Juan del Campo: “Mendiko eskia uste dena baino askoz ere fisikoagoa da”


Argentinan harrapatu du TTAP aldizkariak Juan del Campo (Bilbo, 1994) eskiatzaile bizkaitarra, eta Ushuaian entrenatzen dabilen eski estazioko teleaulkitik bertatik erantzun ditu galderak.
Argentinan zaude momentu honetan, Juan. Denboraldia prestatzen ari zara?
Neguko kirolak egiten dituen Espainiako selekzioarentzat base moduko bat da Argentina. Nire hamabigarren aldia da bertan, Ushuaian. Hemen negua da orain, eta bertan dauden baldintzak denboraldian barrena aurkituko ditugunen antzekoak dira. Beraz, materiala probatzeko eta sentsazioak bilatzeko leku aproposa da. Gainera, Ushuaian, bereziki onak dira pistak: itsasotik oso gertu daude, eta hezetasun handia dago. Munduko Kopako baldintzen oso antzekoak daude. Eta pista hauek, gainera, garaiera txikian –1.400 metro inguruko mendiak dira– daude. Hemen ez dugu 4.000 metrotara igo beharrik glaziar batean eskiatu behar izateko, eta garaiera altua ez izateak berreskuratze prozesua asko arintzen du. Lehen, Europako glaziarretan egiten ziren entrenamenduak: Italian, Suitzan eta Frantzian. Nire begiekin ikusi dut nola txikitu diren glaziarrak. Dagoeneko, ez dago izotz iraunkorra duen glaziarrik Europan. Larrialdi klimatikoak jan gaitu. Urtero, 25 eguneko bi camp egiten ditugu Argentinan.
Bizkarreko lesio larri baten ostean, oraindik berreskuratze prozesuan zaude. Nola zaude gaur-gaurkoz?
Eskia karga lunbarra eta errotazioa eskatzen dituen kirola da. Bi disko-hernia izan ditut, eta, pilatesari eta ariketa berezi batzuei esker, ondo kontrolatu izan ditut. Hala ere, joan den urtean, disko bat mugitu egin zitzaidan eta nerbioa ukitzen hasi zen. Min handiekin lehiatzen ibili nintzen, eta denboraldi bukaeran Bartzelonan ebakuntza egitea erabaki nuen. Hilabete eman nuen ohean, mugitu ezinik. Ostean, apurka-apurka hasi nintzen berriro ariketa fisikoa egiten, eta hilabeteak eman ditut itzalean entrenatzen. Orain, ia lau hilabeteren ostean, oso pozik nago, eta eskiak jantzi nituen, lehen aldiz, duela hamabost bat egun. Oraindik ez nago ehuneko ehunean, baina taldeko dinamikan ere sartu naiz dagoeneko. Bi hilabeteko lan gogorra dut aurretik orain.
Elitean zaudeten kirolariek nola egiten diezue aurre horrelako lesio garrantzitsu eta luzeei? Prestatuta zaudete horretarako?
Prestaketa fisikoa dugu, alde batetik. Nik, astero, sei egunetan entrenatzen dut, adibidez, eta sesio bikoitzak ere egiten ditugu, sarritan. Lesioak ekiditeko ezinbestekoa da giharrak sendo edukitzea eta gorputzak atsedena hartzea. Atsedena, elikadura, entrenamendua… dena zaintzen dugu, baina, batzuetan, lesioak etortzen dira. Eta hori onartu egin behar dugu. Gaur egun, badirudi sufritzea ez dagoela modan. Gaizki pasatzen duzu eta gogorra da. Niretzat, goi-mailako kirolaria izanik, oso gogorra izan zen hilabetez ohean mugitu ezinik egotea. Garrantzitsuena helburu bat izatea da, oztopoei aurre egitea errazagoa delako horrela.
Eski modalitate ezberdinak agian ez dira horren ezagunak –Super Gigante, Eslalom…–. Zein da zure gustukoena?
Mendiko eskiaren barruan, lau diziplina nagusi daude: bi tekniko –Eslalom eta Gigante– eta abiadurako beste bi –Super Gigante eta Jaitsiera–. Teknikoetan, bi jaitsiera egiten dira. Lehenengoan, eskiatzaile guztiak irteten dira, eta, bigarrenean, 30 onenek bakarrik errepikatzen dute. Bi jaitsieretako denborak batzen dira, eta azkarrenak irabazten du. Abiadurako modalitateetan, jaitsiera bakarra egiten da. Nik Eslaloma egiten dut. Biraketa oso laburrak eta azkarrak egin behar dira, eta ateen arteko distantzia 9-10 metrokoa bakarrik da. Oso dinamikoa eta esplosiboa da. Ateen makilen kontra jotzen dugu, eta horregatik joaten gara hanketako, besoetako eta matraileko babesekin. Oso teknikoa da, eta erortzea oso erraza da. Modalitateen arteko ezberdintasunak ondo ezagutzeko, onena Munduko edo Europako kopa bat ikustera joatea da. Animatu!
Gogoratzen al zara eski batzuen gainean jarri zinen lehen aldiaz?
Noski. Nire amaren hanken artean izan zen. Ia jostailuzko eskiak ziren, eta amak hanken artean eraman ninduen aldapan behera. Amak ezker-eskuin mugitzen lagundu zidan. Orain, esan daiteke munduko beste puntan nagoela amari esker.
Nola egiten duzue elur barik entrenatzeko? Eta udan?
Elurra behar duen kirol bat izateak mugitzera behartzen gaitu. Txapelketak Europa erdialdean eta Ipar Amerikan izaten dira, eta, entrenatzeko, ezinbestekoa da lehiatuko garen toki horretako baldintza ahalik eta antzekoenak bilatzea. Denboraldia azaro bukaeran hasten dugu, Finlandian, eta martxo erdialdean bukatzen da Munduko Kopako finalekin. Joan-etorri handia eskatzen digu horrek: hegazkinak, furgonetak… Material asko behar izaten dugu, gainera. Nahiko kaotikoa izaten da. Eta denboraldia bukatzen denean, prestaketa fisikoa egiten dugu. Azkenean, eskia uste dena baino askoz ere fisikoagoa da. Ekain-uztail sasoi horretan eskiatzen hasten gara berriro, abuztuan eta irailean hego hemisferiora joaten garelako. Urrian eta azaroan, indoor estazioetara edota Europa iparraldera jotzen dugu.
Zein da eskiatzeko zure leku kuttuna. Eta lehiatzeko tokirik onena?
Galdera hau “putadatxoa” da niretzat, kar-kar… Baldintzek asko eragiten dute toki bat aukeratzerako orduan, baina Kanada, AEBetako mendebaldeko kostaldea edo Alaska aukeratuko nituzke. Ezin dut bakarra aukeratu. Eta lehiatzeko, Europan, Dolomitak aukeratuko nituzke, zalantzarik gabe. Mendiak ikusgarriak dira, elurra zoragarria, eta, gainera, hotelak ere bikainak dira. Lehiatzeko, Japonia ere ikusgarria da; oraindik ezin izan dut horrenbeste gozatu, baina toki bikaina da.
Eskiatzailea izango ez bazina, zertan gustatuko litzaizuke jardutea?
Ez dakit talentu nahikoa dudan edo ez, baina, zalantza barik, motoen munduan gustura ibiliko nintzateke. Motoen friki hutsa naiz. Zoratu egiten naute. Enduro, trail, errepideko motoak… edozein!
Ezagutzen ez duzun eta bisitatu nahiko zenukeen herrialderen bat badago?
Nire beste zaletasun handietako bat da mendian ibiltzea. Urpekaritza ere maite ditut, eta baita gastronomia ere… beraz, imajinatu! Afrikako mendebaldeko kostaldea motoan zeharkatzea da ametsetako bat. Baina uste dut Mexiko izango dela laster bisitatuko dudan herrialdea.