Joserra Senperena: “Sorkuntzari denbora osoa eskaini nahi diot”
Oso kantu ezagunetan entzun duzu, baina, beharbada, ez zara konturatu. Oso talde handiekin jo izan du, baina, beharbada, kantari handi orien irudiak bakarrik gogoratzen dituzu. Itzalean ia beti, Joserra Senperena donostiarrak erronka berriak ditu.
Zu elkarrizketatzeko ideia lantzen ari ginela, zure txio bat irakurri genuen. Juan G. Andres kazetariaren argazkia ikus zitekeen, zeinen Victoria Eugenia Clubean pianoa joz agertzen zinen. Txio horretan, disko berria grabatzen ari zinela aditzera eman zenuen. Ezinbestean, elkarrizketa hortik abiatuko dugu. Disko berria argitaratuko duzula, alegia.
Bai; maiatzaren 18an grabatu genuen Victoria Eugenia Clubean. Larunbat goiz batean izan zen, eta, egun gutxira, edizio lanak egin genituen. Diskoa udazkenean argitaratuko da, eta piano solo diskoa izango da. Aurrekoa 9 ganbara pieza izan zen. Iaz, beste lan bat egin nuen, baina kajoian daukat. Estreinaldia egiten saiatu nintzen. Orkestrarako lan bat zen, baina hortxe geratu da. Oraingoan, argitaratzeko aukera gehiago duen lana egin dut. Posibilista izan beharra dago. Diskoa udazkenean argitaratuko da, eta datorren urtean kontzerturen bat eskaintzea espero dut.
Ibilbide luze eta oparoa osatzen ari zara. Jazz munduan oso murgilduta ibili zenen, pop munduan egin duzuna ezagunagoa zait. Oker ez banago, lan berriarekin piano-jole klasikoetara hurbildu nahi duzu…
Ez nuke musika klasikoa esango; gerturatzen ari naizela bai, akaso. Guztia orain dela hogei urte hasi zen, La Buena Vidakoek euren diskorako orkestrarako moldaketak eskatu zizkidatenean. Musikaren alor horri erreparatzeari ekin nion. Esaterako, The Beatles taldearentzat George Martinek egindako moldaketak. Sonoritate horretara gerturatzen hasi nintzen, eta honaino iritsi naiz. Uste dut musikari klasiko batek ez lukeela esango egin dudana musika klasikoa denik, baina tira, hor gabiltza.
Agian, kontu teknikoegia da, baina diskoan saiatu naiz musika beste modu batera interpretatzen. Pop musikariok metronomoa oso barneratuta daukagu. Esaten da bateria-jole baten ezaugarri garrantzitsuenetarikoa pultsuari eustea dela. Hori oso garrantzitsua da. Aldiz, musika klasikoan ez da horrelakorik gertatzen. Orain egiten dudan musikarako tempo aldetik malgutasun pixka bat behar nuen. Hau da, motibo bat jo, motibo bat entzun eta ondoren arnasaldirako tartea uztea.
Pop disko batean ia dena konprimitua dago, oso konprimitua, entzuten den guztia oso presente izateko. Musika klasikoan, eta beste musika estilo batzuetan ere, entzun daiteke pianissimo bat, edo fortissimo bat. Rango dinamico hori oso handia da. Malgutasun hori behar nuen, harmonikoki eta erritmikoki aukera gehiago izateko.
Diskoaren prozesua lantzeko denbora behar izaten duzu. Koadroa lantzen ari den margolariak bezala, zeuk ere sorkuntzarako denbora tartea behar izan duzu. Denbora osoa diskoa propio prestatzeko, ezta?
Bai, eta jarraian egiteko. Ezinezkoa zait libre samar dudan astean zerbait aurreratzea eta egin dudan horri jarraipena aurrerago ematea. Ezinezkoa zait. Kanpotik iristen zaizkidan enkarguekin egin dezaket, baina horrelako disko batekin ez. Prozesua luzea da, eta prozesu horretan murgiltzeko denbora behar da.
Beharrezko duzun denbora hori zenbat denbora da? Asteak? Hilabeteak?
Abenduan hasi eta maiatzera bitarte, guztia segidan egin dut lan. Guztira, bost hilabete.
Ezagutzen zaitugunok badakigu oso langilea zarela. Inspirazioak lanean harrapatzen zaitu.
Bai, egun osoan nago zerbait egiten. Bitxia da, pasieran nabilela ez dut ezer sortzen, baina ideiak ordenatzeko oso ondo etortzen zait.
Oker ez banago, diskoa prestatzeko ez zara pianoan aritu. Ideiak buruan lantzen hasi eta ideia horiek antolatzeko ordenagailuaz baliatu zara. Pianoa ondoren etorri da.
Triorako prestatu nuen diskoarekin hori gertatu zen. Pianorako, biolinerako eta akordeoirako musika idatzi nuen. Zer gertatzen zen? Biolinaren soinua buruan izanda, ezin nuen hori bi eskuekin jo. Beraz, buruarekin konposatzen nuen, eskuak erabili gabe. Bestela, eskuak bere kabuz doaz. Gogoan dut Txillidak zioela eskubiko eskuarekin oso ondo marrazten zuela, eta 20 urterekin ezkerrarekin marraztea erabaki zuela. Eskua burua baino mantsoago joateko. Halako zerbait egin nuen. Konposatu, ideien ohartxoak hartu eta konposizioari forma ematen aritu naiz. Behin obra amaituta, pianorako egokitu dut. Hurrengo fasean, hura ikasi eta interpretazio lana egiten dut.
Musika notak, beraz, buruan dituzu. Instrumentua erabili gabe konposatzeko gaitasun hori duzu. Erronka handia izan al da diskoa grabatzea?
Besteak bezala. Disko baten prestakuntzak lanean harrapatu behar zaitu; bestela, ez da gertatuko. Behin erabakia hartuta, buruan dudan ideia hori egitea beharrezko dut. Bestela, nahiago dut beste zerbait egin; paseatzera joan, adibidez.
Grabazioarekin pozik zaude? Diozunagatik, diskoaren izenburuarekin eta piezen izenburuekin ari zara. Horrek esan nahi du diskoa oso bideratuta duzula.
Bai; goiz batean grabatu eta beste goiz batean edizio lana egin nuen. Horrelako disko batean ez dago tranparik. Metronomorik gabe grabatu genuen; beraz, ezin dira piezak moztu edo editatu. Prozesu azkarra da. Autoekoizpena izanda, musikaz harago doazen lanak daude: fabrikazioa, aurkezpen lana antolatzea…
Ironia erabiliz, zu ere modako joerara batu zara: autoekoizpenera.
Horregatik egiten dut, bestela…
Autoekoizpenaren bidez lan egiteko askatasun osoa dago. Bestalde, bakartasunetik abiatu eta zailtasunez beteriko bidea da.
Bai. Eta musika taldeen kasuan, lanak partekatu daitezke. Ez da kasua. Nik disko asko salduko banu, lan horiek egiteko izango nuke alboan norbait. Baina ez da kasua. Lan gehiago da, eta ez dago beste erremediorik.
Diskoa atera eta gero, disko hori defendatu egin beharko duzu. Zure kasuan, pianoaren erabilera behar-beharrezkoa da. Jasoko zenituen teklatuarekin diskoa defendatzeko proposamenak, baina jendeari hori ulertzea kosta egiten zaio. Pianoaren beharra defenda ezazu.
Zaila da defendatzea. Adibide bat jarriko dut: pentsa ezazu bertako pop talde batek zuzenekoa eskaini behar duela. Esaiozu talde horri ez dezala bateriarekin grabatu, eta erritmoak sintetizadore batekin egin ditzala. Bateria-jole horrek ezezkoa erantzungo luke. Ez zaigu horrelakorik buruan sartzen,
Pianoaren kasuan, aldiz, barneratuta dago. Normaltzat hartzen da. Pianoa alokatzea garestia da, afinatu egin behar da, espazio handia behar da… Piano soloan grabatu badut, nik zuzenean eskaintzeko benetako pianoa behar dut. Ikusleak, gainera, diskoa grabatu bezala entzuteko aukera dauka. Musikariarentzat, aldiz, alde handia dago. Ez da gauza bera teklatua edo benetako pianoa jotzea.
“Udazkenean disko berria argitaratuko dut”
Pianoaren beharrak, era berean, ateak ixten dizkizu. Mugatu egiten da zure eremua. Non jo behar duzu?
Ez dakit. Nire kasuan, pianoa alokatu behar da. Dirua da, eta, beraz, kontzertua antolatzea garestiagoa da.
Zuzenekoak ez dituzu erabat baztertu, eta zure lan jarduera musikaren eta zinemaren arteko eremu interesgarri horretara bideratu duzu. Kontzienteki hartutako erabakia izan da.
Alde batetik, zinemari lotutako hainbat proposamen jaso ditut. Eta, bestalde, aro bat igaro dela nabari dut. Besteentzat bira handietan aritzeko aukera baztertu egin dut. Sorkuntzari denbora osoa eskaini nahi diot. Hori da sentitzen dudana, eta gustura nago.
Bernard Herrmann konpositoreak zioenez, zinemarako musika egiteak bi abantaila ditu: lehena, egiten duzun hori berehala entzuteko aukera dago. Grabatu eta berehala entzun dezakezu. Ez da karpeta batean baztertuta geratuko. Eta, bigarrena, lan hori egiteagatik ordainsaria jaso eta bizimodua aurrera ateratzeko aukera duzu.
Zinemarekin jarraituz, jaso dituzun enkarguen artean berriena Buster Keaton zikloarena izan da. Haren filmen gainean musika jo duzu, zuzeneko emanaldietan. Bertan izan ez ginenoi, beste kazetari batzuen bitartez, kritika bikainak iritsi zaizkigu. Oker ez banago, Donostian eta Bilbon emanaldi bana eskaini duzu.
Bai; ondo joan zen dena. Oso polita izan zen.
Horrelako proposamenak opari modukoak al dira?
Bai. Aspaldi egin zidaten proposamena, baina orduko hartan beste lan batzuetan murgilduta nengoen. Ez zen posible izan. Oraingoan bai, eta Buster Keatonen zikloa irekitzeko antolatutako emanaldiak izan ziren. Zinema mutuaren ezagutza handirik ez dut, egia esan. Gauza gutxi. Filma pasa zidaten eta aho bete hortz geratu nintzen. Deskubrimendua izan zen niretzat.
Lanerako, beraz, motibazio handia.
Bai. Ez nuen ezagutzen Buster Keaton. Eszena solteren bat bai, baina ez gehiago. Bere filmografia osoa Youtuben ikusgai dago, film laburrak zein luzeak. Bere biografia irakurri nuen, eta liluratuta geratu nintzen. Bere begirada hori… aurpegi horrekin munduari nola begiratzen dion txundigarria da. Beragan jarrera existentzial bat ikusten dut. “Ze mundu da hau! Zer ari da gertatzen? Honi guztiari nola egiten diot aurre?”. Horrelako zerbait adierazten ari dela dirudi.
Gaur egun ere gure buruari egiteko moduko galdera aproposak.
Bai, bai. Horrexegatik diot. Keatonen filmaren gainean nire errepertorioarekin eta disko berriko zenbait piezarekin, soinu banda modukoa osatzeko aukera izan nuen.
Zer-nolako sentsazioa bizi izan duzu zure musika zinema pantailan ikustean, eta entzutean? Almandozekin lan egin duzu, besteak beste.
Sipo Phantasma filmean, Almandozek 9 ganbara pieza diskotik bost pieza ezberdin hartu zituen, eta triorako osatu nuen diskorako beste bi pieza gehiago. Beraz, musika dagoeneko egina zegoen. Irudiak musikari beste dimentsio bat eman zion.
Topikoa dirudi, baina halaxe da.
Musika horren gainean irudi bat sortu nuen nigan, eta film batean beste irudi batzuekin ikustean oso gauza flipantea izan zen. Oso esperientzia polita. Gainera, film horri lotuta, zuzeneko emanaldi ezberdinak eskaini genituen. Oso polita izan zen irudien gainean zuzenean musika eginez aritzea. Gainera, Almandozek zuzeneko emanaldi horietan musika egiteko askatasun osoa eman zigun.
Zinemazale amorratua zara. Eta Twitter bidez jarraitzen zaitugunok jakin badakigu Alberto Iglesias konpositorearen lana biziki estimatzen duzula.
Nire iritziz, onena da. Bere musika entzuten dudan bakoitzean, ertz berriak aurkitzen dizkiot. Etengabe harritzen nau. Orkestraren erabilera, orkestraren eta elektronikaren uztarketa… Zur eta lur uzten nau, beti.
Filmari balio erantsia ematea lortzen duela, alegia.
Hori da. Almodovarren azkena, Dolor y gloria filma, Iglesiaren sorkuntza lanik gabe beste film bat litzateke. The brothers Sister filma ikusi berri dut, eta Alexandre Desplat soinu bandaren konpositorea ere gustuko dut. Harrigarria zen, musika entzuten nuelako eta ez zirudielako western kutsuko film baten soinu banda. Oso musika askea zen. Aipatu ditudan konpositoreek film bakoitzean espero ez duzun zerbait egiteko gaitasuna dute.
Zinemazalea ez ezik, irakurlea ere bazara. Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa aipatu nahiko nuke. Lehen zinemaz egin dizudan galderari eutsiz, zer moduzkoa da eleberri batean zeure burua ikusten duzun sentsazio hori?
Kar, kar. Aurkezpen ekitaldian adierazi zidan Canok berak liburua irakurtzean txipa aldatu behar nuela. Eleberrian nire pertsonaia ez da inportantea, eta ez du zerikusi handirik nirekin. Baina berdin du, irakurtzen ari nintzen bitartean barre egin nuen. Halere, neure burua errekonozitu nuen.
Nobela handia da, nire ustez. Baina ez naiz inpartziala. Nik Imanol ezagutu nuen, baita garai hartako musikari asko ere. Ezagunak zaizkigu Yoyesen omenaldia, Sarriren ihesaldia… mundu hori ezaguna zait. Nobela irakurtzen gozatu nuen. Musikarioi izenak aldatu zizkigun. Oso polita izan zen hori.
Donostiarra zara, Joserra. Udarekin batera iritsiko dira Jazzaldia, Musika Hamabostaldia, Zinemaldia… Garai oparoa kulturzalearentzat. Bakoitzak bere Donostia bizi du, zein da zure Donostia?
Loiola auzokoa naiz, hasteko. Grosera bizitzera duela zortzi urte etorri nintzen. Loiolan bizi nintzenean, Martutenen, Astigarragan eta Hernanin lagunak nituen. Grosen bizi naiz orain, eta oso bizi maila ona dugu. Hiri polita da, kultur mailan oso indartsua.
Baditu bere gauzak, hala ere. Turisten inbasioa, adibidez. Etxean bertan pairatzen ari gara hori, eta molestia handia da. Bestalde, eraikin batzuk desagertzen ari dira. Mirakruz kaleko eraikina, San Martin azoka, eta beste hainbat gauza. Ez dakit zein den irizpidea. Edo bai: diruarena. Pena handiz diot. Hiriaren xarma galduz doalako. Hiriburuarekin zer egiten ari garen ez daukat batere argi.
Elkarrizketa zure disko berria aurkeztuz abiatu dugu. Horrez gain, zein beste egitasmotan murgilduta zaude?
Diskoa amaituta, Lur eta Amets filmaren soinu banda prestatzen hasi naiz. Juanba Berasategik sortu zuen Lotura Films ekoiztetxearen filma da, eta ekoizlea Miren alaba da. Imanol Zinkunegi eta Joseba Ponce ari dira zuzendari lanetan. Oso film polita da, Uxue Alberdik sortutako pertsonaietan oinarrituta. Protagonistak historiaren aro ezberdinetatik igaro dira. Oso dibertigarria da, eta lan egiteko oso erakargarria. Hori amaituta, Euskaltzaindiaren mendeurrena dela eta, Fermin Etxegoien dokumentala zuzentzen ari da. EITB eta Euskaltzaindia ekoizle lanetan ari dira, eta gidoia Bernardo Atxagarena da. Horiexek nire hurrengo lanak.