik, gozamena da, baina, beste alde batetik, lana eta ardura ere handia.

Traba berezirik sumatu duzu kanturen batean?

Errespetua eragiten duten kantuak daude; adibide modura Anari jarriko nuke. Oso gutxitan ateratzen baita bere eremutik. Berak oso garbi dauka zer den bera, eta orduan, berak gitarrarekin bakarrik edo bere taldearekin defenditzen ditu kantuak. Harremana badugu eta alde horretatik lasaitu nuen, bere kantuak ondo zainduko genituelako. Azkenean, ardura hori baduzu. Gauza ez baita moldaketak egiten ni zeinen ona naizen erakustea, baizik eta moldaketek zerbait gehitu ote diezaioketen kantuari. Hor ardura berezia duzu azken emaitzarekin.

Betiere, kantuaren alde jo behar delako.

Bai, zeren eta, bestela, guk musikariok badugu autoexhibiziorako joera hori instrumentua jotzen edo moldaketak egiten ditugunean. “Hau sartuko dut, eta beste hau” pentsatzen hasten zara eta, azkenean, geratu beharra dago. Baliagarria denarekin soilik geratzeko saiakera egin behar da. Batek esaten zuen musika eta konposizioa erabakiak hartzearen artea dela. Eta uste dut horrela dela.

Musikagintzan autokonplaziente samar genbiltzan

Lana izan bada, baina ondoren adiskidetasun handi bilakatu da. Zuek ere sentsazio hori transmititu duzuelako.

Bai. Esango nizuke gonbidatu guztiek baiezkoa ematen dutela. Orduan, lehenengo momentutik eskuzabal jokatzen dute. Eta hor sortzen da zerbait berezia. Banuen kasu batzuetan lehendik harremana, baina beste batzuekin, aldiz, ez. Gehienbat, belaunaldi gazteekin gertatu zait hori. Kantuak aukeratu behar dira beraiekin, eta Urmugak badu aldarrikapenetik ere. Komunikabideei adierazi nahi diegu hemen gaudela. Edukiko ditugu 20 artista, eta etorriko liratekeen beste 20 edo 40. Hemengoak gara denok eta begira zer-nolako jaialdiak egin daitezkeen. Badago autoafirmazio ariketa bat Urmuga horretan. Parte hartzen duten horiek guztiak kontziente dira horretaz.

Chill Mafia eta Ruper Ordorika, Juantxo Arakama eta Niko Etxart… Belaunaldien arteko uztarketa horri esker egitasmo beraren baitan antipodetan egon daitezkeen euskal sortzaileak elkartu dituzue. Harrotasun hori zure baitan sentitzen duzu?

Dirudiena baino askoz naturalagoa da. Batetik, azken bi-hiru urteetan gertatu dela belaunaldi aldaketa bat, ikaragarria. Zorionez! Eta denak ez ditugu ekarri. Sara Zozaya, Chill Mafia, Olatz Salvador, Idoia Azurmendi, Dupla… Zerrenda izugarria da, batzuk gelditzeko datoz eta beste batzuk, seguru aski, ez. Horiengana jotzea koraltasun horren baitan datorren zerbait da. Eta, bestetik, erronka bat. Horietako batzuek, gainera, kantugilearen tradiziori jarraitzen diote, baina beste batzuk musikalki haustera datoz. Rapa, trapa… Lan egiteko, pentsatzeko eta hizkuntza erabiltzeko modu ezberdina eta musikari bezala eta Urmuga bezala erantzun behar diogu horri. Gozamena izan da. Alde batetik, zahartzen ari garela konturatzen zara eta, bestalde, horrek berak esnarazi egiten gaitu. Orain dela bost urte ia inork ez genuen trapa entzuten eta orain denok gaude sintonian. Eta elektronikarekin berdin. Musikalki, halere, ematen duena baino hurbilago dago dena. Azkenean, taula gainean zaudenean eta Chill Mafia eta Ruper Ordorika elkartzen dituzunean, edo Niko Etxart, Idoia Asurmendi eta Josu Zabala… Gauza oso sinplea da, denok musika egiten ari gara eta guztiak musika tresna berdinarekin. Normalean beti ateratzen da ondo. Zergatik? Badagoelako kalitatea, maila eta hori oholtzan ikusten da. Harro egoteko modukoa da, baina, bestalde, normaltzat hartu behar da. Mundu mailan gertatzen den fenomenoa delako.

Sinbiosi horretan, ikusi dudanagatik, adibide egokia izan daiteke Andoaingo Unanibia zubiaren inguruan Juantxo Arakamak Glaukomaren Gure kaiola kantuko Ze guapa zauden abestuz musikariak dantzan jarri zituela. Eta musikariak ez ezik, baita ikusleak ere.

Urmugan gauden musikariok, gure ibilbideari begiratzen hasita, ez dugu inongo taburik eta arazorik estilo eta talde ezberdinetan lan egiteko. Are gehiago, hori da gogoko duguna. Ederra da familia osoak dantzan ikustea. Eta jende askok ez zuen ezagutzen. Guk badakigu nor den Juantxo Arakama. Eta Youtuben kantu horrek 500.000 bisitaldi ditu. Urmugako ikusle askok ez zuen ezagutzen. Eta hor beste irakurketa bat sortzen da. Zergatik ez da hori ikusleria zabal batengana iristen. Ziurrenik, bakoitza bere lubakian, estiloan eta munduan dagoelako. Baina, askotan, ez zaigu musika hori iristen eta, aldiz, rap amerikarra entzuten ari gara egunero.

2020a, 2021a… Azken edizioko bideo bat ikusi dut. Halako katarsi modukoa izan zena. Dagoeneko jendea zain izango da. 2022an edizio berririk izango ote da?

Aurreratu daiteke hasieratik zegoen asmoa, eta orain garbi geratu dena. Bi urtez behin egingo den jaialdia izango da. Batetik, ikusten dugulako ahalegina oso handia delako. Eta bestetik, iruditzen zaigulako hori Mikel Urdangarinek oso ondo azaldu zuen, normala ez den hori normaltzat jotzea agian ez dela egokiena. Interesgarria da gose pixka bat sortzea. Guk ere etxeko lanak egingo ditugu. Balorazioa egin eta oinarria sendotu beharko dugu, epe luzeko jaialdi bat izateko. Eta erabakia hori da: bi urtez behin katarsi moduko horiek biziberritzea.

“Erabakiak hartzearen artea da musika eta konposizioa

Badakit galdera zaila dela, baina egin dituzun moldaketa horien guztien bat edo beste nabarmenduko al zenituzke?

Zaila da. Baduzulako edo bizi izan duzulako kantu horrekin esperientzia bat, bereziki ezagun diren kantuekin. Eta beste kasu batzuetan, ezezagunak direnean, berrikuntzak ematen duen amildegi sentsazioagatik. Anari aipatu dut, eta Orfidentalak kantuan egindako moldaketekin oso harro nago. Berri Txarrak taldearen Maravillas, denok entzun dugu kantu hori. Halako batean, zure etxean entseatu ahal izatea Gorka Urbizurekin, eta gero hori zuzenekoan funtzionatzen duela ikustea, eta bera entseguetan hunkituta ikustea… Hori oso ederra izan zen. Chill Mafiari buruz zer esan. Jendeak ez daki oso ondo nondik harrapatu eta guk sekulako harremana eduki genuen. Izugarrizko kultura dute, baina apurtzera datoz.

Nik uste dut hori inportantea dela eta ondo dagoela. Gu aulkitik mugiaraztea eta denok deseroso sentiaraztea. Zeren eta uste uste dut gehienok ere bertan goxo eta autokonplaziente samar genbiltzala. Arrotxapea kanturako egindako moldaketarekin oso gustura nago, eta eurak ere bai. Tenpora taldea Baigorriko emanaldian egon zen, eta nire taldearen moldaketak egitea eta Ruper Ordorikarekin eta Chill Mafiarekin jo ahal izatea oso berezia izan zen. Asko dauzkat. Miren Narbaizak Leteren Ni naiz kantua abestu zuen Baigorrin, eta zoragarri egin zuen. Tango estilora eramana.

Musika eta ariketa fisikoa uztartzen dira Urmugan. Zure biografiaren bi parte garrantzitsu dira. Izan ere, zu zeu musikari eta kirolari bezala ezagutu zaitut betidanik. Horiek gabe zer litzateke bizitza, edo, hobe esanda, zer da bizitza bi joera edo pasio horiekin?

Ezertarako balio ez duten gauzen apologia dela erantzungo nizuke. Hori liburu batean irakurri nuen. Musikak ez du ezertarako balio gure gizarte honen parametroen arabera. Ez duelako merkaturik sortzen. Eta kirolari dagokionez, eskolan ikustea besterik ez dago zenbat denbora eskaintzen zaion bati eta besteari. Hezkuntza fisikoa ikasi nuen eta musika munduan lan egin dut beti. Lotura estua dago familiarekin, gurasoekin. Nahiz eta bere musikariak ez izan, inkontzienteki beste balio batzuk transmititu zizkiguten. Orduan, nire etxeko liburutegia ikusten baduzu edo nire gurasoen diskografia ikusten baduzu, horrek pista asko ematen ditu.

Urmugarekin paralelismoa egingo bagenu, nik ez nuke hainbeste kirol munduan kokatuko. Urmugan badago jarduera fisikoa, baina beste planteamendu eta beste estetika bat dago. Mendia espazio aske bezala hartu behar da, naturaren zaintza… eta kultura deszentralizatzea, hiritik gune naturalera eramatea, gauzak beste modu batera egitea, herrigintza, auzolana eta horretan guztian badago kontzeptu politiko bat, herri bat jostea mendebaldetik ekialderaino.

Eremu pertsonalean sartzen ari gara. Eta ez dut fribolizatu nahi, gaia serioa baita. Baina koronabirusak Inauteririk gabe utzi gaitu. Zer moduz daramazu galera hori?

Egia esatea nahi baldin baduzu, eta zu bezala oso Inauteri-zalea izanik eta ordu txikitan hamaika une partekatu ditugulako, ez dit askorik eragin. Pandemia hain izan da gogorra hainbatentzat! Lanean jairik eskatzen ez nuen lehen aldia izan zen. Azkena izatea espero dut. Guk dagoeneko Inauteri asko dauzkagu bizkar gainean, eta gogorragoa iruditzen zait gazte jendearentzat. Eta noski, askoz gogorragoa gaixotasuna hurbiletik bizitzea tokatu zaion eta tokatzen ari zaion jende askorentzat. Oso latza da, eta fribolizatu behar da eta barre egin behar da. Azken hutsunea izan dadila, gure bizitzan lehen aldia izan delako.

Urte askoan Benito Lertxundirekin musikari ari zara, eta azkenaldi honetan baita Pettirekin ere. Biak ala biak, erreferentziazko kantariak. Bitxia da, halere, azken diskoekin iradokitzen dutenagatik zailtasunak dituztela aurrera ateratzeko. Horrek zer pentsatua eman beharko liguke.

Galdera erantzuteko elkarrizketa osoa beharko nuke. Alde batetik, eta musikaria izanda, ez dut gogoko kexatzea eta negar egitea. Nire inguruan ikusten dudanagatik, lan duin bat dauka edozeinek, nahiz eta oso kualifikatua ez izan. Konstatazio bat jarriko nuke mahai gainean. Aipatu dituzun horiek eta beste askok ez dute soldata bat. Nik oso jende gutxi ezagutzen dut musika munduan soldata deitu geniezaiokeen antzeko zerbait daukana. Hori da nahi dugun gizarte eredua herri honentzat?

Literaturan oraindik ikusten dut badagoela liburuak erosteko joera bat. Musikagintzan badirudi musika entzuteko ez dela zergatik salerosketa bat egon behar. Eta hor industria bat dago, diskoaren ekoizpenari loturikoa. Eta hori, neurri handi batean, galdu egin da.

Galdera honek ere ez du erantzun azkarra, faktore asko daude tartean. Inguruan ez dut industriaren antzik duen ezer ikusten. Zinemagintzan badago, baina musikan artisauak daude, langile xumeak.

Nik erantzunak ez dauzkat, baina egia da denok –nigandik hasita– errazago ordaintzen ditugula 50 euro jatetxe batera joateko, disko bat edo kontzertu batera joateko. Eta ezin ahaztu beste elementu bat. Herri minorizatu, kolonizatu eta zapaldu bat garela. Kulturalki eta politikoki. Frantzian milaka miloi euro inbertitzen dituzte euren kultura mundu zabalean indartzeko. Guk ezin dugu horrelakorik egin. Oraindik ere mugaz bestaldean hizkuntza ereduarekin borrokan dabiltza. 2021ean!

Ozeano batean bezala galduta gelditzen gara. Espainolaren, frantsesaren eta ingelesaren artean galduta.

Bukatzen joan behar dugu. Zure egitasmo ezberdinen artean gertuen duzuna Tenpora taldea da. Bazabiltzate lanean eta epe erdira ere hor jarraituko duzue.

Musika beti gogoko izan dut. Badira musikari batzuk oso garbi dutela zein izan behar duen euren ibilbidea eta ez dira hortik urruntzen bizitza guztian.

Nire obsesioa kontrakoa da. Nik gogoko dut gaur abesbatza batekin aritzea, bihar orkestra batekin… Zorionez, artista eta kantari askorekin lan egitea tokatu zait: Imanol, Maddi Oihenart, Benito Lertxundi, Petti… Horien guztien munduaren parte izatea luxua izan da. Irakaspena izan da beti. Norberaren egitasmoek halako plusa ematen dizute, eta hori niretzat Tenpora da. Karga handia hartzen dut nigan, baina hori polita da. Hirugarren diskoa atera dugu eta ondo dakizu musika munduan ezer ez dela oparitzen. Urtea ezohikoa izan da, baina guretzat musikari dagokionez oso-oso urte ona izan da. Disko berria dugu buruan.

Juantxo Zeberio, eskerrik asko eta zorterik onena etorkizunean.

Zuei, gonbidapenagatik.