Josu Bergara: “Kanta txikien indarrean sinisten dut”
Josu Bergara Eako musikariak duela urtebete oholtzak utzi zituen deskantsu bat hartzeko asmoz, baina berriz ere bueltatzeko gogoekin dago. Dagoeneko disko berrirako abestiak prest dituela eta etengabe sortzen ari dela adierazi digu, besteak beste, bizkaitarrak.
14 urte daramatzazu musika munduan. 2006an atera zenuen lehen diskoa, Karramarroen hiria. Nola izan zen hasiera hori?
Gaztea nintzen, orain ere, ez horren gazte, baina… Aspalditik nituen abesti batzuk egiteko eta grabatzeko. Oso grabaketa berezia izan zen Lizcano anaiekin grabatu nuelako. Rock progresiboa egiten duten Burgosko anaia batzuk dira. Musika konposizio tailer baten ezagutu ginen eta nituen abestiak grabatu beharko nituela esan zidaten. Bertara joan nintzen gitarra eta ahotsa grabatzera. Horrela egin genuen. Jendea gero maketak erosten hasi zen eta kontzertuak emateko eskatzen. Horrela, gaur arte.
Autoan entzuten etorri naiz lehenengo diskoa eta alde handia dago 2018an atera zenuen azken diskoarekin konparatuta.
Hasierako diskoa oso amateurra izan zen. Jakin gabe, gazte… Nik betidanik izan dut formazio bat musika munduan, baina ez nekien gauzak egiten. Beti egon naiz autogestioan, nire kabuz egiten eta beste talde batzuetan. Eta, egia esateko, gaur egun entzuten ditut lehengo abesti horiek eta berriz grabatu beharko nituzkeela pentsatzen dut. Baina abesti ezberdinak badira eta puntu polit bat badaukate, nahiz eta produkzio handia ez izan, jendearengana heltzen dira. Lehenengo abesti ezaguna Zuretzat izan zen. Bolo-bolo ibili zen eta gaur egun ere jende askok esaten dit gogokoena duela. Egia da oso grabaketa pobrea eta txikia duela, baina bere bidea egin du.
Azken diskoa lasaiagoa da, gainera.
Lehenengo garai haietan diskoetan distortsioa eta gitarra elektriko pixka bat sartzen genuen, baina gaur egun, nire izaerarekin bat datorren musika egiten dut eta egia da laguntza potente bat daukadala. Nerea Alberdi konpositorea, eta Mikel Nuñez, eta hiruron artean egiten dugu abestien bizkarrezurra, nahiz eta nik egiten ditudan letra eta hasierako abestia, beraiekin osatu egiten dut eta gero lantalde guztia batzen gara.
Laguntzen dizun talde bat duzu?
Bai, Akorde Txikiak dauka izena bandak. Horrela abestiak janzten ditugu eta, batez ere, zuzenekoak egin. Horrela ez da “kantautore bat”, banda bat da, zeozer handiagoa. Nik igartzen dut jendea oso gustura joaten dela kontzertuetara eta beste modu baten ikusten dituela.
Orain oholtzak utzita zaude, baina badaukazu asmorik disko edo abesti berriren bat ateratzeko?
Momentu bat heldu zen non ez nintzen gauza guztietara heltzen. Eta badakizu nola dagoen gaur egungo Euskal Herrian musikaren egoera, eta orokorrean panorama kulturala. Ez da posible hortik bizitzea ez bazara edo ez bada fenomeno oso berezia. Nire kasuan, nik nire lana daukat eta gero musika. Niretzat musika ez da hobby bat. Nire pasioa da, nire bizitzaren parte handi bat. Baina, azkenean, tetris bat da: familiarentzako denbora bat, lanerako beste denbora bat, musikarentzako beste denbora bat, eta esan nuen, atseden txiki bat hartu behar dut. Alaba txiki bat ere badut eta beste bat bidean. Diskoari agur esateko kontzertu batzuk eman genituen eta atsedena hartu nuen. Ia urtebete egon naiz kontzerturik eman gabe.
Faltan igarri dituzu kontzertuak?
Oso arraroa izan da, baina behar nuen. Faltan igartzen nuen, baina eskertu egin dut patxadaz egoteko. Zure galderari erantzunez, bai, bueltatuko naiz. Noiz? Ez dakit. Disko berriko abesti guztiak eginda ditut, baina grabaketa eta produkzio prozesuak egin gabe daude. Badakit nola egingo ditudan, eta bideoklipak ere erdi pentsatuta ditut, baina denbora behar dut egiteko. Alaba txikiarekin entseatzen dut. Bera jolasten dagoela, ni musika jotzen aritzen naiz eta, normalean, abestia umeari gustatzen bazaio, badakit abestia potentea dela. Pretest-a deitzen diot nik. Txikia da, baina buruz abesten ditu batzuk eta esaten dut, “horrek zerbait esan nahiko du”.
Juneri abesti bat ere egin zenion.
Bai; beti esaten dut bihotzetik idazten dudala eta kantatzen dudala, horrela delako. Ez naiz beste batzuen egoeretan jartzen, baizik eta nire barrutik kantatzen dut. Kasu horretan, oso gauza pertsonaletik atera zen. Askok esaten didate aitatasunetik islatzen dudana beraiek ere horrela bizi dutela, Eta hori entzutea polita da.
Nola da abesti bat sortzeko prozesu hori? Normalean, zure bizipenetan oinarritzen zara?
Nire kasuan, musika ez da inspirazio magikoko momentu bat. Nik egunean denbora bat dedikatzen diot musika egiteari. Batzuetan etortzen da letra lehenago, eta beste batzuetan, berriz, musika. Etxeko lanak balira bezala. Orokorrean, bizitzan, sormena landu egin behar dela sinisten dut, ez datorrela berez. Badago berez sortzailea den jendea, baina ehuneko handi bat lana da. Iturri asko hartzen ditut gauzak egiteko eta gero sortzen saiatzen naiz.
Zuk zer ikasi zenuen? Zer zara izatez?
Abokatua naiz ikasketei dagokienez. Inoiz ez dut horretan lan egin. Ikasketak bukatu nituen eta argi neukan ez nuela horretara dedikatu nahi, ez naizelako eroso sentitzen. Eta komunikazioan hasi nintzen lanean, master ezberdinak egin nituen, eta gaur egun, publizitatean lan egiten dut. Asko gustatzen zait. Publizitateak zati teknikoa dauka eta hori ondo menderatzen dut profesional bezala. Eta badu beste alde artistikoa bat, sormena lantzen dena, eta hor oso gustura ibiltzen naiz. Iragarkiak-eta egiten ditugunean musikari garrantzi handia ematen diot, eta, beharbada, gure herri txiki honetan ez zaio orain arte horren garrantzirik eman. Ondo pasatzen dut.
Argi dagoena da sortzailea zarela. Handik edo hemendik, beti sortzen ari zara.
Neska-lagunak esaten du teoria bat dagoela eta pertsona batzuek garunaren zati bat dutela garatuagoa, sormenarena, eta beste batzuek, berriz, zientziarekin lotuta dagoena. Ba nirea, zientziarenari dagokionez, geldi dago. Baina bestea, pil-pilean beti.
“Abestia alabari gustatzen bazaio, badakit abestia potentea dela”
Euskal Herrian ez da erraza musikatik bizitzea… Gutxi batzuek bakarrik lortzen dute.
Hego Euskal Herrian esango nuke. Zeren eta Iparraldean, Frantziako Estatuan, lege bat dago eta kontzertu kopuru batetik gora emanez gero, dirulaguntza bat ematen dute soldata bat kobratzeko. Eta hori hemen ez da ematen. Sortzaileok gure lana balioan jarri beharko genuke eta politikariek ere aldarrikatu horrek balio bat daukala eta kultura zaindu egin behar dela. Kultura ez da albo batera utzi behar den gauza bat. Inbertitu egin behar da, potentziatu. Zuberoan eta Lapurdin, beste modu baten ibiltzen dira, gertu daude eta eredua hor dago.
Euskal Herrian, zer falta da musikan?
Alde batetik, sortzaileok elkartuta ibiltzea, eta nik uste dut hori badela bide bat egiten ari garena batzuk eta egin beharko genukeela. Eta beste alde batetik, falta dena da inplikazioa inbertitzeko, ez bakarrik arlo publikoetatik, baizik eta pribatuetatik ere. Are gehiago, euskal kulturaren alde gehiago inbertitu beharko litzatekeela esango nuke, anaia pobreak garela ikusten delako. Gero, ingeniaritza, eraikuntza eta antzeko enpresei dirua ematen diete paladaka eta guri ez. Hori konpondu behar da. Kulturak aberastasuna ekartzen du, ez diruan bakarrik, beste gauza batzuetan ere bai.
Euskal musika asko aldatu da azken urteetan? Rapa eta trapa ere heldu dira…
Nik uste dut hori osasuntsua dela. Euskal musika, neurri baten, euskal gizartearen ispilua izan da eta izan behar du. Euskal gizartea aldatzen doa, eta zer esanik ez norbanakoen artean erlazionatzeko modua ere ezberdina dela. Gaur egun, plataforma asko daude musika entzuteko eta euskal musika horretara egokitu behar izan da.
Euskal musikan oso tradizionalak izaten jarraitzen dugu, ezta?
Bai. Su Ta Gar ere bere garaian heavy metala egiten hasi zenean, izugarrizko apurketa izango zen. Eta geroago Berri Txarrak etorri direnean edo beste talde batzuk berdin. Musika gizartearen ispilua da eta, neurri batean, gizartean aldaketa horiek bideratu behar dira. Musikaren aldetik islatu eta zabaldu behar dira aldaketa horiek.
Euskal reggaetona, adibidez?
Egongo da, zergatik ez? Generoa sekula ez da txarra; beharbada, horren atzetik dagoena izan daiteke kritikagarria. Zergatik ez euskal reggaeton ekologista eta ezberdina eta beste balio batzuk transmititzen dituena? Nik uste dut generoa aldatu daitekeela, barrutik, beste balio batzuk zabalduz.
Zuk zure musika estiloa aldatuko zenuke?
Bai. Niri gustatu izan zaidan musika beti izan da kantautoreena, baina hori oso zaku handia da. Eta hor barruan daude popa, folka, rocka, bluesa… Zer pasatzen da? Nik nire musikarekin hartu ditut abesti batzuk eta genero ezberdinetara moldatu ditut. Adibidez, bossa novabat, beste batzuk swinga, bluegrassa… Azkenean, Josu Bergarak ez du musika genero bakar bat egiten, baina esan daiteke kantautoreen barruan nagoela. Hala ere, ni zabalik nago gauza berriak egitera.
Zenbat kontzertu eman dituzu guztira?
Ez ditut zenbatu, baina asko, bai. Hasi nintzenetik baldintzak asko aldatu dira, lehen edonon eta edonola jotzen nuen. Ordutik, nire baldintzak sortzaile moduan eta nirekin batera doazenen baldintzak zaintzen eta duintasun bat bilatzen ahalegintzen naiz; beraz, saiatzen gara aukeratzen. Betiere, gure konpromisoa hor dago eta askotan kontzertuak ematen ditugu gauza baten alde… Esango nuke 300 kontzertutik gora ziur eman ditudala.
Euskal Herrian, Espainian eta kanpoan ere ibili zarete kontzertuak ematen, ezta?
Bai. Euskal Herrian ez dakit zenbat herritan, baina mordoxka baten. Eta hori oso polita da orain autoan GPSrik ere ez dudalako behar. Euskal Herritik kanpo herrialde katalanetan; Bartzelonan, Gironan, Valentzia inguruan, Alacanten ere eman izan ditut kontzertuak. Madrilen ere hiru aldiz egon naiz, Londresen ere egon nintzen… Eta orain, Ameriketako Estatu Batuetan kontzertuak emateko proiektu berri bat daukat buruan. Nire aitona Idahon jaiotakoa da. Bere aita artzain joan zen bertara eta beti izan dut hango familiarekin harremana. Duela urte batzuk saiatu nintzen zerbait egiten eta ez zen atera. Baina berriz saiatuko naiz, kontaktuak ditut eta egunen baten egingo dugu.
Disko berri hori atera ostean aprobetxatuko duzu?
Agian… Nahiz eta ekonomikoki ez den zerbait potentea irteten, batzuetan bizitzen duzuna da garrantzitsua eta gure beharra, neurri batean, euskal kultura zabaltzea izan behar da. Besteak ere gu zer garen ezagutzeko. Oso garrantzitsua.
Zein da zure agertokirik gustukoena?
Nire herrikoa. Agian, baldintza aldetik ez da gauzarik onena, baina hor familian zaude… “Inor ez omen da profeta bere herrian”, baina nire kasuan kontrakoa izan da. Nik beti sentitu dut nire herriaren laguntza eta bultzada eta hori niretzat beti izan da asko baloratzen dudan gauza bat. Eako jaietan hasi nintzenetik, urtero kontzertu bat eman izan dut. Oso gauza berezia da, eta niretzat, haien laguntza eta bultzada hori eskertzeko modua da.
Gabonetako abestia ere atera zenuen haien laguntzarekin.
Nire kezka zen Gabonetako abesti guztiak erlijiosoak zirela eta Gabonetako oso ikuspegi komertzial eta materialista dagoela. Orduan, zerbait ezberdina egitea pentsatu nuen. Beste modu batean azaltzea. Nire herrian Gabonak oso bereziak dira, kanpoan ospatzen direlako: Olentzero, Gabon zaharretan egutegiak erre… Eta horregatik egin nuen Etxe hontan abestia. Gainera, kantaren estribiloa egiteko, gure amonaren etxeko atean, baserrian, zegoen esaera zahar bat erabili nuen: “Etxe honetan sartzen dana, etxekotzat hartzen da”. Hori da abestiaren letra. Lotura dauka, gainera, errefuxiatuen gaiarekin, eta horregatik hartu nuen. Euskaldunak beti izan gara horrelakoak. Niri hori irakatsi didate etxean, kanpotik datorrena ondo hartzen.
Eta ez da herrian egin duzun proiektu bakarra, besteren bat ere baduzu martxan, ezta?
Kanta bat egiten ari naiz jaietan, herrian, abesteko, Erreka Egunean. Jendeak ondo hartu du eta ikusiko dugu zelako bidea hartzen duen. Gustura egiten denean, erraz ateratzen dira gauzak.
Badaukazu miresten duzun musikariren bat edo baten batekin gustatuko litzaizuke kolaborazioren bat egin?
Bai, asko. Euskal Herritik kanpo Glen Hansard, Demien Rise… Musikari horiek beti gustatu izan zaizkit. Eta Euskal Herrian badaude asko… Batzuekin lortu izan dut; adibidez, Mikel Markezek Kanta txikien diskoan parte hartzen du abesti baten. Izan ere, nik uste dut kulturan inor ez dela guztiz originala eta jasoa. Azkenean, mailegu bat hartzen dugu, entzun eta gurera ekarri.
Musikarekin lotuta dagoen ametsen bat badaukazu?
Gauza batzuk lortu izan ditut. Adibidez, nolabait errekonozimendua leku batzuetan. Nik ez dut sinisten hainbeste helburuetan, baizik eta bidean, eta hori lortu izan dut. Ez dut gezurrik esango, gustatuko litzaidake nire musika gehiago zabaltzea, gehiago entzutea, eta abar. Baina orokorrean, oso gustura nago egindakoarekin. Ez horrenbeste pertsonan edo nire marka bat bezala, baizik eta kanten indar horretan. Nire musikarako lelo bat egin nuen: “Kanta txikien indarra”. Eta horretan sinisten dut. Kantek beraien bizitza hartuko dutela eta beraien bidea egingo dutela. Adibidez, Etxe hontan abestiarekin oso gauza polita gertatu da Euskal Herriko hainbat herritatik deitu didatelako baimena eskatzen. Nire kantak zabalik daude lizentzia libreekin. Bidali dizkidate orkestren bertsioak, kalean kantatzen, bandak… Hogei herritik gora. Niretzat, oso esperientzia polita izan da horregatik, benetan nik egin dudan gauza bat edo gure taldean egin duguna zabaldu egin dela eta ibilbide propioa egin duela. Niretzat, ez da hain garrantzitsua musikatik bizitzea edo ez bizitzea, nik nere bizitza daukat eginda eta pozik nago horrekin. Niretzat, garrantzitsuagoa da benetan koherentea izatea, pozik bizitzea eta hemendik 100 urtera jendeak esaten badu, Josu Bergara lotzen dut Earekin, herriko musikarekin, euskararekin… Hori da gustatzen zaidana.