Juantxo Agirre Mauleon: “Larunbeko lur azpian gure historia aurkitu dugu”

Juantxo Agirre Mauleon (Tolosa, 1965) Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa da, eta Larunbeko Arriaundi mendiko indusketetako zuzendaria. Lehenago, Amaiurkokoak zuzendu zituen, eta ezpata aurkitu zuten. Eta Irulegikoetan ere lagundu izan du, eskua topatzen. Baina Larunbeko aldare erromatarra topatzea haren ibilbide profesionaleko unerik zirraragarriena izan zen. Patuak, edo Larrahe jainkoak, nahi izan zuten aurkikuntzaren unea 50 larunbetarrekin auzolanean ari zirela suertatzea, Joseba Asiron historialaria lagun zutela. Erromatar aldare bat, Valeria Vitella emakume izenarekin eta Larrahe teonimo baskonikoarekin, Iruñetik hogei kilometrora. Agirreri begiek dir-dir bizia egiten diote horren inguruko azalpenak ematen dituelarik.

Zer moduz?

Arras ongi.

Hemen are hobeki? Izan ere, Arriaundin gaude, Larunbeko aldarea topatu zenuten aztarnategian; nola sentitzen zara hemen?
Nire etxean bezala sentitzen naiz hemen. Nire bizitza sentimentalean hau oso toki berezia da. Oso barrukoa daukat. Batzuetan, pentsatu izan dut nire bizitzaren bukaeran errautsak botatzeko tokietako bat izan daitekeela hau. Amaiur eta Irulegi ere izan litezke.

Amaiurko indusketa-lanak zuzendu baitzenituen.
Hori da. Urte asko dira, bizipen asko, lur azpiko sorpresa handiak.

Lurrazalekoak ere bai: hau guztiau larunbetarrekin auzolanean egin baituzue.
Azken batean, Larunbeko arrakasta bere herrian datza. Ez dago dirurik, baina badago primerako jendea, beti laguntzeko prest. Arkeologoek ez dakigu argindarraz, ez dakigu lur orotariko bat gidatzen, ez dakigu aitzurra behar bezala erabiltzen… Horietan guztietan hemengoak primerakoak dira, eta beti egon dira gure ondoan laguntzen.

Aldarea putzuan topatu zuen Pello Esain larunbetarrak igo gaitu kamerariak eta ni neu bere lur orotarikoan. Hark historiaz ere asko daki. Gauza pilo bat azaldu dizkigu.
Pello mendira zetorren gurekin, baina, aldi berean, Nafarroako artxiboetan sartuta zegoen, Larunbeko historiaren bila: noiz egin zuten eliza? Etxe hau nola deitzen zen? Zein zen jabea duela 400 urte? Jakin-min horrek hor egon behar du. Ttak! Pellok bazuen jakin-mina eta herri osoan piztu zuen gogo hori. Gero, Aranzadirekin harremanetan jarri zen.

Horrela abiatu zen indusketa hau: larunbetarrek Aranzadiri eskatuta, susmoa zutelako hemen bazela baseliza bat; zenbat boluntario aritu dira hemen lanean?

Hemen urte hauetan guztietan 60 pertsona aritu dira, gutxi gorabehera. Larunben 67 lagun bizi dira. Oinarrizko talde bat beti aritu da lanean, hemezortzi pertsonak osatua. Haien seme-alabak, garai batean hemen inguruan jolasean aritzen ziren haurrak, hamalau urte igaro eta gero pertsona helduak dira, unibertsitatera joan dira eta gurekin elkarlanean ari dira. Hori oso inportantea da. Hau herri-lurra da, komunala, eta transmisio hori belaunaldiz belaunaldi egiten da: gure mendia da, gure pagadiak dira, hemendik ateratzen dugu sutarako egurra eta gure historia ere hemen dago: mendi-bidexkak, toki-izenak, euskara… Lur azpiko harrien artean haien historia topatu dute.

Zenbat ordu sartuko zenituen aztarnategi honetan?

2010etik hona asko eta asko. Batzuk, oso une berezietan. COVID garaian, adibidez, hemen aritzen ginen lanean.

Zenbat diru kobratu duzu lan profesional horregatik?

Batere ez. Hau guztiau auzolanean egin dugu. Pentsatzen dut dirurik ez dudala galdu. Diruari ez diogu begiratzen, hemen jasotzen duguna askoz inportanteagoa delako. Alde batetik, aukera daukagu halako aztarnategi batean aurkikuntzak egiteko; eta, bestetik, laguntasuna sortzen da. Hori da inportanteena. Hemen lortu ditugun dirulaguntzak erabili ditugu datazioak egiteko Suediako Upsala unibertsitatean –bakoitza 350 euro–, topografia zehatzak egiteko topografo profesionalekin, georadarra pasatzeko eta pertsona bat eduki ahal izateko Nafarroako Artxiboan zazpi hilabetez bilatzen Larunberi buruzko datuak, mileurista moduan. Aitor Pescador aritu da horretan.

Aranzadiko kide askok ez duzue kobratzen eta kobratzen dutenek 1.000 euroko soldata dute?

Bai: Aranzadiko historialari batek 1.000 kobratzen ditu, goi mailako tituluduna izanda.

Dirua ez bada, zerk bultzatzen zaituzte lan hau egitera?

Nik Tolosako Eskolapioetan ikasi nuen eta OHOko zazpigarren mailan, handitan zer izan nahi genuen galdetu ziguten. Batek futbolaria izan nahi zuen, besteak hegazkin-pilotu. Nik arkeologoa eta geologoa izan nahi nuela esan nuen. Aitaren aldetik jasotako zaletasun hori hor dago: Euskal Herriko historia, harri zaharrak, baserriak, arkitektura. Hori zainetatik sartutako kontu bat da. Nire anaiak paper-fabrikako ingeniariak dira. Ni txikiena nintzen, laugarrena, eta, ama Abartzuzakoa izanda, Nafarroako historia ikertzeko joera izan dut.

Aldarea 2022ko abuztuaren 27an aurkitu zenuten eta berriki aurkeztu duzue; zer sentitu zenuen aurkezpen ekitaldian?

Poz handia, ikusita bertako bizilagunak, zein argitalpen ederrak egin ditugun, zein dokumental ona, eta Nafarroako erakundeen oso ordezkaritza polita etorri zela: Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualde, Ana Ollo lehendakariordea, Joseba Asiron Iruñeko alkatea…

Maria Txibite foru lehendakaria falta zen; gonbidaturik zegoen?
Bai, gonbidatu genuen, baina agenda arazoengatik ezin izan zen etorri. Baina Irulegin bai, Irulegiko Eskuaren aurkezpenean izan zen. Ziur naiz gonbidatzen badugu herria bisitatzera etorriko dela.

Agenda arazoak izan ziren arrazoi bakarra?
Hori nik ez dakit.

“Aranzadiko arkeologo batek 1.000 euro kobratzen ditu; administrazioen sostengu handiagoa behar dugu”

Eduki lezake zerikusirik aurkikuntza horrek eduki dezakeen esanahiarekin?

Bueno, nik arkeologo bezala hori ez dakit. Herri honetan beso zabalik hartuko genuke eta etxean bezala sentituko litzateke. Egia esanda, azken hilabeteetan, telebistan ikusi dugu gure presidenteak bere agerraldietan gauza itsusiak pairatu behar izan dituela, Erriberrin eta beste herri batzuetan. Agian, prebentzioz jokatu du horregatik. Baina gure herria oso jatorra da eta ongietorria izango litzateke.

Kristo ondorengo I. mendeko aldare honek zein irakurketa eduki dezake XXI. mendeko Nafarroa Garaian, Euskal Herrian? Teonimo baskoniko bat azaldu da Iruñetik hogei kilometrora.
Lehenengo irakurketa da egiari ez diogula beldurrik eduki behar. Egia ezagutzeko, zientziak metodologia bat erakusten digu. Zer gertatu zen Nafarroan 1936tik 1945era? Horretan Nafarroako Gobernua memoria historikoaren inguruan politika publiko bat egiten ari da. Egia hor dago. Ez dugu ezkutatu behar. Nafarroa bere garaian baskoien lurraldea zen, eta baskoien hizkuntza euskararekin lotuta dago. Egia hor dago. Ez dugu ezkutatu behar eta ez diogu beldurrik eduki behar. Hori guztia metodologia zientifikoarekin aztertu behar dugu, eta kito. Ez dago beste arazorik.

Larunbeko aldareak baskoien eta barduliarren arteko muga markatzen du? Orain arte, Larrahe teonimoa hegoalderago azaldua zen.

Ez dakigu garai hartako herriek nola antolatzen zuten lurraldea. Baliteke duela 2.000 urteko komunitateek gehiago kontrolatzea gizakiak lurraldea baino. Orain ohituta gaude lurraldeari erreparatzera eta mugarriak jartzera, baina baliteke garai hartan inportanteagoa izatea populazioa kontrolatzea. Populazioa non, herria han. Beraz, jakiteko garai hartako Baskoniaren muga nondik nora joaten zen eduki behar ditugu aztarnak eta eduki behar ditugu idatzizko lekukoak, Larunbeko aldarearen modukoak. Oso gutxi ditugu, dozenaka batzuk, eta horiekin eraikitzen dugu garai hartako errealitatea. Orain Irurtzuneraino ekarri dugu lekuko horietako bat, puntu bat. Non azaldu dira epigrafe horiek guztiak? Puntuak plano batean markatzen ditugu eta euskararekin erlazionatutako lehen lekukoak nola sakabanatuta dauden ikusten dugu. Baina, aldi berean, esan behar dugu oso une politean gaudela. Europan gaude, europarren zientzia-eremuan, eta hor ez dago mugarik. Badaukagu aukera zientzia egiteko Nafarroa Beherean, Zuberoan, Akitania aldean, jakiteko duela 2.000 urteko errealitate linguistiko hura nolakoa zen. Orduan, zientziaren begietatik ikusi behar dugu errealitate hura, gaurko muga politiko-administratiboen gainetik. Europako Batasunak lagunduko du ikerketa horretan.

Aztarnategian, berez, XVII. mendeko baseliza baten bila hasi zineten, eta XI. mendeko monasterio erromanikoa topatu zenuten; aurkikuntza hori ere garrantzitsua da, aldarearen gerizpean geratu bada ere.

Hemen bi aurkikuntza nagusi daude: alde batean Larunbeko aldarea eta bestean, hori bezain inportantea, Doneztebeko monasterioaren oin-planta. Hemen gaude, monasterioaren harrien gainean eserita. Hiru apside ditugu inguruan. Ez da txorakeria bat, oso inportantea da. Zenbat galdutako monasterio erromaniko aurkitu dira Euskal Herriko arkeologiaren historian? Hau da bat. Iratxeko monasterioaren azpian bagenekien hor bazegoela beste monasterio bat, edo Iruñeko katedralaren azpian erromaniko garaiko katedrala dagoela. Baina hau galduta zegoen. Inork ez zekien non zegoen. Jose Maria Jimeno Juriok ikerketak egin zituen.

Nafarroako Artxibo Nagusian aipamen bat bazen, ezta?

Bai, baina hori besterik ez.

Arriaundikoa Aralarko San Miguel monasterioaren bikia dela esan liteke?
Bai, bikia eta garaikidea da. Tipologikoki berdina da: hiru apside ditu, erdikoa zabalagoa, eta kanpoaldetik ez da erdi biribila, baizik eta pixka bat laukitua. Horrek kronologia bat markatzen du. Oso inportantea da; izan ere, XI. mendean kokatzen gaitu, Iruñeko Erresumaren politikaren barnean.

Nafarroako Erresuma sortzeko zegoen oraindik.
Gutxi gorabehera, 1200. urtetik aurrera jada Nafarroako Erresuma deitzen diogu, baina gu askoz lehenago gaude.

Har dezagun aldarea: idazkunean emakume-izen bat eta jainko baskoi bat azaltzen dira, eta biei ala biei alimaleko garrantzia ematen diezu; zergatik?
Duela 2.000 urteko historia orokorrean kontatzen dugu: Julio Cesar, Augusto… Enperadoreen izenak ezagutzen ditugu, baina pertsona xumeak, hemen bizi zirenak, zeintzuk ziren? Jada badaukagu pertsona bat, Larunbeko lehen biztanlearen izena, Valeria Vitella. Eta, gainera, emakumea da. Oso zaila izaten da emakumezkoen izenak dokumentaturik aurkitzea, Erromatar garaiko dokumentazioan zein monumentuetan. Gehienak gizonak dira. Horrek poza ematen digu eta gugan interesa pizten du: zein da emakumearen papera?

Eta nor zen Valeria Vitella?

Hori da: nor zen? Zenbat urte zituen? Zer zen, amatxi bat? Neskato bat?

Halako aldare bat egiteko ahalmena edukitzeak maila sozioekonomiko altukoa zela esan nahi du?

Bai. Javier Velaza epigrafistak erran digu Valeria Vitella hiritar erromatarra zela, eta horrek bazuen bere estatusa. Valeria familiakoa zen. Valeria familia hori beste epigrafe batzuetan ikusi dugu, Nafarroa Garaian. Vitella latinez txekorra da. Esaten dute hori itzulpen bat dela; agian, kalean bertako hitz batekin deituko zutela eta idazteko garaian dotoreago jartzeko latinera itzuli zutela. Baliteke hala izatea.

Larrahe jainko-izena ere hor dago. Zalantza izpirik gabe, teonimo baskonikoa dela diozue. Zertan oinarriturik? Izan ere, Irulegiko Eskuarekin eztabaida sortu da. Hainbat adituk diote ez dagoela segurtatzerik sorioneku hitzak euskararekin harremana duela.

Honetan zalantza izpirik ez dago. Hau klasiko bat da. Betidanik hizkuntzalariek esan dute euskararen lehen aztarnak azaltzen direla I., II. eta III. mendeetako epigrafeetan, harrizko aldare hauetan. Hor azaltzen dira bai Pirinioetako iparraldean, bai hegoaldean, jainkoen eta pertsonen izenak, baina latinez idatzirik. Hor dago Itsascurrinne, Lacubegi, Zezeneko eta Larrahe. Hau da gogoeta horren beste adibide bat, froga objektibo bat. Hau hemen dago eta honi deitzen diote baskonikoa; hau da, euskararen aitzindaria. Beraz, honek jarraitzen dio beti ezagutu dugun bide akademiko horri. Irulegiko Eskua hau baino 150 urte zaharragoa da. Horrek baieztatu du garaiko baskoiak alfabetatuta zeudela. Ikusi zuten iberiarrek eta zeltiberiatarrek nola idazten zuten eta ikusitako hori egokitu zuten signario baskonikoa sortzeko. Hori iraultza historiografiko bat da. Gure iraganeko zenbat eta froga gehiago lortzen baditugu hizkuntzalarien eskuetan jartzeko, orduan eta modelo linguistiko zehatzagoak lortuko ditugu.

“Nafarroa baskoien lurraldea zen eta baskoien hizkuntza euskararekin lotuta dago; egia horri ezin zaio beldurrik izan”

Aldarea aurkitu bezain pronto mintzatu zineten Javier Velazarekin eta Joaquin Gorrotxategirekin eta berehala esan zizueten Larrahe hori baskonikoa zela; gakoak, r bikoitza eta h aspiratua, ezta?
“Hau klasiko bat da”, esan ziguten. “Hau erraza da”, esan ziguten. Aurkikuntza primerakoa da laguntzeko ulertzen zer gertatzen zen baskoiekin, eta, gainera, iparralderago dago. Beraientzat klasiko bat zen. Irulegiko Eskuak beren barne osoa mugitu zuen. Usaintzen zuten baskoi haiek erromatarrak etorri baino lehenago ari zirela asmakizun berri hori bereganatzen: “Egin ditzagun txanponak eta txanponetan idatz dezagun”. Hori hala zela bazekiten, usaintzen zuten, baina froga behar zuten, eta froga hori Irulegin azaldu da.

Zergatik bota zuten putzu batera aldarea?
Galdera ona. Guk, arkeologook, argia ematen diogu iraganari, baina beste galdera batzuk sortzen ditugu, eta, batzuetan, ez dugu erantzun zuzenik topatzen. Zer dakigu? Harrizko aldare hori ur-putzura kontu pixka batekin bota zutela, ez edozein modutan, idatzitako guztia behera begira. Ez dago paretaren kontra, ez dago puskatuta, botata dago kontu pixka batekin. Zergatik bota zuten? Adibidez: “Orain jada gure fedea kristaua da, beste hori ez da benetako sinesmena, baina gure amatxirentzat zerbait inportantea da… Badaezpada ere, ur-putzura botako dugu, eta ez amildegitik behera”.

Hemen ondoan baitzuten amildegia.

Berrogei metrora dago. Esan zezaketen: “Hori gure bistatik kendu behar dugu, hori paganoa da, lehengo jainkoak dira, orain badakigu benetako fedea zein den, eta hortik behera botako dugu”. Ez dakigu zer gertatu zen, baina badakigu XI. mendea ezkero ur-putzuan dagoela botata. Ez dakigu Valeriak jarri zuenetik egon den hor edo noiztik.

Eta inoiz jakinen al dugu?
Ari gara ur-putzuaren paretak aztertzen eta beste datazio batzuen bila, laburtzeko denbora epe hori, jakiteko VI., VII., VIII. IX. mendean… noiz bota zuten.

Aldarearen topatzeko unea bereziki hunkigarria izan zen, patuak, edo Larrahe jainkoak, nahi izan baitzuen aurkikuntza oso egun berezian suertatzea.

Herri osoa hemen geunden, auzolanean. Urtero, abuztuko azken larunbatean, halako bilkura bat egiten dugu. Herri osoa etortzen da. Eremu guztia garbitzen du, belarrak eta abarrak kenduz. Beste batzuk indusketa lanetan aritzen gara. Eta bukaeran beti izaten dugu historialari bat. Hemen, mendi puntan, paella jaten dugun bitartean, hark dakiena kontatzen digu. Urte batean Javier Velazak epigrafiaz hitz egin zigun, beste urte batean Aitor Pescadorrek historiaz… Egun hartan, Joseba Asiron historialaria etorria zen. Beraz, monasterioko lurzorua garbitzen ari ginen, eta ur-putzu bat azaldu zitzaigun, ohiko ur-putzu bat. Zaharra zela ikusi genuen, Erdi Arokoa edo zaharragoa. Urik gabe zegoen, lurrez beteta. Paella egiten amaitu gabe zegoen. Ordu laurden falta zitzaiola esan ziguten eta bitartean ur-putzua husten hasi ginen. Pello Esaini esan nion putzuan sartzeko eta lurra ateratzen hasteko. Patxi Goroskieta alboan zegoen, laguntzen, eta ni metro erdira nengoen, datuak hartzen, egunerokoa idazten. Goroskietak esan zidan: “Hemen harri bat dago, forma batzuekin”. Pellok: “Bai, bai, hau berezia da”. Altxatu nintzen eta ikusi nuenean segituan konturatu nintzen erromatar garaiko harrizko aldare bat zela. Bihotza dantzan hasi zitzaidan. Zutitu nintzen: “Kontuz, Pello! Kendu pala txikia eskutik! Eskuarekin eta kontu handiz begiratu ea idatzita dagoen!”. Buelta eman zion eta idatzita zegoen. Oihuka hasi nintzen, jende guztia ikustera etor zedin, momentu hura bizi zezan. Oso hunkigarria izan zen. Grabazioak egin genituen, dokumentatu egin genuen. Agian, hoztasun handiagoa eduki behar nuen eta kamera profesional batzuei deitu gauzak lasaiago egiteko. Baina momentuko gauzak dira.

Eta momentuan gozatu behar dira; zure arkeologo ibilbideko unerik zirraragarriena izan zela diozu.

Bai, segundo haietan kontziente bainintzen zertan ari ginen. Une hartan, Nafarroako Gobernuaren zaharberritze laborategian, Irulegiko Eskua aztertzen ari ginen. Hori buruan genuen, baina isilpean, ikerketa isilpean eta gure erritmoan egiten ari baikinen, aditu guztiekin. Hori buruan izanda, jakinda zer garrantzitsua den gure iraganeko idatzizko lekuko horiek aurkitzea, azaldu zitzaigun Arriaundin beste bat. Guk mendi punta honetatik Irulegi ikusten genuen, hemendik 35 kilometrora baitago. Lanean ari garela elkar ikusten dugu. Hango taldeari deitu nion, Mattin Aiestarani: “Mattin! Begira zer azaldu zaigun hemengo ur-putzu batean!”. Eta Mattinek: “Bai zera! Ez da posible!”. Arratsaldean guztiak etorri ziren.

Esanen nizuke plot twist eder bat dela, norabide aldaketa bat gidoian, telesailaren ustezko azken kapituluan: monasterioaren indusketen amaieran; baina zuk ez duzu telesailik ikusten, ez duzu telebistarik, plataformarik…

Ez. Agian, beste belaunaldi batekoa naiz, baina Twitter, Facebook, Netflix… Halakorik ez daukat. Ez daukat denborarik halakoetarako.

Zure pasioa hau baita.
Nire pasioa hau da, eta gehiago gustatzen zait benetako gauzak ukitzea, benetako tokietan egotea, gure Nafarroako herri txiki hauetan guztietan, eta jendearekin tratu zuzena edukitzea.

Aurrerantzean zer eginen duzuen galdetu behar nizun, baina ikusita bai Irulegiko Eskuarekin baita Larunbeko aldarearekin ere denbora asko pasa zela aurkikuntza egin zenuenetik ezagutarazi zenuten arte, agian, jada beste zerbait duzue esku artean…

Nahiko genuke. Horretarako eduki behar dira arkeologo gazte taldeak handik eta hemendik lanean. Pentsatu zenbat urte eman ditugun hemen, zenbat urte eman ditugun Irulegin. Zortea garrantzitsua da, baina lana ere bai. Orain begiratzen badiogu Arriaundiri, bi helburu ditugu. Herrian sortu dugun poza bideratu behar dugu, beraiekin elkarlanean jarraitu behar dugu. Eta oraindik ez dakigu hemen Arriaundin zer gertatu zen hiru edo lau mendetan zehar, Erromatar garaian, Burdin Aroaren bukaeran. Horretarako beharko ditugu Oihane Mendizabal edo Mattin Aiestaran bezalako arkeologo gazteak. Espezializatu dira Burdin Aroan, Erromatar garaian. Jada piztu zaie hona etortzeko grina.

Baina hemen ari direnak mileuristak direla esan duzu.
Bai.

Beraz, administrazio publikoen sostengu eta dirulaguntza handiagoak beharko zenituzkete?

Zalantzarik gabe, arkeologiarako dagoen dirua, bai Nafarroako Foru Erkidegoan bai Euskal Autonomia Erkidegoan, oso gutxi da. Unibertsitatetik kanpo ezin da arkeologiatik bizi. Zorionez, arkeologo gazte hauek oso onak dira eta doktoretza aurreko beka zuten, eta orain doktoretza ondokoa lortu dute, lau urterako. Lau urte horietan, behintzat, beraiek badaukate hileroko diru sarrera bat. Eta toki hauek aukeratzen dituzte ikertzeko. Baina gero gastu gehiago daude, diru gehiago behar da topografiak egiteko, datazioak egiteko, argitalpenak egiteko… Adibidez, hemengo argitalpenak lortu dira Nafarroako aurrekontuei egindako zuzenketa baten bitartez. 25.000 euro lortu dira hemengo Udalarentzat, eta, horrela, Udalak inprenta-lanak ordainduko ditu, maketazio-lanak, dokumentala, infografiak… Baina hor ikerlarientzat ez dago dirurik.

Beraz, Larrahek lagun gaitzala.

Horixe.

Larrahek ala Larrak? Izan ere, Javier Velazari entzun diot amaierako he hori, seguru asko, datiboa dela, eta jainkoa berez Larra dela.

Hori da. Larra janikoari, Larrahe.

Beraz, Larrak bedeinka zaitzatela, auzolan ederra egin duzue eta.

Mila esker aunitz.