Juanjo Oroz: “Irabazita edo irabazi gabe, merezi du harrobiarekin lan egitea”
Juanjo Oroz (Berrioplano, 1980) Kern Pharma taldeko managerra da 2020a ezkero. Baina askok aurtengo Espainiako Vueltan ezagutu dute, haren taldeko ziklistek lortu dituzten lau garaipenak ospatzen. Euskaltel-Euskadiko txirrindularia izan zen 2007tik 2012ra. Denboraldi berria presatzen dihardute dagoeneko.
Denboraldi berria esku artean duzula, zer perspektibarekin ikusten duzu taldeak Espainiako Vueltan egin zuena?
Aspaldiko talde-lan baten ondorio moduan ikusten dut. Geure buruarengan, talentu gaztean eta pertsonen garapenean sinetsita. Heltzeko behar den denbora emanez. Oso sentsazio polita eta partekatua.
Kern Pharmak Vueltan egindakoak zentzua ematen dio Manolo Azkona zenak hasitako bide osoari?
Zentzua ematen dio Manoloren eta beste askoren ametsari. Zentzua ematen dio oinarriarekin lan egiteari, talde profesional bat sortzeko erronkari eta denboraldi bakoitzean lortutakoarekin ez konformatzeari.
Merezi al du harrobiarekin egiten den lanak?
Irabazita edo irabazi gabe, merezi du harrobiarekin lan egitea. Zalantzarik gabe, etorkizuna dira, eta beti izango da helburua ahalik eta ekarpen handiena egitea, pertsona eta kirolari gisa.
Nola sufritzen da gehiago: autoan, zuzendari, etapa bat irabazteko zorian zaudenean… ala bizikletaren gainean, txirrindulari, Covadongako aldapak igotzen?
Nire txirrindulari etapa asko gozatu nuen. Orain esango dizut disfrutatzea, tentsioa eta sufrimendua txirrindularia nintzenean baino askoz gehiago nabarmentzen zaidala.
44 urte dituzu eta 9 urte dituzunetik bizikletaz inguratuta zaude; nola lotu zinen bi gurpiletara?
Egia esan, ez dakit. Txikitatik izugarri gustatzen zitzaidan bizikletan ibiltzea, eta Luz Ardidenera lotara joan nintzen lehen aldian, 1990ean, Frantziako Tourra ikustera, txirrindularitzarekin eta Frantziako Tourrarekin amets egin nuen. Oraindik gogoratzen ditut Indurain, Mottet, Lejarreta eta Lemon pasatzen ikustea. Oroitzapenak eta ametsak.
Lau Tour, lau Vuelta eta bi Giro jokatu zenituen txirrindulari gisa; zenbat edo zertan aldatu da txirrindularitza?
Txirrindularitza gizartearen zati bat da, eta dena eboluzionatzen doa. Funtsean, nik ikusten dut gauza asko mantentzen direla: pertsonen lidergoa, ahalegina, norberaren hobekuntza, giza faktorea… Horiek gakoak dira. Hori bai, lehenik eta behin, gaur egungo aurrerapen teknikoak eta entrenamendukoak bete behar dira.
Bete dituzu zure ametsak txirrindulari gisa?
Zalantzarik gabe, bai. Tourrean egotea amets bat zen, eta hura bizi izateko zortea izan nuen.
Bizikletak udarako omen dira; zure oporretan ere bizikleta eramaten duzu ala saturazioa hain da handia beste plan batzuk nahiago dituzula?
Nire familiak kirola eta txirrindularitza bizi ditu, eta bai, bizikletekin bidaiatzen dugu. Gainera, gero eta prestatuago dauden hiriak bisitatzeko aholkatzen dizuet. Mugikortasun-aukera handia, planeta hobetzen duena.
Zein da plan perfektua?
Familiarekin jaiki, bizikletan edo mendian ibili, eguerdiko bermuta hartu, eta arratsaldean ziklismoaz gozatu. Amets betea, dudarik gabe.