Juanma Lopez Iturriaga: “Batzuetan, gauza larregi behar ditugu ondo sentitzeko”


Saskibaloi jokalari bezala ezagutu zuten batzuek Juanma Lopez Iturriaga (Bilbo, 1959), baina azken urteetan aurkezle lanetan eta saskibaloi-esatari egin da ezagun. ETBko La caza saioko aurkezlea ere bada, eta reality-aren bigarren sasoian murgilduta dago.
Gustura ibili zara ehiztariaren azalean?
Oso gustura. Iazkoa esperientzia aberasgarria izan zen, eta aurtengoa are hobea izan da. Mundu berezi baten murgiltzearen parekoa da; aste batzuetan lehiakideekin batera egotea sekulakoa izan da.
Duela 25 urte, Supervivientes saioa aurkeztu zenuen, eta orain, La caza; formatu bera baina ezberdina era berean, ezta?
Aldaketarik handiena arlo teknikoa da. Baliabide gehiago ditugu, eta gertatzen ari dena kontatzeko esperientzia gehiago biltzen dira horrela. Baina muina ez da aldatu: euren erresistentzia eta harremantzeko gaitasuna proban jartzen dituzten lehiakideak dira. Ohikoak ez diren egoeren aurrean zer egiten duten ikustea da interesgarria.
Mota horretako saioren batean parte hartuko zenuke?
Ez dut uste. Aurkeztea nahiago dut. Hobeto jan eta lo egiten da, kar-kar.
Saskibaloi jokalari ezagutu zintugun batzuek; gaur egun zer zara?
Ufff… ez da erraza azaltzea. Pertsona ona naizela esango dut, umoretsua, eta bizitzaz gozatzeko gogo handia duena.
Ingeniaritza ikasketak bukatu ez izanagatik damutu izan zara?
Damutu ez… baina ia amaierara arte ikasketak egitea oso baliagarria izan zait. Benetako munduarekin konektatu ninduen, eta hori saskibaloi jokalari izatearekin lortzea harro sentiarazteko modukoa da.
1,95 metroko hegaleko jokalari batek gaur egungo saskibaloian lekurik izango luke?
Noski. Agian, lehen baino apur bat indartsuago egon beharko nuke, baina orduan jokatzeko talentua banuela uste dut, eta gaur egun talentu horrekin jokatu ahal izango nuke.
Mikrofonoaren aurrean errazago ikusten da saskibaloia kantxatik baino?
Kanpotik, gauza guztiak ikusten dira errazago. Baina kantxan egon zarenean, badakizu gauzak ez direla horrela. Batez ere, aurkariak aurrean dituzulako eta zure helburuak ez lortzeko edozer egingo dutelako. Mikrofonoa eskuan duzunean ez datorkizu bi metroko gizon erraldoi bat txapela jartzera.
Non gordetzen duzu Los Angeles 84ko zilarrezko domina?
Gurasoek izan zuten etxean urte luzez. Hil zirenean, berreskuratu egin nuen, eta orain, etxeko apalategi batean dut.
Andres Montes aurkezlearekin ere ibili izan zinen. “Bizitza zoragarria izan daiteke” aipuaz harago, zer ikasi zenuen harekin?
Pasioz beteriko pertsona konplexua zen Andres. Oso originala eta umoretsua, eta bizitzeko eta janzteko moduan dotorea. Saskibaloiak batu gintuen, baina baita ondo pasatzeko gogoak ere. Beti gogoratzen zidan: “Iturriaga, a zer-nolako zortea izan duzun ni ezagututa”. Ba, arrazoi zuen.
Eta lanak uzten dizunean, zer egiten duzu bizitzak zoragarri izaten jarraitzeko? Egiten dudan edozer gauza bizigarri egiten saiatzen naiz. Ez da gustuko duzuna egitea, baizik eta egin behar duzun hori gustuko bilakatzea. Hori lortzea. Batzuetan, gauza larregi behar ditugu ondo sentitzeko, eta, agian, dena errazagoa da. Osasuna, lagun onak eta umorea.